Ezetz baietz denean
Ezetz baietz denean –
Antillak zeuden zintzilik argazkiko paretetan. Habanera zen. Habana bera da zintzilik dagoena paretako argazkietan. Argazkiko paretak eta paretako argazkiak. Halaxe geratu nintzen ni, batekoz bestera, paretako argazkietan azaltzen den terraza hartan, ezagutu berri nuen lagun zaharrak zera bota zidanean: “Aspaldian segitzen diat, ahal dudan neurrian, bertsolaritza. Pentsa ezak! Bertsolari aldizkariaren lehen alean bazetorrek kubatar dezimistei buruzko artikulu bat. Beste baten izena agertzen duk artikulugile, baina idatzi, neuk idatzi nian”. Kontuak atera nituen. Hogeita bat urte ziren orduan. Bertsotan eskertu nion gure mundutxoan parte hartu izanaren detailea, bera, gure aurreiritzi ustelak tarteko, ez baitzen, printzipioz, hemengoa.
Burura etorri zait Bertsolari aldizkaria bera ere batekoz bestera sortua izan zela. Jaioberriak hankak azaldu zituen lehenik, eta burua, oso gerora. Gogoan dut Joxan Agirrek deitu zigula. Zarauzko Euromarko kafetegian elkartu ginela ere gogoan dut. Xanti Jakarekin etorri zen azpeitiarra. Eta azaldu ziguten bertsolaritzaren inguruko aldizkari bat sortzea zutela buruan. Aldizkari bat bertsoak ekarriko zituena, eta aldi berean bertsolaritzaren eta bertsogintzaren inguruko gaiak, noiz modu arinean noiz sakonean, tratatuko zituena. Eta, hori bai, ongi egindako argazkiz josia.
Beti esan izan dut gurea izan dela bertsolaritza zabaldu nahiaren belaunaldia. Laurogeiko hamarraldiaren hasieran bertsomindu ginenok, orduan kultur espresamolde asko ertzekotua zena gunerantz ekartzen egin genuen ahalegina. Bertsozale Elkartea oinarri, bertsolaritzaren transmisioari, jakintza arloari eta zabalpenari garrantzia ematen hasi ginen. Zabaldu egin nahi genuen bertsolaritza. Eta Txapelketak geuk antolatzeaz gain, urteko plazetako emariaren onentsuena biltzen zuten Bapateanak argitaratzen hasiak geunden urtero, arriskuak arrisku telebistan sartzea erabakita geneukan eta Ahotik Ahoraren ondoren Hitzetik Hortzera indar handia hartzen hasia zegoen…
Ez nago ziur nori egin ziguten dei Euromarrera. Ni neu han nintzen; Jon Sarasua ere bai. Kristina Mardaras bilera hartan zela, egingo nuke. Han zen Joxerra Gartzia ere. Laxaro Azkunek ez du sekula huts egin izan horrelakoetan. Zaldubi bertso-biltzaile lanetan ari zen zarauztarra ere han izango zen, seguraski. Eta Koldo Tapia eta Imanol Lazkano, akaso, ez ziren han izango, baina ez ziren urruti ibiliko. Zortzi-hamar lagun.
Kontua da Joxan Agirrek hitz egin zigula aldizkariaren edukien proiektuaren gainean eta Xanti Jakak diru baliabideak nondik nora lor zitezkeenari buruz. Eta erantzuna izan zen ezezkoa. Ez genuela argi ikusten horrelako aldizkari baten funtzioa eta etorkizuna. Lehen ere saltsa askotan sartuak geundela eta Bertsozale Elkartetik kanpoko horrelako ekimen bati ez geniola zentzu handiegirik topatzen. Joxan Agirre Joxan Agirre da, ordea. Gainerakooi belarri batetik sartua bestetik irteten zaigu sarritan. Joxani batetik sartzen ez zaiona –gorreria arazoak ditu edo hala esan izan digu beti- bestetik sartzen zaio. Eta ezezkoa erabaki genuen arren, berak aurrera jo eta handik gutxira zen lehen Bertsolari ale hura gure eskuetan. Portadan, Mañukorta bizarra egiten. Are gehiago: aldizkaririk ez ateratzea erabaki bagenuen ere, ni konbentzitu ninduen Basarriren etxera joan eta lehen aldizkari hartarako elkarrizketa bat egin niezaion. Eta beti eskertuko diot Joxani aukera eman izana, ordura arte ez bezalako hurbiltasunetik ezagutu ahal izan bainuen laurogei urteak urruti ez zituen bertsolari handia. Haren langela; haren idazmakina; gordean zeukan bertso sorta bat…
Ezetz esan eta, halere, atera, eta etzez esan genuenak, lanean jarri. Eta hori baino meritu handiagoa ere badu Joxanen tamainarik oneneko gorreriak. Lehen aldizkarietan ez zetorren horrelakorik, baina, urte gutxiren buruan, lehen orrialdeetako batean kredituak jarri beharra zegoen. Eta kredituetan, editatzilearen izena eta koordinatzailearenaren ondoren, “erredakzio kontseilua” zetorren. Eta erredakzio kontseiluko partaide jarri gintuen: Laxaro, Joxerra, Kristina, Jon, ni neu… Alegia, lehen bilera hartan aldizkariaren sorrerari ezezkoa eman genionak!
Horrela egiten omen da aurrera askotan. Kontraesanetatik abiatuta, estropezuka, argi-itzalekin… Horrela egin du aurrera Bertsolari aldizkariak ere, eta nago, hasiera hartan aurreikusten ez genuen sakonera historiko bat baduela urteen buruan, denbora pasatik balio dokumentalera jauzi egitea ahalbidetu diona. Nik, ohore handitzat dut lehen ale hura Basarri eta nire langelako pareteko argazkian azaltzen den erdi habanarrarekin konpartitu izana.