Zertara datoz bertsolari bollerak?

Maider Arregi-(r)en argazkia Maider Arregi 2023-11-27
Argazkiak: Ahalduntze Bertso Eskolak, XDZ

Zertara datoz bertsolari bollerak? –

2018an, Iruñean, egin zen lehenengo bollo bertso saioa eta, geroztik, horrelako hamaika saio antolatu dira, ekainak 28ko egitarauen bueltan, gehienak. Horretaz gain, bollerismoa geroz eta ageriago dago bertsolaritzan, transfeminismotik sortu diren proposamen artistikoetan: eRRen eta Señora Sariketan, adibidez. Saio horietan, transmaribollo gisa autoizendatzen diren bertsolarien arteko sarea indartu egin da eta, esan daiteke, mugimendu berria bezain bizia sortu dela, bolleren saretzerako eta ahalduntzerako pizgarria izaten ari dena.

 

Dago eroso sentitzeko modu zehatz bat, bakarrik gertatzen zaidana bolleraz inguratuta nagoenean. Eta hori oso berezia iruditzen zait eta asko apreziatzen dut. (…) Gizonekiko inposatu diguten harremanarekin edo interakzio motarekin haustea eta beste bide batzuk topatzea eta, bizitzea, ba, gizonak bigarren plano batean baleude moduan, ez? Apur bat normalean egiten denaren kontrakoa guztiz, ez?[1]

 

Ikerketa-lana hasi nuenean, leku batetik hasi nuen, ilusio batetik, talde baten parte izatearen pozetik. Hasi nintzenetik hona, ordea, joan dira pare bat urte, hilabete batzuk eta ez gara berdinak, ez ni, ez gu, ez testuingurua. Bidean zehar, idealizatuta neukan kolektiboari ertzak aurkitu dizkiot eta erosoak ez diren galderan aurrean jarri dut nire burua.

 

Zertara datoz bertsolari bollerak?

 

Hasieran, aztertu nuen bertsolaritzan heterosexualitateak daukan presentzia eta horrek bollerengan daukan eragina. Heterosexualitatea da forma sozial bat ez dena ikusten eta dirudiena ez dela existitzen. Bere akatsetan salbu, oharkabean pasatzen da. Hain dago leku guztietan, non badirudien inon ere ez dagoela (Ahmed, 2019). Hala ere, heterosexualak ez diren pertsonek nabaritzen dute bere presentzia, ez-esplizitua eta sotila denean ere:

 

Igo gara oholtzara eta abestu ditugu bollerismoari buruzko bertsoak. Eta, bueno, jendea… Andre batzuk ikusi ditut haserre bezala, guri begira, haserre, nire irudipena zen haserre. Eta bueno, batzuk barrezka ere bai… Ez dakit. Batzuek esan digute gustatu zaizkiela, baina jendea deseroso nabari dut, ez digute gauza handirik esan. Pixka bat txiki sentitu naiz. Ez dakit, behar nuen igual norbaitek goraipatzea edo oso ondo egin dugula esatea, edo ez dakit, geratu naiz pixka bat gehiegi esponitu izanaren beldurrarekin. Gainera, grabatu egin dute, bertsoa.eus-en jarriko dute, nire gurasoek ikusiko dute, eta esango dute: “Jo, berriz gure alaba bollerarena egiten. Maiderrek ezin du gai normalei buruz kantatu? Yo qué sé, euskarari buruz? Beste guztiek bezala? Ez, Maiderrek bollerismoari buruz abestu behar du”. Horrek oso urduri jartzen nau.

 

Gero, etxera heldu naiz, bakarrik nago eta ez nago ondo. Lotsatuta nago. Aurpegian nabari dut lotsa, bero handia masailetan. Eta negargura pixka bat daukat. Urduri nago eta, ez dakit, jendearen aprobazioa entzun nahi dut, edo desaprobazioa edo berdin zait zer, baina jendearen iritzia behar dut, ezin dut iritzirik ezarekin. Bueno ez dakit, aiii, gainera, pentsatzen dut “ni zertarako sartzen naiz horrelako gaietan? Bertso epel batzuk idatzi genitzakeen, gauzak eder esanda”. Ez, ez dakit hori egiten. Sin más, alferrik konplikatzen dut bizitza. Ai amaa, enfiin, oxala heteroa banintz.

 

Mendebaldeko jendarteetan, bi sexu nagusi bereizten dira: gizona eta emakumea, eta askotariko gorputzak horren arabera izendatzen dira, organo eta ezaugarri batzuk maskulino moduan eta beste batzuk femenino moduan bereiziz (Butler, 2018). Gero, gorputz horien portaera generoen arabera eraikitzen da eta sexu bakoitzak aurkako sexua desio duelako ideia naturaltzat ezartzen da, elkar- osagarritasunaren ideiarekin batera. Sexu/generoen eraikuntza horrek eta ustezko bateragarritasunak lanaren banaketa sexuala daukate azken helburutzat. Sistema horri derrigorrezko heterosexualitatea (Rich, 1996) edo erregimen heterosexuala (Wittig, 2017) deitu diote zenbait autorek.

 

Zertara datoz bertsolari bollerak?

 

Bollerismoa derrigortasun horri aurka egiten dion estrategia politikoa da, heterosexualitatetik kanpo bizitzeko sortzen den gaitasun kolektiboa. Adi, ordea: kode heterosexualetatik kanpo bizitzea ez da gizonekin ez oheratzea. Da ez egotea euren oniritziaren bila, ez gutxiestea geure burua, elkarri balioa ematea, gizonei ematen diegun balioa zalantzan jartzea, familia heterosexualetik kanpoko bizi-proiektuak izatea, dagokigun genero-performatibitatea albo batera uztea, lan-banaketa sexualaren aurka borrokatzea, zaintza-lanak berrantolatzeko militatzea, etab. Eta horien guztien helburua gizon eta emakume identitateak materialki suntsitzea da.

 

Dena dela, bollerismoa lesbianismoarekin berdintzeko joera dago, bai jendartean, bai bertsolaritzaren esparruan. Eta, batzuetan, joera dago estrategia politiko hori hautu afektibo/sexualekin baino ez lotzeko.

 

-Iruditzen zait bollo saioetako gaiak askotan daudela oso lotuta sexualitatearekin, eta niretzat bollera izatearen parte txiki bat da sexualitatea. (…) Edo, ez dakit, niri grazia egiten dit hitz egiten denean harremanei buruz bertsotan eta derrepente benga, pues, polimaitasuna!!! Eta goazen egiatan kantatzera polimaitasunari. Polimaitasuna delako haserretzea, gestionatzea…

-Kristoren txapuza.

-Kristoren txapuza! Bai tio, goazen kantatzera guk horri egiatan, ez esatera “orgia bat egingo dugu!”. Jende horrek, esaten duenak orgia bat egingo duela, ez du egingo orgia bat inoiz (…) orduan, goazen egiatan kantatzera horri, osea, zer da orgia bat egitea? Eta zer da gure lagunekin enrollatzea? Pues da liada bat! (…) iruditzen zait falta zaigula kantatzea  munduari bollerismotik.

 

Euskal Herrian, hainbat taldek aldarrikatu dute lesbianismo politikoaren ideia (Epelde et. al., 2015). 80ko eta 90eko hamarkadetan, adibidez, Lesbiana Feministen Kolektiboak heterosexualitatearen inposaketaren aurka egin zuen, sexualitatea erreprodukziora eta familiara bideratuta egotea kritikatuz. “Sexualitatea ez da amatasuna” edo “zergatik zara heterosexuala?” moduko leloak plazaratu zituzten, lesbianen ikusgarritasuna aldarrikatzetik harago, sistema heterosexuala ezbaian jarriz (ibid.). Garai horretan, bollera terminoa ez zen erabiltzen eta, sarri, lesbianista hitza erabiltzen zuten lesbianismo politikoa aldarrikatu nahi zutenek.

 

 

Neretzat ambiente horrek ez zeukan hainbesteko agerikotasunik, gaur egun bezalakorik. Hainbeste gazte jende nik behintzat ez nuen ikusten, ez? Hainbeste jende ateratzen zena. Orduan, nahikoa agresiboa zen eta ibili behar zenuen pixka bat, aber… zein gara?… Eta horietatik inor ez zen bertsozalea, ze bertsolaritza zen gizonen gauza tradizional aburridísimo, super aburridísimo bat. Eta, aldiz, lesbianen mundu hori… Nik nire burua ez nuen hor ikusten, el ambiente deitzen ziotena, ni ez nintzen identifikatuta sentitzen, besteak beste, oso española zelako eta ez nintzelako ondo sentitzen hor. Orduan, hori, ni nintzen bertsolaria eta gainera lesbiana eta… eske bakarrik pertsona bat ezagutzen nuen lesbiana mitikoa eta saio guztietan egoten zena. Euskaltzalea eta lesbiana, bakarrik bat.

 

2000ko hamarkadatik aurrera, teoria feminista berriak agertu ziren (besteak beste, queer teoria anglosaxoia) eta, horrekin batera, Euskal Herrian, hainbat talde berri sortu ziren: Medeak, MDMA, 7menos20, Lumatza, etab. (ibid.). Talde horiek ordura arteko mugimendu lesbianistaren zenbait planteamendu eguneratu eta beste zenbait gai berri ekarri zituzten. Hain zuzen, garai horretan hasi ziren bollera terminoa erabiltzen. Gaur egun, Euskal Herriko talde transfeministek ildo bereko aldarrikapenak egiten dituzte. Adibidez, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan, B.A.L.A.k eta Sare Lesbianistak bollera identitatea aldarrikatu zuten, heterosexualitateari aurka egiteko identitate estrategiko gisa (B.A.L.A., 2019).

 

Testuingurua aztertuta, ez da kasualitatea bertsolari bollerek euren burua izendatzeko termino hori hautatu izana, eta ez beste bat. Ikergai izan ditudan bertsolariek badaukate konpromiso militantea zapaltzailea iruditzen zaien erregimen heterosexualaren aurka, eta euren burua bollera gisa izendatzeak ez dauka zerikusia hautu sexual-afektibo batekin bakarrik.

 

Bollerismoa zentzu zabalean ulertzen bada, bertsolaritzaren barruko esparru feministetan politika bolleroak egin direla esan daiteke. Adrienne Richek (1996) continuum lesbikoari buruz hitz egiten du eta, horren arabera, bollerismoa ez da definizio zurruna daukan identitate bat, baizik derrigorrezko emakumetasunari eta heterosexualitateari aurka egiteko abiatzen den praktika multzoa. Praktika horien artean aipatzen ditu: elkarrekin intimitatea partekatzea, gizonen zapalkuntzaren aurrean alternatibak sortzea eta elkarri babes praktikoa eta politikoa ematea. Bertsolaritzaren esparruan, Ahalduntze Bertso Eskola izan da horretarako espazioa.

 

Ahalduntzen hasi eta berriz ere motibatu nintzen, hori izan zen Euskal Herri osoko bertsolariak ezagutzeko tresna, niretzat super kañeroa eta tresna bat pentsatzeko bertsotan ezberdin.

 

[Ahalduntze osteko bazkariei buruz] Niretzat badira ahalduntzera joateko arrazoi indartsuenetako bat: elkarrekin hitz egitea eta gauzen gainean pentsatzea eta laguntasun harreman bat egitea, gertukotasun bat sortzea… gero hortik errazagoa da dena.

 

Ahalduntze Bertso Eskola, beraz, elkarrekin sortzeko eta elkarri babesa eta balioa emateko ezinbesteko espazioa izan da. Gainera, aurrez aipatutako bollo bertso saioak edo Señora Sariketa Ahalduntzeko harremanen ondorio izan dira eta, horregatik guztiagatik, esango nuke ezinbesteko espazioa izan dela bertsolaritzako bollerismoa indartzeko.

 

Dena dela, emakumeen arteko aliantzak ez dira beti erosoak izan eta bizi-esperientzia ezberdinak dituzten bertsolariek elkarrekin talka egiten dute, gauza batzuetan.

 

 

Adibidez, ze tema egon zen edertasunaren gaiarekin. Ulertzen dudala tema bat dela baina… ez da nire arazoa izan. Eta, gainera, emakumeen problematikan, iruditzen zait oso guapa izan baldin bazara eta horrek kristoren arazoak ekarri badizkizu, ba begira, ulertzen zaitut, baina pasa atzera, ze pixka bat beste lehentasun batzuk badaude… ez? Gaizki esanda. (…) Baina hor esaten duzu “joe, aber, niretzat hori ez da lehentasunezkoa… nik ez dut zoritxarrez hori bizi izan, edo zorionez, edo ez dakit zein zoriz”. Eta orduan, batzuetan, esaten duzu… hau ez zait interesatzen. Osea, niri emakumeen feminismo hau ez zait interesatzen. Pixka bat parodiatzen ari naiz eta nire burua salbatzen, ez? Baina…

 

Bertsolari bollerentzat feminismoa beraien etxea da, baina etxe propioa handitzeko eta erosoago egiteko beharra azaleratu dute, ñabardura desberdinen bitartez. Modu orokorragoan gertatzen den bezala, heterosexualitatearen kulturak feminismoan pisua daukala sentitzen dute eta horrek ezinegonak  sortu ditu beraiengan: “emakume” identitatearekin eroso ez egotea, feminismoko gai batzuekin desidentifikazioa eta kantakera edo gorpuzkera batzuekin eroso ez sentitzea, esaterako.

 

Derrepente, doinutegia aldatu egin da. Eta sartu dira beste doinu batzuk, eta pixka bat popularizatu dira, eta hori guai dago, baina gehienak super gozoak dira (…) Lili Marlen eta horrelako gauza gozoak. Orduan, klaro, eske ederrak dira kantatzeko baina igual… behin edo behin erabiltzeko bai, baina estetikoki ez da nik nahi dudana, ez da nik bilatzen dudana momentu honetan. Dira oso femeninoak, ez? Gozoa, sentsiblea…

 

Halere, gaia konplexua da eta bollerek behin eta berriz sentitu dute feminista heterosexualak epaitzeko beldurra. Ikerketa-prozesuan zehar, gehien mugitu nauen gaia hauxe izan da: pertsonala politikoa dela argi daukan mugimendu batean, nola egin daiteke kritika politikoa, besteen hautu pertsonalak epaitu gabe?

 

Alde batetik, feminismoaren baitan, lesbianen hautu afektibo-sexuala “sexualitate feministenatzat” hartu izan da eta, horrek, gainerako feministak epaituta sentitzea ekarri du (Vance, 1989). Beste aldetik, gizartea heterosexuala da eta lesbianak inbisibilizatuta daude (edo modu heterosexualean irudikatuta agertzen dira), eta bollerek horri kritika egiteko beharra sentitzen dute.

 

Jendeak hartzen du pentsatuko bagenu bezala gure mundua haiena baino hobea dela. (…) Eta, joe, aldarrikatzen dugu eta bai egiten dugu pixka bat el punki, baina, ostia, gaudelako etengabe zapalduak beste espazio guztietan. Eta klaro, baldin badago jendea bakarrik ikusten gaituena bertsotan esango du: “Jo, zaudete hor tope bollerak”. Guaia dirudi… bai, baina eske ez daukagu ikusgarritasunik inon. Osea, zuek ikusten gaituzue hemen eta ikusten gaituzue 10 harrotuta, baina egun guztietan goaz heteroekin lanera, gure kuadrilla heteroa da… familia da heteroa, gure inguru guztia da heteroa. (…) Uste dut, nola feminismoak heteroaraua kritikatu duen eta nola nabarmendu den hori, ba igual gizonekin harremanak izaten segitzen duten emakumeek sentitzen dutela guaiarena egiten ariko bagina bezala eta haiena ez balitz bezala hain legitimoa… baina, jo, haiena norma da! Eta batzuetan uste dut nahasten dela kritika pertsonari edo normari. (…) ez gara inoren bizi-praktika zehatzak kritikatzen ari… uste dut guk ere mila inkoherentzia dauzkagula… gero dauzkagu monogamiak, mierdak, bollodramak… (…) eta uste dut batzuetan irakurriak garela pribilegiatu bezala, feminismoan; bisibilizatzen garelako gizarte normalean baino gehiago. Baina, ostia, aldarrikatzen badugu hainbeste da ez gaudelako inon. Da como: zuek pasatzen duzue gutaz, ez zaituztegu erakartzen, marjinatzen gaituzue bizitza errealean… ez duzue interesik gurekiko, hetero-panda! Eta gu zer? Ba guk zaintzen dugu elkar eta hori behar dugu orain.

 

Ez da erraza normari kritika egitea inor epaituta sentitu gabe. Gainera, ez dira feminista heterosexualak bollerengandik epaituta sentitzen diren bakarrak. Bolleren artean ere badaude kritikak, eta zaharrenek sentitu dute gazteagoen epaia:

 

Eske lehengoan justu hizketan aritu ginen… “bai, horientzako gu ez gara bollerak, gu lesbianak bakarrik gara!”, ez? eta orduan, klaro, horrelako gauzak… minduta ee! Eta orduan… hau dena hasi nintzen kontatzen, ez? Ba “gazte batekin eduki nuen elkarrizketa eta bollerismoaz hau kontatzen zuen eta…” horrela eta, orduan, “ya empezamos! Claro, las bolleras esas… nola gu ezkonduta gauden…”. Eta “klaro, nola guk etxea daukagun gure jabetzan… ezta? Nola ja ezkonduta gauden… claro, vivimos en pareja… gainera, ez harreman libreak, klaro, gu gara heteroen kopia pero dos koños? Ala porkulo!” horrela. Eta hemen ere bai, ez? [bere etxean egin genuen bazkari bati buruz]: “Ama izan? Pff… hori ez da bollera ona…” bueno, eske niri ez dit eragiten… nada… ze da beste iritzi bat, niretzat. Orain dela 25 urte jaio izan bazinate igual ez zenuten horrela pentsatuko. Bueno, igual ez, ez zenuten horrela pentsatuko. Eta orduan… klaro, niri 20 urteko bat edo 25 urteko bat horrela hasten bazait, esango diot: “Ba begira… begira ze ondo”. Oxala nik ere hain garbi banitu gauzak. Ez? Ez dakit…

 

Ikerketan, espero ez nituen ondorioen artean, hau egin zait mingarriena eta zalantzak hartu nau  pentsatuz zein aldek egin beharko lukeen autokritika. Ez dut erantzunik, baina uste dut feminismoari dagokion erronka dela politikoaren eta pertsonalaren arteko tentsioari irtenbideak bilatzea, politika gorpuztuaren estrategia eraginkorra izan dadin eta ez elkar epaitzea erraztuko duen praktika desmobilitzatzailea.

 

Dena heterosexuala delako eta den-dena izan ez dadin egin ginen bollera. Batzuetan, indarra izaten dugu, besteetan, armairuan sartzen gara. Hala ere, ez gaitzazue, ez biktimizatu, ez exotizatu; ez baita horretarako gure aldarria. Emakume heterosexualek ez dauzkaten lotsak dauzkagu eta beraiek dauzkaten kezka batzuez libratu gara. Lekua hartu nahi dugu eta ez dugu norma edertuko duen postal koloretsua izan nahi. Ibilbide feminista oparoa dauka bertsolaritzak. Ikerturikoa beste katebegi bat baino ez da ibilbide horretan. Eta etor daitezela gehiago, eta kritika gaitzatela, eta etengabe birdefinituko dugu gure bertsolaritza, gizon zuri gipuzkoarrak ez diren gorputz guztiak kabi daitezen.

 

 

Bibliografia

Ahmed, S. (2019). Fenomenología queer. Bartzelona: Bellaterra.

B.A.L.A. (2019ko azaroak 2). Zer da B.A.L.A. [Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan aurkeztutatko ponentzia]. Durango. [https://www.emakumeenmundumartxa.eus/wpcontent/uploads/2020/04/V.Jardunaldi-Feministak-B.A.L.A.pdf] Azken aldiz begiratua: 2022-05-08

Butler, J. (2018 [1990]). Genero nahasmendua. Andoain: Elkar.

Epelde, E., Aranguren, M. eta Retolaza, I. (2015). Gure genealogia feministak- Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat. Andoain: Emagin elkartea.

Rich, Adrienne (1996). Heterosexualidad obligatoria y existencia lesbiana. In Duoda: Revista d’estudis feministes, 11 (13-37).

Vance, Carol (1989). Prólogo. Placer y peligro. Explorando la sexualidad femenina. Madrid: Revolución.

Wittig, Monique (2017 [1992]). Pentsamendu heterozuzena. Susa, Zarautz.

 

 

 

[1]    Artikuluan zehar agertuko diren testigantzak elkarrizketa zatiak eta landa-lan koadernoan jasotako apunte autoetnografikoak dira.

Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak? Zertara datoz bertsolari bollerak?