Eduki eta ideologiaren lanketa

Odei Barroso-(r)en argazkia Odei Barroso 2024-12-05

Eduki eta ideologiaren lanketa –

Bertso eskoletan formatik haragoko lanketarik egiten da?

Denok dugu ideologia bat, mundu ikuskera bat, izaera bat. Gurekin eramaten dugu goazen lekura. Bertso eskoletan forma lantzera ohitu gara, eta hortik haragoko galderei erantzutea kosta egiten zaigu batzuetan. Edukia landu behar al da ? Landu nahi badugu nola egiten da hori ? Nago, edukia deitzen dugun hori, ez ote dugun, modu kontziente edo inkontziente batean, etengabe lantzen haur talde batekin bertso eskola egitera goazenean.

Gai honi buruz mintzo garelarik, galderak baino erantzunak datozkit burura. Bertso eskoletan gerta daitezkeen egoera desberdinen aitzinean datozkidan galderak zerrendatzen joanen naiz: lehenik, egoera; bigarrenik, kasu batzuetan egoerari erantzuteko egon daitezkeen aukerak; eta azkenik, egoerek sortutako galderak.

 

Eduki eta ideologiaren lanketa

 

1- Talde antolaketa:

Egoera: Irakaslea klasera iritsi da eta gelan haurrak bitan banatuta daude: mutilak batetik eta neskak bestetik.

Aukerak:

-Gelan desberdin banatzeko eskatzen die eta gaiaren inguruan galderak pausatzen dizkie.

-Egoera horrela uzten du.

Galderak: Irakasleak hartzen duen erabakiak zenbat eragin dezake? Zer eduki landu du (ala ez) bertso eskola hasi baino lehenago ere?

 

2- Gatazka:

Adibidea: Bertso eskolan gatazka bat sortzen da. Bertso batean lagun batek besteari iseka egin dio eta mindu egin du.

Aukerak:

-Bertsoaldia eten eta bertso horren eta sortutakoaren inguruan hitz egiten dute, mindutakoari arreta eskainiz.

-Ohar bat egin eta bertsoaldiari segitzen utzi.

-Ezer ere ez egin.

Zer: Kasu honetan ere, modu aktibo eta kontziente batean zenbat eragin dezake irakaslearen erabakiak eta lanketak?

 

3- Ofiziotarako gaia:

Egoera: Lizeoko gaia: «Bi palestinar zarete, bonba hotsak geroz eta hurbilago entzuten dituzue».

Aukerak:

-Abestu eta hurrengo ariketara doaz.

-Abestu eta gaiaren inguruan hitz egiten dute.

Zer: Gaiaren edukiaz hitz egin behar al du irakasleak? Zenbat eragin du irakaslearen ikuskerak edo iritziak gaia jartzerakoan? Edukia lantzen ari al da gaia jartze hutsarekin ?

 

4- Telefonoa :

Egoera: Telefonoaren erabilera ikasgelan.

Aukerak:

-Irakasleak gelara sartu bezain laster telefonoa itzali eta bazter batean uzten du.

-Irakasleak gelan telefonoa beti pizturik dauka bere ondoan, tarteka begiratzen dio…

Zer: Zer ari da erakusten irakaslea? Zenbat eragin dezake haurren ikuskeran jarrera batek ala besteak? Nola lantzen da gehiago edukia:

Ustez edukia landu nahi duen puntu erantzun batekin (Pantailari lotuta denbora gehiegi) ala sakelakoaren erabileraren aurrean hartutako erabakiekin?

 

5- 4 oinen ariketa

Egoera: Irakasleak ondoko oinak jarri dizkio ikasleari bertsoa osa dezan: euskara/plazara/gara/bada

Zer: Zergatik oin horiek eta ez beste batzuk? Automatismoa ala hautua?

 

6- Askaria:

Adibidea: Bertso eskolan urte amaierako askaria egiten dute bakoitzak bere etxetik zerbait ekarriz.

Aukerak:

-Etxeko matahamiak eraman ditu, tortilla.

-Haribo goxokiak eta Coca cola eraman ditu.

Zer: Zer heziketa edo eduki landu daiteke askaria eramatetik soilik? Honetan ere arreta jarri behar du irakasleak ala ez?

 

7- Puntu erantzuna

Adibidea: Irakasleak ondoko puntu erantzuna jarri dio ikasleari: Pobreak anitz eta aberatsak gutti.

Aukerak: Askotan egia absolutu eta sententziak dira puntu erantzunak. Ideologia orokortu baten ingurukoak askotan.

Zer: Zuzenean pentsatzeko modu bat jartzen ari ote da irakaslea puntu erantzun hori jarriz? Urrunegi ote doa galdera hau bera?

 

Adibide gisa jarritako egoera guzti horien aitzinean, kontziente edo inkontzienteki, erabaki bat edo beste hartzeak ideologia batekin du zerikusia. Ideologia hori transmititu nahi dugun jakin beharko genuke lehenik, eta ideologiaz gain bertsoaren edukian zenbateraino sartu nahi dugun. Batzuetan teknikoki (4 oinak, ofiziotarako gaia…) eta besteetan bertsoaz harago dauden egoerekin (telefonoa, askaria…) edukiaren lanketan arreta jarri nahi duenak aukera ugari dituenik ezin uka.

Eduki eta ideologiaren lanketa  Eduki eta ideologiaren lanketa