Afizioa dut falta
Afizioa dut falta –
Erranen nuke Espainiako zinema zuzendari bati galdegin ziotela –baliteke Espainiakoa ez izatea, bai eta zinema zuzendaria ez izatea ere: barkatu zehaztasun falta, baina gero eta memoria ahulagoa dut, eta aipua bilatzeak lan handiegia emanen lidake; ez dezagun arruntean baztertu, bertzalde, anekdota nik neronek asmatua izatea– zer dela-eta ez zen mezatara joaten. Bertze batzuk, izan zen arrapostua, zezenketak ikustera joaten ez diren motibo berberagatik: ez dut afiziorik. Ni ere horrexegatik ez nintzen Navarra Arenan egin zen bertsolari txapelketaren finalera joan: afizioa dut falta. Horrelakoa izaten ahalko litzateke artikulu honen bertsio motza. Ez naiz bertsozalea. Zer eginen diogu.
Baina eliza, bistan dena, toki sakratua da, eta mezetara joaten dena ez da afizioak bulkatuta joaten, fedeak edo sinesmenak bulkatuta joaten da, naski, bai eta kristauen komunitatearekin bat egin eta haren parte sentitzeko asmoz ere. Agian asmatua den goitiko adierazpen horrek, beraz, badu probokaziotik, eta erlijioa zezenketen pare jartzea eskandalagarria izateko bokazioa duen konparazioa da segur aski.
Erlijioaren maila du bertsolaritzak euskaldun ez gutirendako? Eskandalagarria da bertsolaritza ez zaigula sobera gustatzen ozenki erratea? Galdemodu horiei erantzuteko, Joseba Gabilondok hain manera oparoan urraturiko bidetik jo eta neure burua aipatuko dut: 2013ko zutabe batean –Bertsobluff.eu paratu nion izena, Bertsobluff.eus paratu beharrean–, guti goitibeheiti hemen erraten ari naizena –bertsozaletasun handirik ez dudala alegia– erran nuen Berrian. Izenik aipatu gabe, Xabi Payak erantzun zidan egun batzuk geroago: bertsolaritza gustuko ez izatea ez omen zen problema, baina “bertsolaritzarekiko desatsegin hori gizarteratu eta zabaltzea beste kontu bat da. Kontu larria iruditzen zait […]”. Federik ez izatea, tira, onartuko dugu, baina apostasia publikoki egitea soberaxko da. Bertsolariei beren meritu guziak aitortua ere, duela hamar urte bezala gaur egun oraindik ere pittin bat urduritzen nau gure iruditerian bertsolaritzak duen toki goren ukiezin horrek, euskaldun guzien onespena eskatzen duena, betiere euskaldun zintzoak izanen badira.
Nafarroako Arenako finalean, amari eskaini zion azken agurra Aitor Mendiluzek: amak ez zekien euskaraz, baina Bertso Eskolara eraman zuen semea eta, han hasmenta izan zuen bide baten ondorioz, finalera zen ailegatua. Gaia ez da arrunt berria: izan ere, bertsolaritza munduan bada familia kanpotik etorria izan arren bertsolaritza munduan ibilbide oparoa izan duela maiztasun aski erregularrez gogorarazten diguna. Bertze alor batzuetan ez dut antzekorik ikusten. Duela urte batzuk, Joxemiel Bidador zenaren omenaldietan, gogoan dut norbaitek proposatu zuela beharbada euskaldun berria zela eta euskara handitan ikasi zuela nabarmendu beharko genukeela. Hondarrean, kontuari ez zitzaion inportantzia handirik eman. Nik dakidala, idazle bakar bat ez da azpimarratzen ibili familia edo giro erdaldun batean sortua edota hazia izan arren, orain ipuin zoragarriak idatzi eta sari hau edo hura irabazi duela –sariak aipatzen ditut, argi geldi bedi ez naizela neure buruaz ari–. Bertsolari bihurtu izana, berriz, batez ere giro erdaldun batetik abiatuta, zortzi milako bat igatea bezala da –zortzi milakoarena solasera dakart, mendizaletasuna ere euskalduntasunari lotua dagoen baina nik sentitzen ez dudan bertze afizio bat delako–. Euskal kulturaren piramidean ez da hori baino altuagorik.
Bidador bezalako euskaldun berri batek hark zuen estilo landu, jaso, jori eta aberatsa lortu izana ez da, antza, bertsolari baten estilo fresko, natural eta bat-batekoa erdietsi izana bezainbertze txaloren merezient. Susmoa dut, halere, kontua bertsolaritzatik harago doala. Kontua dela, neurri handi batean, gure kulturan zeinen balio handia ematen zaion oraindik ere ahozkotasunari eta hari loturiko zenbait ezaugarriri –erraztasunari, freskotasunari, hurbiltasunari–, eta zeinen balio ttikia literaturari eta, hedaduraz, hizkuntza idatziari. Euskadi Irratian eginiko euskara batuaren inguruko kolaborazio batean, Iñaki Segurola zenak euskara batua letrakuntza dela zioen, hizkuntza baino gehiago, eta gaineratu zalantzagarria dela idatzia dagoenari hizkuntza deitzen ahal ote zaion. Segurolaren muturreko posiziora ailegatu gabe, begi-bistakoa da gure artean ahozko hizkuntzak aise prestigio handiagoa duela idatziak baino, eta bertsolaritza horren sintoma argia da, nire iduriko.
Ni ez nintzateke bertso bat egiteko gauza izanen, lan zaila baita eta falta dudan trebetasuna eskatzen baitu. Finalaren egunean hainbat ordu Navarra Arenan sarturik ematea ez zait gehiegikeria iduritzen: nik neronek orduak eta orduak pasatzen ditut zinema areto batean jarrita Donostiako Beldur Astea ailegatzen delarik. Ez dakit erran beharrik ote den, baina ez dut bertsolaritza gorroto. Eskatzen dudan gauza bakarra da nire apostasia publikoki lasai egin ahal izatea. Are gehiago, ahal delarik, inork ez dezala apostasiatako hartu afiziorik ez dudala erraten badut.