Txapelketa alternatiboak V: Bertsopoly. Itsasu, Lapurdi.

Nerea Ibarzabal-(r)en argazkia Nerea Ibarzabal 2017-10-12

Bertsopoly –

Ez, ez da finantzei buruzko bertso saio espezializatu bat. Bertsopoly Itsasuko Goxoki gaztetxean bost aldiz antolatu den ekimena da –2011-2015–, eta mahai jokoarena baino, telebistako lehiaketa baten antz handiagoa du, erruleta bat baita saioaren nondik norakoak erabakitzen dituena.

Bertso eskolako ikasleentzat eta gainerako bertsozaleentzat saio dinamiko bat prestatzea zen asmoa, eta bederatzi bertsolari gaztek kantatzen zuten –gehienak iparraldekoak– hiruko taldetan banatuta. Itsasuko lauzpabost bertsozale helduk hartzen zuten hau antolatzeko ardura.

Bertsopolyn erruleta koloretsu bat jartzen da oholtzaren erdian, eta talde bakoitzak bueltak eman eta tokatzen den ariketa egin behar izaten du. Aukera anitza izaten da, 12 ariketa ezberdin guztira: segidilla publikoaren artean, elkarri oinak jartzea, Tabu –hitz jakin bat aipatu gabe beste bat asmaraztea-, Zakua –zaku barruko objektua ukitu eta taldekideei bertso bidez asmaraztea-, euskal kantu zaharren hasierak jarraitzea…

“Txiki-txikitik aitak eta amak…” kantatu zion Maddalen Arzallusi Joana Itzainak, gai-jartzaileak, eta hala jarraitu zuen berak:

…monja ninduten prestatu
bai eta ere Gasteiz aldera
ikastera ta bialdu
Gazteiz aldera nindoalarik
bidean nuen pentsatu
pitokeriak ikasi baino
hobe nuela ezkondu.

Ariketetan entzuleen parte hartzea bilatzen da, esaterako, bertsolarien taldekide eginez, zapien bidez edo ariketetan parte harraraziz. Ondoren, puntuak lortu eta fitxak aurreratzen dira, azkenean puntu gehien lortzen dituen taldeak irabazi arte.

Sariak ere, askkotarikoak eta gustagarriak; inguruko laborariek ekoiztutako produktuak ematen zaizkie parte hartzaileei: marmelada, gazta, bizkotxoak… Azkeneko edizioan hirugarren egin zuen taldeko kideei ongarri zaku bana eman zitzaien. Inor ez doa esku hutsik etxera.

Bertso azukretsuen arriskua

Batzuetan gerta daiteke bertsolariek esker onaren eta jatortasunaren mugak gainditu, eta bertso enpalagosoegiak botatzea ikusleei eta herriari. Eneritz Zabaletak egin zuen hori Bertsopoly batean; antza denez, Itsasuko herriari buruz lore ugari bota zituen, herririk ederrena zela, biztanlerik ohoragarrienak zituela…

Beraz, hurrengo urtean txantxa bat prestatu zuten antolatzaileek. Gutun bat idatzi zioten Eneritzi, Itsasuko udaletxeko gutun ofizial bat balitz bezala; alkatea bertsoarekin txundituta utzi zuela zioen testuak, eta herria hain ondo ohoratu zuenez, esker ona adierazteko Itsasuko festen hasierako bertsoa kantatzeko gonbidapena luzatzen zioten.

Hurrengo Bertsopolyn horri lotutako gai bat jarri nahi izan zioten antolatzaileek, baina, tamalez, ez zen berriro antolatu.

http://www.kanaldude.tv/19-Korrika-Bertsopoly-Itsasun_v3561.html

Bertsopoly