Albotik beha egonik

Albotik beha egonik –

Egunean Behin erori den egunean lau urtean behingo jokoak goia jo du. BEC eta Nafarroa Arena elkarren artean desberdinak dira baina, funtsean, berdinak: ekitaldi handietarako makroespazioak, bere aulki txukun, kartel eleanitz eta ilara luzedun komunekin. Kontua hemen ez da ze izen jarri batari zein besteari, bakoitza non kokatuta dagoen eta, horrenbestez, zer esangura hartzen duen. Barakaldo zein Iruñea, biak ondo, biak beharrezko. Baina jakin badakigu, Bizkaia eta Nafarroa ez direla gauza bera. Hasi orduko dakigun zerbait baldin badu gaurkoak, hori are esangura politikoagoa da.

 

Albotik beha egonik
Arg: Dani Blanco (ARGIA)

 

Albotik beha gaude. Oholtzatik gertu eta jendartetik urrun. Gerri osteko atzamarren dantzari erreparatzen ari natzaiela, dardara kolektibo honen erdian faltan sumatu dut orain arteko saioetan lagun egin digun 100 alargunen dantza kantu bihotz altxagarria. Epika faltarik ez dugu, behinik behin. Ez da hemendik txalorik nabarmenegi aditzen, baina agerikoa da zein den gogo-egoera kolektiboa: “odol mamitan bihotzak” (Nerearen agurretik ostua, ezin zitekeen bestela). Eta iritsi da entzun nahi zen ahotsa, Maialenena. Txapelketako trenera igo da oholtzara igotzearekin batera, eta agurretik hasita ez du hutsik egin. Artea aipatu du agurrean, eta epikak epika eta olatuak olatu, ezin dugu ahaztu zertara etorri garen, zer epaitu behar den, zerekin gozatu behar den. Zer da ba bertsolaritza arte-diziplina ez bada?

Agur esanguratsuekin leherrarazi dute plaza. Hamabosna bertso puntuagarrien aldia hasterako ez dago esku hotzik.

Denetariko gaiak izan ditugu eta diskurtso bati baino gehiagori egin zaie tokian puntu-erantzunetan eta ganbaran. Horretarako ardura ere badu gai jartzaile taldeak, tematika eta problematika jakin batzuei bide ematekoa. Ez dut hemen bertsoaldiz bertsoaldiko kronikarik egingo, badaude horretarako aukera onak beste hedabideetan. Hona dakart goizeko saiotik paperean zirriborratu dudanaren laburpentxoa, neure begiradatik ondua.

Zortziko handian ikerlari prekarioen ahotsetik aritu dira; 55na urteko ekintzaileak; klima aldaketarekin larritutako dendariak; nerabe ludopatak. Maialenek txapelerako lehen pausua ez ote duen eman dendarien gaiarekin, ez baitzaio ez gai ezta ikuspegi erraza ere egokitu.

Zortziko txikiarekin umoreari atea ireki zaio, eta abegikor hartu du publikoak.  Norbere hilkutxa egiten duenarekin umore beltza plazaratu da, eta tankerako bidetik egin dute ironiaz betetako bigarren bertsoaldia. Iruñeako kaleetan balantzaka irudikatu ditugu Alaia eta Sustrai; Maialen Beñati fundamentuz ausika argazkitik argazkira.

Puntu-erantzunetan denetariko gaiak azaleratu dira, pil-pilean daudenak eta gaurkotasunez blaitutakoak.

Sei puntuko motzean Amets eta Nerearen ofizioa nabarmenduko nuke, orain arteko bertsoaldirik atseginena izan delakoan nago. Ez zen erraza Nerearen bidea, baina bikain ibili du, eta Ametsek eskutik helduta lagundu dio.

Ganbarako gaia entzun orduko ariketa jarri nahi nieke irakurleei: zer kantatuko zenuke zuk? Eta ez esan bertsotan ez dakizunik, ze galdera itzuliko dizut, beste era batera: zer kontatuko zenuke zuk?

Zortzi bide desberdin hautatu dituzte bertsolariek. Nerearen, Alaiaren eta Maialenen lanak nabarmenduko nituzke. Lehenengoari dagokionez, esango nuke elegantzia handiz erakutsi duela, beste behin ere, nola uztartu diskurtso potente bat poetika hunkigarri batekin. Arrazoia eta poesia eskutik helduta daramatza, txanpon beraren bi alde direla ahaztu gabe.

Alaiari dagokionez, bigarren biraketa horrek balio erantsia eman diola esango nuke, “bigarren lehen aldiari” kantatu dionean. Aldarrikapenez bete du hirugarren bertsoa, “eremu libre baita gorputza”, “zertan mugatu plazera bihurtzeraino kamutsa”. Beti harritu nau Alaiaren gaitasunak, nola eraman zaitzakeen beste unibertso batera, bera dagoen galaxietan barrea, bere pausa eta bere begiratuekin. Hipnotizatzeraino.

Maialenek Bilboko haizeak dakartza. Ohituta gauzkan hitz eder eta esaldi borobil gehiegirik ez, baina esanguraz bete du esan gura zuena. Batzuek nahiago ei dute besteen buruak puskatu norberarena hautsi baino. Garbi dagoena da, sikeran, Lujanbiok bere burua hausten duela.

Tira, akaboan, ez dakit zer edo zer esan dizudan irakurle. Saioa entzun duzulakoan nago, eta haren gaineko irakurketa honetara iritsi bazara, hartuko dizkizut erantzunak, nahi adina.

On egin bazkariak, goizeko saioak beste. Eta ez hartu betekada larregirik, arratsaldeko postre gozo eta luzea falta baita.

Gure jokoan olgetan aritzea lortzen badugu, hamarrekoaren ondotik askatzen diren konfetiekin beteko dugu mundua.

Albotik beha egonik Albotik beha egonik Albotik beha egonik Albotik beha egonik