Euskalkirik gabeko bertsolariok
Euskalkirik gabeko bertsolariok –
“Oso ondo egiten duzu euskaraz, X-ekoa izateko (X-aren tokian, jarri Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Baiona, Laudio, Tutera, Santurtzi edo erdalduntzat jotzen den beste edozein leku)”. “Eta hori batua da? Nafarrera ematen du, ahoskera polita daukazu, bada!”. “Bertsotan, e? Eta nola, bada? Gurasoak zer dituzu bertsozaleak edo?”. “Eskolan irakasten zizueten bertsotan? Eskola publikoan? Bai, hala?”. “Eta doinuak-eta, nola ikasi dituzu, bada?”. “Niri bertsoak gehiago gustatzen zaizkit herriko hizkeran eta ez euskara batu artifizial horretan, eske ez zaizkit ulergarriak egiten, baina ongi dago zuek ere saiatzea, inguru horietan ez baita erraza!”. “Niri euskara naturala egiten zait erraxen, bixia, espresiboa (eta ez adierazkorra), betikoa; kontua da bertsoek grazia handiagoa daukatela euskalkian kantatuta”.
Euskara hegemonikoa den toki batean, aitortu ezazu zu hegemoniaren kanpokoa zarela, inguru erdaldun batekoa, senide labeldunik gabea eta batu-hiztuna, eta, orduan, espezimen exotikoenari nola, zure hizkuntz ohiturei buruzko galdeketari ekinen dio Benetako Euskaldunak. Ziurrenik ez da kuriositatetik harago joanen den deus izanen, baina hara hor, zu, periferiako euskalduna, azaltzen, bada, bueno, saiatzen zaretela bazterrean ere zerbait egiten, eta, bai… bada, eskolan ikasi zenuela, urteak direla programak daudela, eta gurasoak, ezetz, erdaldunak direla, baina euskara “gustatzen zaiela” (autojustifikazio saiakera batean), eta, pozik daudela zu bertsotan zabiltzalako. Pozik edo. Zeren eta, egia esan, ez dira etortzen bertso saioetara, hein batean, ez dutelako ulertzen; hein batean, zuk esaten diezulako: “Baina zertarako etorriko zarete?”. Eta hara non, 5 minutuko elkarrizketalditxo tonto batean, euskarak arnas gehiago duen leku horretan bizi denak hankaz gora, buruz behera jarri dizun zure bizitzaren egitura, eta hara non amaitu duzun, ia-ia inertziaz edo, gehiago pentsatzen ea ongi ari ote zaren ahoskatzen s-ak eta z-k. Eta hara non inoiz baino beldur handiagoa ematen dizun zerbait esaten hasi, nahastu eta ergatiboren bat ahazteak edo, okerragoa litzatekeena, hitzen bat esatea erdaraz, nahi gabe, nahiz eta inoiz ez zaizun pasatzen; une horretan, agian bai. Inoiz baino ez-bertsolariagoa sentitu zara.
Zuk, euskara batua baino ez dakizun horrek, zenbat aldiz entzun duzu zure hizkerak ez duela graziarik? Xarmarik? Erreferentziak faltan dituela? Ez dela osoa? Ez dela naturala? Eta egia da zaila zaizula azaltzen zuretzat naturala dela eskularruak esatea guanteei eta dilistak lentejei, eta sardexka ez zaizula hitz pedantea iruditzen, eta eskolan aditz trinkoak erabiltzen ikasi zenuela, eta ez zinela konturatu ez zirela egunerokotasunean erabiltzen ahozko hizkuntzan unibertsitatera joan zinen arte. Erosoa zaizu hizkera hori.
Plastikozko euskara darabilzu hiriko batu-hiztuna zaren horrek. Ez du balio sentimenduak adierazteko, ez kalean hitz egiteko, ez txisterik egiteko. Eta nola balio izanen du, orduan, bertsotan egiteko? Eta, orain, demagun bertso afari batera zoazela eta jatorri bila hasten zaizkizula, ez soilik bertsokideak, publikoko jendea ere bai, eta pasatzen dela denbora eta gero eta lekuz kanporago sentitzen zarela. Jendeak animatzen zaitu, dena dela, zeren “jode, badu meritua, Barañainen, Auritzen, Ozaetan, Portugaleten… euskaraz, e!”.
Eta zuk ez duzu batua-euskalkia eztabaidan sartu nahi, guztiz logikoa deritzozulako bertsotan nork nahi duen erregistroa aukeratzeari, pentsatzen duzulako hamaika faktore hartu behar direla aintzat, beste deusen aurretik komunikazio ekintza bat iruditzen zaizulako errima eta doinuak josteko saiakera hori, eta areago, zuk bertsoei esker ezagutu dituzulako euskalkiak, eta jakin badakizulako euskalkidun horientzat erosoa, naturala, xarmaduna hori dela, eta ez duzulako ezbairik egiten inork galdetzekotan.
Auzia da zuri ere gustatuko litzaizukeela, zuk ulertzen duzun bezala besteen euskalkiak sentimenduak adierazteko, bizitasuna izateko, egunerokotasunean bizitzeko, solas egiteko, maitemintzeko, bertsotan egiteko eta beste balio duela… bada, ez legokeela gaizki besteek ere ulertzea Euskal Herria jada ez dela soilik eraikiko euskararen arnasguneetatik, eta periferiek ere euskaraz egiten dutela, dakiten horretan, batuan. Batuan egiten dutela bertsotan, larrutan, lanean, kalean… Demagun, euskara berezkotzat ez duen inguruneetakoei beren euskararen jatorria eta mailaren nolakotasuna ulertzeko ez diegula lehen graduko elkarrizketa bat egiten. Demagun, euskalkirik ez dut, ingurune erdaldunekoa naiz eta, bertsotan esanda, armairutik ateratzen zarela, eta gero ez dagoela galdera gehiagorik. Demagun.