Ez da alferrik mende laurden bat igaro
Ez da alferrik mende laurden bat igaro –
Urtean behin afaltzen genuen Bertsolari aldizkariaren kontura. Ez nolanahi: Zarauzko Telesforonean maizenik, inoiz edo behin sagardotegiren batean edo beste nonbait. Hori bai, horren truke geure ekarpentxoa egin behar izaten genuen afal ostean: hurrengo urteko aleetan gure ustez zer gai jorra zitezkeen erreportajeetan, zein pertsonaia elkarrizketatu, zer berrikuntza egin aldizkarian…
Jeneralean, aurrez garuna horretan nekatu gabe jarduten genuen “gai-jartze” lan xelebre horretan, baina behin edo behin aurrez pare bat ordu eskainita ekin izan genion brain-storming edo ideia-jasari, hori ere aitortu beharra dago, egiari zor (eta gure alde).
Hainbesteko lanaren ordainetan, urtean behingo afariaz gain, lustre handiko tituluaren jabe egin ginen: Bertsolari aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kide bihurtuta. Gutako gehienok, lehen alean irakurrita jakin genuen hala ginela, eta ez genuen gutxi luzitu.
Galbahe maltzur bihurria da memoria. Norberak kutun dituen jende eta kontuei tinko eusten die, gainerako guztiak ahanzturaren isurbidetik amilarazita. Duela hogeita bost urteko kontuak dira Bertsolari aldizkariaren sorrerakoak, eta ez dut uste gutako inork dokumentazio lan askorik egingo zuenik ale honetako iritzi artikuluak osatzeko. Eskatu ere ez zaigu horrelakorik eskatu, egia esan, eta irakurleak hobe du hasiera-hasieratik jakitea nire hau behintzat erabat subjektiboa dela: zintzoa, hori bai, baina baita beharbada okerra ere.
Erredakzio Kontseilua osatzen genuen kuadrillakoen urteroko “lan afari”ra biltzen ginen guztion buru Joxean Agirre daukat, noski, gogoan: Bertsolari aldizkariaren kulpante nagusia. Haren alboan, diru kontu prosaikoak hizpide, Xanti Jaka. Haien akuilupean aritzen ginenon artean, Laxaro Azkune, Kristina Mardaras, Andoni Egaña, Koldo Tapia eta ni neu ginen, nire akorduan, gune-guneko planetak, nahiz beste satelite batzuk ere izaten ziren tartean, sartu-irtenean. Talde horrek zehazki noiz arte iraun zuen, horixe ez dakit garbi, baina bai dozena bat urte baino gehiago aritu ginela; dezentez gehiago, seguruenik.
Joxeanek erretiroa hartu zuen duela urte batzuk, baina dagoela lasai, eskatzen (ia) bera bezain artista den ondorengoa utzi baitu aldizkarian. Joxean erretiratuta Bertsolarirako lanetatik betiko libre ginelakoan nengoen, Antxokaren eskaera jaso nuenean, iazko azaro-abenduan, oker ez banago. Aldizkariaren 25garren urtemuga ospatzeko ale berezia lantzen ari zirela, eta nire ekarpena ezinbestekoa zela hor noski…, eta horrelakoak esaten hasi zitzaidan. “Gainera”, errematatu zuen, “bolada batean zu zeu izan zinen, ofizialki, aldizkariaren atzean dagoen elkartearen estatutuetan lehendakari…” Joño!, pentsatu nuen, sekulako lana egin izango nuen, antza, batere ohartu gabe bada ere. Lehendakari izan nintzelakoa ez dakit egia den, edota Antxokaren martingala persuasibo hutsa, Arantzazuko fraideen eskolako estilo peto-petoan. Enborretik ezpala.
Urteena omen da kargamenturik txarrena, baina gehitu horri birus suntsiezin batzuen kargamentua, eta hortik atera kontu, zer-nolako aldartean nengoen ni, Antxokaren “proposamena” jaso nuenean: indarrez urri eta kemenez urriago. Aitaren ondo seme den horri nola esan, ordea, ez nuela ezer idatziko?
Eskaera onartu orduko, eta ikusita zeintzu ginen iritzi artikulu bana idaztekoak, beldur nintzen denok gauza bera esango ote genuen: ezinezkoa zirudien egitasmoan sartu izanaren erru guztia Joxeanek zeukala, alegia. Izan ere, berak deituta egin genuen lehen bileran (edo bigarrenean, Donostiako Antiguan izan zela uste baitut), horrelako aldizkari bat (National Geografic zuen Joxeanek eredutzat) bertsolaritzaren alorrean ezinezkoa zela erabaki genuen, aho batez erabaki ere. Nire memoria uste baino maltzurragoa ez bada, esango nuke lehen (edo bigarren) bilera “erabakigarri” hori Matia kaleko Kalaberri tabernan egin genuela (afalduz, noski, bertsolarien estiloan). Gogoan dut Joxeanek bere egitasmoa behin berriro ere azaldu zigula (eta ziur asko Xantik esango zigun guztiz bideragarria zela, baina hori ez daukat gogoan). Une batean, isilaldi deseroso halako bat sortu zen. Orduan, nik galdera alua egin nion Andoni Egañari, bere izaera kamaleonikoari men eginez beratzen hasia baitzegoen, eta Joxeani amore emateko zorian (hala iruditu zitzaidan, behintzat).
“Hi, Andoni”, esan nion, “dena esaten hasita, aldizkariarekin hastea erabakitzen badugu, nire kezkaren zerrendan hamaseigarrena-edo izango duk hau, eta jakin nahi nikek hire kezken artean zenbatgarrena izango den…”. Isiltasuna are lodiago eta astunago bihurtu zen nire galderaren ostean, harik eta Andonik, bere estiloaren ezaugarri behinena den ironiarekin, honako erantzun hau eman zidan arte: “Hamaseigarrena? Ez, motel, nire zerrendan askoz atzerago egongo lukek aldizkari horrena”.
Gustura esango nuke hori entzutean Joxeani begiratu eta, Humphrey Bogarten kerak antzeratuz, honelako zerbait esan niola: “Ikusten, baby? Hire aldizkari hori ameskeria hutsa duk, ez zegok inola ere aurrera ateratzerik”.
Hortik aurrera, bi gauza dauzkat argi eta garbi. Bata, ez nuela horrelako esaldi biribilik esan. Bestea, hala ere bere eragina izan zuela nire galderak (eta Andoniren erantzunak), eta bilera hartatik aldizkari hori ezinezkoa zela erabakita etxeratu ginela denok.
Hurrengo egunean, ordea, Joxeanek telefonoz hots egin, eta zera esan zidan: “Hi, Joxerra, Joxean nauk, eta erabaki diat hala ere egin egingo dudala”. Jo-ta-ma geratu nintzen: zer esan horrelako baieztapen atzera bueltarik gabeko baten aurrean?
Horrelaxe hasi zen, kontrako eztarritik, Bertsolari aldizkaria, eta uste dut gutako inork ez zuela uste izango pare bat urte iraungo zuenik, batez ere kontuan hartuta geu ginela Erredakzio Kontseiluko kideak.
Nik neuk, nahikoa lan neukan garai hartan bestela ere. Batetik, Hitzetik Hortzera programaren hirugarren urtea zen, eta orduantxe hasia nengoen telebistako lanari neurria hartzen (Hitzetik Hortzeraren hasiera nolakoa izan zen ez dut uste inoiz behar bezala kontatu denik; programaren 25. urteurrena izan zitekeen horretarako abagune egokia, baina…). Hori gutxi balitz, Euskaldunon Egunkaria izango zenaren zuzendari kargua har nezan eskatzen ari zitzaizkidan Joxemi Zumalabe zena eta Joan Mari Torrealdai, besteak beste. Buruhauste handia izan zen niretzat hura, batetik ohore handia zitzaidalako, eta bestetik bertso programa ez nuelako utzi nahi indarra hartzen hasia zegoen unean. Donostiako Zapatarinean bazkaltzera (nola ez?) elkartu ginen bolada batean astero: Joxemi eta Joan Mari han ziren beti, eta batzuetan Martin Ugalde ere bai, eta baliteke beste norbait ere tarteko izatea inoiz. Presioak presio, azkenean kargua ez hartzea erabaki nuen (orduan ez nekien, baina erabaki horri esker ez ninduten 2003ko otsailean “hiltzaile bat bezala” Madrila eraman).
Egoera horretan, Bertsolariarenak ez ninduen ez asko ez gutxi kezkatzen, baina, lan handia ez zenez, Joxeanek abian jarritako egitasmoan kateatzen joan nintzen pixkanaka.
Halako hasiera xelebrea izanda, mirari bat iruditzen zait Bertsolari aldizkariak hogeita bost urteotan egin duen bidea, eta ez uste baino gehiago iraun duelako bakarrik.
Izan ditu bere gorabeherak, nola ez, baina, oro har, ekarpen aipagarria izan da Bertsolarirena. Nik bi ildo aski kontrajarriak ikusten nizkion hasieratik. Bata, gizarte kronikarena, ez dut hemen aztertuko, baina garbi dago bertsolariak izar ospetsu bihurtu zituela. Niri interesgarriagoa zait beste ildoa, “akademikoa” izenda genezakeena, eta hor garbi daukat ekarpen handia egin duela aldizkariak.
Beti uste izan dut ia ezinezkoa zela bi ildo horiek uztartea, besteak beste ildo baten zale direnei ez zaizkielako beste ildoko lanak gustatuko. Esaterako, Bertsolamintza jardunaldien txostenak, nago lehor samarrak izango zitzaizkiola hainbat harpidedun eta irakurleri. Bestalde, bertsolarien bizitza pribatuko gorabeherak bost axola izango zitzaizkien asko eta askori… Bi ildoen arteko sintesia lortzea ez da erraza, baina lortzen denean ikusgarriak bezain jakingarriak izan dira emaitzak. Jakingarriaren eta ikusgarriaren arteko sintesi horretatik gertukoenak, nire ustez, atzerriko inprobisadoreen inguruko erreportajeak dira, eta hor altxor ederra eskaintzen digu aldizkariak.
Hasieran pentsatzen nuen bertso jarriak bazterretik erdigunera ekartzen laguntzeko euskarri egokia izan zitekeela Bertsolari, baina bistan da horretan ez genuela asmatu, eta hortantxe geratzen zait niri frustrazio puntu bat.
Gorabeherak gorabehera, uste dut aintzat hartzeko ekarpena dela Bertsolari aldizkariak hogeita bost urteotan egindakoa. Tristea litzateke, ordea, urteurrena atzera begiratzeko bakarrik baliatzea, gerora zer datorkeen kontsideratu gabe. Garai zailak dira mundu guztian paperezko aldizkarientzat, eta Bertsolari aldizkariak ere hausnarketa sakona egin beharko luke, aldatu beharrekoak aldatuta ondorengo hogeita bost urteetan ere aintzat hartzeko moduko eskaintza izateko.