‘Bertsolari’ aldizkariak 25 urte
‘Bertsolari’ aldizkariak 25 urte –
Bertsolari aldizkariaren 25 urteak direla-eta aldizkariko gaurko arduradunak, hasierako sortzaileen artekoa nintzenez, nire oroitzapenak edo inpresioak eskatu dizkit. Oroimenean bila hasita ez dut gauza onak baino aurkitzen. Hasierako larritasun puntu haiek gainditzea lortu genuenetik behintzat. Hona hemen, 25 urte hauen, nire azaleko begiradatxoa nahas-mahas xamar bada ere.
1991ko maiatzean ateratakoa da gure lehen alea, Gregorio Larrañaga Mañukorta, “Jainkomendiko mutila” bizarra kentzen dakarren alea. Probokazio pixka bat izan zuen azal hark. Bertsolaritzak ospe handi xamarra bizi zuen garaian hasi ginen. Mañukortaren fenomenoak berak ere bertsolaritzaren munduan leku berezia izan du. Garai hura izango zuen Gregoriok, agian, plaza askotan estimu handienean ibili zen garaia ere. Beraz, aldizkariak hasieratik izan du gai serioak eta ez hain serioak jorratzeko asmoa.
Bertsolaritzaren inguruan albiste zen guztiari erreparatu nahi zitzaion eta bertsozalearen intereseko izan zitekeen guztiak zuen lekua. Puntako bertsolarien, bertsolaritzatik urrundutakoen, bertso-eskolen, bertso jarrien eta, hasiera hartan, baita plazako bat-bateko bertso saioen isla ere izan zen.
Bertsoa irratietan entzuten zen batik bat, baina telebistan ere bazuen bere asteroko lekua. Idatzian ere leku egin zitzaion. Dena den, bertsoak idatzita Elkarteak urtero argitaratzen duen Bapateanek argitaratu ditu urtero, eta, gerora, aldizkarian ez du jarraipenik izan. Bertso-paperek ere ez dute bide handirik egin aldizkarian, hasierako asmoa hala izan bazen ere. Bertso-eskolek, ordea, lekua izan dute beti eta baita gaur egun ere.
Beste atal bat garrantzitsua nazioartean inprobisazioak zuen lekuari erreparatzea izan da. Hasita geunden beste lekuetako berriak jasotzen, eta lehen aletik bertatik izan zuten presentzia Kubako dezimistek eta, gerora, ale askotan egin zaio leku munduko inprobisazioari.
Bertsozale Elkartearen baitan egindako gogoeta saioek ere, Bertsolamintzak-eta, agerkari hau erabili izan dute azterketa horiek publikatzeko. Eta Txapelketak beti presente egon dira. Horregatik baliatu zuen, noski, Gipuzkoako Txapelketa sonatu hartako Lizaso, Euzkitze, Egaña hiru hautagaien hedabideek puztutako fenomenoa, gero Peñagarikanok eraman bazuen ere txapela. Garai hartan porrak egiten ziren, ia apustuak ere bai, halakoxe giroa bizi zuen bertsolaritzak 1990eko hamarkadan.
Aldizkari batek jendea erakarri behar du, eta jendea zerk erakartzen duen aldizkarien munduak erakusten du ondoen; beraz, beharrezkoa izan da irudiari garrantzia ematea, horrek erakartzen gaitu lehenbizi. Aldizkariak, beraz, hasieratik izan du intentzio hori, eta asmatu duelakoan nago. Lehenbizi argazkiak ikusi geroago edukietan sartzeko. Gai arinak landu izan ditu tarteka, baina, bertako edukiak ikusi besterik ez dago, seriotik ere jo duelakoan nago gai arinetik adina.
Ibilian egiten da bidea eta Bertsolarik ere aurkitu du bere lekua, beste inork betetzen ez zuena eta interesa zuena. Bide horretan agertu dira bertsolariak oporretan, bertsolarien amak, bertsolarien emazteak, bertsolari familiak, bertsolari emakumeak, bertsolarien ofizioak, argazkiak, zaletasunak. Denok joan gara bertsolariak pertsona bezala gehiago estimatzen haien sekretutxoak ezagutu ahala.
Emakumeak bertsolaritzan zuen eta hartzen ari zen lekuak ere izan du bere isla, ez behar zukeena, agian, erredakzio taldean ere gizonezkoak ginelako denak, baina hori ere bide egiten joan da aldizkarian, bertsolaritzaren barruan eskuratzen ari den protagonismoaren lekuko.
Eta komikiak ere izan du lekua. Oker ez banago 1996an egin genuen lehen saioa, 2005ean ere izan zen eta 2015ean 100. alea da horren azken lekuko garbiena.
Eta izan dira tartean Agendak ere, bat bertsolari emakumeei eskainia, bestea musikaren atalari eta hirugarrena bertsolarien txikitako argazkiekin.
Bestetik, kuriositate modura, gogoratu behar da 1991ko lehenbiziko alearen prezioa pezetatan zetorrela, 350 pta, 2000. urtean 800 pezetakoa zena eta, jakina denez, 2001ean hasi ginen gu ere prezioa eurotan jartzen, baina bere baliokidea pezetatan jarrita badaezpada ere.
Aldizkariaren 25 urteko historian etapa ezberdinak ikusi ditugu, lau-bost urtetik behin diseinua hobetuz joan da. Beti izan du kalitatezko aldizkariaren itxura, koloretako argazki bikainekin, baina ezagun du bidean hobera egin duela eta aleak mardulagotzen joan dela.
Baina 25 urte hauen meriturik handiena, hasierako garai hartan beste inork baino gehiago sinistu zuen Joxan Agirrerena izan da, Elkarreko Xanti Jakaren babesean, berak eraman baitzuen gurdia, batez ere, hasierako une zail haietan. Beti izaten dira zailak hasierak. Egindako lanak izan zituen kritikak, baina hori ez da txarra, zer esana eman egin behar baitu, nonbait, garrantzia duela jabetzeko eta, horretan, Joxanek du meritua, berak sinistu zuen lehenbizi eta beste guztiok animatu gintuen lankidetzara, gero. 25 urtean 100 ale joan dira, ez da broma!
Esan beharra daukat, niretzat ikasbide ona izan dela irratian elkarrizketak emititzetik, jasotako informazioa idatziz ematera dagoen aldeaz jabetzeko eta kontatu nahi dena adierazkortasunez ematen asmatzeko ahalegina egiteko. Izan ere, alboko atetik sartu nintzen kazetaritzan irratian, eta, harekin batera, gero, idatzizkoa ere egin dut zerbait.
Niretzat gozagarria izan da beti, bertsolaritzaren inguruko protagonistekin hitz egin eta zer esana zutenen testigantzak jaso eta hedatzea, irratiz zein idatziz. Nire zaletasun handienetakoan murgilduta bizitzera, protagonistekin eroso eta lagun ibiltzera eraman izan nau horrek. Oso jende onarekin topo egin dut, oso esker oneko eta eskuzabala izan da, oro har. Beraz, eskerrak eman beharra daukat, Joxan Agirre Bertsolari aldizkariaren sustatzaile nagusiari eta bertsolaritzari orokorrean.
Gaur egun aldizkariaren ardura duen taldeari nire zorionik beroenak. Nik, gaur egun, irakurle modura jarraitzen dut, eta ia ale guztiak gertatzen zaizkit interesgarri. Oso neure sentitzen dut Bertsolari, nola ez, eta harro sentitzen naiz etxean ale berri bat jasotzen dudan aldiro.
Zorionak denoi eta izan dezazuela urte askotan jarraitzeko adorea!