Ziprez

Amets Arzallus-(r)en argazkia Amets Arzallus 2017-01-04

Ziprez –

Uztailaren batean joan nintzen Ziprera bertso saio baten aitzakian eta uztailaren zazpian itzuli nintzen Zipretik. Ezagutzen ez nuen uharte batean pasa nuen aste osoa, ulertzen ez nituen hizkuntzak entzunez. Hurrengo astean izan genituen nazioarteko inprobisatzaileen jardunaldiak Donostian, eta Zipren ezagututako kantari eta musikariak etorri egin ziren. Nik aste osoa haiekin pasa nuen, oso harreman estuan. Eta harremanaren uharte txiki horretatik bizi izan nuen inprobisatzaileen astea, inguruaz gehiegi ohartu gabe, gogoa Zipren. Horregatik, zerbait idaztekotan, uste dut inprobisazioaz eta gure Donostiako egonaldiaz baino, zintzoagoa dela, ene aldetik, uharte hari buruzko gogoeta batzuk idaztea. Batetik, gure herria bezala muga batek zatitutako uharte bat delako. Eta bestetik, aktualitatearen mapatik desagertua dagoen gatazka min bat bizi duelako. Hona hango gogoeta batzuk, honako ere egun batean balio dezaketenak.

 

            Nork trukatzen dizkie hitzak?

Badirudi bukaerarik gabeko konflikto greko-turkoaren kapitulu ahantzi bat dela Zipre. Baina jakin nahi nuke, gure pastoraletan bezala, greko eta turko horien atzean nor ezkutatzen den benetan. Zeren eta inpresioa dut, egun, bi jendeok elkar ulertzeko gai direla, baina hasten direnean elkarrekin mintzaira bat adosten, beste norbait etortzen dela eta hitzak trukatzen dizkiela, segitu dezaten elkar ulertu gabe, Mediterraneoaren ertz horretan

 

            Autodenominazioa

Autodeterminazio ariketa txiki bat da autodenominazioa. Bakoitzari bere izenez deitzea. Nik sufritu dut, espainol edo frantses deitu izan nautenez, eta beldur naiz ez ote dudan nik ere sufriarazi. Ez da ariketa sinplea Zipren. Izenak korapilatsuak dira: zipretar greziarrak batetik, eta bestetik iparraldeko zipretarrak, edo zipretar turkiarrak. Edo hori mintsua zaienentzat, eta beren burua zipretar hitzaz baino definitu nahi ez dutenentzat, turkieraz mintzo diren zipretarrak. Egia baita, funtsean, zipretarrak dira oro, baina gatazka zertan datzan azaltze aldera, izen eta abizen deitu beharra izan dut jendeari, eta Zipren ez da beti sinplea abizenaren hautua. Horregatik, erro kulturala baliatzea deliberatu dut, zipretarrak oro, baina batzuk iturri kultural greziarreko zipretarrak, eta besteak iturri kultural turkiarreko zipretarrak. Bi isuriak naro nahasten diren aintzira bat baita Zipreko uhartea.

 

            Isuri kulturalaren hautua

Ene gogoan isuri kulturala da pertsona baten baita marrazten duen pintzelik garrantzitsuena. Gainontzekoa ez da marko bat besterik, interes historiko batzuen arabera emandako forma politikoa, botere-joko zahar edo berri bat. Funtsa, isuri kulturala da, eta haren baitan, mintzoa. Litekeena da lur bat bi edo hiru isuri kulturaletakoa izatea, eta baita agian, gorputz bat bera ere, eta ez du zertan gorputz horrek bere baitako margoak aldatzen ibili. Markoa da ebaki edo luzatu beharrekoa. Baina arazoa da, egun, munduan eta europan, establezitutako markoetara kabitu nahi direla marrazkiak, indarka bada ere, eta ez, alderantziz, markoak moldatu gauden marrazkietara. Agian markoak berak dira denak desegin beharrekoak… Zipren bezala, non itsasoak egiten duen marko, eta lurrak margo.

 

            Konponbidearen abiaburuak

Eskatu beharko da lehen-lehenik iparraldeko errepublikan okupazio militarraren amaiera, armada turkiarra erretiratzea. Eta ostean, alde bietako biktimen aitortza minimo bat. Desagertuak bilatzea, beren etxetik indarka erauzitako jende horri bide bat ematea… Ezinezkoaren muga jo arte, justizia, zati txikietan bada ere, itzultzea jendeari. Eta ezin denean itzuli, denboran atzera egin ezinezko lur zati eta etxe puska horietan bezala, zergatik ez aitortu, eta izendaturik utzi lekuok: “justizia ezinezkoaren tokia”. Historiaren arrasto batzuk jaso ditzan jendeak. Bizi denak. Eta batez ere, han bizi izan zenak.

Zipre  Ziprez  Ziprez