Erantzunaren beharrak egiten gaitu ahul
Erantzunaren beharrak egiten gaitu ahul –
Bertsolaritzaren magiaren ezaugarri nagusietakoa da bat-bateko erantzuna. Bertsolaria pentsatzen dagoen minutu erdian, haren buruan zarata handia izaten da. Azken-aurreko puntura iristen denean lasaitu egiten zaio burua, badakielako amaiera zein duen, eta, hain zuzen ere, orduantxe hasten da entzuleen isiltasuna apurtzen. Bertsozaleak sumatzen badu nora doan bertsolaria harekin joango da, eta bestela ere, txalo zaparradan lehertuko da. Bat-bateko erantzun hori ezinbestekoa du bertsoak. Momentuko balioespena behar du gure jardunak. Ez daukagu liburu bat idazten duenaren pazientziarik: orduantxe jakin behar dugu publikoa nola lehertu den, lehertu den ala ez den. Kontua da balioespen horretan, ez duela bakarrik kantatu dugun horrek eragiten.
Bertsoaren balioespenaren oinarrietako bat bertsolariaren itzala da. Osagai askok eraiki dezakete bertsolariaren itzala, baina urte askoan, bertsolari hegemonikoak oso ezaugarri konkretuak izan ditu. Bertsolari hegemoniko horrek izan du balioespen bat geroago heldu ginen gorputzok astiro irabazi duguna. Bertsolariaren irudia deseraikitzen ari bagara ere, oraindik badu pisua berezkotasunak, arrazoi sendoak izateak, ahots sendoa izateak, segurtasuna transmititzeak eta grazia egiteak. Berez, ez du hain eraikuntza subjektiboa ematen, baina ez dezagun ahaztu oso eztabaidagarria dela grazia zerk eragiten duen, eta berezkotasuna euskalki bat izateari lotu zaio askotan. Naturaltasuna ukatu zaie bertsotara hizkuntzaren periferiatik iritsi direnei, eta horrek zenbait bertsolariren itzalaren eraikuntzan, arazoak sortu ditu.
Emakumeok urte askoan ukatutako plazara bueltatu ginenean, bertsolariaren eraikuntzari beste ezaugarri batzuk gehitu genizkion: gorputza, zalantza, ahots ez hain indartsuak… generoak eragin zuzena izan du bertsolariaren itzalaren eraikuntzan, eta itzalak eragin zuzena izan du eta du bertsoen balioespenean. Bertsolari batzuek besteek baino ahalegin handiagoa egin behar izan dugu, eta oraindik ere askok hala egin behar dute, itzalaren eraikuntzan.
Horrek, noski, badu bertso saio baten inguruan sortzen diren harremanetan eragina. Bertso saioa ez da lehen agurra kantatzen dugunean hasten. Nork deitu digun, noiz, norekin negoziatu duen prezioa, nola eskatu digun bere herrira joateko… horrek guztiak eragin bat dauka bertso saioan, eta, askotan, botere harremanak izan badirela frogatzen duen protokoloa da gurea. Izan ere, duela ez hainbeste urtera arte, eta orain ere leku batzuetan hala da, oso neska gutxiri eskaintzen zitzaigun negoziatzeko aukera. Normalean, gure bertsokide gizonek erabakitzen zuten zenbat eta nola, eta guk hartu egiten genuen. Inozokeria dirudi, baina orain ere, gazte bat eta zaharrago bat plazara bagoaz, gaztea bazter uzten da askotan halako erabakietan, eta xehetasun txiki horiek uste baino garrantzitsuagoak dira. Antolatzaileek kontuan nor hartzen duten ikusteak erakusten dio bertsolariari bera leku horretara deitzeko arrazoiak pisutsuak diren ala ez. Autoestimuan eragin nabarmena izan dezaketen xehetasunak dira.
Beraz, itzala daukanari ematen zaio boterea bertsolaritzan, baina itzalaren eraikuntza ez da batere neutroa. Oraindik ere ez dugu erabat deseraiki bertsolari hegemonikoaren irudia, eta hor identifikatuta sentitzen ez den bertsolariari etengabe zalantzan jar dezaten onartzea dagokio. Ea deitzen dioten gaztea delako edo bertsolaria delako, edo emakumea delako edo bertsolaria delako, edo homosexuala delako edo bertsolaria delako, edo periferia geografikoan dagoelako edo bertsolaria delako. Ea merezi duen hor egotea. Ea diskriminazio positiborik benetan ba ote dagoen. Baina hara, aurtengo Bertsolamintzan Jexux Mari Irazuk datu esanguratsua bota zuen: bertsolari birekin egiten diren libreko saioetan, oraindik ere, %11 bakarrik dira emakume biz osatuak. Beraz, diskriminazio positiboa dagoenik ez dirudi. Datu orokorretan ere, beren-beregi emakumeok bakarrik kantatzeko antolatutako saioak kenduta, asko aldatuko litzateke plazetan dugun lekuaren ehunekoa.
Dena den, itzala izatera iristeko bideari ez diogu asko erreparatu, baina urteetan ez da aldatu. Bertsolariak Eskolartekoan destakatzen du, gazte txapelketak irabazten ditu eta plazan hasten da etorkizunerako promesa. Kontua da, itzala izateko hori ez dela nahikoa. Bertsolari izateko modu asko daude, eta horiei leku egin behar litzaieke. Izan ere, gaztetatik esaten zaiguna da gure beldur, ideologia eta berrikuntza guztiak ondo daudela, baina txapelketan demostratu behar dela. Txapelketan bakarrik? Badago bertsolaritasuna demostratzeko aski espazio, eta irabazteko anbiziorik ez duenak ere bere lekua merezi du. Bertsoarekin erabat lotuta ez dauden hainbat faktore sartzen badira itzalaren eraikuntzan (euskalkia, generoa, ahotsa…), zergatik dauka txapelketak bakarrik garrantzia?
Hala ere, egia da txapelketak eman diela leku bat gero plazan merezi baino leku gutxiago izan duten bertsolari on askori. Belaunaldien arteko meloia ere ireki behar genuke itzalaz eta balioespenaz ari garela. Honetan, ez du generoak bakarrik zerikusia. Duela hogeita hamar urte bertso plazara salto egin genuenok adin tarte handia genuen aurrerago ibilitakoekiko, baina orain antzerako adinean edo erretirorako asmorik gabe asko gabiltza, eta badirudi ez dagoela denentzat lekurik. Esango nuke, eta daturik ez dago, baina sentsazioa bai, bertsolari askok ez duela plazan lekurik egin beren belaunaldiak edo aurrekoak balioetsi ez dituelako. Beraz, gurean ere badira botere harremanak eta hemen ere itzalaren eraikuntza ez da neutroa. Balioespenean ez du bakarrik kantatzen dugun horrek eragiten, eta guk kantatzen dugun aldiro erantzuna behar dugu.