Bertsolariaren pertsonaia prestatzeko apunteak
Eneko Sagardoy –
Bertsolariaren pertsonaia prestatzeko apunteak: bertsotan hasi aurreko isilunean
Demagun bertsolariaren pertsonaia antzeztea eskaini didatela pelikula batean. Papera prestatzeko orduan zailtasunak topatu ditut, zaila baita deszifratzen bertsolarien buruan, gorputzean eta gogoan zer jazotzen den. Zehazki, zer gertatzen den gai bat entzun eta bertsoko lehenengo berba bota arte. Horregatik, bertsolari batek gogorarazten dizkidan pertsonaiak bilatu ditut. Neureago egin guran. Egoera konkretuetan. Ea zenbat pertsonaia diren bertsolari bat. Edo zenbat bizitza ezkutatzen dituen, bizitza batek.
Gai-jartzailea gaia esaten: Gorputza geldi-geldi. Arnasa eutsita. Erreferentziak: etsaiarena izan daitekeen zarata entzun duen azeria; izar berezi bat ikusi eta, gero, berriz ikusi gura duenean, ezin aurkitu dabilena (bere lagunari erakutsi gura dio); aurpegiz ezaguna egin zaion pertsonaren izena eta nondik ezagutzen duen asmatu guran dabilena (edo norbaiten antza dauka?); hondartzan eguzkia hartzen egonik, itsasotik garrasi bat entzun duena, baina itsasora begiratu eta hutsik dagoela jabetzen dabilena (betaurrekoak etxean utzi ditu eta oso miopea da). Begirada-norabidea: zuzen-tinko-zorrotz. Eskuak bizkarraldean bilduta. Gelditasun osoa. Buruaren inklinazio ñimiño bat egin daiteke eskuin-ezker. Kontraktura handi bat baretu guran bezala, baina gradu minimora jaitsita, kasik ez dadila nabaritu. Ez da aurpegiko muskulu bakar bat ere mugitzen; denak gogortu dira eta, gogorraren gogorrez, dardarati bilaka daiteke betazal bat edo aho ertza, aukeran.
Gai-jartzailea gaia errepikatzen: Gorputza izotz, hasierako norabide berdinean kokatuta. Erreferentziak: lagunarteko eztabaida batean, esaten diharduenarekin guztiz desados dagoena baina isilik mantentzen dena, bere bururako bakarrizketa batekin (bere buruari arrazoia ematen dio); supermerkatuko ilara luzeegiaren erdira heltzea lortu duena, baina produktu guztiak bere tokian utzi eta ospa egitea pentsatzen dabilena (futbol partida hastera doa); hark daraman poltsa benetakoa ala imitazioa den asmatu guran ari dena (galdetzeko puntuan dago). Orain bai, lehen begi kliskadak: gaia prozesatzen. Ez dago iritzi zantzurik. Ez da erakusten gaiak erraz sorrarazi dizkion jorratzeko ideiak edo lur jota utzi duen. Begirada-norabidea: hanka sartu duen 11 urteko umea, gurasoei gertatutakoa zelan kontatu pentsatzen, baina inork ezin dio igarri hori pentsatzen dabilela. Gorputza oskol huts bihurtu dela irudi lezake betazalen hiruzpalau itxi-irekiengatik ez balitz. Pentsatu ahalko genuke, hor ez dagoela inor.
Bertsolariaren ibilbidea mikro aurrera: Mugimendua gerritik behera bakarrik. Sabeletik gora dagoena beste behar batean ari da. Erreferentziak: zebrabidera heltzen ari dena, baina presa barik doana, semaforoa gorri jarri dela dakielako (baina egun txarra izan du eta gosetuta doa); atsedenaldi bukaerako txirrina entzun duen langilea, zupadak bizkor, pausoak geldo emanez dabilena (beharrez aldatu gura du); irakasleak eskatutako olerkia etxean idatzi eta klasekoen aurrean irakurtzera altxatu den 13 urteko ikaslea (olerkiak sekretu bat darama inori inoiz esan ez diona).
Bertsolaria mikroaren aurrean (lehenengo tartea): Eskuak bizkarraldean oraindik. Oin bat altxa eta pisua bestean jarri. Eta alderantziz. Etengabe, balantzaka. (Ez dadila oso erritmo konstantea izan. Luza daiteke batean edo bestean, edo abiadura bizkortu). Erreferentziak: apurtu ezin zen hura apurtu duen umea gurasoen sermoia jasaten; txizalarri ikaragarriarekin txosnetako komunen ilaran izerditan txizari eusten diona; igogailu batean preso gelditu zenetik, trenik ere hartzen ez duen klaustrofobikoa tren geltoki batean, psikologak gomendatuta, trenera sartu edo ez erabakitzen, ateak ixteko alarmak jo duenean. Begirada lurrean: apurtutako pitxerra; txiza; trenbidea.
Bertsolaria mikroaren aurrean (bertsotan hasi orduko azken momentua): Eskuak bizkarraldean. Oin bat altxa eta pisua bestean jarri. Aurreko tartean bezala. Begirada altxatzen doa pixkanaka. Zorura, publikora. Begi mugimendu azkar eta irregularrak. Askotan lurrera itzuli. Irribarre zantzuren bat ager daiteke. Ilea bere tokian jartzea. Eskuekin sudurrean hazka egin. Begirada zorroztea. Erreferentziak: gau osoan tabernan begiradekin ligatzen ari dena, bat-batean gustatu zaion horrek beregana hurbiltzeko keinua egin dionean; olinpiar jokoetan urrezko domina jarri diezaioten zain dagoen atleta; ospitaleko itxarongela batean, aitari ebakuntza egin bitartean, kafe makinaren aurrean kafearen zain dagoena.
Eta orain, bertsoa etorriko litzateke. Baina oraindik ez didate pelikularen gidoia bidali.