Arranoko hegalaldia

Amaia Agirre-(r)en argazkia Amaia Agirre 2022-09-13
Argazkiak: XDZ

Arranoko hegalaldia –

Saioa: Bergara 2004-02-07

 

Iraganeko bertsoaldi bat da, baina nik oso presente daukadan saioa da era berean. Ingelesezko present modura gordetzen dudana nire oroimenean.

Pareja de hecho bezela hau da gure lehenengo aldia”. Halaxe amaitu zuen bertsoa Maialen Lujanbiok duela hemezortzi urte Bergarako Arrano elkartean libreko saioan ari zirelarik. Estitxu Eizagirrek “ze ari zera gure esklusiba medio guztiei saltzen”, erantsi zion.

Badira memorian iltzatuta geratzen diren bertsoak, eta nire begietan eta gorputzean Bergarako bertso afari hark utzi zuen arrastoa. Maialenek eta Estitxuk makina bat bider egingo zuten bertsotan elkarrekin, baina ez biek bakarrik eta bertso afari batean. Eta nire begientzat ere ziurrenik lehenengo aldia izango zen elkarte hartan ikusia. Hiru emakume bertsolari mahai baten jiran eta martxoaren zortzia baino hilabete lehenago. Ainhoa Agirreazaldegi gaiak jartzen, eta beste biak kantuan. Eta entzule artean gizon eta emakumeak, urteroko bertsozale leialak.

 

Maialen Lujanbio:

Lehenago ziran tripa haundiak

orain dira esku finak

lehenago ziran puro gizenak

orain uran ahaleginak

ederki daude kanbiatuta

bertsoaren imajinak

doinuak dira lehengo berberak

baina hitzak desberdinak.

 

Estitxuk probokaziotik eta ausardiatik jarraitu zion Maialeni, eta konexio berezia sortu zen bertsolarien artean ez ezik bertsolari eta entzuleen artean ere. Une horretan ez zen purua izan piztu zen bakarra. Estitxuren ezpainetan purua eta bertaratu zirenen ahotan algara, lehenengo aldi hark ahogozo bikaina utzi zigun.

 

Estitxu Eizagirre:

Zure ustetan keinu hau al da

eboluzioan frakaso?

ba nere ustez puro txiki bat

bertsotan ez da arazo

eta gainera hau ikustera

gu ohituta gaude oso

ez al dezute inoiz ikusi

Sara Montiel ta Lizaso?

 

Maialen Lujanbio:

Purotzar horrek sortzen duena

nahiko ke ta nahiko laino

zu bezelako erretzailerik

ez det ikusi gaurdaino

nahiz Sara Montiel ta Sebastian

nik ez konparatu, koño…

Eredu berrik sortu nahio det

hoiek imitatu baino.

 

Ereduak eta moldeak aldatuz joan dira, baita eremuak eta kodeak ere. Ezinbestekoa da zernahi arlotan ereduak ukatea, baina baita, hala komeni denean, ereduei uko egitea ere, eredua erredura izatera iritsi aurretik bereziki. Ereduei eutsi behar zaie, baina eredu zaharrak ere hautsi egin behar dira, eta eredu berriei bidea utzi. Arauek eta ereduek artea eta jenioa suntsitu egiten omen dute. Bide, adiskide eta adibide ezberdinen erakusleiho da gaur egun bertsoen plaza, eta Señora txapelketa irabazi ondoko agurrean aitortu nuen moduan “segi autopistak sortzen bidezidorretan”.

Arranoko hegalaldia