Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean

Kepa Matxain-(r)en argazkia Kepa Matxain 2022-12-16

Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean –

Txapelketako puntu, puntu erdi, kanporaketa eta sailkapen sukarrari so, hilabeteotan bertsoa espektakuluaren legeei men eginda egongo dela eta etsiak hartzear, lauzpabost arnasketa sakon egin –“4-7-8” teknikak ezin hobeto funtzionatzen dio–, egoerari aurrez aurre erreparatu, eta ustekabeko biraketa batean, proposamen eraikitzaile bat egin du bertsozale erromantikoak. Azken batean, pentsatzen du, behin horretara jarrita, kimaketa txiki batzuekin puskaz litzateke kitzikagarriago Txapelketa Nagusia. Badaki zuhurtziak agintzen duela antolakuntzan, funtzionatzen duenari bidea egiten uztearen alde agertu ohi dela bertsozalea gehienetan –irekidura bai, jarraidura ere bai–. Irauli handiegirik ez, beraz: moldaketa txiki batzuk dakartza, ukitutxoak, bertsoaren festa handia zinez izan dadin emozioen eztanda. Neurriok, noski, behin behineko erreforma gisara plazaratzen ditu, berak desio lukeen egun handia iritsi artean: lehia puntuatuarekiko morrontza akabatuko den eguna, zeinetan bertsoak jauzi egingo duen pabiloietatik –are, oholtzatik– kanpora, eta auzoan firin-faranduko den airoski, ez soilik taberna-zuloan ­–otoi!–, ezpada okindegian, blokeko bizilagunen bileran, jolas-parkeko txirristan, xorien xorroxioetan; bizitzan, finean. Baina nola batak ez duela bestea kentzen dioten –bataren aldekoek–, dio, xaukena xaunk, onar dezadan panorama, are, egin diezaiodan ekarpenñoa neure xumetasunetik. Beraz, eztarria garbitu, eta libretan izkiriatutako oharrak zerrendatzeari ekin dio. Honatx:

 

  1. Hasteko eta behin, txapelzentrismoarekin behingoz akabatzea, eta guztien gainetik bertsolari bakar bat saritu beharrean, azken kondekorazioek bertsoaren ertz askotarikoak aitortzeko balio izatea, ziklismoan egiten den bezala: txapelketa osoko bertsolari dieselenarentzat, deus txundigarririk bota gabe ere beti buena egiten duenarentzat, txapel berdea, erregulartasunarena; une gogorrenetatik, baldintzarik estuenetatik bizirik ateratzen trebeenarentzat, puntu gorriko txapel zuria; gazterik onenarentzat, txapel zuria; eta, azkenik, saio bakoitzean sari berezi bat saiatuenarentzat –hots, tiroa zuzen zein oker jo, asmotsuen aritu denarentzat–. Eta txapelaren ordez zapia balitz, puskaz hobe – kolore aniztasuna errespetatzen bada, beti ere–.

 

  1. Ziklismo ereduari jarraituz, ondo legoke urtero ibilbidean aldaketak baleude –egiturazko aldaketak, alegia, ez soilik fasez aldatzean egindakoak–. Irudikatu zenbateko jokoa emango lukeen –faboritoen zerrendak urtetik urtera zeharo iraultzeraino–: “aurten zortziko txiki dezente sartu ditenk, kasu Peñagarikanorekin”; edota, “kanporaketak puntu-erantzunez lepo zatozank, ea Sorozabalek sorpresa eman behar duen!”.

 

  1. Bide batez, puntu-erantzunak koska bat gehiago estutzea ere txarra ez. Egungo igogailuko esaldi eginak bota beharrean, bertsolaria are ataka estuagoan jartzerik balegoke, esaterako, esperimentazio fonetikora joz, amu bezala esaldi dadaistak botaz, edo Mikel Laboaren Lekeitioetako oihuak –iyyyiha, aieieiei– garrasi popularrekin nahasiz –Aupa el Erandio!, Oriyokuak ijituak!, Ehun ta ehun berrehun, gora astiarra!–. Hortik bizirik ateratzen den bertsolaria faborito nagusi bilakatuko da puntu gorriko txapel zurirako.

 

  1. Hasierako agurrak negatiboan puntuatu ahal izatea. Hots, bertsolariak egin diezaiola aurre minus-etik abiatzeko arriskuari. Txapelketak behar lukeen ikuskizun durduzagarriaren tamainako diosala botatzen ez badu – “Ahal dela ihes egin nahi nuke / puntu ta lehiaren sutik / ohar gaitezen gaur eta hemen / herri bat dugula zutik” edo tankerako kalamatrikaren bat– epaileak aske sentituko dira bost puntuxka kentzeko. Egiaz, neurri honek alde erantzira ere funtziona dezake: agurretako topiko puskak positiboan puntuatzeak ate berriak irekiko lituzke. Hala, ondo legoke, saioa Ezpeletan bada, agurrean piperrak aipatzeko ausardia duenari puxtarri batzuk ematea; edo, Tuteran izanik, esparragoak hizpidera ekartzeko kopeta duenari, beste hainbeste; era horretara, topiko gaitzesgarriak entretenimenduaren lengoaian txertatuko lirateke, eta hain gaitzesgarri ez irudituagatik –edo hain justu horregatik– etengabe jaurtitzen direnak, aldiz, penalizatuko.

 

  1. Ganbarako ariketa puska batean berrogeialdian jartzeak ere ikuskizunari lagunduko lioke. Alegia, ganbarakoa aldi baterako kartzelan sartzeak, edo kartzelakoa ganbaran, edo, tira, ulertzen da. Neurri gogorregia bada, moldaketa batzuk behintzat eskatzen ditu ariketa horrek. Aukera bat da ganbarako onena botatzen duena Igartza Sarirako lehian sartzea zuzenean. Era horretara, bertsolaritzaren eta literatura idatziaren arteko dialektika betierekoa akabatuko litzateke, behingoagatik frogatuz, zenbait literatoren mespretxua gorabehera, bertsolaritza gai dela, unean uneko testuingurutik harago, denboran iraun dezaketen artefaktuak sortzeko –Igartzako lanen bataz bestekoan behinik behin–. Beste aukera da ganbarakoak berarekin dakarren hunkiberatasun potentziala gehixeago zukutzea, eta bertsolariek aukera izatea oholtzara beraiekin batera nahi duten musikaria gonbidatzeko. Irudikatu zer litzatekeen Jon Maiaren garairik onenetako ganbarako bat, Et Incarnatus-en biolin soinuez lagunduta; edo Aitor Bizkarrarena, Mec De La Rue-ren barrak lagun; edo Maialen Lujanbiorena, Xabier Erkiziaren soinu obra bat oinarri duela; edo Sustrai Colinarena, Pello Reparaz eta Erramun Martikorena inguruan bueltaka dituela, Kukaikoen hanka joko eta guzti. Hori baita bestea: ganbarako atea musikariei ez ezik, bestelako arte diziplinei irekitzea. Bertsolarien jite estatikoa auzitan jartzeko modu bat litzateke, entzumenaz gaindi beste zentzuak ere elikatuko lituzkeen proposamena. Irudikatu Beñat Gaztelumendiren ganbarakoa, alboan Unai anaia zuzeneko marrazkiak egiten ari den bitartean. Edo, pentsa Oihana Iguaran kantuan hastear dela Beñat Krolem oholtzara igo eta behartzen duela atzekoz aurrera eta etzanda eta tripaz gora eta ukabila belaunburuan jarrita hiru Habanera kantatzera. Ez al litzateke puskaz ikusgarriagoa?

 

  1. Kanpo komunikazioak ere badu zer hobeturik. Jakina da txappela.eus-en kinielak bizi dabiltzala, baina zaleetan zaleenak besterik ez dira horra iristen. Zergatik ez itzuli 90eko hamarkada hasierako espiritura, berriz ere egunkarietan kiniela giroa zabalduz? Zaldi lasterketak inspirazio iturri izan daitezke: “Mendiluze, diesela baina segurua, top 3 lehian sartzeko faboritoetako bat”; edo “Illarregi, ukuiluko gazteena, esprint bizikoa, bukaerara aukerekin iristen bada sorpresa eman dezake”.  Eta segidan, puntuazioa, kromoetan nola: bostetik lau izar, edo hiru, edo bat, irabazle suertatzeko dituen aukeren arabera. Futbolarien Panini kromo klasikoek ere ematen dute bertsolarien perfiletarako eredua: hunkiberatasuna 4, abiadura 3, diskurtsoa 5, zirtolaritza 2. Esan gabe doa, antzerako zerbait egin liteke beti itzalean uzten den epaileen kolektiboarekin ere. Ez da deus askorik behar egun baino protagonismo gehixeago emateko: izen abizenak, nondik datozen, eta zein bertso moldek egiten dien tilin. Hartara, bertsomaniako azkarrenak gai izango dira eguneko epaileen arabera pronostiko batzuk ala besteak egiteko: “gaur Amaia Otxotorena zagonk epaile, kasu inork herriminaz abesten badu”; edo “Nerea Ibarzabalek lorpen kolektibo bati egin dio keinu, eta Mirari Azula da epaimahaian, tentuz beraz”.

 

  1. Azkenik, zesta puntan edo berriki jokatutako lau t´erdikoan bezala, telebistako emankizuna amerikartu behar litzateke pixka bat. Finalean, behinik behin. Hasteko, goizean goiz sintoniarekin bat bertsolariak Nafarroa Arenako jende artean aurrera abiatzen direlarik, boxeo izarren estiloan bozgorailuetatik haien izenak oihukatuko lituzke Jon Gomez Garairen ezpaleko aurkezleren batek –Joxe Felipe Auzmendi ere forman dago oraindik–: “Alaaaiaa Marrrrrrtin!”, eta txalo zaparrada. Saio osoan zehar, zortzi finalisten pultsometroetako datuak zuzenean erakutsiko lirateke pantailan: hala jakingo genuke, adibidez, Amets Arzallusek 82 pultsazio minutuko zituela zortziko handian, eta 75 ganbarakoan, eta, beraz, lasaitu egin dela saioak aurrera egin ahala. Publikoaren txalo zartak neurtzeko soinu sentsoreak ezartzea ere komeni da: hartara, epaileen zifra hotzak gorabehera, aretoa zinez zein bertsok leherrarazi duen jakingo genuke zehatz. Eskatzen hasita, entzuleei potexka batzuk banatzea ere txarra ez, egun osoko malkoak bertan sartu eta amaieran antolakuntzari entregatzeko baldintzarekin. Terraza zientifikoa ere gehixeago zukutu behar litzateke: Ilaski Serranoren eta Jon Martinen komentarioak osatuko lituzkete nazioarteko adituek: “Wow, questu hè fantasticu! u paese bascu hè una superpotenza emotiva!” oihukatuko luke Giovanni Ragni korsikarrak, edota “A capacidade do bertsolaris de transmitir com sua única voz é impressionante!” esanez harrapatuko lukete Edmilson Ferreira Brasilgo inprobisatzaile eta doktoregaia. Ikuskizunari zinezko amaiera emateko, Joxe Mari Altuna idazkariak puntuazio definitiboa besapean duela oholtzaraino egiten duen paseilloari tentsio pixka bat gehitu behar litzaioke: foku zenital batek jarraitu behar luke haren ibilbidea, atzetik suspensezko musika entzuten delarik –Mihiluzeko amaierako frogakoak balio lezake, adibidez–. Finalean paseillo hori bitan egiten dela kontuan izanik –buruz burukora nor sailkatu diren iragartzerakoan eta azken emaitza jakinarazterakoan–, pentsa zer dardarizo.

 

Eta azken puntua esatearekin bat, begiak libretatik altxa, panoramari begiratu, hizketan hasi zaion azken ardiak ere aspaldi ihes egin diola eta burumakur, beste lauzpabost arnasketa egin, eta bere artzain txabolara erretiratzeko ordua dela pentsatu du bertsozale erromantikoak, baratxuri zopa hoztu baino lehen.

Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean 
Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean Bertsozale erromantikoaren proposamenak txapelketaren arrunkeriaren aurrean