Bertsolaritzan asarreak

Bertsolariak ez gara inor baiño santuagoak, guk ere izaten ditugu gure asarrealdiak; zorionez, geienetan asarre ariñak ditugu ordea. Ezagutzen ditugun nabarmenenekin osatu nai nuke nire berriketaldi au. Azpeitiko premio edo txapelketa zala-ta, Udarregi eta Pello Errotak izan zuten asarrearen sustraia nun zan badakigu Auspoako liburuari esker. Usurbildarrak pena zun noski, Azpeitiko sari ura Pello Errotak irabazia; urrena Usurbillen alkarrekin egokitu ziranean, astiasuarra zirika asi zitzaion, “Azpetiko premioa zer moduz?” kantatuz. Ori izan zan txinparta, sua piztu zuana.

Arrigarri iruditzen bazaigu ere, Azpeitin sari bakarra zegon; onena juzgatzen zutenentzat eta kito. Pello Errotak, Udarregik eta Joxe Bernardok kantatu zuten eta sari bakarra zegola ikusirik, bertsolariak asi omen ziren tratu bat egin naiean, alegia, irabaztunak laguneiri zerbait ematekotan. Udarregi ez konforme ordea, “Naiagatik ni austen errez al da?” esanez. Gero zer gertatuko-ta, Pello Errotak saria irabazi eta Udarregiri xentimorik eman ez. Alkarri jarri zizkioten bertsoetako batean onela dio Pello Errotak:

“Ondo partituko zan

ango urre pilla,

baldin izan bazendu

mingaiñ ixilla,

nola Zizurkillera

ala Usurbilla,

garai onean zatoz

premio billa”.

Beraz, Joxe Bernardori eman zion berea Pello Errotak.

Asarrearen errudun biak juzkatuko nituzke nik: Udarregi, Azpeitian konpormatu ez etzalako partiketarekin eta Pello Errota, zirika edo desaireka asi zitzaiolako Usurbillen. Bere utsegitea aitortzen du Udarregik bertso batean:

“Pello degu juez,

nonbratua legez,

ni utsik gelditua

portatu gabez”.

Asarrea txarra dala badakigu, baiña esaera da, txarrik ez dala zerbait onik ez dunik; eta alaxe izan: asarre ura izan ez balitz, alkarri jarri zizkioten bederatzi puntuko bertso zoragarri oiek ez bai giñun ezagutuko.

Fermin Imazek eta Txirritak ere izan zuten asarre gordin bat: Auspoako liburutan irakurtzen degunez, San Tomasetan Donostin kantatzeko bertsolarieri deitzeko kargua Txirritak zeukan; urte batean Fermini kaso egin eta olako au ziaro asarretu, eta ortik asi ziran alkarri jarri zizkioten bertsoak paperetan. Pello Errota eta Udarregirengatik esan dedana esan bear bi bertsolari auengatik; bertso zoragarriak jarri bai zituzten.

1952’ko San Estebanetan, Oiartzungo jaietan; Basarrik eta Mitxelenak asarrealdi gogor bat izan zuten. Auek etzuten paperetan bertsorik jarri, bertso saioa egin bear zan oltzaduran baizik, alkarri kantatu berenak eta bi. Urte artako Oiartzungo pestetako izketa nagusia bertso saio ori izan zan. Istorirako gelditu zana eta lotsagarria.

Mitxelena, 28 urteko bertsolari egiña zegon, Euskalerrian ezaguna ere bai, errikoa zanez, urtero bertsolarietako bat bera izaten zan San Estebanetan; urte orretako egitarauan etzetorren ordea, Mitxelenaren izenik. Kantatu bear zuten laurenak bai, Basarri eta Uztapide buru zirala.

Mitxelena eta lagun batzuk pena zuten erritar bat horrela baztertzea, eta alkate jaunarengana joan ziran; onek baimena eman zion Joxe Joakiñi kantatzeko. Ala, saioa asi orduko Mitxelenak Basarriri ekin zion, bera baztertzearen errua eta abar, Basarrirenak zirala esanez.

Asarre orren sustraia, bertso jaialdi ura antolatu zutenen gain dago, baiña ori ixillean eta izkutuan dago. Antton Kazabonek Mitxelenari buruz egindako liburuan, Juan Mari Lekuonaren itzaurrean aipatzen da asarre ori, baiña sustrairik ez. Beste hainbeste esan liteke Kosme Lizasok egin zunarengatik ere.

Basarrik asarre orri buruz onela esan zidan: “Niri orrek eman zizkidan lotsak, nik barkatzen diot, baiña azte ez, e…”. Mitxelenaren errezeloa berriz, aurrez esan dedana izaten zen. Au ere esaten zun: “Manetofoi batean artu izan balira, emendik eun urtera ere aiek izango itun bertsok”.

Nor zen pekataria? Udaletxea? Jaiak antolatu zituen alkartea? Basarri? Edo besteren bat? Aurrez nion bezela ori gordean dago.

Basarri ta Mitxelena, ondo ezagutzeko zoria izan non, batez ere Mitxelenarekin asko kantatua naiz; oiartzuarrak Basarrirengatik zuen errezeloa geiegia zala esango nuke. Basarriri buruz gezur asko esan dala ere aitortu bearra dago. Munduko lanak egin zituzten biek eta beste mundu ortan kanta bezate pakean eta atsendenean. Orra, saio artako bi bertso:

Mitxelenak:

Bertsolarien artean dago

oso gauza itsusia,

begien bista ederra eta

alkar ezin ikusia.

Basarri aure izan balitza

jardin baten nagusia,

lore onari zaiñak moztuta

indartuko zan sasia.

Basarrik:

Errurik gabe au entzuteak

ni jarritzen nau kezketan,

zuri gaitzikan egin gabea

oraindik nere ustetan.

Kontu oriek ez al zegoan

esaterikan bestetan?

Eskandaloa jartzera al zatoz

Nigana erriko pestetan?

Txomin Garmendia