Txapelketen historia: 2001-2013

Estitxu Eizagirre-(r)en argazkia Estitxu Eizagirre 2018-02-09
Argazkiak: Bertsolari aldizkaria

2001-2013 –

Eta zu? Non zeunden?

 

Bertso saioaren kronika egiten diguna (berdin da idatziz, zein tabernako komentariotan) bere buruaz mintzo da, bertsolariez ari delakoan. Bere kokapenaren koordenada zehatzak ematen dizkigu, bertsoen “kalitatearen aldagai objektiboak” zerrendatzen ari zaigula uste badu ere: zein gai zaizkion interesgarri, zein bertsolarirekin identifikatzen den, barruak zerk mugitzen dizkion, zein herri edo ingurutakoa den, zein klase sozial eta bizi baldintza dituen…

2000ko hamarkadako Bertso Txapelketa Nagusietan gogoangarri zaizkidan saioak zerrendatzera noa (ipurdia bistaratzera doan ziminoaren aurpegia dut hau idazterakoan). Brotxa lodiz eta saio ospetsuenetara mugatuko naiz; sailkapen eta hierarkian oinarritzen den joko horretan buru-belarri sartzen bagara denok, ez eskatu idazteko 6.000 hizki baino ez dituen honi, orekak eta justizia egitea eta laugarrenez atzera sailkatutakoen detaileak nabarmentzea.

2001ekoaz gogoratzen? Belodromoan jokatzen zen artean finala, eta hauek aritu ziren: Andoni Egaña, Sustrai Colina, Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Aitor Mendiluze. Colina eta Mendiluze lehen aldiz sartu ziren finalera. Lujanbioren eta Egañaren erakustaldiaren final moduan geratu zait iruditegian. Saio osoa izan zen horrela: Lujanbiok Mendiluzerekin ENA eta NAN txartelen artean egindako zirti-zarta; edo bota zituen lau puntu-erantzunak (“baina noizbait daukagu hitz egin beharra”; “pertsonak lagun eta herri bat garena” bukaerak gogoratzen?). Egañak “Sentimenduen ardagai” doinua eta bertso-tzarrak jaulki zituen, eta makina bat jendek biharamunean buruz ikasi ere bai. Perretxiko hori bazenik ere hor jakin genuen ez gutxik. Egañak Maiarekin egin zuen kartzelan diren beterano eta sartu-berriaren elkarrizketa hura ere itzela izan zen. Kartzelako lana, “Aturritik Ebrora herri bat badela”… famatu egin den gai bakarretakoa. Irazuren hiru bertsoak, Belodromoa bezala, biribilak. Eta buruz burukoa, Himalaiako gutunarena. Lujanbiok bakarkako gaiak lantzeko modu berri bat urratu zuen, istorio bat harilkatzekoa, puntuz puntu lehen pertsonan kontatuta, pertsonaiaren larrutik sekuentzia bat bizitzekoa, ideiek adina usainek, taktuak, irudiek adierazten dutena… Txapela Egañak jantzi zuen, publikoak ikasi genuen bi txapeldun egon litezkeela, batez ere, buruz buruko finala denean, lehen aldiz hau izan zen moduan.

2005a BEC estreinatu genuenekoa izan zen, buruz burukora Egaña eta Iturriaga iritsi zirenekoa, aurreko txapelketatik publikoak espero genuen hurrengo belaunaldiak erreleboa hartuko ziola Egañaren aroari. Hunkitu ginen laugarren txapela janzten ikusita, zintzoki eta maitasunez aitortu genion hainbeste urte txapelketaz txapelketa eta plazaz plaza distiratsu aritzearen artea. Iturriagaren urtebetetzearen bueltako bakarkakoa ere ezin ahaztu. Finalean aritu ziren bi hauekin batera Amets Arzallus (lehen aldiz, eta azkar ikasten. Hirugarren egin zuen, Lujanbiorekin berdinduta, hurrengo finala iragarriz edo), Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Jon Maia.

2009koa ere, historikoa. Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi (lehen aldiz), Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze aritu ziren. Lujanbiok medikuaren paperean minbizidun umeak ikusita kantatutakoak datoz gogora. Eta Arzallusek autobusean ondoan inor eseri gabe doakion bidaiariaren azaletik kantatutakoak. Iturriagak urtebetetzetan inork deitzen ez zuelako lehenik gizajo eta ondoren miserable agertutako pertsonaiak hesteak barrez lehertzea ekarri zigun. Buruz buru Arzallus eta Lujanbio aritu ziren, eta sua hitzari botatako bertsoak, bai batak eta bai besteak, koadroan sutondoaren gainean jartzekoak dira. Beste behin sentitu genuen bi txapeldunen unea, batak zein besteak jantzi, amaiera ona zela, eta beraz, puntu batean, injustua. Lujanbiok jantzi zuen eta historiara pasa den agurrarekin ospatu: gobararen bertsoa, txapel nagusia janzten zuen lehen emakumea izateari erreferentzia sotila eginez, eta hiztun komunitateari, euskalgintzari, hurrengo urteetan lelo nagusietakoa izango zen mezua jaulkiz “herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz”.

2013koa ying-yangaren itzulia izan zen; oraingoan, Arzallus txapeldun, eta Lujanbio izan balitz, berdin, gustura… Txapela oholtzan galdu arte lehiatzeko konpromisoari eutsi zion Egañak, eta hau izan zen Andonirik gabeko gabeko lehen txapelketa. Arzallus eta Lujanbiorekin, beste sei hauek ere izan ziren finalista: Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi eta Beñat Gaztelumendi (lehen aldiz). Mendiluzek eta Arzallusek beren seme-alaba nerabeak elkarri biluzik argazkiak ateratzen aurkitu zituztela eta egindako elkarrizketa dialektikoa geratu zait buruan. Lujanbiok “norbere mundu intimo” doinua estreinatu zuen desamoreari kantatutako bakarkakoan. Iturriagak ere lan ederra egin zuen kartzelako gai horretan, “orain beste aldean zaude” gaiari erantzunez, banaketaren osteko umeen zaintzaren gaian. Elortzak Noelen paperean eta Mendiluzek Olentzerorenean, puntuka egin zuten saioa dagoeneko Gabonetako gure iruditegiaren parte da. Sarriegik kartzelarako bidean autoan alabarekin izandako elkarrizketa ere, bihotzean geratzen dena. Lujanbiok seme-alaben etxera joateko aldian-aldian maletak egiten dituen zaharraren paperean botatakoak ere, zakurako. Eta Gaztelumendik adimen urrikoen dantza taldearekin egindakoa, opari bat. Aurreko buruz burukoa errepikatu zen, eta Arzallus txapeldun gazte ikusteak entzuleen gogoa bete zuen, eta aldi berean, askok sentitu zuen Lujanbioren txapeldun-aroak luzeagoa izatea merezi zuela.

Lujanbio eta Arzallus: bi bertsokera, bi txapeldun handi, bi buruz burukotan errepikatu den binomioa, garai loriosetan ezagutu ditugun bertsolari pareen moduan. Eta buruz burukorako lehia bizian ikusten diren beste eskukada bat bertsolari, aurkezleak bi izenak ahoskatzerakoan publiko bakoitzak bereak espero ere izan zituen izenak. Osagai denak baditu, ea aurten.

2001-2013  2001-2013  2001-2013  2001-2013