Elizondoko finalaurrekoa: First dates eta agurraren lezioa

First dates eta agurraren lezioa –

Irakurle, zure konfiantza irabazteko, nire miseriak agerian utziko ditut lehen artikulutik: bolada batez, First dates izeneko telebista-saiora erabat kateatu nintzen. Gogoan dut, ordura arte elkar ezagutzen ez zuten bi gonbidatu mahai-bueltan elkartzen zituztela ordubetez, maitasunaren txispak surik pizten zuen jakiteko. Ikusiaren ikusiz, dohain berezia garatu nuen, ezen gauza bainintzen gonbidatuek lehen aldiz elkar ikusi orduko (3 segundo nahikoa nituela zin dagizut) maiteminduta edo ihesean aterako ziren asmatzeko. Gutxitan egiten nuen kale.

Antzerakoa da hasierako agurrekin gertatzen zaidana. Txapelketa nagusian lan puntuagarria ez den arren, aurre-informazio baliagarria ematen du (eta bertsolari bat sareko plazan gupidagabe harrikatzeko motiboa ere bai, nonbait, baina hori beste upel bateko ozpina da). Esan nahi dudana da, bertsolari bakoitzak dakarren aldarteaz, estrategiaz, konzentrazioaz edo publikoarekiko feedback-az zantzu argiak ematen dituela.

Elizondoko finalaurrekoan ere, lehen agurrei esker antzeman nuen, besteak beste, agindu bezala Alaia Martinek hurrengo fasera hegan egingo zuela, Joanes Illarregi gaztearen jarioa Xorroxingo ur freskoaren pare zetorrela, edo Agin Laburu doinuarekin asmatu ezinda ikustea, egun gorabeheratsu baten lehen seinale izango zela.

 

First dates eta agurraren lezioa

 

“Agurraren lezioa”
Finalaurrekoen koxkara igota, berehala sumatu genuen mailak eta giroak gorantz egin zutela. Baztan pilotalekua bete zuten 1.400 entzuleek gogotik txalotu zituzten zortziko handiko lanak, esate baterako, hasieratik burua hartu zuen Alaiaren ideia bat adibidez, ondo bizi direla entzuteaz aspertuta dagoen suhiltzailearen larrutik botatakoa: “istripuetako flashback ilunak/ betiko gelditzen dira”. Sortu zituen irudi eder askotariko bat aipatzearren.

Hurrengo ariketakoa izan zen ordea arratsaldeko bertsoaldirik onena, Alaia amak, sex-shop bat ireki berri duen Joanes Illarregi semearekin ondua. Edonor bertso-zaletzeko moduko ariketa gogoangarria izan zen. Joanesek, maleziaz animoak ematera soilik ez zela etorri iradokita, Alaia zuzen eta gordin eman zion kolpea: “nik ere sentitu dut/ azpian hazkura/ nola etorri zinen/ bestela mundura?”. Erantzuna markakoa izan zen: “sekula ez nintzela/ jaioko jakina/ jostailuekin ari/ izandu bazina”. Batek daki aurten non aurkituko duen langa, baina liluragarriak dira Illarregik oholtzan erakusten dituen freskotasuna, aldartea eta ideien argitasuna.

Unai Agirre tartean egonda, frontoi osoa suma zitekeen puntukako saioaren zain. Zer den gaizki ohituak egotea! Kolpe onak bai, baina ariketa lehertzea falta izan zuen. Hernaniarra gustagarri aritu zen, eta bat baino gehiagok amaieran bazuen irudipena,  puntu gutxitxo jaso ote zituen. Puntukako ariketa esanda, ofiziotan gozakaitz ikusi genuen Agin Laburuk, aldiz, zertarako gai den erakutsi zuen. Lastima kontzentrazio akats txiki (baina ugariek) puntu gehiago pilatzea galarazi izana.

Seiko motzeko lanak ilustra lezake ondoen Iñaki Apalategik atzo egindako lana: ideiak ekarri eta bideak zabaltzen borondatetsu bai, baina zailtasunak izan zituen ariketak borobildu eta entzuleengana iristeko. Ganbarakoan adibidez, gaia bikain bideratu zuen arren, zehaztasun falta antzeman zitzaion bukaerarako.

 

First dates eta agurraren lezioa

 

Ume bat galdu da

Eskua hartu dizu; indartsuago sentitu zara”. Hala zion ganbarako lanari ekiteko abiapuntuak. Itxuraz irekia eta heldu-leku askokoa. Ba, bitxia da nola seitik hiruk (Alaiak, Aginek eta Onintzak) eskolara doan haur baten larrutik abestu zuten, batak bestearen atzetik, gainera.

Enbeita ez genuen saioan zehar eroso ikusi. Baina, hori bai, arrastoa utzita joan zen. Izan ere, gutxitan ikusten da bertsolari bat barru-barrutik eta norbere minetik kantatzen, berak egin zuen bezala. Ahotsa hautsita, eta malkoak begitan, txalo-zaparrada ikaragarri batek besarkatu zuen bost urteko Onintza, eskolara bidean beldurrik gabe joan zedin.

Ganbarako lanean, Alaiak inteligentzia handiz jokatu zuela iruditu zitzaidan. Aski bideratuta zuen saioa arazorik gabe amaitzeko, 5 urteko haurraren zapatak jantzi zituen, lehendik ere ondo gelditzen zitzaizkionak. “Baina eskua gainean dut/ amaren esku biguna/ gaur dut eskola handiko/ lehendabiziko eguna” abestu zuen lehen bertsoan, eta halaxe amaitu zuen ganbarakoa: “pentsatu nahi dut gaurkoa/ dugula egun polita/ noizbaiten erortzen banaiz/ eskua helduko dit ta”. Ahotsa dotore modulatuz entzulea pertsonaiaren barne-munduan sartzeko daukan dohain paregabea baliatuz, eskua askatuta han joan zen hegan gure Alaia txikia. Oraindik ez omen da azaldu. Gurasoak larritzen badira, norbaitek esan diezaiela abenduaren 18an Iruñean azaltzeko aukera asko dituela.

 

First dates eta agurraren lezioa

P.S. Garaiko ajeak diren arren, kezkatuta geratu ginen Elizondoko harmailetan entzun zen eztul-festarekin (minutuko 38 batez beste). Eztul-lehorrak nagusitu ziren arren, zenbait entzuleren kukutxeztulek ez dute itxura onik; ezta txakur-eztul zenbaitek ere. Zaindu zaitezte, mesedez. Bertsolarien konzentrazioak eskertuko dizue.

 

First dates eta agurraren lezioa First dates eta agurraren lezioa 
First dates eta agurraren lezioa First dates eta agurraren lezioa