Egañazaleak - Joxean Agirre

Egañazaleak –

BECeko episodioa gertatu eta hiru ordura egin zuen Osasun sailburuak lehen agerraldia eta berretsi zuen pandemia baten zantzuak ikusten zituztela eta barre erasoen mende jarraitzen zutenei etxean bakartzeko aholkatu zien. Gotzone Sagarduik histeria kolektibo gisa kalifikatu zuen gertatua. “Ez da birus bidez kutsatzen den epidemia bat, kontrolatzen askoz ere zailagoa den zerbait baizik”, esan zuen eta 1962an Tanzanian (artean Tanganika zen, baina berehala lortu zuen independentzia) gertatuarekin parekotasunak zituela edo izan zitzakeela gogoratu zuen. Ordurako, irratiak bereziki, barre erasoek eragindakoei buruzko zifra puztuak ematen ari ziren eta, kopuru horiek egiak izatera, BECen geundenon laurdenak ospitalean geundekeela pentsatu genuen. Felix Zubiak hitz egin zuen Euskadi Irratitik gauzak bere lekuan jarriz. Ospitaleetan artatuak bostehun zirela esan zuen eta hogei zeudela UZIetan eta guztiak zirela 60 urtetik gorakoak, eta une horretan zehaztapen hori soberan zegoela iruditu bazitzaidan ere, guztiak Egañazaleak zirela erantsi zuen.

 

Egañazaleak
Paula Heras

 

Biharamunean bertan epidemiaren jarraipena egiteko EH Bilduren bultzadaz Legebiltzarrean presaka adituen batzorde bat eratu zen eta oso gertutik ari gara aztertzen Tanganikako kasua. Victoria lakuaren ondoan dagoen Kashasha herriko eskolan hiru neskato hasi ziren barrez lehertu beharrean eta irakaslearen errietak gorabehera, barrez jarraitu zuten, txoro haize hori ingurukoei kutsatuz. Barrez ari ziren batzuk minaren minez negarrez hasita zeudela ohartzean, jo zuen irakasleak lankideengana laguntza eske, baina ezin izan zituzten algara eraso luze horiek geldiarazi. 1962ko urtarrilaren 30a zen eta Tanganikako barre epidemiaren hasiera baizik ez zen izan egun horretakoa. Ikastetxea itxi eta ikasleak etxera bidaltzea erabaki zuten, baina horrekin ez zuten gaitza zabaltzea baizik lortu, herrialdeko auzo eta herrixketan hasi baitziren adin guztietakoak, baina bereziki gazteak, algaraka barreari eutsi ezinik, askotan konortea galdu eta lurrera erortzeraino. Geroztik AEBetan, Mexikon edo Kolonbian eman dira gisa bereko fenomenoak. Txinan, Siberian eta beste hainbat lekutan ere egon ziren aurretik barre epidemiak eta batzuk hilgarriak izan ziren.

Gurean gertatuarekin paralelismoak egitea ezinbestekoa izan zen, beraz. Aditu batzuen ustetan, estres egoerak aurki daitezke histeria fenomeno horien atzean. Tanganikako kasuan independentzia lortzeko zorian zeuden, gobernu aldaketak ari ziren gauzatzen. Baina Euskal Herrian ez genuen aldaketa handi horien zantzurik ikusten eta gutxiago independentziarenik. Zerk eragin zezakeen, beraz, BECeko epidemia hori?

Hori argitzen saiatu gara Legebiltzarreko adituen batzordean. Behin eta berriz ikusi ditugu ETBk zuzenean grabatu zituen irudiak. Esatariak estilo liburuetan debekatua behar lukeen “dantesko” hitza errepikatzen zuen ikusten ari ginena kalifikatzeko, hala egin ohi dutelako beti kazetariek triskantza edo hondamendi batek ondoren uzten dituen irudi lazgarriak deskribatzeko, eta txapelketako finaleko episodioak utzi zuen panoramak ere asko zuelako Danteren infernutik.

Jendea ikus zitekeen BECeko ohorezko palkoaren bueltako eserlekuen artean erorita aieneka, haize bortitz batek astindu eta lurrera bota izan balitu bezala. Tsunami hitza ere erabili zuten. Horietako askok barrez jarraitzen zuten, egia da, baina barre horiek ez ziren dagoeneko hasierako algaren oihartzun tristeak baizik, aiumak eta negarrak ez zirenean.

Gertakaria barre epidemia gisa definitu badugu ere, ETBko irudi horiek ikusita, askok pentsa dezakete gehiago dirudiela negar epidemia bat, nahiz eta badakigun barrea eta negarra antzeko fenomenoak direla, hainbeste non askotan nahasi egiten diren.

Irudi horiek behin eta berriro errepikatzen zituzten bitartean sorosle taldeek ehunka lagun eramanak zituzten anbulantzietan Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara, arnasa hartzeko arazoekin asko, konortea galduta besteak, eta antolakuntzak finala bertan behera utzi eta ebakuatzeko agindua eman zuenerako, han ginen guztiok bagenekien zerbait larria gertatua zela.

Finalistek izuaren izuz jarraitu zuten gertakarien bilakaera. Hunkituenak Lujanbio eta Egaña izan zitezkeen, haiek kantuan ari zirela eman baitziren barre histeriaren lehen agerraldiak.

Hirurogeita zortzi urte eginak zituen Egañak eta beste bertsolari askok erretiroa hartzen duten adina zuenez, kazetariei deitu eta prentsaurrekorako hitzordua eman zienean despedida iragarriko zuela pentsatu zuten, eta berriro txapelketara itzuli eta bosgarren txapelaren bila saiatuko zela esan zuenean, harridura eragin zuen bertsozaleengan eta sekulako irrika bere zaleen artean.

Eta kazetariek ea, lau txapel edukita, zertarako behar zuen bosgarren txapela, galdetu ziotenean despedida modu baten gisan ere uler zezaketela erantzun zien, musikaren munduko dinosauroak azkenaldion egiten ari ziren antzera, eta The Rolling Sotones edo Delirium Tremens aipatu omen zituen, berriki agertokietan ibiliak zirelako, edo heriotzari edo, zehatzago esateko, zahartzaroari iskin egin nahi bat ere egon zitekeela bere erabakiaren atzean, erantsi omen zuen edo egon zitekeela baita erronkarako joera bat ere, berak odolean zeramana, eta beste zenbait arrazoi ere eman omen zituen, baina askoren susmoa izan zen zerbait ezkutatzen ari zela.

Gipuzkoako txapela aise irabazi zuen. Bigarrenari ehun punturen aldea atera zion eta, noski, horrekin bakarrik eromena eragin zuen inguruan. Egunkarien arabera, jarraitzaile andanak ibili ziren Parte Zaharrean gau beranduan, gizaseme adinekoak gehienak baina emakumeak ere bai tartean, garagardo pitxarrak eskuetan zituztela, jauziak eginez, eta “Egaña, Egaña, hik egin duk azaña” kantatuz. Bertsozale bainoago tiffosiak omen ziruditen. Bagenekien ‘tiffosi’ hitzak ‘tifusarekin kutsatua’ esan nahi zuela jatorrian, baina ez genuen pentsatzen bertsolariaren erabakiak gure artera epidemia bat ekarriko zuenik.

Lau txapel jantziak zituen arren, lurralde mailako kanporaketekin hasi eta ibilbide osoa egin behar izan zuen finalean sartzeko, eta bide luze horretan gogorik gabe bezala ikusi genuen askotan, kartarik onenak gordetzen ari balitz bezala, eta tarteka bakarrik eskaintzen zituen distirak, zerbait handiagoaren printzak izan zitezkeenak. Jarraitzaileak berehala ohartu ziren molde berriak inauguratzera zetorrela, berrikuntza zertan zetzan ez bazekiten ere, susmatu egiten zuten zaharra berritzera zetorrela, bertsolaritzak azken urteetan irabazia zuen nobletasun pedigria apurtzera, zerbait alprojagoa, ganberroagoa, bazterrekoagoa proposatu nahiko zuela, zirian, adar-jotzean, zeharkako jardunean, ditxoetan oinarrituko zena, bufoien lanetik ere bazuena. Berriako kronista listo usteko batek trasch terminoa erabili zuen Andonik zerabilen bertso moldea definitzeko.

Kontua da finala iritsi zen arte ez zituela kartak erakutsi. Goizean galga jarrita abiatuko zen seguru asko. Egia da hitz-joko distiratsu batzuk egin zituela, gaiztakerian nabarmendu zen, azeria zela frogatu, azidoa eta ironikoa agertu zen tarteka, ustekabeko ateraldi batzuk utzi zizkigun, osagarri kontrajarriak elkartzen ikusi genuen, atsotitz jator batzuk tartekatu zituen, arrazoiak tolestatzen asmatzen zuen, bertsoak ahora zetozkiola ematen zuen, baina hori Egañarengan ohikoa zen eta jarraitzaileek disfrutatu egiten zuten, baina algaraka hasi gabe.

Arratsaldean etorri zen paroxismoa. Kontu groteskoetara jotzen hasi zen, parodiari eta fartsari heltzen zien ia nahi gabe, eta esaten zuen guztia zen bihurria, anbibalentea edo aho bikoa. Ulertzeak askotan lanak ematen zituen, baina ulertzen genuenean atsegin izugarri batek betetzen zigun barrena eta bozkario halako batek altxatzen gintuen eserita geunden lekuetatik. Begi bistakoa zen zerbait berria ari zela egiten edo inoiz bertsolariek erabili eta bazterrean utzitako osagarriak ari zela berriro interpretatzen. Epaimahaikoak ere noraezean ikusten genituen, zer puntuatu behar zuten ere ez zekitela.

Maialen Lujanbiorekin egokitu zitzaion seiko motzean. ETBren irudietan garbi ikusten da bertsoaldi horretan giroak nola egiten duen koska bat gora. Egañak bigarren bertsoa bukatu zuenean jendea, bere jendea esan nahi dugu, altxatzen ikusten da eta ohorezko palkoaren bueltan zirenak, futbol estadioetan bezala, olatuak egiten hasi ziren. Hirugarren bertsoa bukatzean, ordea, kamerak zerbait berezia gertatzen dela oharturik edo, hasten dira gertuagotik jendea enfokatzen. Bertan zeudenek behin eta berriz adierazi dutenez, Andoniren azken ateraldiarekin egin zuen eztanda giroak. Urola-Kostatik autobusean joandako jubilatu talde bat izan omen zen lurrera erortzen lehena. Hesteak bota beharrean ikusi omen zituzten eserlekuen artean barrez, txoro haizeak jotako gaztetxoak ziruditela, baina adineko jendea zen sabelari helduta barrez jarraitzen zuena, eta, arnasari buelta eman ezinda zeudela ohartu zirenean, antolakuntzakoak izan omen ziren sorosleei laguntza eske hasi zirenak.  Kamerei begira oso garbi ikusten da zeinen denbora gutxi behar izan zuten Gurutze Gorriko eta DYAko langileek larrialdiaren lekura iristeko, dagoeneko ez baitago gertatuari larrialdia deitzea beste erremediorik. Lekuan bertan hasi ziren jendea artatzen eta ez zutela erantzuten ikusirik, hasi ziren ohatilekin jende garraioan.

Biharamunean Felix Zubia izendatu zuten Legebiltzarrean eratu zen taldeko buru eta parte hartzeko gonbidapena egiteko telefonoz deitu zidanean, zalantzak nituela esan nion. Guk, EHUko Soziologia departamendutik bultzatuta, euskaldunen umore gaitasuna edo konpetentziei buruzko ikerketa zabal bat egina genuen, eta gaitasun horiek bertsozaleen artean askoz ere garatuagoak daudela frogatu genuen bertsozale ez direnen artean baino. Hori aurreikus zitekeen ondorioa izan zen, baina erdal gazteen eta euskal gazteen umore gaitasuna neurtzeko egin genuen eranskinak kalapita izugarria eragin zuen komunikabide handietan, eta horregatik egin ginen ezagun eta horregatik uste dut ezagutzen ninduela Felixek ere, nahiz eta oso garbi utzi nion BECen gertatua psikologia sozialak aztertu beharreko auzia zela eta arlo horretako ordezkari gehiago biltzea komeni zitzaiola.

Eta hala ari da izaten. Bigarren egunean izan zen Andoni Egaña lekuko berezi gisa batzordekideon galderei erantzuten, eta Felix Zubiak galdetu zionean ea zergatik erabaki zuen 68 urte beteak zituela Txapelketa Nagusira itzultzea, bertsolaritzaren norabideari buruzko kezka batek bultzatuta itzuli zela jakinarazi zuen. Lehen hitzetik aitortu zuen bertsolaritzaren baitan gehiegi garatu den jarrera oker bat sumatzen zuela, desbideratze hitza uste dut erabili zuela, eta jarrera oker hori zuzendu nahian hartu zuela erabakia, txapelketak beti funtzionatu izan duelako erakusleiho erraldoi moduan, eta desbideratze hori neurri handi batean berak bultzatua izanak behartu zuela pausoa ematera.  

Ahotsa izugarri apalduz aitortu zuen gaztetako bere ametsa bertsoa gaurko gustu literarioetara egokitzea izan zela, horrela bertsolaritza kultura modernoan erabat txerta zedin, baina urteak joan ahala hasi zela sumatzen bertsolari gazteak erabat ari zirela festaren herri kulturatik urruntzen (esamolde bitxi hori erabili zuen behin edo bitan), eta hasi zela pentsatzen zerbait egin beharra zegoela oreka berri bat aurkitu ahal izateko.

Txaketaren poltsikoan eskua sartu eta Ducados paketea atera zuen, zegoen lekuan erretzea debekatuta zuela ohartu zen arte, eta, arau eta lege guztiek bezalaxe, erretzearen debekuak ere salbuespenak beharko zituela pentsatu nuen.

Felix Zubiak galdetu zion orduan, hitzak etenez esaldiak osatzeko duen modu berezi eta indartsuarekin, ea zein ziren bere ustetan aipatu zuen festaren herri kultura horren osagarriak eta Egañak ahotsaren tonua berriro jaitsiz esan zuen koplagintzaren sotiltasunera itzuli nahi zuela (“edertasuna sotila bada, ederragoa da”, esan zuen ahots hain apalez, non ez zitzaion oso ondo aditu), puntu motzean aritzen zirenen jardun bihurria, eskeko bertso moldearen zuzenekotasuna eta gauezko ibilera alderraien inauteri giroa izan zitezkeela berreskuratu nahi zituen altxorrak.

—Inauteria ez da ospakizun bat bakarrik, mundua ikusteko modu ere bada. Bertsolaritza oholtzatik jaitsarazi beharko genuke eta hain bereak izan dituen zokoetara itzularazi. Bertsolaritza, jazza bezalaxe, gaueko generoa dela uste dut eta hura bezalaxe lurpekoa, neurri batean. Elkarte berri bat sortu beharko genuke herri erdi mailako eta handietan Bertso Klubak zabaltzeko, bertsozale gautxoriek biltokiak izan ditzaten. Jendeak astean behin edan, bertsoak entzun eta barre egiteko eskubidea du –esan zuen eta bi esaldi horietan dena esan izan balu bezala geratu zen, nola segi ez zekiela.

Ez nuen esan baina irudipena izan nuen Andoni Egaña oso atzera joan zela bere bertso molde berriarentzako iturrien bila, Oteiza hutsaren bila historiaurreko cromlechetaraino joan zen adina. Beharbada Erdi Aroko fartsak eta parodiak aztertzen ibilia zen Zuberoako folklorezaleren batekin. Nik ez dakit fitsik gai horietaz, baina bere proposamenak arrazoitua zirudien.

Felix Zubiak ere ez zekien nondik jarraitu eta beharbada bere bertso molde berriaren erakustaldiak egiteko lekurik aproposenak ez zirela txapelketak jakinarazi zion, ondorioak larriak izan zitezkeelako.

—Hogei lagun ditugu UZIetan eta denak zure jarraitzaileak dira –esan zion.

Oso egun gutxi izan ditugu lanerako, baina fenomenoaren morfologia gisako bat zirriborratzeko gai izan garela uste dut. Osasun sailak, gehiegitan aurpegiratu izan zaion geldotasuna saihestu nahiz edo, azkar hartu ditu erabakiak eta bertso saio jendetsuak debekatu egin ditu pandemiak dirauen bitartean, eta Andoni Egañari urtebeteko isilaldia ezarri dio. Neurri horrek Egañazaleen haserrea piztu du eta herriren batean Osakidetzaren kristalezko ateak apurtzen ikusi dituzte gizaseme adinekoak, eta han-hemenka bertso saio isilpekoak antolatzen hasi dira.

Felix Zubiari neuk deitu diot batzordeko bizpahiru Aittola Zaharren gaur gauean egingo den bertso-afarira apuntatu garela jakinarazteko, Egañazale amorratuak garelako eta baita jatetxea bera oso gogokoa dugulako ere. Felix Zubiak berak ere gogokoa duela esan dit, baina osasungintzan dituen ardurak tarteko, ezin duela joan erantzun dit.

Etxeratze agindurik ez dute eman. Beraz, Sebastianekin egin beharreko saioa gauerdian hasiko dela iragarri dute. Errepidea zaintzen talde bat jarriko omen dute eta ertzainak zer suma etorriko balira, abisua pasatuko lukete, Sebastianek eta Andonik gordetzeko astia izan dezaten.

Baldin eta Andoni Egañaren bertsoekin afaltiarren artean barre eraso kontrola ezinak berriro piztuko balira, Felix Zubiak pilula batzuk eman dizkigu badaezpada ere, afalondoan whisky txupitoarekin batean irents ditzagun, barrea gauza guztiak bezala ederra baita, baina bere neurrian, tentsioa askatzeko balio duelako. Orgasmo txiki bat dela ere esan daiteke, baina gure gorputzaren kontrola galarazten digunean arriskuak ditu, adin batetik aurrera behintzat.

Hauxe zen, beharbada, Egañak bere ibilbidearen azken etaparako amesten zuen egoera, isunen batzuk jartzen badizkiote, erabat klandestinitatera pasatzea beste biderik ez baitzaio geldituko eta betidanik gustatu izan zaizkion bazterreko bideak erabiliko ditu, nahiz erdigunean egoten ere beti jakin izan duen. Badirudi ikusgarritasunaz aspertuta, katakonbetara itzuli nahi duela. Zurrumurruen arabera, agenda erabat betea du dagoeneko eta astero hiruzpalau saio egiteko aukera zabaldu zaio, guziak gauez noski eta irisgarritasun urriko lekuetan, bere zaintzaileek segurtasun neurriak zaindu diezazkioten. Irisgarritasun urriko lekuetan diogunean, batzuk errepiderik ere ez dutenak omen dira. Ba omen da Zugarramurditik Etxalarrera doan errepidetik aparte gelditzen den galdutako baserri bat zirkuituan sartu dutena. Ordu erdi bat oinez joan behar denez, gaupasa egitea gomendatzen dute goizean parajea miretsi ahal izateko. Aizarna eta Errezil artean dagoen Etumetan inoiz taberna izandako etxean ere iragarri dute saio bat, Joxe Lizasok gaztetan han asko kantatu zuelako. Markinako mendi batean ere antolatu dute gaueko saio bat Mañukortaren omenez, bertsolaria han bizi zelako. Peñagarikano, Telleria, Iker Zubeldia eta beste hainbat animatu omen dira ekimenean parte hartzera. Telebistako kamerarik ez da onartuko eta grabagailu bat ikusten badute, hankapean txikituko dutela iragarri dute, Uztapideren garaietan bezala. Diotenez, lehen bertso kluba irekitzeko aukerak aztertzen ari dira.

Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak Egañazaleak