Bertso eskolak, ideologia eta edukiak

Aitor Salegi-(r)en argazkia Aitor Salegi 2024-12-03
Argazkiak: Conny Beyreuther

Bertso eskolak ideologia eta edukiak –

Bertso eskolak ideologia eta edukiak

Bertsoaldiari ekin ahal izateko, bertsolariak zenbait erabaki hartu behar izaten ditu kontzienteki edo inkontzienteki (zer erregistro erabiliko duen, zer posizio hartuko duen, entzuleari zuzenduko zaion, zenbateraino abestuko duen pertsonaiaren roletik…); hainbat bidegurutzerekin topo egin eta bide bat ala beste aukeratzen du, eta, azkenik, guzti horren ostean, edukiz betetzen du bertsoa.

Urteetan lantzen arituta ere, ez da erraza erabaki horien kontzientzia izatea, hautu bakoitza egiten ari zarela sentitzea. Hori horrela izanik, hasiberriek are nekezago sumatuko dituzte prozesuaren nondik norakoak, baina horrek ez du esan nahi pauta guzti horiek ematen ez dituztenik.

Ondorioz, ezinbestekoa da errima, doinu eta formaz haragoko lanketak egitea, ofizio bati ekiteko orduan edukia eta gaiarekiko ikuspegia ere presente egongo baitira. Beraz, bertsoaldi gehienetan ariko gara edukia eta ideologia ere lantzen; baina, bada horiek espresuki lantzen lagun dezakeen jarduerarik?

Laburbilduz, bakoitzak aukera bat baino gehiago eskaintzen baditu ere, bi metodo edo modu bururatu zaizkit: batetik, bertso klasikoetara jo eta horiek eguneratzen ahalegintzea; eta, bestetik, bertsoaldi ororen osteko hausnarketa bultzatzea galderen bidez.

Ikasleek doinu berriak ikasi behar dituzten orduan, ohikoa izaten da bertsoren bat memorizatzea doinua barneratu ahal izateko. Ahalegin horretan, bertso eskoletako taldeak askotan adinaren araberakoak izaten direla kontuan izanik, edukia zenbait ariketaren bidez lantzeko aukera dagoelakoan nago.

Gazteenekin, esaterako, Bertsoikasgelan eskuragai dauden kopla eta bertsoak oso erabilgarriak iruditzen zaizkit doinuak ikasi eta edukiari erreparatzeko. Bat aipatzearren, Ez gaude printzearen zain sortak ipuin klasikoetako rolak hankaz gora jartzen ditu, eta, beraz, sortak abestu ondoren, ikasleei galdetu diezaiekegu beraiek ezagutzen zituzten bertsioetatik hauetara zer aldaketa sumatu dituzten, beharrezkoak iruditzen zaizkien aldaketak…

Horrez gain, bertsolarien inguruko marrazki bizidunak erakargarri egiten zaizkiela jakinik, bertsoak agertzen diren atalak aukera ditzakegu, lehenik atala ikusi eta ondoren bertsoa aztertzeko. Bertsoa inprimatuta eskolara eraman, eta egungo ikuspegitik onartezinak diren puntuak aldatu ditzakegu denon artean (“eguneratu” nolabait esatearren), eta sortu dugun bertsoarekin batera ikasi doinua.

Bertso eskolak ideologia eta edukiak

Ikasturte amaieran antolatu ohi den jaialdia ere aukera egokia izan daiteke edukiak lantzeko. Esaterako, ikasleei hurbilekoak zaizkien adibideetatik abiatuta, larrialdi klimatikoaren inguruko kopla sorta osa daiteke denen artean.

Helduagoen taldeetan, marrazki bizidunetatik abiatu ordez, bertso sorta klasiko ezagunetara jo dezakegu eta ariketa berbera egin. Sorta abestu eta gero, irakasleak sorta horretako pare bat bertso aukeratu ditzake (egungo ikuspegitik desegokienak), eta, kasu horretan, bertso berriak taldean sortzea baino egokiagoa izan daiteke bakarka egitea. Aldaketak amaitzean, bakoitzak sortu duen bertsoa abestu dezake ikaskideen aurrean.

Bestalde, bat-bateko jardunari dagokionez, ofizio edo bakarkako bertsoaldia amaitzean, egokitu zaien posizioaren inguruan hitz egin dezakegu; zenbateraino sentitu diren eroso, zenbateraino egin zaien erraz egokitutakoa defendatzea, zenbateraino konplikatu, zergatik…

Ikasleak bere burua ezagutzeko modu bat ere izan daiteke azken hori, izan ere, gai bakoitzaren aurrean non kokatzen den ikusi ahal izango du, inon kokatzen baldin bada. Eta, egokia izan daitekeen ariketa bat aipatze aldera, gai bati bi posiziotatik (sarri antagonikoak) abestea eskatzen duena izan daiteke, ispilu jolas interesgarria iruditzen zait, zer irudi zaion interesgarrien, gustagarrien, hurbilekoen ikus dezan.

Bertso eskolak ideologia eta edukiak