Bertsolariak noiz erretiratu bear duen?
Ene ba! Zenbat eratara erantzun daitekeen, galdera oni…
Baiña, or ezin da edozein moduzko erantzunik eman. Iñork ez duelako eskubiderik, erri bertsolariari erretiroaren epea jartzeko. Baldin orrelakorik jarriko balitz, lagunok, min aundia eramango nuke.
Baiña galderari lotuta, nire iritziak aipatu nai nituzke.
Gaur egun irurogeita bost urteren aldeko bertsolariak daude, edo dabiltza. Joiño! Esan daiteke, hamabost urtetik larogeira bitarte, aspertzeko hainbeste denbora badagoela. Neri iruditzen zait, bertsolari bakoitzak neurtu bearreko kontua dala ori, kontzientziak agintzen dioena aztertu eta erabakia artu.
Baiña, zer ikusi aundia eduki lezake orretan, bertsolari zuzendaritzak edo, bertso saioen eta bertso jaialdietako antolatzailleek ere. Eta badakit, orretan zuzen dabiltzala.
Nola ez, azken batean itza entzulegoarena da. Bertsolariari bizia eta ilusioa ematen dioena entzulegoa da. Eta beren txalo zaparradak.
Bertsolariaren eginbearra berriz, giro ori ez zapuztea. Orregatik nioen, kontzientziaren aginduari begiratzeko. Orrez-gain, ez dauka bertsolariak pentsaketan jarri bearrik noiz erretiratu.
Aotsa ere, jendaurreko daukan edo ez, nor-berak ikusi bear du. Orretan ere, bizitzaren legeak aginduko dio muga noiz jarri. Bitartean leen aipatu deguna, antolatzailleek jakin bear dute, ze maillatako bertsolariekin jokatu an emenka. Geiengo baten aukerak kontutan izanda, jakiña.
Orretxengatik nioen entzulearena, talde sail guztientzat bait dago, beren entzulegoa.
Ze ageri zaigu or? Talde gaztearen egarria badagoela gure errian. Orduan adiñekoak onartu eta saiatu, leku orri oztoporik ez jartzen. Bizitzaren legea, lagunok.
Orrek ez du esan nai ordea, gehiago ez duela kantatuko eta erretiratu bear duenik… Ez-ez. Lentxeago esan degu, entzulegoa mailla guztientzat dagoela.
Adiñ aundiko aitonamonen urteko bazkariak edo, ospakizunak dituztela eta, ez dituzte eramaten bertsolari berriak! Oso elduak diren bertsolariak nai izaten dituzte. Gerora jarri zaitez izketan beraiekin eta entzungo diezu.
-Ederrak kantatu zizkiguten. Eta urrengo urtean ere etortzeko esan genien. Gu akaso, ez gera izango baiña!
Begira, ze euskaltegi polita!
Aotsarena aipatu det leen. Badira, ordea, urteak edukiarren aotsaren arazorik ez dutenak ere…
Begira eta entzun bestela Xabier Amuritzari! Bere irrintzia Karmelo Baldan entzun genioena bezela dago. Xebastian Lizaso baten indarra. Maialen Lujanbioren oiua. Patxi Etxeberria bat, eta abar.
Oiek azken arnasa arte jardun bear dute, bertsotan.
Maialenek ez beza pentsatu, zaarra deitu diodanik. Aotsarena aipatzeko modu adierazgarri bat, besterik ez da izan.
Bestalde, bertsolari batek aurrez adieraztea plazako azken saioa duela badakigu sekulako gizalegea dala. Baiña, beretzat ezezik, berari jarraitu izan dionarentzat ere, gogorra da, jaunak.
Imanol Lazkanorena ikusi eta entzun nuen. Iñori ez zaigu gustoko, bertsolari bat urtzen ikustea.
Nik ere izan nuen bertsotarako afizioa. Eta bi aldiz erretiratu nintzan. Leenengo, familia azi bear, eta laga. Berriz asi nintzan. Eta orduan iñork deitzen ez zidalako. Ara, zein samurra!
Auxen da nire ikuspuntua, lagunok.
Nikolas Zendoia