Ez nintzen han izan
Alien vs. Predator ez da pelikula klasikoen zerrendara pasako (miretsia ez izateko meritu handiak egiten dituelako), baina, aitzitik, Alien vs. Predator sindromea ez da ahazteko modukoa. Ziur aski horixe nuen buruan datu horren bila aritu nintzenean: zeinek ditu jarraitzaile gehiago, bertsolaritzak ala euskal literaturak?
Galdera hori berpiztu egiten zait Txapelketa Nagusiaren Finala BECen egiten dutenetik. Galdera-zonbi bat da, eta, halabeharrez, erantzun-zonbia dakar. Soziologiaren adar batzuetan kategoria zonbi etiketa oso modu aproposean erabiltzen dute: demagun garai batean errealitate bat definitzeko termino jakin bat erabiltzen zela (adibidez, sozialdemokrazia), baina errealitate hori desagertu egin dela, eta, hala ere, termino hori erabiltzen jarraitzen dugula (esate baterako, alderdi batzuei buruz ari garenean); bada, orduan kategoria zonbi bat erabiltzen ariko ginateke, zeren termino anakroniko horiek, erdi-hilda erdi-bizirik dauden hitz horiek, ez baitigute gaur egungo errealitatea ondo ikusten uzten. Nork ditu jarraitzaile gehien? Galdera-zonbi bat da, Alien vs. Predator sindromeak eragindakoa.
• • •
Finalaren egunean, batek baino gehiagok madarikatuko zuen San Mames Barria, amaitu ez dutelako, sabairik jarri ez diotelako, eta, ondorioz, Finala (letra larriz, noski) han egin ezin daitekeelako. Horregatik gelditu dira makina bat lagun hitzordu seinalaturako txartelik eskuratu ezinik. 14.000 lagun joan ziren saiora. Ez dakigu zenbat gehiagok nahi izan zuten.
Ni ez nintzen han izan. Ezin izan nuen. Eguerdian etxera iritsi nintzenean, sukaldetik sartu-irtenean, kartzelakoak entzun nituen. Finalari buruz idazteko eskatu zidaten, lekua ere banuen, baina beti ezin da. Zalea ez naizen arren, Bob Dylanen abesti hura jarri nuen, I´m not there, inspiratzeko, motibazio dosi bat; letra enigmatikoa: I don´t belong there.
Munduan gertatzen dena hiru modutara azaldu dezakegu: egiak esanez, gezurrak esanez, eta estatistiken bitartez. Euskaldunen artean bostetik batek irakurri omen du libururen bat euskaraz azken hiruhilekoan. Ia bostetik bat joan da bertso-saioren batera azken urtebetean. Hori ikus zitekeen Kulturaren Euskal Behatokiak 2007. urtean argitaratu zuen ikerketan. Ondorio erraz bat: euskal literaturak jarraitzaile gehixeago ditu. Baina estatistika hori egiaren zati oso txiki bat da, ertz bat besterik ez.
Urte horretan bertan aurkituko genuke datuen beste aurpegi bat. Bertsolaritza. Tradizio modernoa liburuak dio ia 90.000 bertsozale sutsu daudela, 170.000 bertsozale moderatu, eta beste ia 180.000 lagunek jarraitu dutela noizbait. Uztaro aldizkariaren 87. alean euskal literaturaren kopuruak aurki genitzake: 15.000-20.000 irakurle sutsu, 40.000 irakurle moderatu, eta oso tartekako 100.000-150.000 irakurle. Beraz, ondorio azkar eta alfer bat: bertsozaleen kopurua euskal irakurleena baino handiagoa da. Ondorio eratorri bat, hura bezain arina: bertsozalea izatea baino exijenteagoa da euskal literaturaren irakurlea izatea, baina arrazoi hori ez da nahikoa kopuruen arteko aldea azaltzeko.
Zenbaki hauek guztiak balizkoak dira; balu, balego, balitz. Non jarri neurria, horrek ematen digu kopurua.
• • •
Finalaren bezperan Andoni Egañak Euskadi Irratian esan zuen jende asko Meza Nagusira bezala joaten dela BECera. Literaturak ere badu bere erromeria: Durangoko azoka, 100.000 bisitaritik gora urtero. Liburuek eta idazleek akaso bai, baina literaturak ez du presentzia handiegia, ez bertsoak BECen bezainbeste.
• • •
Bazkalostean etxetik irten nintzenean, Finalaren arratsaldeko saioa hasi bezain laster, kaleak hutsik zeuden. Euria. Futbola telebistan.
Zergatik dira hauek zenbaki-zonbiak? Agian mesedegarria da ikuspegia aldatzea, errealitatea beste era batera hautemateko. Sukalde makrobiotiko batetik begiratuta, adibidez, baten batek esango luke bertsolaritzak yin joera duela: hedapenera, freskotasunera, barreiatzera. Literaturak, berriz, yang joera: barrura begirakoa, dentsoagora, sendotasunera. Estereotipoak beharbada, kopuruen gorabeherak ulertzeko gakoak agian. Bada, makrobiotikan yin eta yang elkarrekiko kontrajarri eta elkarren osagarri direla uste dute.
Elkarri leporatzeko ajeak ez dira falta, noski: bertso-kitsch-laritza, plastidekor-idazleak… Eta bi eremuen arteko lehia ezin uka: duela gutxi Karlos Linazasorok adierazi zuen bertsolaritzak irabazia duela euskal kulturaren eremuan ikur izatearen rola, literaturaren kaltetan. Baina elkarrengandik zer ikasi ere badago: esate baterako, bertsolaritzak auto-eraketa, lankidetza eta sinergia irudia ematen du, eta horrek erraztu egiten dio hedapena. Literaturak, ordea, herrialde indartsuenetako literatura eremuen eredua inportatu du: osagai nahiko atomizatu eta lehiakorrek maiz jotzen dute elkarri ez ikusiarena egitera, edo klub pribatu eta lobbytxoetatik tiro praktikak egitera.
Ekosistema ahul honetan pentsa al genezake sinergian? Bai, noski, baina nola, hori da kontua. Gakoa, agian, ez da bertsozaleak irakurle eta irakurleak bertsozale bihurtzea, nahiz eta badauden milaka gutxi batzuk bertsozale eta irakurle direnak. Ezta bertsolaritza literaturizatzea edo literatura bertsolarizatzea ere. Akaso bi fenomeno hauei begiratzeko eta hauek kontatzeko modua aldatzea da gakoa. Beste herrialde batzuetan zinea eta telebista daukate lehentasunezko fikzio kontatzaile, gertatzen zaiena istorioen bitartez ondo kontatzeko. Guk ez. Alta, baliabide horiek gabe ere, beharbada pentsa genezake gure errealitatea kontatzeko gama zabala daukagula, eta horretarako garrantzitsuak direla biak, bertsolaritza eta euskal literatura, lehiakide baino kontrajarri eta elkarrekiko osagarri. Jarraitzaileak behintzat badituzte: benetan asko ez diren arren (komeni zaizkigunak baino gutxiago, ez gaitezen milakoengatik itsutu), kopuru absolutuetan inoiz baino gehiago dira, ziur aski, bai bertsolaritzaren jarraitzaileak, bai euskal literaturarenak, bai bien batura.
Harkaitz Zubiri
Soziologoa eta idazlea