Filosofia eta bertsolaritza
Filosofia eta bertsolaritza –
Hauxe kantatu zuen Aitor Etxebarriazarragak Bizkaiko azkeneko finalean, Miribillan, hasierako agurrean, eta gogo biziz txalotuko zukeen Chamfort moralistak:
Nik neure bertsoa dakart,
eta helburua argi:
gozaraztea zuei,
eta nire buruari.
Chamforten ustez, Etxebarriazarragak adierazitakoak, edozein bertso saio edo jarduera artistikoren helburu ez ezik, giza bizitzarena ere izan behar luke, etikaren muina baita. Chamfortek, hitzez hitz: “Gozatu eta gozarazi, zeure burua edo beste inor kaltetu gabe, horra hor, nire ustez, moralaren funtsa”. Harrigarria da zenbat pasabide dagoen bertsolaritzaren eta filosofiaren artean. Nerea Ibarzabalen tankeran esateko, filosofiaren ahala ere konjuratu beharra dago bertsolaritzaren mesedetan; hasiak zaizkigu honezkero bertsotan Simone de Beauvoirren lau bihotzak.
Legatza eta behia
90eko hamarraldian Jon Lopategi etortzen zitzaigun Bermeoko Institutura bertsotan irakastera. Behin batean, hipotesi interesgarri hauxe jakinarazi zidan, mendiak zergatik eman izan duen itsasoak baino bertsolari gehiago azaltzeko: “Legatzari bertsotan egin eta ez dizu erantzuten; behiak bai”. Eta Nietzschek idatzi zuen filosofoak behiaren antzekoa behar duela, hausnar luze geldoan kontzentratua. Horregatik egongo da apika hainbeste parekotasun eta elkargune filosofiaren eta bertsolaritzaren artean.
Foucault eta Deleuzeren iritziz, filosofiak tresna-kutxa izan behar du, filosofiatik at erabiliak izateko kontzeptuak gorde eta eskaini, filosofiatik kanpo funtzionatu. Bestela, ez du balio. Halatan, saiakera bat argitara emateko edo ez emateko irizpide bat izan liteke ea bertsolariak eta bertso-jartzaileak erabil ote lezaketen, bertatik arrazoiak atera, ea ondo letorkiekeen testuko ideiaren bat. Hala ez balitz, hobe isilik, pedantekeriak joa egongo baita ziur aski.
Kometaren heldulekua
Filosofia ikasteko orduan, izugarri laguntzen du bertsolaritzak. Beste ariketa batzuek ere bai, noski, hala nola irakurtzeak, egunerokoa idazteak, instrumenturen bat jotzeak. Burmuineko gune berezi bat pizten zaio ezustean nerabeari atzamarrak partituran irakurritakoaren arabera mugitzen ahalegintzen delarik, irakurketa eta interpretazioa eskuen bitartez sinkronizatzen dituelarik. Orobat, gai baten inguruan irudiak eta ideiak asmatu eta doinu eta hitz neurtuetan tolestera entseatzen delarik, diziplina eta autokontrola sormenaren abiapuntu eta euskarri. Hori dena primeran datorkio Filosofiaren ikaskuntzari.
Ikasle ditudan bertsolariak ez dira bereziki langileak, ia beti alderantziz; emaitza bikainak izaten dituzte ordea, azterketetan azkar bezain originalak direlako, hizkuntzarekin duten harreman sakona lagun. Gogoangarriak izan dira Filosofian Iker Uriarte, Nerea Amparan, Ane Lastra, Lore Barrena, Sergio Serrano, Nagore eta Aitor Beitia, Ander Oleaga, Unai Egaña eta Anertz Muniategi bertsolariak.
Indartsua da bertsoaren zein filosofiaren moldagarritasuna inguruko ia edozer erabiltzeko elikagai gisa. Unai Iturriagarenaz gain komikiarekin, esanguratsua da, halaber, Maddalen Arzalluzen harremana Doraemon katu kosmikoarekin, edota Nerea Ibarzabal Lazkao Txikiren eta Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak ikusiz bertsozaletu izana txikitan, eta Harry Potterren inbokazioa Miribillan; gogora dakarte nola baliatzen zituen Deleuzek tenisa, txikiteoa zein B serieko filmak, edota Clément Rosseten eta Tintinen arteko lotura estua. Filosofiak ez dakigunari buruz dihardu, baina dakiguna oinarri hartuta; gaur egun, batez ere Biologia eta Ekonomia. Era berean, bertsotan, oinarri material mugatu batetik aireratzen da irudimenaren jolas mugagaitza. Fantasia eroa eta azpiegitura trinkoa horrela biltzeak egiten du bertsoa hain liluragarri.
Matematikan eta Fisikan ikasleek klase partikularrak izaten dituzte ikastetxetik kanpo. Filosofiakorik ez dago, bertso eskolak betetzen baitu zeregin hori. Filosofian konpontzen ez den ikasleren bat daukadanean, bertso eskolara joateko aholkatzen diot. Gurasoei ere bai. Asmamen indefinitua hitz eta neurri zehatzetan mamitzeko trebetasuna lantzen duen gazteak nabarmen jotzen du aurrera Filosofia eta Historia bezalako ikasgaietan, zer esanik ez Euskaran; are Biologian.
Azterketa eta kartzela
Dirudienez, mugikorraren eraginez, besteak beste, inoiz ez bezain sakabanatua eta urduri dabilkigu atentzioa. Gainera, eta mugikorra baino lehenagokoa da joera hau, nekeza zaigu edozeri buruz geuretik mintzatzea, errazagoa da besteri entzundakoa edo irakurritakoa gogoratu eta ziplo botatzea. Kasurako, azterketako galderak irakurri orduko hasten zara erantzunak idazten, denbora kosta lain kosta irabazi guran edo, ez jakin zertarako, beti entregatzen baituzu txirrina jo baino lehen.
Kartzelako ariketak iradoki zidan pentsatzeko orduan hain kaltegarria den presa hori desaktibatzeko bide bat. Aspaldion, ikasleei azterketak banatu eta ordu laurden igaro ostean baino ez dizkiet bolalumak ematen. Ordu laurden horretan egin dezaketen gauza bakarra da galderak patxadaz irakurri eta erantzunei buruz pentsatu. Distantzia hartu, perspektiba aukeratu, erantzun osoa irudikatu, gogoan erabili eta taxutu, amaiera erabaki, kartzelako lanean bezala, eta ez erantzuna di-da goitikatu. Idoia Pujana bertsozaleak jakinarazi dit Suediako institutuetan ere, Biologiako azterketetan bai bederen, ohikoa dela jokabide hori. Oxala gero eta ikasgai gehiagotara zabalduko balitz, eta azterketa orotan ezarri, hain baita onuragarria.
Autistaren lotura
Orain dela dozena urte inguru Asperger bat izan genuen, Oier deituko diot, nerabe seriosa, bere baitan itxia, ia harremanik ez ikaskide-irakasleokin, begiratu ere ez zigun egiten. Halako batean, epistemologiari buruzko jakin-mina piztu eta, hilabetean, bere irakasleok bizialdi osoan baino gehiago eta zehatzago jakitera heldu zen. Egun batean, Fredi Paia eta Xabier Silveira ekarri genituen. Areto Nagusian jesarlekuak bukatu eta Oier erdiko pasilloan eseri zen, behearen gainean. Haren barre algarak, Silveira eta Paia hasi orduko! Ez ziren saio osoan etengo! Institutuan eman zituen sei urteetan egundo ez nuen ikusi inorekin horrela konektatzen. Huraxe izan zen benetako harremana eta benetako lotura sumatu nion egun bakarra.
Xelebre ospea
Bertsolariak eta filosofoak, baita Filosofia irakasleak ere, biek izan dute ilargitarraren ospea, bere kasa dabilenarena, Tales edo Pernando Amezketarra bezalako aitzindari bide-erakusleengandik hasita; halatan, sinpatiaz onartzen zaizkie beste herritar zein irakasleek debeku lituzketen hainbat estrabagantzia. Orain dela bizpahiru hamarraldi, Bermeon bertso saioa antolatu eta Jon Maiari ahaztu egin zitzaion etortzea; Maialen Lujanbio berandu iritsi eta, aparkatzean, portura erori zen ia, atzeko gurpilak erdi zintzilik itsaso orrolariaren gainean. Bertsolaria, badakizu. Filokoa, badakizu, koitadua, berriro aurkitu dute billarretan Formakuntzako orduan.
Mañukortaren etekina
Zentzu horretan, Mañukorta izango da, beharbada, bertsolaririk filosofoena, pekuliarrari dagokion estatus pribilegiatuari etekinik oparoena atera diona. Beste edonori txantxetan ere ez litzaizkioke onetsiko Mañuk, ez bertsotan inoren ahotan, baizik eta bere izenean, Bertsonajea liburuan Xabier Amurizari Francoren alde adierazitako arrazoi sendoak: haren sasoian ez ei zegoen langabeziarik, langileentzako paga estra biak ezarri zituen, jubilazioa ere bai. Kriminala izango zen, baina baita beharginen lagun fina ere. Mañuk, zertara edo hartara, laguna omen zuen Franco.
Zirika ibiliko da agian, datuak erabilirik haatik; egia egia baita, euskaldunak esan nahiz espainolak esan.
Bultoa eskuan
Nori onartuko litzaizkioke honako bertso eta giro hauxe, ez hain aspaldikoa, baina gaur egun, eta Mañuren ordez Etxahun Lekue, Amets Arzalluz edo arraren ezaugarri bistakoak dituen beste edozein ipinita, zeharo pentsaezina? Gaia: “Miren Amuriza azafata da, eta hegazkinera igotzen nori utzi eta nori ez erabaki behar du”. Fredi Paiari ez dio utzi, Amets Arzalluzi ere ez. Mañuren txanda heldu eta, Jainkomendikoak kontatzen duenez, “esan jostan, ba, mutil guapue ta noblie emoten nebala, baina gerrittik behera baneukola bulto bat, eta haxe zer zan ikusi barik, dudie emot’otsola nigaz zer egin, da kantatu najotsan:
Berdingabeko jakinduria
Dezu buruko kaskuan
Ta horregatik agintzen dezu
Nor juan edo ez juan.
Nire gerriko bulto honekin
Ibili gabe juzkuan
ez dizu ezer egingo eta
hartu zaidazu eskuan.
Harek ein jittuan barriek!”.
Miren Amurizaren aitari kontatu dio hori Mañuk, eta Xabier Amuriza izango da ziurrenik bertsolaritzaren eta filosofiaren biltzeak zein fruitu ederrak eman ditzakeen darakutsan figura behinena, Haritz Garmendia gaztearekin batera.
Sokrates bezala, izkribuarekiko mesfidantzak bizi du Mañu, irakurtzeko orduan nahiz idaztekoan, nobleagoa zaio esana idatzia baino, eta, goitik behera badago ere Jainkomendin sustraiturik, Sokrates bezain atopos da, kokaezina, harrapagaitza, sarritan egiten dielako irri, eta berariaz, inguruan nagusi sumatzen dituen dogmei. Eszeptiko samarra du jarrera, botereaz eta oposizioaz eta antibotereaz denaz bezainbatean, eta beti saiatzen da gozatzen eta gozarazten, ez bere buruari ez beste inori kalterik egiteke.