ARRIDURA BAT
2014ko azaroaren 3’an zan, Billabonako denda batean musulman batekin egokitu nintzan; burua estaltzen zion zapiak ezagun zun nungo arraza zan. Dendariarekin guk bezela euskaraz itzegiten zunez, arritu nintzan eta galdetu ere bai, nungoa zan.
Marrukoetan jaioa zala, baiña txikitandik Billabonan bizi zala; orduan ez nintzan geiegi arritu. Jatorra neska gaztea, hogeita bi urte zeuzkala zion, eta Belgikan ari zala estudiatzen aurrez Donostin ibilli bazan ere. Zer estudiatzen ari zan galdetuta, erizain (enfermera), erantzun zidan eta pranzesez. Berak zionez, izkuntza orrekin aukera geiago dago lana aurkitzeko.
Zenbat izkuntza zekizkien galdetuta, bost, erantzun zidan: arabea, inglesa, pranzesa, española eta euskera. Nik zenbat nakizkian ere galdetu zidan, ez dago esan bearrik zer erantzun nion. Munduan ibiltzeko ai zer nolako aberastasunak dauzkan! Langabezian ez dala geldituko esango nuke. Ala nion nerekiko: “Onek bertsotan ere ikasiko likek”.
Belgikako bizimoduz galdetuta, otza erantzun zidan, Marruekoetan bero izaten omen da eta aldaketa orrekin zegon konformegaitz.
Beste ainbat gauz ere gogoratu zitzaidan nexka aingeru onekin negola: euskaldun arrazakoak eta Billabonan jaioak eta biziak aurkitu litezke euskaraz ez dakitenak eta orra, musulman bat!
Marrukoetan jaio zala ta
euskaraz nola itzegin,
neska gazte aretxek bai noski,
eman zirala atsegin;
eman jaiotako asko berriz,
euskararekiko ezjakin,
Besterik ez dute egingo baiño
“Gora Euskadi” otsegin.
Gure izkuntzak ez du gradurik
ez konde eta ez duke,
sari gure Ama saldutzen degu
kanpoko batzuren truke;
“Ez da galduko”, adiskidea,
zuk ere esango zenduke,
gure izkuntza dakigun danok
itzegingo bagenduke.
Euskaldunaren oitura asko
nola dauzkagun jakiñak,
euskeraz ez du itzegin nai noski,
erderaz ondo dakiñak;
alperrik dira milla ikastol
itzaldi edo mitiñak,
euskera ez du salbatuko ez
umeairi itzegiñak.
Izkuntza asko jakite ori
gaur zeiñak ez du graziko?
inglesa ere komeni omen
biarko edo etziko;
Baiña gurea baztartuz behintzat
ez al gerade asiko,
euskaldun egin ginduan Amak
ez du ori mereziko.
Zintzo jokatu nai duanari
ezin ezer galerazi,
an edo emen ogi zuria
bear degu irabazi;
eta musulman aingeru onek
egin zidan ainbat grazi,
ikasbidea eman ere bai
baldin nai badegu ikasi.
Musulman oiek egunero-egun
nola gabiltzan ikusten,
pentsatutzen det guri gauz asko
dabiltzala erakusten;
naiz Europan bizi buruko
zapirik ez dute uzten,
erakutsiaz oitura, izkuntzak
nola maitatzen dituzten.
Txomin Garmendia