Zer esan

Amets Arzallus-(r)en argazkia Amets Arzallus 2018-09-03
Argazkiak: Conny Beyreuther

Zer esan –

 

…maite ditut maite geure bazterrak

lanbroak izkutatzen dizkidanean…

JoxAnton Artze

 

Ez dakit idaztera noanak inongo baliorik baduen, ez bainago ziur norbait gai den bere oroitzapen zaurituetan egiazki barneratzeko eta han kriminologia institutu batek bezain hozki eta zorrozki lan egiteko, eta, gero, txosten bat entregatzeko, nori eta norbere buruari. Ni ere, hemen, inork eskatu didalako ari naiz eta, egia esateko, indarka, eta gisa horretan azaletik baizik ez daiteke lan egin, batik bat norberak bere baitarik aurrez sakontzerik izan ez duenean. Nik ez dakit egiazki gai den pertsona bat bere buruaren neurria eman ez duen momentu bat —frustrazio bat, alegia— introspekzio lan batean berriz zeharkatzeko. Haserretik abia daiteke, baina haserrea norbere buruari ihes egiteko bide bat da. Aurkikuntzaren pausoak beste sosegu bat eskatzen du, soseguak beste apaltasun bat, ortozik hondar bustian ibiltzea bezala da, ortozik, orpo azala galtzerdi bat balitz bezala urratuz. Eta nik, oraingoz, ezin nezake. Ez da axolarik eza, beste inori baino gehiago axola zait niri nik egiten dudana. Baina introspekzio serio bat ez abiatzeko alibi eta lagun asko daude; aipatutako haserretik hasi, petralkeriara deribatu, zoriaren bila ibili, edo apalkeriazko onarpen publiko eta intimo bat egin. Itzuliko ez den egun bat neure itzalarekin borrokan pasatu dut, eta hori itzulerarik gabeko aukera bat da. Halako egunetan buelta emango diodala pentsatzea, eta min horren erreparazio batekin amestea, engainu pertsonal bat da, automendeku txiki bat, introspekzioari itzuri egiteko beste bidezidor bat. Zintzoagoa iruditzen zait erreparaziorik ez dagoela onartzea, eta justizia ere, egur zaharkituaren hatsa hitz egiteko maneraraino itsatsia duten teatro horietan, eta teatro horietatik kanpo, egia baino gehiago da kimera bat. Beraz, modan dagoen hirutasun santu horretatik, egia-justizia-erreparazioa, egia bakarrik ikusten dut borroka gai posiblea, egiantzeko zer bat. Baina borroka horretan murgiltzeko makurregia da ene haragia, zauria sumatu orduko bestelako bulkadei segitzen die: aipatuak eta, horiek nekatzen hastean, ahantzi nahi bat. Agian, guztiz ahantzi baino lehen, egiaren zantzua duen zerbait borrokatzeko eta erreskatatzeko gai izango naiz; zer egin nuen eta zergatik. Borroka horretan bertsotan egin nezakeena eta ez nezakeena baino zerbait sakonagoa jokatzen dela uste dut, ene izaeraren bihurdurekin eta mugekin lotua; egunero zerbait ikasteko gai ote naizen. Ez nuke oinazearen eztitan bizi nahi, nire ezinak eta ez dakit zein zoriren kulpak kolpatutako biktimarena eginez. Hori, egia esan, ez zait batere interesatzen. Gustatzen zaidan, ez dakit. Agian, haragia erorkorra da horretara. Baina horretaz ohartzen naizenean maite baino gehiago gorroto ditut ene bazterrak, eta lanbroa urratu behar dudala sentitzen dut. Baina oraindik urratzen hasteko gai izan ez naizenaren froga ukaezinezkoa da erretolika freudiano zentzugabe hau. Horretan nago, eta ez dut uste beste deus interesgarririk dudanik esateko, mementoz.

Zer esan

Zer esan
Zer esan