Etxe hustua - Julen Gabiria

Etxe hustua –

Amama baserrian jaio zen, eta hil, ia mende bat geroago, ozta-ozta 60 metro dituen pisu hartan. Berdin gurasoak: baserrian jaio eta pisu hartantxe hil. Gu, bi anaiok, ez: ospitalean jaio, eta oraindik ez gara hil; baina, horretarako unea heltzen denean ere, argi dagoena da ez garela han hilko.

Gurasorik gabe geratu eta hiru urte igaro arte, ez ginen ausartu planteatzera erabakirik zentzuzkoena etxea merke saltzea izango zela. Ez soilik saltzea: merke saltzea. Hiru urte, pentsatuz nola moldatuko ginen etxea bion artean banatzeko, onartu genuen arte hura alferrikako sama bat zela, eta bestela ere bagenuela nahikoa geure kontuekin: bakoitzak bere pisua izateaz gain, anaiak apartamentu bat dauka Kantabriako kostaldean; eta nik autokarabana bat, estalpean gorde beharrekoa: 100 eurotik gora hilean, soil-soilik euriak jan ez dezan. Hasi zaitez banatzen inork nahi eta behar ez duen etxe bat.

Alokatzeko aukera ere bazegoen, baina, fabrika handia itxi zutenetik, eta baziren urte batzuk, herriak ez zeukan aparteko mugimendurik: langile jendea siderurgiarako aukera hobeak eskaintzen zituzten beste probintzia batzuetara desplazatu zen. Eta fabrikaren beharrizanak asetzen zituzten tailer txikiagoek ere, edo pertsiana jaitsi, edo, iraun bazuten, ez zuten behargin gehiagoren premiarik izan. Denean igarri zen: lau ile-apaindegi izatetik, bakarra izatera pasatu zen herria; eta gauza bera negozio guztiekin: bankuen sukurtsalak, supermerkatuak, optikak, apustu-etxeak, bazar txinatarrak, kontzesionarioak, aseguru-bulegoak eta, tira: dena berdin. Harrigarria bada ere, tabernekin ere gertatu zen, eta horrek, bereziki horrek, alarma guztiak piztu zituen: tabernen kopurua hain modu nabarmenean amiltzen bada, ez da pisu bat alokairuan jartzeko unea. Behintzat herri polita balitz, baina ezta hori ere: fabrikaren inguruan eraikitako langile-etxeen multzo bat besterik ez da, izaerarik gabea, errepide baten alboan, eta, udaletxea ere baduen arren, herri handiagoren bateko auzo pobrea izateko itxura osoa duena. Merke saldu beharra zegoen, oso merke, akaso merkeegi.

Hainbeste jaitsi genuen prezioa, dei bat ere jaso bainuen handik bizpahiru egunera; ezer ez serioa, espekulatzaileren bat ziurrenik: oraindik ere garesti iruditu, eta ea ez genuen merkeago jarriko. Putrekeria leporatuta, irain bat bota eta zakar eskegi nion, bai eta gero damutu ere egindakoaz: merezi zuen zakarkeria hura, eta agian egia zen putre ustel bat zela, baina gizabidez jokatzen saiatzen naiz beti, eta, batez ere, tipoak nire telefonoa zeukan. Pentsatu nuen atzera ere deitzea barkamena eskatzeko, etxearen kontuarekin urduri nengoela argudiatuz edo. Baina orduan, seguruenera, bera izango zen astakeriaren bat botako zidana, arrazoiz gainera, eta horretan geratu zen bakeak egiteko izan nuen bulkadatxoa.

 

Etxe hustua
Paula Heras

 

Edonola ere, dei hura jasotzean konturatu ginen etxea hustu beharko genuela holakoren batean, horrek dezenteko endredoa ekarriko bazigun ere: atzera eta aurrera ibili beharra dozenaka aldiz, batzuetan furgonetak ere alokatuta, garbigunera hamaika bidaia eginda eta bigarren eskuko salmentarako plataforma birtualetan mila traste eskainita.

Anaiak eta biok gutxi kointziditu genuen pisua husteko lanetan, zeren, bakoitzak geure ordutegia eta bizimodua genuenez, txandaka joaten baikinen gurasoenera. Eta bitxia egiten zitzaidan etxera sartu eta konturatzea aurreko egunean han egondako zerbait jada ez zegoela. Baina konturatu diot, ez objektu konkretu hura zein zen gogoratzen nuelako, baizik eta orain, haren ordez, inoiz ikusi gabeko hutsune bat aurkitzen nuelako. Jendearekin ere gertatzen zait maiz: norbait nire eszenatik desagertzen denean (adibidez, paseoan joan, eta beti toki berean agurtzen nuen agurea hil egin delako), memorian iltzatuta geratzen zaidana ez da desagertu den pertsona horren aurpegia edo ahots-tonua, baizik eta toki zehatz horretan zerbait falta dela. Eta ez da nire ezaugarri guztietatik gehien gustatzen zaidana, hori ere esan behar dut: nahiago nuke lotura handiagoa sentituko banu gauza edo pertsonekiko, baina beharbada berandu da zimendu horiek aldatzen hasteko.

Ados jarri izan bagina bezala, gurasoen logela izan zen hustu genuen aurreneko estantzia. Pisu hartan bizi ginenean, kontzienteki ez bazen ere, sekula ez genuen logela hura zapaltzen, akaso bagenekielako lau pareta haien artean egin gintuztela; baina orain, kikilduta sentitu beharrean, alderantziz izan zen: hain zitzaizkigun arrotzak hango arropak, izarak, paper zaharrak eta abarrak, ez zitzaigula batere kostatu dena zaborretara botatzea. Ohea ere, gure genesiaren lekuko izan zena, pena handirik gabe eman genien Emausekoei, beste norbaitek erabil zezan demografiaren mesedetan.

Jantokia, sukaldea, komuna; gela horiek ere errazak ziren: altzari funtzionalak, orain inork hartuko ez lituzkeenak, batzuk sitsak jandakoak ere, dena fuera birritan pentsatu gabe.

Egongelak mami gehixeago zuen, besterik ez bazen ere gaztetan ordu dezente igaro nituelako hango sofan etzanda, eta, beraz, toki hark lotura handiagoa zuelako nire bizipenekin. Liburuak (entziklopediak eta abar, gaur egungo ikuspegitik erabat alferrikakoak), Muranoko figuratxoak (denak imitazioak), 90etako VHSak…; hormetako koadroek ere ez zuten inongo baliorik, ezta sentimentalik ere, haietako batzuk nik egindakoak ziren arren. Amorrua eman zidan, hori bai, nik gaztetan pintatutako paisaia bat eskuetan hartzeak: ia 40 urte ziren koadro hura egin nuenetik, artean hamar bat urte nituela, eta ordura arte sekula konturatu ez, bere baldartxoan, margolan hark nolako tonalitate-paleta zabala zeukan, nolako kontrasteak belardietako berde batetik bestera, eta harkaitzetako urdinetatik grisetara; finean, konturatu ez nolako sentsibilitatea neukan umetan artearekiko, eta nola geratu zen hori guztia ezerezean, inor ez zelako ohartu edo inork ez ziolako baliorik eman. Eta, bestetik, amorrua eman zidana ez zen izan nik koadroaren oroitzapenik ez izatea, ezpada hamar urterekin zer egiten nuen ere ez gogoratzea: pinturako eskoletara joaten nintzela, bai, baina koadroa eskuetan hartu behar izan nuen horretaz akordatu ahal izateko. Bizialdi osoa eman izan dut egunean-egunean bizi nahi izatearekin tematuta, hainbesteko irmotasunez ezen tarteka iragana gogoratu behar dela ere erabat ahaztu baitut. Amorratu egiten nau pentsamendu horrek, eta amorratzen ninduen ez jakiteak zer egin traste horiekin, zeren, esan dudan bezala, koadroek balio artistikorik ez, baina sentimentalik ere apenas baitzuten, ariketa tekniko hutsak zirelako, nik inoiz ikusi gabeko paisaien irudiak. Azkenean dena bota nuen, jabetu nintzenean koadroen (eta aurkituko nituen gainerako trasteen) benetako balioa ez zela ekonomikoa, ez sentimentala, ez etnografikoa, ez inolakoa, eta gehiago zirela haurtzarora (erabat ahaztuta neukan haurtzarora) eramaten ninduten esteka moduko batzuk, klik egin eta soilik neureak ziren tokietara garraiatzen nindutenak. Arazoa zen, eta horrek kezkatzen ninduen gehien, zer gertatuko ote zen nik traste haiek zabor-poltsan sartu ondoren: esteka haiek desagertuta, ez ote zen desagertuko nire iragan osoa ere.

Halaxe, holako pentsamenduetan galduta, bota nituen egongelako traste guztiak, eta akaso penarik handiena eman zidan likoreak gordetzeko armairutxo batek, zergatik eta, hain zuzen ere, egongela guztitik huraxe zelako gutxien gogoratzen nuen atala, nahiz eta umetan harexek ematen zidan tentaziorik handiena, giltza zuelako eta banekielako barruan nagusien gauzak zeudela. Armairutxo haren atea beherantz irekitzen zen, halako moduz non mahaitxo baten forma hartzen zuen, han zerbitzatzeko bateko zein besteko hordigarriak, beti edalontzi txiki tindatuetan. Baina hango guztia ere zaborretako poltsetan hustu nuen, oraindik ere botilaz beteta baitzegoen, eta egongela osoa okupatzen zuen armairu erraldoia ere hasi nintzen apurka-apurka desmuntatzen. Erabaki nuen botatako objektu esanguratsuen zerrenda egingo nuela koaderno batean; hartara, gurasoen etxetik desagertu arren, nire iraganerako esteka izaten segi zezaten nola edo hala.

Pisura bueltatu nintzen hurrengo aldian, ikusi nuen anaiak amaitu zuela egongelako armairua desmuntatzen, eta pieza guztiak atera zituela. Ia konturatu gabe, hustua genuen etxe erdia, eta, nonbaitetik jarraitu behar nuenez, nire logela izandakora sartu nintzen. Hura zen, etxea husten hasi ginenetik, nire logela zapaltzen nuen lehen aldia.

Deigarria zen urte haietan guztietan gurasoek ezertxo ere ez ukitu izana, ez anaiaren logelan ez nirean. Aprobetxatu ahal izan zuten, zer dakit nik, bietako batean estudio bat atontzeko adibidez, edo gimnasio txiki bat. Amak, esate baterako, oso nagusia izan arte puntua egiten zuen arratsaldero, arropak konpontzen zituen, bazekien josteko makina trebe erabiltzen; ez ote zitzaion bururatu anaiaren edo nire logelan joskintzarako toki txukun bat prestatzea, argi egokiarekin, aulki eroso batekin? Ez, antza. Berdin aitak: urteekin, zaletasun berezi bat garatu zuen, liburu zaharretan herriko eta inguruotako historia azken ñabarduraraino xehatzekoa, eta, ondorioz, paperez eta oharrez beteta zeuzkan karpeta ugari. Zer hoberik, gela haietako batean bere bulegotxoa jartzea baino, daturik ziztrinenarekin obsesionatutako agure maniatiko haren purrustadak beste inork jasan ez zitzan? Ba ez: gure bi logelak berdin-berdin zeuden, XX. mende amaierako gazteei buruzko museoak balira bezala. Hantxe segitzen zuten gure posterrek. Oheak ere, bezperan han lo egin izan bagenu bezala, izarak eta mantak txukun jantzita. Institutuko idazmahaiak, anaia bakoitzak berea; eta flexoak ere beharbada oraindik pizteko moduan, 1995eko bonbillak edo lehenagokoak izango zituzten arren. Armairuetako tiraderetan, auskalo zer: begiratzeak ere hozkia ematen zuen. Esango nuke horregatik afanatu ginela hainbeste etxeko beste estantzia guztiak husten, geureei ekin aurretik. Ezin dut anaiaren ahotik ozenegi hitz egin, baina neuretik bai: ahalik eta gehien atzeratu nuen nire logelara bueltatzeko momentua, iraganarekin topo ez egitearren. Behintzat astakeriaren bat egin izan banu gaztetan, norbait akabatu, norbait umiliatu, edo neure burua zigortzeko motiboren bat banu behintzat; baina ezta hori ere: iragan arruntik izan badu inork, neu izango naiz klub horretako presidente, edo gutxienez presidenteorde. Eta, bestetik, iraganari sekula begiratu ez dion batek, nerabezaroan zer egiten zuen gogoratzen ez duen batek, nondik ekiten dio iragana husteari? Hori ez dago erantzuterik; nekien bakarra zen, edozein tiradera irekita, trumilka etorriko zitzaizkidala nire bizitza osatzen duten pieza guztiak: oroitzapen goxoren bat edo beste, ez askoz gehiago; eta horren ostean, orduan bai trumilka, aurrez aurre begiratzeak ere ikara ematen didan iragan osoa, orain naizena (eta, agian indar handiagoz, orain ez naizena) osatu duten bizipen guztiak, denak kaxoietan gordeta. Eta nork nahi du atzera begiratu, jakinda hor barruan daudela bere izaera osatzen duten baina, hala ere, gogoratzen ez dituen elementu guztiak?

Logelara sartu, eta atea itxi nuen, pisuan bakarrik nengoen arren. Apaletatik hasi nintzen: hori zen errazena. Aise bota nituen hango liburu asko, gaztetako bidaietako oroigarriak, gustuko neska batentzat tiropitxoian lortutako panpinatxo bat (nik lortutakoa, baina gero hari ematen ausartu ez nintzena), eta fosilen bilduma bat, neukanik ere gogoratzen ez nuena. Aise samar bota nituen kasete guztiak ere, baina maketa original batzuk gorde nituen, banekielako haiekin sos batzuk aterako nituela webgune espezializatuetan. Hori bai: talde eta disko guztien izenak apuntatu nituen, gero etxean digitalki jaisteko (ez, noski, garai hartako musikaz gozatu nahi nuelako –gutxi du musika horrek gozatzekotik–, baizik eta gaztaroarekiko esteka horri eustearren).

Kaseteen artean, baztertxo batean kukututa, folklorikotzat har daitezkeenak zeuden. Ez dakit ze jende-klase biziko den orain auzo hartan, baina, ni gaztea nintzela, hura langile-auzo triste bat zen, fabrika handiaren altzoan eraikitakoa, espainiar etorkinez eta haien seme-alabez jositakoa. Gu salbuespena ginen: etxe barruan euskaraz egiten genuen, beharbada gurekin bizi zen amamarekiko errespetuz, baina, atetik kanpora, bi anaion helburu bakarra inguruarekin mimetizatzea zen, eta hizkuntza zen hori lortzeko lehen pausoa. Bigarren pausoa, musika eta janzkera. Eta horretan, musikan zehazki, aitortu behar dut pertsonalitate pixka bat izan nuela: auzoko gehienen erreferente nagusiak Leño eta Los Suaves ziren bitartean, nik hasieratik egin nuen Euskal Herriko taldeen alde, bereziki Eskorbuto eta RIPen alde, eta gero, denboran aurrera egin ahala, euskaraz kantatzen hasi ziren beste talde batzuen alde ere. Gaztaroko garai horrek, noski, zentzu askotan markatu ninduen, baina kontatzen ari naizen guztitik gehien markatu ninduena inguruarekin mimetizatu beharra sentitzearena izan zen. Gero helduz joan nintzen, gustuetan ere galbahea etorri zen, baina kameleoiarena egitea, ez gehiegi nabarmentzea, besteen iritzietara moldatzea eta, finean, neure benetako izaera mozorrotzea, hori beti egon da hor. Eta kasete haiek aurkitu behar izan nituen, ohartzeko noiz hasi nintzen besteen onarpenera tolesten: hantxe zegoen karbono-14aren datua, frogatzen zuena kanpora begira eraiki nuela nire barne-mundu osoa, harik eta, azkenean, barne-mundu haren arrastorik ere geratu ez zen arte, ni neu nire iraganaz ez akordatzeraino.

Zintak eskuetan hartu, eta pentsatzen jarri nintzen zerk erakartzen ote ninduen material hartatik. Ez zen musikagatik, ezta estetikagatik ere, hori argi dago: antigoalekoak ziren zinta guztiak –Laja eta Landakanda, Epelde eta Iturbide, Sakabi eta Egañazpi–, entzuteko zakar samarrak eta ia desatseginak ere bai, baina gauzak esateko moduetan hipnotikoak iruditzen zitzaizkidanak. Eta bertsoekin, antzera: neuk irratitik zuzenean grabatutako bertso saio zaharrak (oso zaharrak) zeuden nahi beste, hainbat zinta elkarren gainean, eta, martxan jarri ez nituen arren, gogoratu nuen Nikolas Aldairen ahotsa han barruan, noiz eta non egindako bertso saioak ziren azalduz. Ez hori bakarrik: Manuel Lasarteren kasete original bat, beste bat Imanol Lazkanorena, Orandarena, Amurizarena… non feriatu ote nituen nik haiek guztiak? Ez dut gogoan inongo dendatara joan izana haiek erostera; agian aitak ekarriko zituen, norbaitek fabrikan emanda, auskalo. Edonola ere, kaseteen azaletan jakaz eta txapelaz jantzitako gizon nagusi haiek ezin ziren urrunago egon nire estetikatik. Gauzak esateko zuten moduagatik zen, banekielako gauzak esateko beste modu bat ere bazegoela, guk etxean ere bageneukana, baserrian jaiotako amama hura gurekin bizi zelako; eta banekielako gauzak esateko beste modu hartatik nentorrela neu ere, nahiz eta nik ez nekien gauzak horrela esaten, ezta amamarekin aritzen nintzenean ere, are gutxiago anaiarekin, eta zer esanik ez kaleko jendearekin tratatzen nuenean.

Amama zen, berez, etxearen jabea: ezagutu ez nuen aitonak fabrika handian aurkitu zuen lana aspaldi urrunean, eta baserritik jaitsi ziren hara bizitzera. Gero, amona alargun geratu, haren alaba ezkondu, eta senar-emazte berriak pisutxo hartan geratu ziren bizitzen, diru apur bat bildu eta toki duinagoren batera joateko esperantzan, gero sekula gertatuko ez zena. Horrela sustraitu zen nire familia ezerez haren erdian. Bost senide 60 metroko pisutxo batean, ea nola egiten den hori. Gertatu zen, baina, amama hil zela justu bi anaiok espazio gehixeago behar genuen unean, gaztarora sartzean; eta neu izan nintzen haren logelara aldatu zena. Altzariak ere ez genituen ukitu: amamak erabilitako haiexek jaso nituen herentzian, eta hantxe moldatu nintzen: haren ohea, haren armairua… gauza berri bakarra, idazmahai bat eskolako lanetarako, eta nire minikate musikala. Kanpotik etorritako batek ez luke jakingo bereizten gela hura mutil gazte batena zen, ala andre zahar batena.

Amama ohean hil zen, lotan, narratiboki askoz erakargarriagoak liratekeen heriotzak baztertuta. Eta ez horretarako aukerarik izan ez zuelako, ze, azken urteak burua galduta eman zituenez, ia egunero izaten baitzen kalapitaren bat harekin: berdin jar zezakeen sua martxan eta gero kozinatzea ahaztu, edo berdin irten zitekeen errepide erdira paseatzera, edo autobusa hartu nora zihoan jakin gabe, edo atea edonori ireki, edo bainerako ura irekita utzi, edo gasa emanda, edo bankutik aurrezki guztiak atera eta kaleko norbaiti eman. Edozer egin zezakeen, baina ohean eta lotan hil zen, ni gaztea nintzela.

Kaxoiak irekitzen eta barrukoa zabor-poltsetan sartzen hasi beharrean, hori baitzen logikak agintzen zuen hurrengo pausoa, logelako ohea desmuntatzen hasi nintzen. Hantxe hil zen amama, eta hantxe hasi nintzen lo egiten hura hil eta aste gutxira. Zerbaitek balio sentimentalik bazuen pisu hartan, huraxe zen niretzat baliorik handiena zuena: non hartu izan dudan atseden gaztetatik, eta non hil zen ezagutu izan dudan arbasorik zaharrena, denboran urrunen eramango nindukeena, ni nonbaitera eramateko aukerarik balu. Harekin hil ziren dagoeneko existitzen ez diren hitzak, gogoratzen ez ditudanak eta, ziurrenik, norbaiti oraintxe entzungo banizkio, astindu izugarri bat eragingo lidaketenak. Ohea desmuntatzen hasi nintzen ohe soil bat desmuntatzen duenak egingo lukeen modu berean, baina jakinda ohe bat baino askoz ere gehiago ari nintzela desmuntatzen. Paseoan topatzen nuen agure horrekin gertatzen zaidan moduan, behin ohea desagertuta, izango al nintzen amamarekin gogoratzeko kapaz, ala hutsune bat baino ez nuen ikusiko han?

Burua galduta eman zituen azken urteak, eta bere logelako ispilua izan zen horren lekuko. Ni logela hartara joan nintzenean bizitzera, ispilua horma hartantxe utzi nuen ukitu gabe, ez nuelako ahaztu nahi nola jartzen zen amama begiak zabal-zabal, gorputza tenk, atzamarrekin soinekoari helduz, ia zotin batean esanez berriz ere agertu zitzaiola aurpegi hura ispiluan, eta hizketan hasi zitzaiola berriz ere. Nik gelako ate ertzetik ikusten nuen nola hasten zen bat-batean ispiluari erantzuten. Esaten zidan ea nik ez nuen ikusten aurpegirik ispiluan, eta, ezetz erantzutean, haserretu egiten zen, burutik eginda zegoela pentsatuko genuelakoan, une hartan jabetzen baitzen hura ez zela normala: holakoetan, zentzua bueltatzen zitzaion tartetxo batez, eta konturatzen zen kontu haiek ez zirela inondik ere sinistekoak, eta, seguruenik, lotsatu ere egiten zen, berak ere argi ikusten zuelako lurra galtzen hasia zela. Auskalo zer edo nor zen agertzen zitzaion aurpegi hura: gaztetako norbait agian, edo urruneko arbasoren bat; eta batek daki zer leporatzen zion, amama hainbeste estutzeraino.

Ohea desmuntatu ostean, ispilua hormatik jaitsi nuen. Hura ez nuen zaborretara botako, saldu ere ez: beste ezerk baino gehiago, harexek ninderaman gaztarora, eta akaso urruneko arbasoren batengana ere bai. Ispilu hark inork baino arreta handiagoz jaso zuen amamaren gauzak esateko modua, kode hura, hain gertukoa eta hain arrotza niretzat. Hura ez nuen botako: neuretzat gordeko nuen.

Bueltatu nintzen hurrengo aldian, ikusi nuen anaia pasatua zela pisutik eta erabat hustu zuela bere logela. Ondorioz, etxe osotik batzeko geratzen zen bakarra nire logelako idazmahaia zen. Pisura sartzen ikusi izan banindu bezala, anaiaren mezu bat jaso nuen mugikorrean une hartantxe: nire idazmahaia baino ez zela falta, eta desmuntatzeko dena azkar, ea behingoz etxea saltzen genuen. Abisatzeko amaitzen nuenean.

Hiru tiradera zituen idazmahaiak, eta behekotik hasi nintzen, nahita. Han aurkitu nituen institutuko apunte batzuk (azken ikasturtekoak, pentsatzen dut), emaitza akademikoak, koaderno solteak, neuk egindako eskemak… penarik gabe bota nuen guztia. Erdiko tiraderan ere banekien zer topatuko nuen: nire zaletasunekin lotutako materiala. Musika-aldizkari ugari, errekorteak (musikari buruzko albisteak batez ere, baina baita gatazkaren ingurukoak ere: ezagutzen nuen jendearen atxiloketak, parrandan nengoela erdi-erdian harrapatutako karga polizialen bat, herrian edo inguruetan izandako atentatuak eta abar), eta, paper horien azpian, errebista porno batzuk eta eguneroko pertsonal bat, ez egunean zehar egiten nituen gauzei buruzkoa, ezpada sentitzen nituenei buruzkoa. Azken hori aparte jarri nuen, begiratu bat emateko asmoz. Beste guztia, bihotzeko min handirik gabe, zabor-poltsara joan zen, nahiz eta azken errepasotxoa eman nien aldizkariei: gaztetan egingo nukeenaren kontrara, baina, oraingoan denbora gehiagoz izan nituen eskuetan musika-aldizkariak, pornoak baino.

Goiko kaxoia kolpe siku batez ireki nuen: nahikoa ibili nintzen une hura atzeratzen, zer eta orain ere luzamendutan hasteko. Gainera, banekien zer zegoen han, eta anaia zain egongo zen gainera, ea noiz bidaliko nion mezuren bat. Beraz, kaxoia kolpe batez ireki, esku biekin buelta eman, eta hango traste guztiak lurrera erortzen utzi nituen. Logela huts haren erdian, normalean egingo luketena baino zarata handiagoa egin zuten jaustean, eta oihartzuna ere egundokoa, segundo luzez iraun zuena, luzeegiz nire iritzirako.

Auskalo zertarako gordetako zirtzilkeria guztien artean, han zegoen kasete hura ere: 90 minutuko TDK zinta, etiketan ez zeukana ezertxo ere idatzita, grabatu nuenean sumatu izan banu bezala (ondo sumatu ere) bizi osoan jakingo nuela han barruan zer zegoen. Agian, hori baino lehenago, Nikolas Aldairen ahotsa egongo zen han barruan, agian musika gogorren bat, edo agian Maltzeta aita-alaben fandango bat, edo nire ahotsa hamar urterekin, koadro bat nola pintatu behar den azalduz. Edonola ere, berdin dio, zeren han barruan zegoena amamaren ahotsa baitzen, ispiluarekin hizketan ari zen batean grabatu niona, ni logelako atearen atzeko aldean ezkutatuta nengoela. Hantxe ikus dezaket oraindik ere, ohean eserita, ispiluko izaki hari begira ordu eta erdiz. Hain zen benetakoa amamaren izua, ezen nik tarteka ispiluari begiratzen bainion, eta ez nuen ezer ikusten, baina sinisten nuen, nola ez sinistu ba, ispilu hartan norbait zegoela, norbait lazgarria zehazki, eta erraz imajina nezakeen haren erliebea kristaletik kanpora irteten, epaiketa bateko fiskala balitz bezala; nola ez sinistu hori guztia, ikusita amama nolako otzantasun ikaragarriz ari zitzaion aletzen bere bizitza osoa. Eta aletu ere, gauzak esateko modu hartan, niretzat pentsaezina zen hizkera hartan, gaztea izan arren ondotxo nekiena inoiz, sekula ere, ez zela nire hizkera izango, eta bakarrik existitzen zena Landakandaren ahotsean, Manuel Lasarteren ahotsean, amamaren ahotsean, eta nik egundo ere ezagutuko ez nuen iragan bateko jendearen ahotsean. Hantxe ikus dezaket ohean eserita, eskuekin izarei desesperazioz helduz, ezerezari kontatuz niri inoiz esan ez zizkidan bere bizitzako pasarteak, baina larri, sufrituz, eta ni ate atzean grabatzen, gelara sartu eta besarkada batez amama lasaitzen saiatu beharrean. Hantxe gazte hura ate atzean grabatzen, bost axola besteen ikarak; hantxe gazte hura, bazekiena gauzak esateko modu hura betiko zihoala, eta bazekiena, edo uste zuena, inportanteagoa zela iragan hura kasete batean gordetzea, laguntza behar zuenari laguntzea baino. Auskalo: uste dut orain ere gauza bera egingo nukeela.

Kasete haren barruan egongo da amamaren ahotsa: hura hil ostean ez nuen behin ere egiaztatu ea ondo grabatu zen. Ez dut gogoan nolakoa zuen tonua, tinbrea, kadentzia; ez dut gogoan zein zen ere hainbestetan aipatu dudan esateko modu hura; zorte apur batez, eta denborak izorratu ez badu, kasetean gordeta egongo da dena, nahiz eta badakidan ez naizela egundo saiatuko grabazio hori entzuten, ezta formatu digitalera pasatzen ere. Ez dut ezer gogoan, are gutxiago orain, gurasoen etxea hustu ostean; baina kasetea eta ispilua neuretzat hartu nituen. Memoriarik ez, baina, gutxienez, hutsune gehiago ere izan ez dezadan.

Mezu bat bidali nion anaiari: kito, hutsik dago etxea.

Gero, telefonoan jasotako deien zerrendan sartu nintzen, eta berehala aurkitu nuen aste batzuk lehenago jasotako deia, espekulatzaile harena, merkeago ez ote genuen jarriko galdetu zidana. Miserable hark irain handiagoak merezi zituen: jendearen beharrizanen kontura aberasten ari den tipo batek nire amorrurik zornetsuena baino ez du merezi; irain handiagoak, egia galantak bata bestearen atzetik, ahal balitz baita zaplazteko eder bat ere aurpegi erdian, eta bizi osorako iraungo dion madarikazio astunen bat ere bai.

Atzamarra pantailaren gainean jarrita, telefono-zenbaki hura sakatu nuen, eta nire mugikorra deika hasi zen. Hiru tonu entzun ziren, eta, laugarrena hastear zela, klik bat, eta tipo haren ahotsa entzun zen. “Zenbat merkeago nahiko zenuke pisua?”, galdetu nion.

Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua 
Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua Etxe hustua