XABIER AMURIZA, GATAZKAREN KRONISTA
Bertsolari politikorik izan bada, horixe da Amuriza. Herri Batasuneko kide historikoa, hiru aldiz kartzelaratua, parlamentaria…. Amuriza bertsolaria ezin da ulertu bere militantzia abertzaletik aparte eta neurri berean, bere militantzia politikoa ere ez dago ulertzerik bertsoari lotuta ez bada.
Azken 50 urteetan Euskal Herriaren historian mugarri izan diren hainbat gertakariri bertsoak jarri dizkie etxanotarrak, nolabait, “Gatazkaren kronista” bihurtuz. Ez alferrik, hainbat alditan, Amuriza bera gertakari horien zuzeneko lekuko edo protagonista izan baita.
2001an aldizkari honek argitaratutako “Agur Sagar Beltzeran” liburuan agertzen dira bertso-sorta horietako asko. Segidan, aukeraketa bat aurkezten dizuegu, liburu hartarako, gertakari eta bertso sorta bakoitzaz Amurizak berak egindako komentarioekin aberastuta.
1970.
BURGOSKO EPAIKETA *
Burgosko epaiketa luze eta ospetsu hark bertso sorta ere ez zuen laburra ekarri. Astia sobera neukan eta motiborik ez zen falta. Gurekin Zamoran preso zegozenen arteko bi epaiketa hartan aulkiko ziren: Jon Etxabe eta Julen Kaltzada. Epaiketa mundiala izan zen, hitzaren esanahi osoan, mundu guztira zabaldu baitzen uhina, epaituekiko elkartasun eta Francoren diktaduraren aurkako gaitzespen gisan. Euskal Herriaren erantzuna ere erabatekoa izan zen. Ber- tsootan agertzen dena ez zen inolako esajerazioa. Sorta luze hau ontzeko, sobera neukala esan dudan astiarena bi aldetatik da egia. Batetik espetxeko soberakin nagusia denbora izan ohi da beti ere, baina bestetik denbora hark bazuen balio erantsi bat, bertan behe- ra utzi behar izan genuena. Burgosko epaiketa garaian, epaitu guztiak han batu zituztela-eta, beste espetxeetan geldi egoteko agin- dua etorri zen, hots, deskubritua izateko moduko plan arriskutsu- rik inon bazen, uzteko bertan behera, agindu berria etorri arte. Bazi- rudien Burgosen ihes-planen bat posible ikusi zutela, beste espe- txe bateko aurkikunde gaiztoren batek hondaraz zezakeena, halakoetan segurantza neurriak espetxe guztietan zorroztera jotzen baitute. Beraz, geldi denak! Eta gu hain zuzen Zamoran tunel bat egiten hasiak ginen eta lanak nahikoa aurrera zihoazen, plana geroz eta probableago bilakatzen ari zela. Ez zen hori okerrena. Garai hartan bagenuen kartzelero bat, kamioizale ohia eta gizon guztiz frankua, zeinaren guardietan zuloa metroka aurrera zitekeen, ez baikintuen urrundik ere zaintzen. Derrigorrean hurreratu behar zuenetan —otordu, abisu, logelaratze eta abar—, tabernan bezalako solas giroan etorriko zen. Kartzelero probidentzial hark denbora laburra egin zuen gurekin, bizpairu hilabete. Tunelgintzan hasiak ginela, hura agertu zenean, lasaitasun eta efikazia ikaragarriz aurreratzen genuen, Burgosko epaiketatik geldi egoteko agindua hartu arte. Hura tamala, esaten genuela: “Honegaz Portugaleraino be zulotu leitekek eta zelan egongo gaituk, ba, geldi?”. Burgosko agindua segurantza motiboengatik zela jakinik, guk, haren guardietan lan eginez, inolako arriskurik ez genuela sortzen-da, egunen batean uste dut jarraitu ere egin genuela, baina espetxean segurantza oso- rik bovarismoan ere bermatzerik ez dagoenez gero, obeditzea era- baki genuen. Gero Burgosen ezin izan zuten planik burutu eta bitar- tean gure zaintzailea desagertua zen. Kamioira itzuli zela uste dut, hura ez zela gizonak egiteko lana-ta. Bat etorriko eta bera zintzoe- gia. Harekin pare bat hilabetean egiteko lana (erreleboak hiru egu- nez behin izaten direla jorik) ia urte bira luzatu zen, azkenean (azken-azkenean, puta!, ihesa besterik falta ez zenean, puta-puta!) harrapatua izateko gainera. Bertso hauek egiten baino zulogintzan gustorago ekingo nion, baina… baina nork jakin! Segurrenik zulo- arekin batera sorta euforikoagoa aterako zen, egunean hamalau orduz lan eginda ere, hamar gelditzen baitziren gauerako, eta hauek espetxean horizontea bezala luzatzen direla emanik, berriro ere falta baino gehiago sobratuko zen, denbora noski.
2) Urtea mila bederatzirehun
Hirurogeita hamarra
Abenduaren hiruan hasi
Zen juizio militarra.
Mundu guztiak Burgostik entzun
“Gora Euskadi” didarra
nork esan zuen galdua dela
hogeita hamaseiko gerra
ETA bizi den arte badugu
Irabazteko indarra.
9) Noizbait Euskadik erabaki du
Ezin dezakela jasan
Menderik mende jaun hoien mende
Bizitzea esklabo gisan.
Duela hamairu urte hain zuzen
ETA hortako jaiki zan
Eta Burgosko juizio hori
Altaboz ederra izan
Mundu guztiak ETA zer den ta
Zer nahi duen jakin dezan.
16)Oi, abokatu jaunak, benetan
Aitortzekoa deritzat
Jakintsu bezain ausart portatu
Zineten orduan behintzat.
Ahal guztia zulatu zuen
Zuen defentsa bortitzak
Ezin, ordea, piztitzar haiek
Konprenitu giza hitzak
Orangutana behar zenuten
Eraman interpretetzat.
17) Sei egunera han ikusia
Berriz ikusterik kosta
Juzgatzekoak Gora Euskadika
Eta juezak Dioska.
Gibelak sutan, sudurrak ketan
Hortzak amorruz karrazka
Ezpatak dizdiz gora jasorik
Uluka esan zuten “basta!”
Bedeinkatua izan dadila
Militar aluon kasta.
18) Itxi zituzten ateak eta
Auzia egintzat utzi
Gero zer zigor merezi zuten
Kodiguak erakutsi.
Orain arteko kondena markak
Behar ziren arras hautsi
Baina hain gutxi nola zioten
Heriotzari iritzi
Hiru behin eta hiru bi bider
Hiltzea zuten ebatzi.
21) Zuek, oi gazte iraultzaileak
Burgosen juzga berriak
Juizio hura bere bezala
Hartu du Euskal Herriak.
Zuen kemenak apurtu ditu
Egundainoko neurriak
Izenik ez dut esanen baina
Leku onean jarriak
Dituzuela aitortu behar
Gizonen ezaugarriak.
22) Bukatzerako, nola nagoen
Preso herritik aparte
Bertsoz nahi nuen nolabait hartu
Kanpoko burrukan parte.
Batu indarrak, batu euskara
Garaitza horrek dakarke
Bat bitez gure zazpi banderak
Nahiz sasi-muga bitarte
Euskal Herriak ez du bakerik
Euskadi askatu arte.
* Bertso sorta jau 22 bertsok osatzen dute guztira. Espazio kontuengatik, aukeraketa bat egin da hemen.
1978.
ARGALAREN HERIOTZA
Bertso hauek EGINen agertu ziren, Argalaren heriotza zarrastagarriaren biharamonean. Poz handia hartzen dut, esaten didatenean: “Zure Argalaren bertsoak buruz kantatzen genituen”. Hori segu- rrenik bertsoen euren baino gehiago Argalaren figuraren meritua izango bada ere, bertso indartsuak direla uste dut. “Gelditu ginen lehenbizi gora / gero lurrera begira”. Hirugarren bertsoko “Harri Gorriak” bere jaioterri Arrigorriaga iradokitzen du. “Hil zaituenak ahaztuko zaitu / baina ez Euskal Herriak”. Puntu honek ez dakit zergatik gogorazten didan beti Barkoxeko Etxahunen madarikapen hura: “Bena Jinkuk lagün bitza / hoiek, nik maitha artino”.
1) Abenduaren hogeita bata
hura berri kriminala
goizean entzun genuenean
bota zutela Argala.
Oraindik gure historia da
luzea eta zabala
uste duenak Euskadi bere
mutilarekin hil zala
bizirik utzi zuen herriko
oihua entzun dezala.
2) Gelditu ginen lehenbizi gora
gero lurrera begira
danbarrada hark irentsi zuen
izar guztien dirdira.
Mila zatitan leher eginik
pasatu zen historira
zati bakoitza landare bana
lurpetik sortzen ari da
gudari bat hil eta berriak
milaka jaioko dira.
3) Agur, Argala, diotzu zure
etxeko Harri Gorriak
Agur diotzu mugaz hemendik
eta handik etorriak.
Enborra galdu eta indartzen
adarrak eta orriak
mirari hori egin du zure
zuhaitzaren jatorriak
hil zaituenak ahaztuko zaitu
baina ez Euskal Herriak.
1981.
ESPAINIAKO ERREGEA GERNIKAN
Bertso hauek “Semaforo gorria”rako egin nituela uste dut. Gernikako Juntetxean, Errege-Erreginen aurrean izandako istiluengatiko epaiketan nire hitz-txanda bertsotan egitea erabaki genuelakoa daukat. Ez nago ziur. Badirudi nire memoriak interesatzen ez zaiz- kion pasarteak ezaxol samar gordetzen dituela. Baiezkoa bada, hemen agertzen diren bertsoak ez nituen kantatuko, jakina. Hauek neure zutabeko askatasunetik kantatu nituen eta, inork konturik eskatu ez zidanez gero, zegokiona ez zela ezertaz jabetu pentsatu behar da. Epaiketa hura ez daukat, noski, ahaztua. Gogoan daukat Santi Brouarden ondoan eserita nengoela eta behin nolako inter- bentzioa izan zuen beronek. Fiskal berez oker samar batek, bere aulki handiosean lurperantz ezkutatu behar zuela ematen zuenak, mihian ere bazuen gaitz edo bizioren bat, matrailerantz enbola- tzekoa. Soldata mardula eta erraza irabaziko zuen, baina itxura ez zeukan oso hornitua gizarajoak. Bat-batean, epaiketaren solemnitate toledanoaren erdi-erdian, Santi Brouardek, zutitu eta presi- dentearen mintza-baimena lorturik, bere patxada amoltsuan dio: “Presidente agurgarri! Fiskal jaunari esango al diozu mesedez txiklea maskatzeari uzteko?”. Pentsa dezakezue nolako purrustada areto guztian eta batik-bat aulkiko lerro bietan. Epaiketatik laster izango ziren bertsook eta, hainbeste urte igarota, beharbada Santirenaz gogoratzeari utzi ezin diodalako, halako grazia lapurtu bat egiten didate, barrearen erromaran alborantz hartu banu lez.
1) Aizu, Madrilgo tribunaleko
Goren Nagusi bikaina
hizketan ezin bada bertsotan
dantzatuko dut mingaina.
Espainola izanik
euskararen usainik
ezin duzu hartu baina
zuri bai ongi hartzen dizugu
ez dakit zeren usaina.
2) Komedi hauek ez dira, Jauna
Madrilen baizik ikusten
zuen Quevedok berak ez dakit
kalkulatuko zituzken.
Bost juezen nagusi
kapote eta guzi
erdian jarri zintuzten
ez al dizute etxean ere
bakarrik ibiltzen uzten?
3) Uste genuen geure Gernikan
ginela zerbaiten jabe
kantatzearren gaizkile gisa
hartuak izan garade.
Sententzi edo pena
nahi duzun zigor dena
jasotzeko gertu gaude
baina ez zure belarrietan
mezutxo bat utzi gabe.
4) Ez gatoz, Jauna, zure zirkua
ikusteko atseginez
Madrilen gagoz katebegia
oraindik eten ezinez.
Hemen ez gaituzula
ikusiko sekula
agintzen dizugu zinez
berriz ekartzen ez bagaituzu
edo joaten utzi ez.
1981
MONZONEN HERIOTZAREN OSTEKO ISTILUAK
Telesforo Monzon. Deitura ozen, irudi garden baten izen. Ideal baten sinbolo, gailentasun baten ikur, elegantziaren inkarnazio. Bertso hauetan, hala ere, Monzonen nortasuna zeharki kantatzen da, bere hileta inguruan izan ziren doilorkeriei kontrajarria. Izan ere, Monzonen hilotzaren kondukzioa eta hiletak eskandaluzkoak izan ziren. Herritarren omen sutsu eta masiboa ezin jasanik, hilkutxa esperpentikoki bahitu zuten, polizia eta tanketa artean. Sines- tea ere zail egiten da estatu bat nola hel daitekeen halako deprabaziora. Monzonek gerra bat galdu zuen, baina beste bat irabazteko buruzagi bilakatu zen eta hori Espainiako estatu mendeka- tiak ezin zuen irentsi. Bertso hauetan hilkutxaren inguruko zirkunstantzia izugarriak azaltzen dira, gertatu bezala adierazten saia- tu arren, errealitatea intsinuatu besterik egiten ez dutenak.
1) Monzon hil dela adituz gero
haizea ero dabila
ez da, ez, hila, baizik joana
betiko hegada bila.
Testamentutzat hor utzi digu
bere gudari makila
loratuko da eta adarrak
sortuko mila ta mila
haren hilkutxa profanatuan
bizia piztu dadila.
2) Non da ikusi genuen hura
sinesteko beste fede?
Nola litezke hain etsai izan
edo jaitsi hain abere?
Armen indarrak hilotza ostu
eta egin zuen bere,
piztuko ote zen bildur al ziren
bonbaren bat zela lege?
Zaudete lasai, ez da piztuko
hura ez baita hil ere.
3) Nola liteke azken laido beltz
horren hainbeste pisu ken?
Zure makila banintz ez dakit
zer hitz egingo nizuken.
Zure arima ere tanketen
barruan ito nahi zuten
hil ohetikan hilobiraino
eskolta jarri zizuten
gure aldetik ea lurpera
ere jarraitzen dizuten.
1984
SANTI BROUARD: LAGUN ETA GIDARI
Bertso hauek Santiren Lekeitioko ehorzketarako egingo nituen. Ez naiz gogoratzen neuk kantatuak ala beste batentzat bialduak izan ziren. Nik Santiren azken egun haietaz ez daukat bere irudi- rik, haren omenez Bilbon batu zen jendetza harrigarriarena besterik. Ez dakit Euskal Herrian hainbeste lagun batera sekula ikusi dudanik. Gero Bilboko udaletxean haren kaperatik pasatzen mila-ka eta milaka lagunen irudiak telebistan agertzen zirenean, burua bueltatuko nuen, haren aurpegia hilkutxan ikustetik libratzearren. Zorionez, geratu zaidan gomuta bakarra bere irudi bizia da, hilotz ikusi izatera, nekez gorde ahal izango nukeena. Orain nahita ere ezin dut Santi hila imajinatu.
1) Hila da Santi, hil dute Santi
abertzaleon izarra
esku artean haur bat zuela
balak etorri beharra!
Amorruaren oihua eta
maitasunaren negarra
hauxe da zure hilketak
utzi digun mendeku bakarra
zure burruka azkeneraino
eramateko indarra.
2) Egia al da hilik zaudela
ala ez da hortaz deusik
zure hilkutxak egunsentia
ematen baitzuen kasik?
Zer jende bildu zaizun neurtzerik
ez dago ikusi ezik
orain bizia emateko ere
bada lehenaz gain pozik
ez baita hiltze soila izango
zuri jarraitzea baizik.
3) Zure hiltzaile haiek zer egin
zuten ba ote dakite?
bortxaz itzali nahi zuten sua
sumendi egin baitute!
Adio, lagun eta gidari
agur, gure Santi maite
zure bideak gu ere zure
ondoan bildu bitarte
edo garaipen osoa zuri
eskaintzera joan arte.
1987
BURUZAGI TXOMIN
Txomin Iturberen jaioterri Arrasaten omenaldi handi bat antolatu zuten, bere heriotzarik hamargarren urtea zela-ta uste dut. Parte hartzaile eta kantari ugari izan zen jaialdi hartarako, bertso hauexek egin nituen, Anje Duhaldek eta biok kantatu genituenak. Gero disko batean ere grabatuta geratu zirelakoa daukat. Txomin Iturbe bezalako pertsonaiak bertso indartsuak behar zituen, noski, baina nik beste zirrara batzuk nahi nituen, baliabide zeharrekoen inpak- tuak indartsuago egin zitzan. Horrexegatik dio lehen bertsoak, esan beharreko beste mezu batzuen ondoan, “ardatzean biraka / lehertu zen gurpila”. Denetan maiteen dudana, noski, eta sorta osoari bilduki magikoa eransten diona, bigarren bertsoak deskribatzen duen fenomeno aparta da. Tantai lurreratuak tente jarraitzen du, haren itzala ez baitzen erori. Itzalaren berezko lekua lurra da, baina kasu honetan bera ere tente dago, edo tantaia lurreratzean, zutitzea erabaki du, Txominen iraupenaren ikur. Beste kontestu batean itzala zutitzea bildurgarria litzateke. Hirugarren bertsoa tematikotzat jo behar da, unean aldarrikatzea komeni den mezurantz. Laugarrenean, berriz, pertsonaiaren izatea eta buruzagitza gailen- tzen dira berriro, bigarrenean gertatutako mirariaren ondoren sines- garriago gertatzen direnak. Zelanbaiteko ukaldi poetikoak bertso sortari arras beste hezurdura bat ematen dio, beti ere jauzi figuratiboak proportzionalak badira. Bilatzera goazen efektua, darabilgun gaiarekiko, egokitasun sentsitibo eta sentimenduzko baten barruan ez badabil, kontra-efektu bihurtzen da. Ez dago bertsoarentzat hondagarriagorik irrealtasuna edo gratuitatea baino. Tantaiaren irudia eta itzalaren miraria ezin zaio edonori aplikatu, era horretan behintzat, itzalaren esanahi dibertsoak azpi-ulertu behar direnean. Txominengan ia zuzenki onets daitekeena, beste baten- gan justifikatu egin beharko litzateke eta justifikuaren beharra irudiaren desegokitasunaren seinale da gehienetan.
1) Arrasaten sortu ta
Algerian hila
ardatzean biraka
lehertu zen gurpila.
Joan zen bere aurretik
erorien bila
heriotzak kenduko
ez digun mutila.
2) Oihanean tantaia
goraki ageri
lurreratuta ere
tenterik dirudi.
Haren itzal trinkoa
ez baitzen erori!
Txominek utzi digu
mirari handi hori.
3) Heriotzaren lotan
eizu amets lasai
inor ez baita zure
lana hiltzeko gai.
Euskadik lortuko du
noizbait edo noiznahi
Askatasuna eta
Bakea ere bai.
4) Abertzale oso ta
iraultzaile gordin
bizi zinela eta
hil ondoren berdin.
Nahizta horrek askori
emango dion min
zu zara Euskadiko
Buruzagi, Txomin!
1984-1995
LASA ETA ZABALA
Lasa eta Zabala
bi hilotz gehiago
etsaiek eramanak
urtea igaro.
Zuen odola gure
bihotzean dago
handikan ez zaituzte
inork eramango.
Berak dioenez, Lasa eta Zabala “desagertu” ziren urtebetegarrenean egindako bertsoa da, ez dakit zehazki non ipintzeko. Gero, 1995-4-24an argitu zen desagerpenaren benetako aurpegia, Lasa eta Zabalaren gorpuak Alikanten ehortzirik aurkitu zituztenean. Ikaratu egin ginen, haien azken izengabea, lehendik ere minki susmatzen genuena, zein lazgarria izan zen frogak agertu zirenean. Ordukoak dira ahapaldi araugabe biok, diptiko edo halako salapen txartelen baterako eginak nik uste. Edo beharbada “Semaforo gorria” zutaberako.
Bi soin eta mila zati
eho zintuzten basaki
hiltzea ez zuten aski
zenbat sufritu zenuten
izuak bakarrik daki.
Batzuk dira hilik bizi
zuek hilda ere bizi
bizi zaituztegu bizi
hil eta ber-hil nahi zaituztenei
bizi eta ber-bizi guk.
1997
MAHAI NAZIONALA EPAIAREN ZAIN
Mahai Nazionalaren epaiketa amaiturik, epaiaren zain zegozen. Egun batetik bestera atxilotuak izango ziren, beraz. Bilboko La Casillako pabiloian antolatu zen azken mitineko Kartelak uso bat zeroan. Nik ekitaldiaren une jakin batean bizpairu bertso kantatu behar nituen eta hauexek izan ziren. Bertsoetan mezu baikorra zabaltzen ahalegindu banintzen ere, nahikoa lurjota nengoen. Jarraitzaileen artean ere nabaria zen aldarte apala, saminbera, gehienek ez baitzuten itxaroten mahaikideak hainbeste urtetara kondenatuak izango zirenik. Ezta espetxeratuko zituztenik ere. Zer gertatuko zen une hartan neure sentiera etsitua agertu izan banu? Hori ez nezakeen inondik ere egin, burutik baldin sano banengoen. Orduan usoaren alegoriari heldu eta urrunera begiratzea besterik ez neukan.
1) Uso zuria, errazu nora
joana zira zu.
Espainerrian kaiolatzea
gertatzen baldin bazaizu
zure umeen ostatu
gure etxean daukazu.
2) Uso mendien alaba
ez zaitez izan ikara.
Luma bat edo gal zenezake
baina ez zeure hegada
joan zinen baino ederragoa
bueltan etorriko zara.
3) Epaile eta ehiztari
ez minik ein usoari.
Tiro egiten badiozue
bake proposamenari
lehen baino hegada altuagora
altxatuko da Euskadi.
1998.
LIZARRAKO SU-ETENA
1998-9-18ko ETAren suetenaz, “Deia” egunkarirako bertso bat eskatu zidaten eta hauxe bidali nuen. Egun eraginak, irrikatsuak ziren haiek. “Betor Lizarrako trena / ekarri duena / suetena / alderantziz bazen / berdin dena”. Azkenean, urte eta zerbaiten buruan, atari irekia berriro itxi zen. Ohituta gagoz barruan egoten eta pozik gengozke bertan, etxea geurea balitz. Hurrengoan izango da. “Zuk uste hurrengorik izango dala?”. Orain arte ez da izan aurrekorik, hurrengorik izan ez duenik. “Kontsolapen ederra!”. Ederra ez, baina bakarra. “Noiz?”. Profeta onari ez zaio datarik eskatu behar. “Eta txarrari?”. Horrek eskatu barik ematen ditu. Horrexegatik da profeta txarra. “Honek zer zerikusi dauka Euskal Herriak hitza eta erabakia eukitzeaz?”. Handia! Profetak ez dira geroa igartzeko, oraina animatzeko baizik. Besterik? “Ez, jauna. Argiago esplika zeitekean, baina ez konbintzenteago”. Ataria hasi da berriro irekitzen.
Mezu argian etorri zaigu
Lizarrako Agiria
“Euskal Herriak izan behar du
hitza ta erabakia”.
Armen gelditze soila ez dugu
bakearen edukia
baina ETAren sueten honek
badakar zer eraikia
Oraindik ez da bakea baina
bai atari irekia.