Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago? Ideologia uniforme bat dago? Gaur egun bada desadostasunik diskurtsoan?
Bertsolamintzako lantaldeak izenburua esleitu zidanean ez zitzaidan gustatu, hainbat gatazka eta zalantza sortzen zizkidalako. Halere, hasieran zegoen bezala mantentzea erabaki dut, batez ere, izenburuak berak sortutako hainbat galderak eraman nautelako testua bera sortzera.
A priori honako galdera hauek sortu zitzaizkidan: Zer da ideologia? Zer da diskurtsoa? Zeri buruz ari gara orain eta hemen zehazki kontzeptu horiek erabiltzen ditugunean? Zer da bertsolaritza? Zer bertsogintza?
Galdera horiek erantzutea edo galdera horietatik abiatuta galdera berriak sortzea izango da, beraz, artikulu honen asmoa.
Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago? –
Hasierako oharrak
Gai bati buruz berbetan ari garenean, sekula ez dugu objektibotasunetik egiten, edo hala uste dut nik behintzat. Hortaz, artikulu honetan ez dut ezer unibertsalik esango, nire testuingurutik eta nire ezagutza konkretu eta unean unekotik ariko naiz. Donna J. Harawayk (1995) ekarri zuen ezagutza kokatua terminoa, beraz, lehen lerroan egon bedi artikulu hau irakurtzen duenaren begietan.
Umetatik aritu izan naiz bertsolaritzan, eta neure burua bertsolari gisa identifikatzeak gatazkak sortu izan dizkidan arren, hala aurkezten dut neure burua orain. Nire ibilbidearen ezaugarri garrantzitsuena honako hau da: bertsotan iraun badut sare feministarengatik izan dela.
Horrez gaindi, Gizarte-antropologiako gradua ikasi nuen eta Bertsozale Elkartean egin nuen praktikaldia, 2022ko Txapelketa Nagusiarekin lotutako hainbat lanetan. Praktikaldian zehar egindako ikerketa lana aurkeztu nuen Gradu Amaierako Lan gisa[1]. Eta lan hori izan da artikuluko hainbat ideiaren sorburua.
Hasierako oharrekin amaitzeko, azpimarratu nahi dut ez zaidala binarioki pentsatzea gustatzen, baina testu honetan zehar, hainbat dikotomia erabiliko ditut bi arrazoi hauengatik: alde batetik, dikotomien zentzugabekeria azaleratzeko, eta bestetik, errealitatean faltsuak eta zentzugabeak izan arren, pentsamendua ordenatzen laguntzen dutelako.
Kontzeptuen definizioak
Han eta hemen arakatu ostean, ideologia eta diskurtso hitzen definizioak honakoak direla esan daiteke:
Ideologia balio eta iritzi multzo bat da gizartea ulertzean eta harreman sozial eta politikoak eratzean eragin nabarmena duena. Ez dugu, beraz, gizartea era neutral batetik ikusten, naturaltzat jo baina naturalak ez diren iritzi eta jarrera batzuetatik baizik.
Diskurtsoa komunikazio modu bat da non igorleak mezu bat sortzen duen eta hartzaile bati transmititu. Kode bat erabiltzen da horretarako (lengoaia) eta kanal baten bitartez transmititzen da: ahoz ala idatziz. Funtzio adierazgarria, deitzailea, poetikoa, erreferentziala, konbentzimenduzkoa edo entretenigarria izan dezake.
Bertsogintza eta bertsolaritza kontzeptuak bereiztea ere garrantzitsua da: bertsogintza, izenak berak dioen moduan, bertsoen sorkuntza da, eta bertsolaritza, berriz, kontzeptu orokorragoa da, antolaketaren esparruari dagokiona.
Guzti hori kontuan hartuta, bertsogintzaren eta bertsolaritzaren ideologiaz arituko naiz hurrengo paragrafoetan.
Bertsogintzaren eta bertsolaritzaren ideologia
Bertsogintzaren kasuan, nahiko modu nabarmenean esan daiteke, ideologia uniformea ez dela existitzen eta ez dela existitu. Badirudi nolabaiteko adostasun orokorrak zeuden garai batetik gatozela, eta orain sortu direla hausturak, eta haustura horiek, batez ere, bertsogintza feministaren eskutik etorri direla. Baina aski da historiaz apur bat jakitea desadostasuna beti egon dela jakiteko: foralismoaren eta abertzaletasunaren arteko gatazka izango da adibiderik ezagunena, akaso.
Bertsogintzaz ari garenean zailagoa da ideologia homogeneo batean pentsatzea. Bertsolari guztiak ez daudelako elkarrekin antolatuta. Bertsolaria oholtza gainera indibidualki igotzen delako, bere gorputzetik eta bere bizipenetatik kantatzen duelako.
Halere, kontuan hartu beharrekoa da Uxue Alberdik (2014, 148) esandako hau:
Oraindik orain, “bertsolari normala” gizonezkoa da (eta gipuzkoarra, gaztea, abertzalea, heterosexuala, klase ertainekoa, intelektuala…), bertsotan “normal” “gizonkera batuan” egiten da, “umore normala” “gizonkera batuan” egiten da… eta gorputz “normalak” gizonezkoenak dira (Alberdi 2014, 148).
Alberdik dioena egia den arren, bestelako bertsolariak ere badaude; eta nork bere ideologia du. Are, nork bere ideologia garatzeko eta diskurtsoak plazaratzeko espazioak behar ditu; horren adierazgarri dira azken urteetan sortu diren zirkuitu alternatiboak[2]. Artikulu honetan, feminismoak orokorrean eta transfeminismoak konkretuki ekarri duen haustura balizko horri erreparatuko diot batez ere, hori bizi izan dudalako gehiago; eta bizi izanak hitz egiteko legitimitatea ematen didalako.
Bertsolaritzaren kasua bestelakoa da; ideologikoki lerraturik dagoen edo ez erantzutea oso erraza baita: bai, badago. Izan ere egitura bat dago (Bertsozale Elkartea) eta egitura horrek mundu ikuskera baten arabera jokatzen du; erabaki egiten da zer den estrategikoa, zer ez… Eta adibide zehatz eta txiki batzuk emate aldera, lehenik eta behin, nabarmena da bertsolaritza ideologikoki lehiaren alde dagoela, txapelketek duten garrantziari begiratzea baino ez dago hori jakiteko. Bestalde, bertsolaritzak bertsolariak produzitzeko ahalegina egiten du, bertsolariak dauzka erdigunean. Bertsolariak sortzeko “sistema” bat existitzen da: pedagogia, materiala, baliabideak… baina gainontzeko jardunak imitazioz ikasten dira, eta ez dute prestigiorik. Gero sakonduko dut gai-jartzailetzarekin gertatzen den horretan.
Halere, lehen aipatu bezala, arriskutsua da dikotomikoki pentsatzea eta, beraz, bertsogintza eta bertsolaritza bereiztea ere arriskutsua izan daiteke, batez ere, ez baldin bada kontuan hartzen bertsogintzan dauden gatazka-haustura-erreakzio guztiek eragina dutela bertsolaritzan eta alderantziz.
Zer da bertsotan egitea; zer da bertsogintza?
2001ean argitaratutako Bat-bateko bertsolaritza gakoak eta azterbideak liburuan bertsoa komunikazioaren esparruan kokatu zen, buru-gorputz dikotomia faltsuari erreparatzen badiogu, batez ere, buruan: “Bertsolariak komunikatzaile eta poetaren arteko papera betetzen du” (Garzia, Sarasua eta Egaña 2001, 61).
Jone Miren Hernandezek bertsoa gorputzarekin eta sentimenduekin lotzen duen ikuspegia landu izan du honako ideiak mahaigaineratuz: “Bertso batek bizirik irauten badu, emozio bilakatzeko gaitasuna duelako da; igorle zein entzuleen gorputzak bizitoki bihurtzen dituelako da” (Hernandez 2016, 27-18). Hortaz, bertsolaria bera bakarrik ez, entzulea ere bertsoaren sorkuntzaren parte aktibo bilakatzen du. Esan gabe geratzen dena entzuleak sortzen duenez, interaktiboki inprobisatzea (Garzia, Sarasua, eta Egaña 2001, 54) ere esaten zaio.
Bertsolaria gizartearen parte dela ezin dugu ahaztu, eta beraz, gizarteko ideologiak eta diskurtsoak bereganatzen dituela: “Bertsolaria bere gizartearen ispilu da” (Zulaika 1985, 55). Ez dira gizarteko partaide soiltzat hartzen, halere. Herriaren ahotsa (Hernandez 2019) direla ere esan izan da. Gizarteko aldaketek sortzen dute norbanakoen ideologia aldatzea, eta norbanakoen jardunak diskurtso publikoak dakartza bertsolaritzara. Ezin baita ahaztu, bertsolariez haratago Hernandezek (2016, 38) dioen gisan, bertsolaritza bera dela gizartearen ispilu.
Diskurtsora iristeko zailtasunak
Aurrez aipaturikoez gaindi, bertsogintza eta bertsolaritza modu dikotomikoan ulertzearen ajeetako bat gai-jartzaileen ezabatzea da. Askotan kontuan hartzen ez bada ere, ideologiaren eta diskurtsoaren gaineko ardura gai-jartzaileena ere bada, eta garrantzitsua da hori azpimarratzea.
Txapelketako gai-jartzailetzaz hitz egingo dut, alde batetik, Bertsozale Elkartearen esku dagoen gai-jartzailetzaren alorra delako, eta bestalde, hori ikertu nuelako.
Txapelketako gai-jartzailetza oso mugatua da, gaiak modu konkretu batean jarri behar dira, oreka mantendu behar da, bertsolari guztientzat “justua” izan behar du gaien banaketak, gai-jartzaileek ez dakite zein bertsolarik kantatuko duen… eta gai-jartzaileez espero dena ere oso lotuta dago muga horiekin[3]. Horren adierazgarri da Xabier Amurizaren (1981, 95) honako aipu hau (aipua zaharra da, eta ñabardura gehiago ditu auziak, baina ideia orokorra ulertzen laguntzen duelakoan nago):
Gai jartzaileak hitz gutxi eta argi egin behar du. Hitz argiak eta zehatzak. Baina gutxi. Eta entzulegoak ondo entzuteko moduan. Beraz, gaiak ere halakoa izan behar du. Gai nahasia eta esplikazio asko beharrekoa baldin bada, gaizki gabiltza.
Ikerketa egin nuenean, auzi hauen baitan Maite Berriozabali (2022) egindako elkarrizketa batean zera ziostan berak: Txapelketak Bertsozale Elkartearen ideologia zabaltzeko balio duela, eta hortaz, zeri buruz kantatu eta zer ez erabakitzea ardura handia dela.
Gaiek euren kabuz informazio asko ematen dute, izan ere, agerian uzten dute gai-jartzaile taldeak zeri eman dion garrantzia eta zeri ez. Zer hartzen den interes orokorreko gaitzat eta zeri buruz kantatzeari deritzogun txikikeria. Zer hartzen den unibertsaltzat. Zer jakitea eskatzen diegun bertsolariei…
Hala jarraitu zuen Berriozabalek:
Kontua da gaiak ahalik eta sinple eta ulergarrienak izatea nahi badugu, ekintza horrek berak eramango gaitu gurasotasun eta bikote eredu normatiboak irudikatzera, heterosexualitateari erdigunea ematera… Hori da Bertsozale Elkarteak zabaldu nahi duen ideologia?
Ezin da esan bertsolariak agentziarik ez duenik, eta gaietan bere mundu ikuskera sar ezin dezakeenik. Hori egiteak, ordea, lan gehiago eskatzen dio, eta beraz, zailtasunak ematen dizkio entzulearekin konektatzeko orduan, eta baita bertsoak sortzerako orduan ere.
Kontu honetan sakontze aldera, interesgarria artikulu batean Berriozabali (2019, 191) irakurri nion honako hau:
Txapelketaren mugek normaren alde egiten dute, batzuetan gaiak hausnartutakoa baino mugatuago eta sinpleago jarri behar izaten dira. Garrantzitsua iruditzen zait aukera dagoenetan aukerak zabaltzearen alde beharrezko azalpenak eman eta errealitate ez horren normaliztauak marrazteko ahalegina egitea. “Gurasoak zarete edo bikotea zarete” esateak ez du bermatzen entzuleak existitzen diren bikote- edo gurasotasun-ereduetatik guztiak dituenik buruan. Arduragabe jokatzea litzateke pentsatzea bikote mota markatzen ez dugulako entzuleak maitatzeko eta harremanetan jartzeko aukera eta modu guztiak dituenik aukeren artean.
Nola sortzen da diskurtsoa?
Diskurtsoaren definizioa ekarri dudanean, ahozkoa ala idatzia dela adierazten zuela ikusi dugu. Bertsogintzaren kasuan (ere) ez dut uste hitzezkoa bakarrik denik, hitzaz gaindiko elementu asko dituelako jardunak.
Gorputz bat, oholtza baten gainean isilik dagoenean ere, mezu bat transmititzen ari da. Egoteko moduak, janzkerak, mikroa hartzeko moduak, gainontzeko oholtzakideekin daukan jarrerak… baldintzatu egiten dute entzuleak pertsona hori nola irakurriko duen, eta beraz, bere diskurtsoaren parte da. Are, gorputz hori nola jasotzen den; jasotzen den ala ez, ezabatzen den, garrantzia ematen zaion… ikustea oso garrantzitsua da bertsolaritzaren ideologia zein den identifikatzerako garaian.
Egin nuen ikerketan, gai-jartzaileen gorputzak oholtzan hartzen duen lekurik ezaz hausnartu nuen. Eta modu horretara ikusi nuen zein zen bertsolaritzak gai-jartzaileak ulertzeko duen modua. Gai-emailea oholtzan dagoenean, Bertsozale Elkarteko logoaren atzean ezkutatuta azaltzen da beti; karpetan eta mahaian dago logoa. Gai-jartzaileei txapelketan neutroak eta ordezkagarriak izatea eskatzen zaie: keinuak gutxitzea, sentimendurik ez adieraztea, zorrotzak izatea… finean, gorputzak ezabatzeko mekanismoak horiek ere. Horrez gain, finaletan ez bada, edo bertsolariek agurretan aipatzen ez badute, oholtzan ez da inoiz gai-emailearen izena agertzen, ez da halere, hor amaitzen ezabatzea: saioaren aurretik eta ostean ere gertatzen da. Saioetako karteletan-eta ohikoa da gai-jartzaileen izenik eta argazkirik ez agertzea, eta izena agertzekotan, bertsolariena baino txikiago agertzea. Saioa eta gero ere, txapelketako saioetako argazki galerietan, adibidez, apenas agertzen dira; eta txapelketak irauten duen artean ezin dute haien iritzia publikoki eman, txapelketaren balizko objektibotasunari kalterik ez egiteko.
Guzti hori kontuan hartuta, erraz ikusten da gai-jartzailea txapelketan ez dela norbanako gisa igotzen oholtzara, Bertsozale Elkarteko agente moduan baizik; eta hori problematikoa da haien prestigioan; ez du laguntzen haien lana sormen lan gisa uler dadin… Ezin ahatz dezakegu, gainera, gaur egun bertsolaritzan feminizatua den alor bakarra gai-jartzaileena dela; hain zuzen ere horregatik. Hipotesi hori berresteko adibide txiki bat da, txapelketako oholtzan gai-jartzaileen gorputza agertzen den momentu bakarrenetakoa, bertsolariek bakarkako gaia amaitu ostekoa dela. Bertsolaria nola dagoen entzun, eta behar izatekotan, animoak ematen dizkio gai-jartzaileak, bere ondoan jarriz. Zaintzarekin lotzen da, beraz, gai-jartzailea, hau ere, jardun feminizatua.
Kontu hauetaz pentsatzen ari nintzela, gorputz politikoa kontzeptuarekin egin nuen topo: gizarte mugimendu batek bultzatzen duen konfigurazio korporal bat da, zeinaren helburuak, besteak beste, transgresioa, aldarrikapena eta errealitatea zalantzan jartzea baitira (Esteban 2011, 65). Eta berehala oroitu nuen Txapelketa Nagusiaren inguruan egin nituen behaketetan jasotako eszena bat: Finalaren osteko parrandan, gai-jartzaile gisa zituzten ardura guztiak amaitu zirenean, txapelketan zehar ikusezin bihurtutako haien gorputzak gorputz politiko bilakatu zituzten gai-jartzaileek. Bina txapa jantzi zituzten paparrean “Hamaika gai izorratu dizkiguzue” zioen lehenbizikoak eta “Gaiak eta ostiyak!” bigarrenak. Ekintza txikia dirudien arren, oso esanguratsua iruditu zitzaidan, alde batetik, txapelketa amaitu berritan zer esana bazeukatela aldarrikatu nahi izan zutelako, eta bestetik, horretarako haien gorputzak baliatzea erabaki zutelako.
Gorputzaz gaindi, badaude diskurtsoan eragina duten bertsoaren oinarrizko beste ezaugarri batzuk ere. Adibidez, forma. Formaren bidez asko esaten du bertsolariak, adibide sinpleenera joateko, doinuen aukeraketa diskurtsoaren parte da, eta hitzik gabe mezuak transmititzeko bideetako bat da.
Hitzik gabe diskurtsoa egiteko beste modu bat da isiltasuna. Zeri ez kantatu erabakitzea zeri kantatu erabakitzea bezain ideologikoa da. Adibide egokia izan daiteke, hainbat saio motatan askotan egiten diren jolasena, adibidez. Badirudi, jolasak ideologiarik gabeko kontuak direla, are, askotan diskurtsoa beharrean jarioa deitu izan zaio jolas eginez kantatzeari; baina jolasten dugunean ere, diskurtsoa egiten dugu, ideologia batetik ari gara. Nor da nor jokoan ari garenean, asmatu beharreko pertsonaren generoa ez aipatzea, daramatzan arropa markei buruzko iruzkinik ez egitea, itxura fisikoaren gaineko juzkurik ez egitea… diskurtsoaren parte da.
Kontuan hartu beharrekoa da jolasa eta umorea ez direla hutsalak. Umorea tratatzeko dugun moduak informazio asko ematen du gure ideologiari buruz; oso garrantzitsua da barre egiteko modukoa zer iruditzen zaigun eta zer ez, nolako txisteak erabiltzen ditugun, noren txisteekin barre egiten dugun, nork egin ditzakeen txisteak, hain zuzen ere, bere mundu erreferentziala publikoarenarekin bat datorrelako… (Labaka 2021).
Ondorioak
Labur-labur batuko ditut artikuluko ondorioak. Ondorio nagusia honakoa da: Ez da gauza bera bertsolaritzaren edo bertsogintzaren ideologiaz berba egitea. Bertsolaritzarena uler daiteke homogeneo gisa, bertsogintzarena, ordea, ez. Bertsolariak norbanakoak direlako eta bertsolaritza bera estrukturatuta dagoelako.
Bertsolariek haien ideologia gizartean eraikitzen dute, eta beren galbahetik pasata bihurtzen dute oholtza gaineko diskurtso publiko; diskurtso publikoa sortzeko, hitzetik haratago doazen ezaugarriak hartu behar dira kontuan. Oholtzan daudenen gorputzak, bertsoen forma, eta hitz izatera iristen ez dena ere diskurtsoaren parte dira, eta bertsogintzaren eta bertsolaritzaren ideologiaren gaineko informazio asko eskura daiteke horiei begiratuta.
Bibliografia
- Alberdi, Uxue. 2014. ‘Gorputzak, gorpuzkerak eta gorputzaldiak. Bertsolaritzan’, in Gema Lasarte Leonet eta Amaia Alvarez Uria (koord.) Gorputza eta generoa. Teoria, didaktika eta esperientziak. 145-163. Bilbo: UEU.
- Amuriza, Xabier. 1981. Bertsolaritza. Donostia: AEK.
- Berriozabal, Maite. 2019. “Gaien garrantzia errealitate eta diskurtsoen eraikuntzan”. in Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayoz (koord.) Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. 181-200. Bilbo: UEU.
- Esteban Galarza, Mari Luz. 2011. “Cuerpos y políticas feministas el feminismo “como” cuerpo”. in Cristina Villalba Augusto eta Nacho Álvarez Lucena (koord.) Cuerpos políticos y agencia reflexiones feministas sobre cuerpo, trabajo y colonialidad 45-84. Granada: Universidad de Granada.
- Garzia, Joxerra, Jon Sarasua eta Andoni Egaña. 2001. Bat-bateko bertsolaritza Gakoak eta azterbideak. Donostia: Bertsolari Liburuak.
- Haraway, Donna Jeanne. 1995. Ciencia, Cyborgs Y Mujeres: La Reinvención de La Naturaleza. Madril: Cátedra.
- Hernandez Garcia, Jone M. 2019. “Gorputz bat ikusten dut zure ahotsean. Gorputz generizatuak bertsolaritzaren soinu bidean”. in Miren Artetxe Sarasola eta Ane Labaka Mayoz (koord.) Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. 133-156. Bilbo: UEU.
- Hernandez Garcia, Jone M. 2016. “Odolak badu generorik? Edo zergatik gorputz emeak ez diren bertsoetarako bizitokia”. in Mari Luz Esteban eta Jone M. Hernandez (koord.) Etnografia feministak Euskal Herrian. 27-44. Bilbo: UEU.
- Labaka Mayoz, Ane. 2021. Algara mutilatuak. Umorearen aho bikotasunaz, feminismotik. Zarautz: Susa Lisipe.
- San Sebastian, Xabino, Inaxio Usarralde eta Nikolas Zeberio. 2002. Gai-jartzaileen eskuliburua. Donostia: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea https://bdb.bertsozale.eus/es/web/liburutegia/view/3392-gai-jartzailearen-eskuliburua (Azken kontsulta: 2023-04-6). (Oin oharretan aipatua)
- Zulaika, Joseba. 1985. Bertsolariaren jokoa eta jolasa. Donostia: La Primitiva Casa Baroja.
[1] Nortzuen arteko ariketa kolektiboa da bertsolaritza? Gai-jartzailetza. Zer da eta zer izan beharko luke? 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko esperientziatik abiatuta. Izenburupean. Lan hau ez dago publikatuta, baina inork nahiko balu jar dadila nirekin harremanetan.
[2] Ahalduntze bertso eskola; Ez Da Kasualitatea; Bollo saioak; saio transfeministak; Erradikalak Gara, Erradikalak Ginen, Amaraun, Gorria, eRRe, Miseriaren Adarrak, Kilimateriok emanaldiak; Señora sariketa…
[3] Gai-jartzailetzaren historia eta gai-jartzaileaz espero dena zer den ezagutzeko aurkitu dudan iturri berriena hau da: San Sebastian, Xabino, Inaxio Usarralde eta Nikolas Zeberio. 2002. Gai-jartzaileen eskuliburua. Donostia: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea https://bdb.bertsozale.eus/es/web/liburutegia/view/3392-gai-jartzailearen-eskuliburua (Azken kontsulta: 2023-04-6).