Apunte kolektibo batzuk, txapelketaz eta beste

Apunte kolektibo batzuk, txapelketaz eta beste

Bertsogintza den sokatira hontan

gogo, belarri ta aho

zer eta nola, nork eta nori

non eta nondik esango

aurrera nahiak, atzerakargak

ta urratu gabe ez dago

artea hori da eta finalak

gaur Nafarroa arrago

izan izan da arrago (bis)

gauzak gertatu daitezkeenean

gertatzen direla nago

beti gertatu behar zuketena

baino beranduxeago. (bis)

 

Maialen Lujanbio Zugasti

2022-12-18, Iruñea

 

 

Bistada batean panorama osoa ikusarazten laguntzen du begirada sakonez egindako bertso honek. Esan gura direnak hamahiru puntutan laburtu daitezkeela erakutsi dit –edo bertsolaririk onenak laburtu ditzakeela, behinik behin–; eta Julio Cortazarren ipuin batean ikasitakoa etorri zait gogora: nola kabitu daiteke ordu laurden bat minutu eta erdi batean? Segituan estrapolatu dut dagokidan lanera; izan ere, nola kabitu daiteke panorama oso baten irakurketa bertso bakar batean? Irakurriaren irakurriz, gero eta argigarriagoa zait Lujanbioren hasierako agurra, eta esaten duenak beste eraikitzen duenez entzuten duenak, neure interpretazio propiotik heldu diot.

Apunte kolektibo batzuk, txapelketaz eta beste

Bertsogintzaz ari da, zilegitasunari buruzko eztabaidaren zantzuak harrapatu nahi izan dizkiot, artearen aipamen ezin beharrezkoagoa egiten du. Nola dagoen plaza? Foku nagusia Nafarroara aldatuta –horrek dakarren guztiarekin–, eta oholtza gaineko bistako aldaketarekin. Behar baino beranduago iritsi den aldaketa, esan gabe doa.

Txapelketa osteko arnasaldia hartzeko distantziatik pentsatutako artikulua idazten hasi eta, zer esan? Are, zer utzi esan gabe? Horrexegatik ekarri gura izan dut Lujanbioren agurra, idazteko ariketa guztian zehar alboan, parean edo buruan izan dudalako. Bertsogintzaren eta, bereziki Txapelketaren eta, batez ere, kokatze historikoaren pauta argiak ematen ditu. Denboran, espazioan eta politikan ondo kokatutako goitik beherako bertsoa. Hargatik izan dut buruan eta ziur naiz arrastoak geratu direla lerroarteetan. Hargatik gura izan dut hor nonbait publikatuta geratuko den testu honen hasieran jarri, geratu dadin, iraun dezan eta gogoratu dezagun.

…Iruneko irristaldiaren zauriak elkarrekin miazkatu ahal izan ditugu. Zauriak diot, bai, batzuek labainkadatzat hartu zutena labankada moduan bizi izan genuelako beste batzuek.

Bakarrik nekez egin daitekeenez tajuzko zer edo zer, eta uste dudalako elkarrekin pentsatzeak elkarrekin ekiteak besteko indarra duela, Txapelketan zeharreko zein Txapelketa osteko elkarrizketa batek baino gehiagok ere ematen ditu argia eta babesa. Parte-hartzaileei, langileei, boluntarioei edo saltsa batean zein bestean gabiltzanoi. Ariketa hau ere horixe da: Txapelketan sentitutakoak eta elkarrekin gogoetatutakoak testu idatzira ekartzeko ahalegina. Kolektiboa azpimarratu gura dut, Txapelketak iraun duen lau hilabeteetan ni neu behintzat kolektibo baten parte sentitu naizelako, onerako eta txarrerako. Gainera, kolektibo feministarekin batera gogoetatu ahal izan dut gertatutakoez, eta Iruneko irristaldiaren zauriak elkarrekin miazkatu ahal izan ditugu. Zauriak diot, bai, batzuek labainkadatzat hartu zutena labankada moduan bizi izan genuelako beste batzuek. Ea aurrera begira elkarrekin halakoei nola erantzun bilatzen dugun. Kolektiboan egingo dugu, edo nekez asmatuko dugu.

Lanaren eta afizioaren ajeak izango dira, baina ezin ba gaiei erreparatu gabe egon, haien inguruan pentsatzeari muzin egin. Izan ere, Txapelketako –eta plaza gehientsuenetako– zutabe nagusienetako bat dira gaiak, haiek ematen diete abiapuntua bertsolariei, egituratzen dute diskurtso bat ala beste, eta esaten lagundu nahi diren horiek kantatzeko aitzakia dira.

Oro har, gaiei erreparatuta gogoeta batzuk etorri zaizkit, eta beste batzuk egin ditugu.

Pentsatzen dut genero-rolen eztabaida ekarri behar dugula gaietara, baina ez dagokiola soilik gai-jartzaile taldeari horri buruz pentsatzea: gaietako rolak bertsolariaren generoaren arabera zehaztu behar dira ala aurretik eraman behar dira zehaztuta, gaian bertan?

Ane Labakak Berria egunkarian idatzitako artikuluak  hitzek duten botereaz gogoetatzeko aitzakia eman zidan eta, bide batez, buruan nerabilen testu hauxe idazteko heldulekua. Botereak hitzak darabiltza eta guk geuk hitzak darabiltzagunean botere handia izan dezakegu. Berbek duten boterea horrenbesterainokoa izan daiteke errealitatea aldatu ez ezik errealitatea bera ere eraikitzen dutela. Horregatik, darabilgun hitzaren arabera ikaragarri aldatu daiteke gaia: ez da berdina “12 urteko seme pilotariaren gurasoa” edo “12 urteko alaba pilotariaren gurasoa” esatea. Eta hori generikoaren komodina darabilgula, izan ere, zer esanik ez zenbat aldatuko litzatekeen gaia “aita” edo “ama” zehaztuz gero. Horregatik uste dut generoa gaian bertan zehaztuta eman beharko litzatekeela, eta ez zozketak erabakitakoaren arabera esleitu “semea” edo “alaba” den. Pentsatu behar dugu gai-emaile bezala zein den gai bakoitzarekin gararazi nahi dugun diskurtsoa, ze iruditeria sortu nahi dugun edo zeri eman gurako geniokeen bide. Epelkerian erosoegi ez gaitezela egon. Berriro diot, eztabaida hau bertso-mundutar guztiei dagokigula, eta heldutasuna ezin dugula gai-jartzaileen gain bakarrik utzi.

…gaietako rolak bertsolariaren generoaren arabera zehaztu behar dira ala aurretik eraman behar dira zehaztuta, gaian bertan?

Ez naiz ni generikoen kontrario. Izan daitezkeela, agian, generoa zehaztu beharraren zehaztu beharraz etengabe indartzen ari garen sistema dikotomikoari aurre egiteko modu xume bat? Igual bai. Baina bizi garen sistema heteropatriarkaletik ezingo dugu berehalakoan atera, eta Txapelketa ere ez da oasi bat izango. Jakin badakigu. Hortaz, uste dut helduleku errealagoei erreparatu behar diegula, politika egin, etengabe, binomioa lehertzea gero eta errealagoa izan dadin. Bidea, behinik behin.

Ondo deritzot “gurasoa”, “bikotea”, “lagunak” erabiltzeari. Izan ere, batzuetan ez dio nabarmen eragiten gaiari, eta halakoetan uste dut erabili beharreko berbak direla. Baina, beste batzuetan bai. Bestetzuetan nabarmen eragin diezaioke gaiari eta nabarmen eragin diezaioke ematen dugun diskurtsoari. Eta zehazten badugu bi bertsolariek gaian izango duten harremana nolakoa den, zehaztu dezagun, batzuetan behinik behin, are zehatzago. Esan dezagun noiz edo noiz “bikote heterosexuala zarete”  edo “guraso bollerak zarete”. Izan ere, ostantzean, generikoak erabiltzen ditugunean hegemonikoa dena izendatuko dugu, entzuleak, oro har, horixe irudikatuko du, are nahi barik ere. Botereak darabiltzan hitzei hitzek duten boterearen kontzientzia hartuta egin diezaiekegu aurre; aldatzen saia gaitezke iruditeria, eraiki dezakegu beste bat.

Badakit bati baino gehiagori burura etorriko zaizuela bertsogintzan azkenaldian bolo-bolo dabilen kontua: zilegitasunarena. Kontua da generoa gaian bertan zehaztuta emanez gero ea prest gauden bertsolari batzuk paper edo rol jakin batzuetatik kantatzen entzuteko eta, are, ea prest dauden bertsolari batzuk egokitutako roletik ganoraz kantatzeko. Eta bigarren eztabaida, ez lehenengoa baino makalagoa: zein roletatik kantarazi diezaiekegu bertsolariei? Guztiak dira zilegi? Edozein rol hartu dezakete bertsolariek kantatzerakoan? Ba al du mugarik fikzioak? Neuk ere ez daukat erantzun argirik, baina bai prestutasuna gogoetarako. Pentsatzen dut debate sakon eta fundamentuzko bat merezi duela gai honek, behingoz denok mahaiaren bueltan jarri eta elkarrekin pentsatzekoa, elkarri entzutekoa eta eztabaidatzekoa.

Eta gaietan umorea behar dugu. Gaietan, bertsoetan eta bizitzan. Arintasun apur bat, beti ere arinkeriarekin nahastu gabe, otoi. Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue liburutik ondorengo honek barretxoa piztu zidan: “Umorea. Umorea behar dugu. Zergatik? Barre egiteko soinua ‘kar kar kar’ batekin idazten duen herri bat garelako, eta herri hori izan daiteke herri karka bat, baina ezin da izan barre asko egin duen herri bat”. Batzuetan hobe da isildu eta erreferentziatzat izan dituzun liburuak gomendatzea, testuetara zuzenean jotzea. Umorearen azterketa sakona –eta, bide batez, zilegitasunarena– egin zuen Ane Labakak Algara mutilatuak liburuan. Lagungarri izan dakiguke hemendik aurrerako umorea pentsatzeko. 

Txapelketa osteko distantziatik egindako irakurketa honetan zertzelada batzuk ekarri nahi izan ditut, eztabaidagai batzuk plazaratu. Orain, apur batean, urrutiratu egingo naiz, hitza hartzen beste jakin behar baita isiltzen, besteek ere hitz egin dezaten, kolektiboak ahots desberdinak izan ditzan. Eta nik zuek ere entzun nahi zaituztet.

P.D.: Azkenaldian entzun dut bertsolaritzari zahar usaina kentzea baserritik kale-eremura eramatea izan dela. Ulertzen dut, noski. Eta bertsogintzak, euskarak bezala, behar du urbearen ugerra eta ederra, landa zabalen arnasaldia beste. Baina ez al zaigu esapidea bera zaharkituegia geratu? Ez al da ikuspegi urbanoegi bat? Esanda geratu da hitzek botere ikaragarria dutela. Baserria ez delako zertan zaharra, arkaikoa eta beste garai batekoa izan; finean, ez duela zertan atzean uzteko moduko zerbait izan behar.

Apunte kolektibo batzuk Apunte kolektibo batzuk
Apunte kolektibo batzuk Apunte kolektibo batzuk