#BTN22 Perlak

Eli Pagola-(r)en argazkia Eli Pagola 2023-10-05

#BTN22 Perlak –

Perla animalia baten ehun bigun barruan sortutako objektu gogor eta distiratsua da. Elementu batek moluskuaren barrua perturbatzen duenean, kaltzio karbonatoa eta kontxiolina nahastuz eratzen den nakar sustantziatik sortzen dira perlak. Hain zuzen ere, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak nakar hona “kontxo!” esanarazi diguten sei harribitxirekin.

 

#BTN22 Perlak
Arg: Natalya Rostun

 

  1. Saioa Alkaiza. Arrasate. Ganbara.

“Autoa hartu duzu bila joateko. Iristear zinela, ordea, buelta ematea erabaki duzu” zioen ganbarako lanak. Itziarren Semeari lehenengotik erreferentzia eginez, kartzelatik aterako den neska-lagunaren bila kokatzen da Alkaiza. Deskribapen landu baten bidez, bertsoaldian, oso modu gertukoan deskribatzen du presoari etxeratzeko espazioa eta denbora eman nahia.

 

 

  1. Jone Uria. Bilbo. Bukaerako agurra.

Kasu honetan, perla, Uria bera da. Donostian hasi, Irunen segi eta Bilbon amaitu, txunditzeko moduko Txapelketa egin du, jakina, ez gaitu harritu, aspaldi baita halako maila eta egonarria erakusten duela. Hala ere, susmoa da ez duela eskaini beste (puntu) jasotzen eta horregatik estutzen dute gibela Bilboko azken agurreko lehen bi puntuek.

 

Nahiz eta nik jartzen dudan

dudan haina borondate

ez zaizkit alineatzen

inoiz Jupiter ta Marte

kristalezko sabai eta

kristalezko eskaparate

hiru neska final baten

ez ziren sartu gaur arte

ta gaur Barakaldo Iruñea

Getxo ta Hendaia bitarte

erdalgunea ere ez zaigu

geratu horren aparte

nahiz poliki aldatzen diren

bertso mundu ta gizarte

lujo bat da sentitzea

aldaketa hoien parte

 

  1. Imanol Uria. Lizarra. Ganbara.

Zenbat irauten du bertsoaldi batek? Erretzaile eta maskuri txikikoek ez ezik, besteok ere zalantzan jarri dugu Txapelketa honetan, zeren, lehen fasean, saioak larunbat eta igande izan ziren fasean, asteburu bereko saio banatan egokitu ziren Jone eta Imanol Uria neba-arrebak. Bada, ganbarako lana Jonek hasi zuen Donostian eta Lizarran eman zion jarraipena Imanolek, gai serioari umore zertzeladak emanez.

 

 

  1. Oihana Iguaran. Amurrio. Ganbara.

Mainstream xamarra da Oihana Iguaranen Xorieri mintzo zen doinua aipatzea, bai, baina, badaezpada, ez dadila esan gabe geratu. Egin behar izan dituen ganbarako hiru lanetan baliatu du doinua eta hiruretan erakutsi du exijentzia teknikoa ez dela muga Iguaranentzat. Bat nabarmentzekotan, Amurrioko lana nabarmenduko nuke, “hormak zuk pagatu arren/ etxe bat nik eman nizun/ eta ez dakit dakizun”. Boom. Estetika eta mezua.

 

 

  1. Miren Artetxe. Irun. 8ko handia.

Perlak entzuteko ez dago ganbarako ariketetara zuzen joan beharrik, batzuetan, ordea, ezustean bezala igarotzen dira. Adibide argia da Artetxek Irungo finalerdian eginiko zortziko handiko ariketa. “Maddalen eta Miren Ficobako aparkalekuan zaudetela, gazte batek Irundik Hendaiara autoz pasatzeko eskatu dizue. Elkarri begira zaudete” gaia egokitu zitzaien Arzallus eta Artetxeri. Lehena baino zalantzatsuago kokatu zen bigarrena eta, Artetxek bere lehen bertsoan bota zuen; “zu ziur zaude, baina, ni dudan/ ez atzera, ez aurrera/ bi muga ditu, ze muga bat da/ nik duda egitea bera”. Artetxeren enegarren ekarpen ideologiko azpimarragarria.

 

 

  1. Maialen Lujanbio. Iruñea. 8ko handia.

Iruñeko finalean lehen ekinetik izan zen harribitxiak non bildua, esaterako, Alaia Martin eta Maialen Lujanbioren 8ko handian. Aurrez aipatutako perletatik bereiz, mezuaren estetika ekarri nahi dut honekin, hain zuzen ere, Lujanbiok erabiltzen dituen 3ko multzoak. “Alaia aldatzen joan gaitezke/ mantendu gabe eskemik/ orain oihalak, gero txankletak/ flotagailuak azkenik” bota zuen lehen bertsoan eta “ekonomia zirkular hori/ hau baldin bada, ba kito!/ haseran justu, ondoren pobre/ ta azkenerako ito”.

 

Horiexek 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusitik bereizitako 6 harribitxi. Esan gabe doa, gehiago ere entzun genituela. Moluskuek 10 urte behar omen dituzte perla bat osatzeko. Zorionekoak gu, bertsolaritzaren muskuluari esker perla ekoizpen bikaina baitugu, maiz-maiz gainera!

#BTN22 Perlak #BTN22 Perlak