Euskalkiak eta batua
Euskalkiak eta batua –
Euskara batuak 50 urte daramatza gure artean eta oraindik bisitari arrotz baten modura tratatzen jarraitzen dugu. Euskalkiak ez, euskalkiak betikoak dira. Ez agian Oteizaren lehen euskaldunak bezain zaharrak, laurogei amonaldi atzera neolitikoraino, ezta ere Barojak uste bezala erromatarren garaiko leinuetatik gaurdainokoak, ezta Larramendiren Babelgo Dorrean Jainkoak eman bezala gordetako hizkuntza zerutiarretik eratorriak ere. Erdi Aroan omen dute jatorria, hain zuzen ere, Nafarroako Erresumaren zatiketaren garaian. Egun herrietan erabili arren, hirietan sortuak. Eta bati baino gehiagori min emango badio ere, bizkaiera deritzogun horrek Gasteizen luke jatorria, hortaz izen egokiagoa litzateke arabera, nire arabera.
1968an jaio zen euskara batua Arantzazun, berandu xamar Xalbadorrentzat, urtebete lehenago txistu jo baitzioten milaka hegozentrikok bertsotan zerabilen euskalkia ulertzen ez zutelako. Horrelako arazoei irtenbidea emateko sortu zuten batua garaiko euskal eszenako garun astunenek, tartean Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Gabriel Aresti, Telesforo Monzon, Koldo Mitxelena eta enparauek. Bai, badakit, denak gizonak. Hala ere, kontatzea merezi duen istorioa:
Oro har, garaiko euskaltzale gehienak zeuden euskara batu baten beharra zegoenaren ideiarekin ados, EAJ eta ETA barne. Aldiz, eztabaida eta iskanbila gehien eragin zuena euskal hiztegiko hizkirik isilena izan zen, h-a. Euskal idazle gazte eta talde aurrerakoiek (ETA(h)?!), Euskal Herri osorako nahi zuten euskara estandar berria eta Iparraldean h-ak zuen pisua kontuan izanik uka ezinezko baldintza zen naziogintza ikuspegi batetik. Hala ere, aurkakoak ere bazituen h hizkiak, gutxiago izanagatik oso zaratatsuak. Koldo Mitxelena zen euskara batuaren proiektuaren txostena aurkeztu behar zuen batzordeko buru, eta h-aren auziaren inguruko giroaren jakitun, biltzarraren amaierarako utzi zuen Arantzazuko gai arantzatsuena. A zer azeria.
Gainontzeko erabaki guztiak hartu ostean, heldu zen azkenik denek itxaroten zuten unea. Gaia plazaratu orduko piztu zen gatazka, eta ez nolanahikoa. Honela deskribatzen du aita Luis Villasante zenak H letraren iskanbila Arantzazuko Biltzarrean artikuluan, zelako dotoreziaz askatu zuten korapilo nahaspilatsu hura:
“Ez dakit nik zer pasatuko zen itsaso haserre hartan ustegabeko gertari bat gertatu ez balitz. Bazen han Pierre Lafitte jauna, Iparraldeko euskal letren patriarka beneragarria (…), hitza eskatu zuen. Denak isildu ziren berari entzuteko. Eta, mamiz hauxe esan zuen: Iparraldekoek, alegia, segituko zutela H erabiltzen, zeren eta berentzat utzi ezinezkoa baitzen. Hemengoei, aldiz, berak eskatzen zien ez zezatela letra hori har, horrenbeste istilu eta eragozpen sortzen zienez geroz. Azken batean —gaineratu zuen— euskara biziko bada, hemen biziko da, zeren eta beste aldean ez baitu etorkizunik”.
Oi, Pierre, Pierre, hik bai jakin bururik gogorrenari bihotza biguntzen! Geroztik, euskara batua daukagu, h eta guzti. Eta orain, Xalbadorri bezala txistu egiten zaionean norbaiti merezi duelako da, aitzakiarik ez daukalako, badagoelako euskaldun guztiek ulertzen duten euskara bat, eta gazteleraz formalki idazten duena ez duelako jasoa den bere herriko euskalkian idazten. E, Iñigo? Real soziedadi ta ostiak…
Hori erregistro formalari dagokionez, baina, noski, bertsolaritza ahozko espresioa den aldetik, jasoa zein kalekoa izan daiteke. Hor bertsolari bakoitzari dagokio bidali nahi duen mezuaren eta hartzailearen arabera moldatzea erregistroa. Esaterako, ez du euskara bera erabiliko Ametsek Hendaiako bertso bazkarian eta Hondarribiko arratsaldeko jaialdian. Izan ere, bertsoaren funtsa iristean datza, komunikatzean. Gero, badira Zuberoan bizkaieraz abesten duten bertsolariak, baina hori beste istorio bat da.
Nire kasuan, giputxilandiako euskalkifiliaren urakanaren begian bizi naizela esan nezake. Oñati, Antzuola, Goierri, Azkoiti eta Azpeitiak inguratuta, horrelako aberastasunaren erdian dagoenik eta euskalki estandarrena da Urretxu-Zumarragan hitz egiten duguna: dugu degu diogu, hori da dena.
Ez pentsa, errimatzerakoan lagungarri izan daiteke euskalkia, Txirritaren egiya, alegiya; bizkaitarren txarto, bapo; nafarren bortz ez da geratzen motz eta iparraldean fite errimatzen dakite. Hala ere, hizkera bat ez da biziagoa izen guztien amaieran -ixe ahoskatzeagatik, bizia erabilerak ematen dio, eta euskararik bada geroz eta hiztun gehiago dituena, hori batua da. Beraz, Saioa, segi lasai eta harro zure euskara ederrean bertsotan, larrutan, bizitzen… Iruñea berriro euskararen erdigune bihurtuko bada.