Aupa bertsozale! (Flandriatik)

Karel Sterckx-(r)en argazkia Karel Sterckx 2019-01-29

Aupa bertsozale! –

 

Bertsolaritzari buruz zeozer idazteko eskatu zidaten Bertsolari aldizkarikoek, Eskoziako Skye irlako mendietan «hiking» egiten ari nintzenean, eta ahal bezain laster adierazteko ea egingo nuen. Zoritxarrez, ondorengo hiru egunetan izugarrizko ekaitzak bizi izan genituen. Kobertura galduta, dendak ezin ipini, mapak atera ezin haize bizi eta gogorrengatik, euri-lanbroa, pausoz pauso aurrera, ondo aztertuz nondik, bat-bateko bidea eginez. Haizearen burrunba… ehiza-hegazkin batzuk gure gainetik pasatuko balira bezala. Orain arte bizi izandako mendi itzuli gogorrena izan dela aitortzen dut. Ikaragarria izan zen. Aldizkarikoen galdera buruan neukan etengabe, buia dantzan bezala, burura zetozen oroitzapenek barre eginarazten zidaten eta. Egia esan, denbora behar izan nuen bertsolaritza estimatzeko.

Aupa bertsozale!
Arg: Norderhuis

Hasieran, Lazkaoko Maizpide barnetegian euskara ikasten ari nintzela, bertso-afaria antolatzen zen noizbehinka, eta aspergarria izan zen niretzat. Noski, deus ez nuelako ulertzen; are gutxiago, bertsolaritzaren ezaugarriez. Klaseetan Pernando Amezketarra marrazki bizidunak ikusten genituen tarteka. Oso dibertigarria zen niretzat. Hala, Pernando Amezketarra ere ospe handiko bertsolaria izan zela, Lazkao Txiki bezala, eta Euskal Herrian zehar bertso txapelketak antolatzen zirela, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala zuzen-zuzenean ematen zela telebistan… jakin-mina sorrarazi zuten nire barruan. Eta segitzen hasi nintzen, ulertu nahian. Euskaraz unibertso bat bazen, bertsolaritza bera ere beste mundu bat zen euskarazko espazio berezi hartan.

Bat-Bateko bertsolaritza liburua erosi nuen Gerriko liburutegian. Aurkibideak dena kontatzen du edukiaz: bertsolaritzaren izaera gaur, bat-bateko bertsoaren sorkuntza prozesua, osatzeko estrategia nagusia, formari dagozkionak eta abar… Bertso munduaren arimara jotzeko atea zabaldu zitzaidan, hain zuzen. Den-dena ulertzen ez nuen arren, bi gauza bai oso azkar ondo ulertu nituela: ordu arte ezagutu ez nuen trebetasun handia eskatzen duen arte hutsa dela bertsolaritza, eta, bertsolariak artista bizkorrak direla, ahozkotasun aipagarriekin. Hizkuntza jokoak betidanik gustatzen zaizkidanez, edozein hizkuntzatan, zale hutsa bihurtu nintzen. Bertsolari batzuk jarraitzen hasi nintzen: Maialen Lujanbio, noski, eta Amets Arzallus, esate baterako. Hala ere, afarietan bertsoak botatzen zituzten lagun “anonimoen” gaitasunaz disfrutatzen nuen askoz gehiago. Beti jeloskor jartzen nintzen.

Hamar bat urte pasatu dira nire jaioterrira itzuli nintzenetik. Eta egia esan, ahalegin handia egin beharko nuke bertsolaritza jarraitzeko, eta, batez ere, bertsolaritzaz disfrutatzeko. Hemen, Flandrian, ez daukagu bertsolaritzarik, eta euskal hedabideak ezin ditut egunero jarraitu. Eta ez ditut jarraitu nahi, iritziz beteta daudelako, ia-ia hedabide guztiak bezala. Iritzi guzti horiek, egia esan, ez zaizkit batere interesatzen. Bertsolaritza bizi behar da bihotza zabalduta. Euskal Herrira itzuli beharko nuke horretarako. Non gogoa, han zangoa, esaten da maiz. Egun batean azalduko naiz, nire amets handiena baita: Euskal Herrira itzultzea eta han nire entrenamendu mentalaren praktika kokatzea. Baina, noski, lantxo bat beharko nuke, hasteko.

Amaitzeko, nire errespetu handiena adierazi nahi diet bertso mundua garatzen eta birsortzen jarraitzen dutenei, eta noski, bertsolari txiki eta handi guztiei ere bai. Egun batean egongo gara!

 

Flandriatik

Aupa bertsozale!
Aupa bertsozale!