Txirritaren omenaldiko argazkia

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-28

Txirritaren omenaldiko argazkia –

Txirritaren omenaldiko argazkia
1936. Errenteria. Eserita: Alkain Zaharra, Lexo, Aitzol, Txirrita, Basarri, Alkain gaztea eta Txapel. Zutik: Hernandorena, Saiburu, Frantzisko Garmendia Patxi-Laja, Telleri Txiki, Bittor Idiazabal, Zubimendi, Guillermo Lizaso, Luzear, Klaudio Gaztelumendi, Iñaki Olaizola eta Uztapide. Iturria: Sendoa.

1936ko martxoaren 22an egin zitzaion omenaldia Txirritari. Hernandorenari otu zitzaion. Oihartzun handiagoa izango zuelakoan Donostian egin behar litzatekeela planteatu zuen Aitzolek, eta, bertsolariak mugitzeko zituen arazoak ikusita, Errenterian bizi zenez, bertako batzokian egitea erabaki zen azkenik. El Díak eta Argiak iragarri zuten ekitaldia, eta bertsolari nahiz eragile mordoa bertaratu zen. “Eliz eskalletatara bateratsu eldu giñan Txirrita ta gu. Gu onez, ura automobillean. Ta automobil inguruan jende pilla polita zuala, ingeles ministroak bezalaxe arkitu genuan gure Txirrita zarra” kontatzen du Luzearrek El Dían idatzitako kronikak. Mezaren ondotik txistulariek lagunduta jo zuen taldeak batzokira, eta bertan Aitzolen hitzaldia entzun zuten, Euskaltzaleakeko lehendakari bezala erreleboa hartu berri zion Monzonek garaiz agertu ezin zuelako. Bertsolari guduak liburuaren hitzaurrean argitaratuko zituen konturik gehienak aipatu zituen tolosarrak bere hitzaldian, ‘Milia Lasturkoa’ eta abar, baita Txirritaren maisutasuna aitortu ere:

“Txirrita bertsolarien erori aldian, antzu aldian, guzien eusle, buru, biotz, maixu izan baita. Bertsolari guziak aitortzen diote maixutasun au […] Ta orain […] izlariak zeruetaraino jaso, lasterkari pizkorrenak saritu ta ukabilkariak aberasten diran egunetan, ¿ez ote zan legezkoa gure izakera, oiturak, gure izkuntzan goratu ta abesten Laburdi, Gipuzko ta Naparroan saiatu dan oni gorasarrea eskeintzea egoki?” (El Día, 1936/III/24, “Txirritari bertsolari bikaiñaren omenez”)

Bazkariari, dantzarien erakustaldiari, pilota partidari eta erromeriari buruzko kontuak ere badakartza Luzearren kronikak, tarteka xehetasun kuriosoak eskainiaz: “[…] neska politik ikusi baikenun antxe. Baña gazte aien zanko biziai begira guk baino gehiago sufrituko zuana izango zan an: Txirrita zarra. Uztapidek bazkalondoan esan ziona ordea: zankoz nagi egon ezpalitz etziotela makilik erregalatuko”. Bertsoa bazkaritan eta bazkalondoan, eta beste saio bat erromeriaren aurretik: “Ango bertsoak jaso izatera gaurko izperringi osoa txikia genuke guzientzat. Kilometroka neurtzekoa zen atzoko etorria”. Tartean, Luzearren kronikan jaso ez bazen ere, Txirritaren bertso antologikoa. Agintariek oparitu zioten makila zela eta, lehenagotik bi makulurekin ibiltzen zenez, zertarako balio zion abestuz zirikatu zuten hernaniarra: “Hirurogeita hamasei urte,/ garaia det umiltzeko,/ bultza beharrik ez nadukake/ goitik behera amiltzeko;/ bi makil hoiek aski nitun nik/ munduz mundu ibiltzeko,/ hirugarrena andregaiari/ arkakusoak hiltzeko”.

Bertsolari eta eragileen belaunaldi haren familia argazkia ere atera zuten tartean: “Argazki hori izango da, zalantzarik gabe, bertsolaritzaren historiako erretraturik ezagunena eta famatuena” (Lasa, 2008: 600). Hernandorenaren ideia hau ere: “Erretratu mitikoaren ideia eta antolaketa ere Teodoro Hernandorenarena izan zen, ohartu baitzen Txirrita entzutetsua apenas izan zela erretratatua bere bizitzan eta Errepublika garaiko euskal berpizkunde kulturalari familia bertsozalearen erretratu ofizial bat falta zitzaiola” (Id.: 600). Eta Eugenio Figurski alemaniarra izan zen argazkilaria, Euskal Herrira I. Mundu Gerratik ihesi iritsi ondoren Errenterian estudioa jarri eta inguruetan sona handia lortu zuen profesionala[1].

El Díak 1936/III/26 datarekin argitaratu zuen prentsan argazkia, eta gerora bertsolaritzaren historiari erreferentziaren bat egin dion argitalpen orotan baliatu izan da. Edozein bertsozaleri ezaguna egiten zaion irudi bat da, beraz: Txirrita ageri da erdi-erdian eserita, albo banatan Aitzol eta Basarri dituela. Eserita, baita, Alkain aita-semeak, Lexo eta Txapel, denak bertsolariak. Horien atzean zutik Hernandorena, Zubimendi, Luzear eta Txomin Olaizola, omenaldiaren nahiz txapelketaren antolatzaile gehiagorekin eta Uztapide, Saiburu eta Tellaetxipi bertsolariekin.

Lasak gaineratzen du hain ezaguna ez den xehetasuna: “[…] antzematen da Iñaki Alkain gazteak nola erakusten duen sarrera bertso-saiokoa. Gaztea oraindik ez izan oso ezaguna, sarrera erosiarazi omen zioten” (2008: 601).


[1] Honela dio Renteria aldizkariaren 1954ko iraileko zenbakiaren “Los que se van para siempre” atalean topatu den heriotza oharrak: “A la edad de 74 años, y rodeado de la consideración general como artista y como persona, D. Eugenio Figurski Teschner, acreditado fotógrafo y, como tal, una verdadera institución en Rentería, donde fundó una familia, casando con una hija de este pueblo. Era alemán, y desde hacía 40 años residía en España. Por su estudio de la Villa —aquí llevaba viviendo 35— desfilaron varias generaciones de comulgados y casados de toda esta comarca […]”.

Txirritaren omenaldiko argazkia  Txirritaren omenaldiko argazkia  Txirritaren omenaldiko argazkia