Edonon dago gai bat
Edonon dago gai bat –
Asteartea da eta bilera hasterako ilundu du. Argi daramate burua, baina. Aste horretako saioari errepasoa, eta hurrengoak prestatu. Pasa berri dena baloratu. Datorrenari heldu berriro. Lehenengoaren formulazioa aldatu. Hirugarrenari buelta bat eman. Zortziko txikikoaren inguruan pentsatu du astean zehar batek, eta proposatu du agian hobe dela gai hori puntutarako uztea. Eztabaida piztu da. Egiari zor, berpiztu da.
Dokumentu konpartitu batean idazten ditu bakoitzak bururatzen zaizkion gaiak. Galbahetik igarotzen dira bilera batzuetan. Saioa osatzen hasten dira. Dagokion saiorako, Durangorako kasu, aproposenak aukeratu dituzte; ez da hemen badaezpadako erabakirik. Eztabaida emankorrak etengabeak dira. Batzuetan amaigabeak ere bai. Gaiak berriro begiratu dituzte. Berriro formulatu. Berridatzi eta berridatzi, berreketa mugagabeetan.
Edonon dago gai bat. Mundua gaiez lepo dago. Gai-jartzaileak gogoa horretxetara bideratuta badu, gainezka egingo diote gaiek buruan. Usnatuko du gai bat autobuseko edozein elkarrizketatan, laneko kafe-orduan, kuadrilako txateko eztabaidan, irratiko sintonian edo bizilagunen alberdania aditzean. Ingurukoak eta norbere burua gogaitzeraino. Gai bat edonon ikusten duelako edonork. Adi egotea da kontua.
Baina ez zen ez hau hain langintza erraza. Gaia bai, baina nola esan? Jakina da sorkuntza lan orotan paper zuriaren aurreko bertigoa lagun eta arerio, etsai eta kide izaten dugula. Sortzaile bat gehiago da gai-jartzailea. Gaiak ez dira pentsatu ahala brausta botatzen. Gaiak airean harrapatu, hausnartu, formulatu, sentitu, berridatzi egiten dira. Aditzen ari zaren gaiak sorkuntza prozesu luze baten ondorio dira. Taldean egiten diren ekinek, gainera, elkar laguntzatik beste dute negoziaketatik. Gaiak, batez ere, eztabaidatu egiten dira. Hortxe zailtasuna, hortxe erronka, hortxe aziertoa. Galbahetik pasatako gaiak, saiorako berariaz aukeratutakoak, dokumentu berri batean idatzi dituzte. Saioa osatu antzera dagoelarik, oreka taula osatzen da. Bertsolari batek antzeko roletik kantatzea ekidin behar da. Gaiek oreka mantendu behar dute beraien artean. Zer esan nahi dugu? Zer esan dezaten lagundu? Ze diskurtso azaleratu? Ze aldarriri bidea ireki? Ze problematika ikusarazi? Zer dago pil-pilean jendartean? Eta zer dago isilarazita? Zenbat arazok jarraitzen dute hor titularretan agertu ez arren? Zenbat poz pilatzen da munduan? Zerekin nahi dugu barrea eragitea?
Ariketa guztiak eta zenbaki bihurtutako bertsolariak ageri dira oreka taulan. Txapelketan gaijartzaileek ere ez baitakite aurrez ze bertsolarik kantatuko duen txanda bakoitzean. Zozketa saioa bera baino ordubete lehentxeago edo egiten da. Eta hantxe aritzen da aurkezlea – gai-jartzaile taldeko kide dena, bide batez – zenbakiekin zeuden hutsuneak izenengatik ordezkatzen.
Aipaturiko taulan, beraz, ariketa guztiak ageri dira zutabeka banatuta, eta balizko bertsolariak (izango diren kopuruaren arabera zenbakituta) ageri dira ilaratan. Horrela, bertsolari bakoitzak ariketa bakoitzean izango duen rol nagusia zehazten da: “aktoreak”, “ingeniariak”, “gizarte zerbitzuetako langileak”, hizpide dugun Durangoko saioko gaiak hartuz. Batzuetan zehatzago ere bai: “odol-emaileak ilaran”, “parrandazaleak treneko azken geltokian” edota “bertsolariak azken aktaren zain”. Noski, kontua ikaragarri aldatu daitekeelako rola betetzen duenak egiten duen ekintzaren arabera edo haren aurrean daukan jarreraren arabera, bertsotan zein bizitzan. Modu horretan bisualki ikusi dezake gai-jartzaile taldeak saioaren eskeletoa eta, hartara, errazago identifikatzen dira rol errepikapenak edo antzekotasunak, bai bertsolari bakoitzarenak eta baita saioari osotasunean eragiten diotenak ere. Esaterako, oreka taula begiratuta, konturatu daiteke gaien sortzaile den talde hori saio horretan “bikote” papera behin baino gehiagotan agertzen dela, bertsolari berari egokitu ez arren. Halako errepikapenak gertatzean gaien zakutik erreskatatzen da ordezkatzeko gai bat, edo bestela berri bat sortu.
Hau dena astearte buruzuri batez. Bilera bukatzerako berandu da, beranduegi. Afalordua aspaldi pasa da, eta txakur paseatzaileen klana, beste inor ez dabil kalean. Villabonako erreka bazterreko haize umela hezurretaraino sartzen da. Atzamarrak bero eta begiak lehor dituen talde bat abiatu da nor bere habiara.
Entsegua. Aurkezle lanak egitea egokitu zaion gai-jartzaileak altuan irakurriko du saio osoa. Gainotzekoek belarriak zorrotz. Bere kontura ere behin eta berriro errepasatuko du saioa, ia buruz ikasteraino. Ia barik. Seguru igo behar du oholtzara, eta horixe transmititu behar du. Horretarako gaiak bere egin behar ditu, barneratu, konbentzimenduz esan, argitasunez azaldu. Bertsolarien bidelagun izango da saioan zehar eta puntutako saioan gai-jartzailea bilakatuko da bertsoen kontatzaile. Akatserako tarterik gabe altxa beharko du azken bertsoa hasterako, kantuan daudenak konturatu daitezen horixe dela bota behar duten azkena. Oholtzako figura garrantzitsua, mahaiak gehiegitxo tapatzen digulakoan nago.
Haren zain gaude Landakoko ikus-entzuleok. Itzuli honetako azken saioa da, eta saioko puntuazioaz gain, gainerako saioetako puntuaketetatik – ez merezi bestekoak batzuk – sortutako sailkapena ere aditzera emango du. Izenak parrastan bota ditu bata bestearen atzetik. Txaloak eta txistuak, aupada batzuk puntuen ostean.
Hasieran zein amaieran, gidari daramatza jendartetik oholtzara, bidea irekiz. Eskuartean duen karpetarik gabe, nekez legoke bertso saiorik. Jendartean kamuflatzen diren epaileen izen-abizenak esan ditu. Haien lanak biltzen dituzten idazkarienak ere bai. Diruz zein borondatez lagundu dutenei eskerrak eman dizkie. Bertsozaleei ere bai. Datorren zapatura arte agurtu gaitu. Norena da ahots hori?