Txapelketen historia: 1962
1962 –
1962ko Bertsolarien Txapelketa Nagusia
(ekainak 13 – abenduak 30)
Alfontso Irigoien akuilari zela Euskaltzaindiak hiru urtez behin antolatu ohi zituen Bertsolarien Txapelketa Nagusi haien historia hurbiletik ezagutzeko abagunea izan nuen 1962, 1965 eta 1967an. 1979an eta 1982an, berriz, etenaldi baten ondoren, berriro lehiaketak antolatzeko aukera eman zigun Euskaltzaindiak, bertsolariei eta bertsolaritzari betidanik izan diegun miresmen eta itzalean. 1959-1960ko txapelketa ez nuen ezagutu, Sidi Ifnin bainintzen maite izan ez dudan patriarekikoak betetzera behartuta.
Alabaina, BERTSOLARI aldizkarirako txapelketa horietako bakar bat hautatzeko eskatu didatenez, 1962ko Urtezahar bezperan amaitu zen huraxe aipatuko dizut, niretzat lehenengo lehiaketa izan baitzen, eta denetan zirraragarriena, seguruenik. Haren eragina nolatsukoa izan zen laburbiltzeko gai banintza…
1962ko apirilaren 1etik maiatzaren 20ra egina genuen, ordurako, Loiolako Herri Irratian urte oroz antolatzen genuen Bertsolari Gazteen Sariketa. Eta, bero hartan, ekainaren 13an, Urkiolan hasi zen Bizkaiko kanporaketan izan nintzen. Ondoren Mungian, Markinan, Igorren, Gernikan eta Bilbon ere bai. Gipuzkoako kanporaketak Bergaran, Deban, Azpeitian, Oiartzunen, Beasainen, Tolosan eta Eibarren egin ziren; eta Nafarroakoak, Erratzun, Goizuetan eta Beran. Nola Bizkaian hala Gipuzkoan egin ziren neurketak hurbiletik jarraitu nituen, irratirako bertsoak bilduz bereziki.
Ondo gogoan dudanez, ez zen bertsolari eskolako kimu berririk garai hartan, baina oraintxe ez ezik bertsolari asko bai txapelketan. Saio bakoitzean jaso nituen oharrak okerrak ez badira, Bizkaiko kanporaketan hogeita hamar bat bertsolarik esku-hartu zuten. Nafarroakoan, hamabost batek edo, eta Gipuzkoakoan, berrogeiren batek, nahiz eta bertsolari oso ezagunak falta ziren orduan ere.
Azken aurreko jaialdia Hernaniko Aitor zineman egin zen, abenduaren 9an, goiz eta arratsalde. Eta nola Hernaniko saioak hala Donostiako Astorian egin zen final handia ere zuzenean eman genituen irratiaren bidez, bertsozaleen gose-egarria halakoxea zen eta.
1962ko txapelketa hura lehenengo esperientzia zen guretzat, eta baita Euskaltzaindiarentzat ere, itxuraz; izan ere, saioak zuzenean emateko baimena eskatu eta Etxaide jaunaren zuzendaritzapeko Euskal Akademian ez zekiten zer-nola erantzun. Hau da, jokoz kanpo, Offside harrapatu genituela esango nuke. Antonio Arrue jaunarengana jo genuen, ordurako lagun egina genuen Antonio Zavalaren bidez, eta halaxe lortu genuen Euskaltzaindiaren baimena.
Baina gero ziren kontuak han: Donostiako Delegación de Información y Turismotik lehiaketako gai denak aldez aurretik zentsurara bidaltzeko eskatu, alajainkoa. Gure estutasun eta larriak! Eta nola esan argi eta garbi hura lehiaketa zela, eta guk ez genekiela gaien berri. Berriro ere Arrue jaunak lagundu zigun tramite gaiztoa egiten.
1962ko Urtezahar bezperako hura atzo goizean izan balitz bezalaxe gogoratzen dut. Goizean goiz, Eusebio Eizmendi Txapel aitona bertsolaria eta gure teknikaria lagun hartuta, han joan ginen Astoriara. Poza eta urduritasuna, dena begi eta belarri ginen, halako transmisio bat zuzenean egiteko.
Zaila da Astoria atariko bertso-giro berezia deskribatzea. Hotz egiten zuen, mendietan elur lapatxa, eta bertsozaleak bero, elkarri tokirik eman ezinda. “Gaurkoa Basarrik irabazi baietz!”, zioen batek, apusturako prest; eta goierritar ezagun batek: “Lazkao Txiki baietz txapeldun aurten!”. Ez zuten asmatu, Uztapidek jantzi baitzuen txapela, ondorengo bietan bezalaxe.
Urola aldeko bizpahiru lagun sarrerak non eros zitezkeen galdezka, baina Astoriako leihatilak itxita zeuden, sarrera guztiak agortuta omen zeudela eta. Goiz eta arratsalde, saio osoa irratiz ematera gindoazela eta horrela entzun beharko zutela esan genien, bertsozaleak nolabait kontsolatu beharrez.
11:30ean zen jaialdia hasteko ordua, baina beranduxeago hasi zen, Alfontso Irigoien zuzendari zela. Taulatuan, zortzi bertsolari nor baino nor: Azpillaga, Mitxelena, Zabaleta, Lazkao Txiki, Mattin, Arozamena, Xalbador eta Lopategi. Banaka, binaka, azken hitzak emanda, puntuka eta abar saiatu ziren bertsolariak, eta horietatik lau hautatu zituen epaimahaiak goizeko bigarren saiorako: Mitxelena, Arozamena, Xalbador eta Lazkao Txiki. Uztapide eta Basarri erantsi eta gero egin zuten bigarren saioa. Horrela omen zen aurrez ezarritako legea.
Ordu bi eta erdiak jota amaitu zen goizekoa, baina bertsozaleak ez ziren aspertu, bai zera! “Ederra jaialdia!”, zioen batek, eta “bai, bikaina”, besteak. Ahoa bete hortz bertsozaleak, gu bezalaxe. Orain baino erraztasun gehiago ere bai, eta Xalbadorrek zortziko txikian kantatu zuen bertso bat ondo gogoan gelditu zitzaidan:
Oraintxe beharko da estutu gurpila,
eta ni ez izaki hortako abila.
Gaur bertsuetan kanta banitza nik mila,
orduantxe nindaike gaitzeko mutila.
BIXIGUA gaia emanda bertso bana eskatu zien Irigoienek azkenean, eta Basarrirena biziki gustatu zitzaidan, besteak beste:
Oliyo eta piperrarekin zein eztu horrek gozatuko?
Bazkari eder bat ez ote degu egun hontan osatuko?
Bixigu begigorri,
begira denok horri,
nor ez da inguratuko?
Nik desapio egiten dizut ez zerala sobratuko.
Lau eta erdietarako genuen arratsaldeko zita, eta bateratzea egina genuen irratiarekin, telefonika bidez —ez zegoen beste modurik guretzat—. Ordu laurdena beranduago hasi zen jaialdia. Eta nolako giroa. Bertsozaleekin elkarrizketak eginez bete genuen tartea, erraz bete ere.
Emakume gutxi zen jaialdian, ez zen, nonbait, emakumeentzat festa orduko bertsolaritza. Gizonezko bertsozale zahar eta gazte asko, ordea, Astorian. Gutxienez ere, goizeko denak eta guri laguntzeko aitzakian sartu zen gure ezagun bat gehiago.
Goizeko saioan aukeratutako Uztapide, Basarri, Xalbador eta Lazkao Txiki, arratsaldeko lehenengo saioan. Eta horietatik bi onenak aukeratu behar, eta juratuak erabakia hartu zuen bitartean, Fermin Muñoak (urte hartako bertsolari gazteena, lotsa handirik gabe bertsotan egiten zuen berrobitarra) eta Mattinek saio polita egin zuten bertsozaleen atseginerako. Eta epaileen erabakia, berehala: “Basarri eta Uztapide aukeratu dira txapela jokatzeko”, zioen Irigoien jaunak.
Halaxe, puntuak jarrita neurtu zituzten lehenengo, eta gero, zotz egin eta “kartzelako” gaian, Uztapide lehenengo eta Basarri gero. Niretzat berria zen kartzelako kontu hori, baina neurtezina edo oso zaila den bertsoaren neurketarako aproposa iruditu zitzaidan, jaialdiaren erritmoa gogotik moteldu bazuen ere.
Azkenean, juratuaren epaia: Txapeldun, Manuel Olaizola Uztapide; bigarren, Iñaki Eizmendi Basarri.
Isilik, zalapartarik gabe hartu zuten erabakia bertsozaleek, eta Basarrik berak ere bai, bere azken bertsoan adierazi zuenez:
Nere burura datorren dana esan behar det berela.
Ez gero pentsa fallo horrekin nik penik hartu detela.
Urte askuan nebilen,
ta gaizkitxo zebilen,
gaur bilatu du epela,
nere lagunik maitienari eman baitiot txapela.
Antonio Arrueren hitzaldi sutsu baten eta Donostiako txistularien laguntasunez denok zutik kantatu genuen Agur jaunak ezagunaren bidez, hartan amaitu zen Astoriakoa. Mila esames izango ziren, baina epaia errespetu handiz hartu genuen. Gure laguntzaile Txapel aitonari oso ondo iruditu zitzaion, nahiz eta Basarri herritarra zuen.
Alabaina, inoiz ahaztuko ez dudan zerbait etorri zen ondorengo egunetan. Zenbait buru-berotzailek zirikatu eta “Nere lagunik maitienari eman baitiot txapela” aitortu zuen Basarrik, “En defensa propia” idazlana argitara eman behar izan zuen Donostiako La Voz de España egunkarian, txapelketa osteko giroa berotzen saiatu zirenei erantzunez. Norbaitek esan izan balio sikira isil-isilik egoteak asko balio duela horrelako egunetan…
1963ko urtarrilaren 1ean, kronika luzea argitara eman zuen Javier de Aramburu kazetariak aipatutako egunkari tradizionalistan (La Voz de España, 1963-I-1, 4 or.). Batez ere azkenengo lerroek zerbait baino gehiago esaten dutelakoan nago:
“Extraoficialmente me entero -y quiero subrayar lo de extraoficial– que en la votación final ocho de los votos favorecieron a Uztapide, y dos a Basarri.
En uno de los grupos pro Basarri uno de los miembros del jurado dice abiertamente que él ha votado por Uztapide, y defendió su postura con argumentos de su norma de puntuación. El grupo no es de la misma opinión. La disparidad de criterios es una de las cosas más hermosas.
Varios se han permitido sugerirme que diga en letras de molde que el jurado se ha equivocado. Pero les he advertido que esa no es mi misión, que el fallo del jurado es inapelable, y que no soy yo el llamado a dilucidar, pero que cumpliendo mi misión informativa, haré constar el descontento de un amplio sector”.
Beste iritzi eta esames asko ere izan ziren, eta urteak joan eta inor ez da gogoratuko 1963ko urte hasierako giro nahasi hartaz. Baina niri halakoxe zauri bat utzi zidan lehenengoz ezagutu nuen txapelketak. Zer nahi duzu esatea?