Azken GPS puntua

Andoni Lubaki-(r)en argazkia Andoni Lubaki 2020-12-18

Azken GPS puntua –

Hassanak sobre la marcha esan du. Ahmed Salem autoan sartu da eta nik ez dakit nora begiratu. “Ez al genuen adostutakoa egin behar?”, galdetu diet biei. Saharako errefuxiatu kanpamentuetatik Tifaritiko mendietara joan beharra dugu. 600 kilometro. 14 ordu, egun bakoitzeko, autoan. 2 egun, nahi dugun tokira iristeko.

Azken GPS puntua

 

Garrantzitsua den paper bat behar dugu Aljeria eta Mendebaldeko Saharako muga zeharkatzeko. Ez da ageri paper hori emango digun funtzionario sahararra. 14:00ak dira eta muga 18:00etan itxiko dute. Tartean, 300 kilometroko harea bidea. “Inprobisatu egingo dugu”, erantzun du Ahmed Salemek. Koronela berau. Dena neurtuta duena, inprobisatzen! Autoan sartu gara eta, paperik gabe, bidaiari ekin diogu.

2009. urtea da. Ez dut kamera digitalik oraindik, baina mundua ezagutu, ikusi, ulertu eta ezagutarazteko grina dut. Ez dut Lubaki ezizenik oraindik. Hemen, Saharako errefuxiatu kanpamentuan, Andoni naiz soilik. Ez dut nirekin ordenagailurik, telefonoa saldoarekin dabil eta dei mugagabeak fikzio hutsa dira. Nirekin koaderno bat daramat. Dena apuntatu eta gogoetak idaztean, GPS puntua jartzen diet. Badakit nire lehen argazkia Birmanian XXXX.XX eta XXXX.XX atera nuela. Kotxea Marokon XXXX.XX eta XXXX.XX puntuan gelditu zitzaidan. Leku bakoitzak du bere koordenatua. Eta Tifaritiko gogoetei XXXX.XX eta XXXX.XX izenburua jarri beharko diedala uste dut. Iparra galtzeko beldurrez hegoaldera jo izan dut beti eta.

Honako hau da egun horretan gauean, basamortu erdian, frontalaren argipean, bidaia koadernoan idatzi nuena:

Ahmed Salemek (beste behin) bizi ikastaro bizkor bat eman dit. Maisuak, bizi honetako genioak, inprobisatzaile bikainak izan omen dira. Beti. Saharako kantaririk onenak inprobisatzaileak omen dira. Amgala batailan inprobisazioak eraman omen zuen Polisarioa garaipenera. Lehenago irabazitako jakintzak eta inprobisazioak eramaten omen du bikaintasunera. Allah-ren laguntzaz, inprobisazioak Bizia gehiago disfrutatzera eramaten omen du. Bertsolaritzaz hitz egin diet orduan. “Dena hobea da maisutasunez inprobisatzen duzunean”, esan du Hassanak; ez, hala, zortean sinesten duzunean, kontrakoa baita hori. Inprobisatzen dakienak zorte txarra ekiditen omen du. Denean gehiago inprobisatzen ikasi beharko nukeela uste du.

Paperik gabe atera gara kanpamentutik eta uste baino lehenago iritsi gara behar genuen tokira. Aljeriako muga Ahmed Salem-i esker pasatu dugu. Paperik gabe. Han-hemenka Aljeriako militarrekin hitz egin eta aurrera. Leku ederra dela dirudi, baina gauez iritsi gara eta argirik gabe ezin baloratu ingurua. Ez dakit zer koordenatutan gauden. Ez dut gehiago Garmin GPSa piztuko.

PD — Ez dut gehiago GPS punturik erabiliko inoiz”.

 

Hamaika urte ondoren, paper zuriaren parean jarri naiz berriro. Bertsolari aldizkariak testu bat eskatu dit eta galduta nago. Inprobisazio abestuaren aldizkari den tenpluan gauzak ondo egin nahi eta ezin. Ahmed Salemek basamortuko 68 argazki bidali dizkit aldi berean whatsappez. “Hemen dena ondo. Hor?”. Dei mugagabeak eta Internet arnastea bezain arrunt bihurtu dira gaur egun Tifaritin, 2009an ez bezala. “Ondo. Testu batean ataskatuta. Baina osasuntsu”, erantzun diot. “Ataskatuta?”, galdetu dit berak. Konexioa eten da. Ordubetez isilik sakelakoa. “Bagoaz maniobra militar batzuetara. Zorte on testuarekin. Inprobisatu gure bizipenen inguruan zerbait. Maa salamah”, erantzun dit.

Azken GPS puntua
Azken GPS puntua