BURUGABEAK EZ DIK ZAPELA BEHARRIK

Ederra da bertsoa. Ederra da bertso ederra. Esateko modu izugarria, hitzak iltzatzen dituena, lotzen dituena, ferekatzen dituena, poetari hitz jokoa lapurtuz hitzen lihoa iruteko era bakana.

Niretzat bertsoa da… oparia, belarrietan barrena, azaletik zehar, usaimenetik sartuz, behatzekin ukitzen dudan oparia, eta da, esatea ausartzia eta sekretu txikia bada ere, sarri neuk egiten dudan, eskaintzen dudan oparia: bertso bat zuretzako!

Niretzat bertsoa da, nire bizitzari erantsita egon den zerbait, nire umetako ipuina, nire haurrei kontatu diedana. Begira, zuei ere bai!

Nire aitona Inazio Iriarte Latasakoa zen. Goizean eskolara joaten zen, baina, arratsaldeetan, baserriko lanetan lagundu behar izaten zuen eta amak behiak zaintzera bidaltzen zuen udaberri, uda eta udazkeneko lehen egunetan. Behin, ordea, behiak zaintzera joan zen, bai, baina hark beste zeregin bat ere aurkitu zuen: perretxikoak, onddoak, zizak ikusi eta jasotzen hasi zen liluratua. Saskirik ez zeramanez txapela, zapela berak esaten zuen bezala, hartu zuen saskitzat. Betetzen hasi eta pisua hartu zuenean, txapela eta perretxikoak arbola baten oinean utzi eta gehiagoren bila joan zen, baina ilundu edo urrutiratu edo auskalo, kontua da txapela galdu egin zuela. Garai hartan txapela galtzea ez zen nolanahiko galera, eta negarrez beldurtuta joan zitzaion ama Madalenari. Madalenak, semea negar-malkotan ikusita, hunkitu eta honela kantatu zion:

Motel ondoak ez dik

batere inportik

zapela batengatik

ez egin negarrik

ez diat ikusi nahi nik

honela semerik

burugabeak ez dik

zapela beharrik.

Hau izan da gure haurtzaroko ipuin nagusietako bat, kantuan amaitzen duguna, bertsoa odoleraino sartu diguna, guk hala gertatzen ari zenik jakin ere jakin gabe.

Badut, ordea, bertsoaz kezka lekukoa guk bezain erraz jaso ez dutenekin. Badakit lan eskerga egiten ari direla Euskal Herrian zehar, bertsoa nola osatu, zortziko txikia zer den, kopla azkar eta bizia dantzan jartzen, bertsotan erakusten. Badakit hala egiten ari direla hainbat eskola eta ikastolatan, eta horren lekuko da bertsolari gazteen emari berria, baina, nire uste apalean, gure ondorengoek eskolatik irten behar lukete bertso txukun bat, bizpahiru minututan, osatzeko gai direla. Besterik ez bada, lagunei urtebetetze egunean opari egiteko. Ez dut uste hori lortu dugunik eta, nik behintzat, euskal kultura bertsorik gabe ulertu ez dezakedanez, erronkatzat daukat.

Aurten,oraintxe, bertso festa hasiko da Euskal Herrian, festarik handiena, bertso festetan gorena, oihartzunik handiena lortzen duena, baina ez litzateke halakorik izango eskoletan, kultur etxeetan, plazetan, bertso afarietan, jende askoren aurrean edo isilean egunero paratzen, kantatzen eta ontzen diren bertsoak bizirik ez baleude; ez litzateke hitz multzo handi hori, euskara biziagotzen duen hori, bertso bilakatuko egunero, bertso horiek osatzen irakasteko batetik bestera lan egiten duten gizon-emakume pilo handi hori ez balego; Barakaldoko BECeko txapelak Euskal Herriaren tamaina beharko luke gutxienik, jendearen, publikoaren ezagutza eta txalorik jaso gabe lan hori egiten dutenentzat. Halako txapelik ez dagoenez, aurtengo oparotasunak emango digu saririk, ez dudarik izan. Eta txapeldunari, zorionak!

Maddalen Iriarte