Zubimendiren bertso mina eta heriotza Parisko Euzko-Deyan (1939)

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-02-03

Zubimendiren bertso mina eta heriotza –

Bilbo erortzearekin Eusko Jaurlaritza Kataluniara joan zen ihesi eta Katalunia erortzean handik Frantziara. Milaka euskal herritar izan ziren erbesterako bidea hartu beharko dutenak, eta beste hainbeste egin zuten euskal kulturgintzak eta kazetaritzak ere. Erbestean II. Mundu Gerrarekin egin zuten topo gainera, eta berriro ere ihes egin beharra tokatu zitzaion hainbati. Jaurlaritzaren bozeramaile gisa sortu zen Euzko-Deyaren egoitza nagusiak izan zituen aldaketek erakusten dute bizi izandako odisea: 1936an Parisen sortu ondoren, 1939an Buenos Airesa aldatu zen Londresetik pasatu ondoren, 1942an Mexikora joan zen, eta 1945ean Parisa itzuli.

Zubimendiren bertso mina eta heriotza

Euskarazko orri bat zuen aldizkari horrek, eta bertan topa daiteke Txirritaren omenaldiko argazkian ageri den beste lagun batek, Joseba Zubimendik, egindako azken ekarpena.  

Gerra piztu eta Eusko Gudarostea antolatu zenean Itxarkundia bataloian sartu zen donostiarra, intendentziako komandante. Biriketatik gaixotu, eta Aizerrota mendiaren magaleko San Jose eritetxera eraman zuten, Gernika ondora:

“Horrela gertatu zen hiriaren erraustearen lekuko, gelako leihotik ikusten zuen bonbardaketa. Kronika hunkigarri batean islaturik utzi zizkigun hondamendiak sortu zizkion sentimenduak eta leiho hartatik ikusi zituenak: ‘Orotan su-txinpart hotsak etengabe. Garrezko zelaian, ahalegin biziz, zaldi bat ihes, ero antzo, bat-batean, buruz aurre zabuka, hilda geldi…’. Gero Picassok oihal ospetsuan ezarri zuen zaldia, Zubimendik aurrez ikusia.” (Izagirre, 2002: 20-21)[1]

Gernika utzita Bilbora iritsi eta handik Lapurdira ebakuatu zuen Jaurlaritzak, postarako erabiltzen zuen hegazkinean sartuta eta Kanbon egin zuen bat hilabete batzuk lehenago Donostiatik ihesi muga zeharkatua zuen familiarekin. Bertan hartu zuen bizileku eta bere gaixotasunak beste ezertarako biderik ematen ez zionez idazteari lotu zitzaion: “Eguneroko betebeharretik baja hartuta, euskalgintzarik ez zegoen inguru patxadatsuan, Joseba Zubimendi, agian lehen aldikoz, bere astiaren jabe izan zen. Eta musika bera baino indar haundiagoz maite zuen bertsolaritzaz idazteari ekin zion” (Izagirre, 2002: 22).

“Aspalditik nabilkizu bertso minez. Gai oni buruz zerbait idazteko asmoa zorrozki ernatua dabilkit buruan, eta ezinegon urduria asmo hau bete arte. As nadin, bada, nire oldozpenak agertzen”, dio 1939ko otsailaren 5ean Euzko-Deyan argitaratu zuen lehen artikuluaren irekieran. “Bakezalea dugu beti gure bertsolaria” jarri zion izenburua testuari, eta 1936ko txapelketan gerraren aurka abestutako bertsoak zekartzan gogora. Handik aurrera astero bidali zuen testuren bat Parisa.

Basarriren figuran sakontzen du batean (1939/II/26, “Iñaki Eizmeni ‘Basarri’”), Bertsolari Egunaren ideia nola ernatu zen azaltzen du bestean (1939/III/05, “Bertsolari Egunaren sortzea”), 35eko txapelketan bizi izan zen giroa deskribatzen du hurrengoan (1939/III/05, “Poxpolin jauregian”), hainbat bertsolariren soslaiak eta txapelketan egindako ekarpenak jorratzen ditu ondorengoetan (1939/III/19, “Zepari” edo “Santakutz” eta 1939/III/26, “Alkain aita-semeak”)… Gerrak mila puska egindako Txirritaren omenaldiko argazkia osatu eta zabaltzea da idazlearen xede ederra, euskalgintzaren eta bereziki bertsolaritzaren inguruan bildu zen jendarte haren bizi-indarra eta grina gogoan iltzatzea.

Txirritari hainbat artikulu eskaintzen dizkio (1939/VI/25, “Jose Manuel Lujanbio ‘Txirrita’, Lege Zahar maitale”; 1939/VII/02, “Txirrita bertsolaria azken urteetan”; 1939/VII/09, “Zepairekin uztarri tratuan, Txirrita itzain”). Ez dauzka ahazteko Larralde (1939/IV/16, “Larralde luhusoar bertsolaria”), Uztapide (1939/V/14, “Eusko Nekazari Bazkuna eta ‘Uztapide’ bertsolaria”), Saiburu (1939/V/22, “Juan Jose Lujanbio bertso egoitza zaharrean”) edo Matxin (1939/ VIII/06, “Senperen, Matxin zena oroituz”). Bertsolaritzari buruzko oroitzapenen eskutik euskalgintzakoak datozkio: Eusko Abesbatzaren sorrerakoak (1939/ VI/11; “Eusko Abesbatzaren sortze eta bizitza”), irratian eginiko lanaren bueltakoak (1939/VI/18, “Donostiako Irratetxetik euskara haizatzen”), Lore Jokoen ingurukoak (1939/VI/04, “Donostiako Euskal Batzarrak”) eta beste. Eta tarteka, bertsoa aitzakiatzat hartuz, gerrako bizipen garratzen inguruko gogoetak ere ekarriko ditu, bere belaunaldiaren inguruko argazki horri zabaltasuna ez ezik sakontasuna ere erantsiaz (1939/IV/23, “Gernika erraustearen bigarren urteurrenean”; 1939/VII/23, “Errauts itzazu, Jauna, gudazaleak”; 1939/VII/30, “Libertatia zoinen eder den”; 1939/VIII/20, “Agur, eusko anaia, agur t’erdi”).

Zubimendiren bertso mina eta heriotza
Zubimendik bertatik bertara bizi izan zuen Gernikako bonbardaketa eta bere kronikan Picassok bere koadroan irudikatuko zuen zaldi izutua ikusi izana kontatzen du.

Oso gaixo egon arren, ez zen atseden askorik hartzekoa donostiarra. Horrela, Kanbon egin zituen hilabeteetan euskara-frantsesa hiztegi baterako 325 fitxa osatu zituen, esaterako. Edo Iparraldeko bertsolarien inguruko informazioa biltzen aritu zen: “[…] batera eta bestera mugitu zen bertako bertsolari zahar eta gazteen berri biltzeko” (Izagirre, 2002: 21). Asteroko artikuluaren haria ez zuen inoiz galduko, ordea. Eta muga zeharkatu zuenetik Basarriren bisita izango zuen tarteka, oroitzapenak freskatzeko lagungarri: “Aldian behin Basarri azaltzen zen kasu egitera, eta baratzea lantzen zien. Gozatuko zuen orduan Josebak, mirespen handia zion” (Izagirre, 2002: 21).

Basarri izan zen hain justu prentsan, Euzko-Deyan bertan, berri tristea eman zuena: “Tinta ordez malkoak ditut beatz artean dardarka dabilkidan lumatxoan. Ez naiz pio lan onik egin nezakeanik. Nolaz nai dezute, adiskide min aren ilberria sinetsi nai ezik banago oraingoz?” (Euzko-Deya, 1939/X/15, “Il da gure Zubimendi”. Eizmendi, Iñaki Basarri). 1939ko irailaren 28an hil zen, Euzko-Deyan bere azken artikulua idatzi eta hamabost egunera, bertso minez 29 artikulu argitaratu ondoren.

Kazetaritza ikuspegitik ziklo honetako gailurra Basarriri eta Txirritari egindako elkarrizketak, bi txapelketen estaldura mediatikoa eta Zubimendik Bertsolari guduak liburuan argitaratutako bi kronika luzeak baziren, gerraren erdian eta haren bizitzaren azken apurretan idatzitako artikulu sorta hau izango da gailur horren errematea:

“Kronika luze honetan idazle heldu gisa ageri zaigu Joseba Zubimendi. Idazkeraren teknikak artikulugintza ugari batean landuak eta menderatuak dituela, bere bizitza aberatsean bildutako gertaerak txertatzen ditu historian, datuari lekukoaren oroitzapena eransten dio, bertsolariaren kantuari entzulearen gogoeta, exiliatuaren mindura, gerlako bizirauna denaren sentimenduak… Saio berezia oso, gure literaturan.” (Izagirre, 2002: 22)

Azken bi artikuluak Pedro Mari Otañori eskaini zizkion Zubimendik. Eta Basarrik Pedro Mari Otañori buruzko hiru artikulu argitaratu zituen haren heriotzaren ondotik, lagunaren lanari jarraipena eman nahi izango balio bezala.

Zubimendiren bertso mina eta heriotza
Ilustrazioa: Patxi Gallego

[1] Euzko Enda aldizkarian argitaratu zuen testua, 1939an. Kronika luzea da, eta indartsua. Hona zati batzuk: “(…) Bazkalondoko lo kuluxka, hegazkin alderatze run-runak eten zidan. Eleiza ezkilak, binbilin-banbalan, lehia biziz, zein gehiagoka (…) Bat-batean, nere ohetik izugarrizko dunbotsa entzun nuan, eta sailean beste bost. Arnasari eutsita adi-adi; hegazkina, bere heriotz lana amaituta, urrundu zitzaigun, urrundu…

(…) Suagak lehertzearen dunbatekoa! Leiar puskak aldean dantzari, haize indarrak ene leihoa orpotik atera eta aurreko ate irekiarekin bat joka, lurrean zati zitzaizkidan. Jaiki eta, erdi jantzian, irten nintzan gelatik

(…) Arratsalde erdira, eskuin aldeko etxe eder berri batek teilatu gaina, haize bigunez kulunkan, su ta gar zerion. Inguru guztian, lurretik jaioko balira lez, sutarazle-hagak, argi-txakur jostarien irudi, piztu eta itzal, fu-fuka (…) su-txinpart hotsak eten gabe. Garrezko zelaian, ahalegin biziz, zaldi bat ihes, ero antzo; bat-batean, buruz aurre zabuka, hilda geldi (…)”

Zubimendiren bertso mina eta heriotza  Zubimendiren bertso mina eta heriotza  Zubimendiren bertso mina eta heriotza  Zubimendiren bertso mina eta heriotza  Zubimendiren bertso mina eta heriotza