Txapelketa alternatiboak I: Plazatik Gaztetxera
Plazatik Gaztetxera –
Gai-jartzaile despistatuak, agurrak pop doinuetan, bertsolariak mozorrotuta, kuadrilla zaratatsuak, bertso txar sublimeak, publikoa epaile, barazki bat saritzat… Seguru ezagunak egiten zaizkizuela egoerak. Asko dira, izan ere, Euskal Herriko gaztetxe, lokal edo taberna zuloetan antolatzen diren bertso txapelketa ez hain formalak, gainerako txapelketen parodia txikiak, ideia zoro batetik abiatutako ekimen brillanteak. Horietako batzuen errepaso azkarra egin dugu hemen, baten bat jaso gabe geratuko zitzaigula jakitun, baina ahoz aho ordu txikitako elkarrizketetan transmitituko direla sinetsita.
Asanbladen arteko koordinazioarekin txapelketa batek 15 urteko ibilbide eder bat egin dezakeela erakutsi du Plazatik Gaztetxerak. Bertsoa gaztetxeetara eramateko modurik aproposena izan da, eta gazte asko bertsozaletzea lortu du, gainera; baita batzuk bertsolari, gai-jartzaile edo epaile gisa trebatzea ere,
Mutrikuko bertso eskolak eta gazte asanbladak eman zuten lehen pausoa. Bertso eskolako irakasleak, Mikel Aizpuruak, ikusi zuen gazteak sarriago hasi zirela gaztetxera joaten bertso eskolara baino, eta nolabait bi eremuak uztartzeko ahalegina izan zen Plazatik Gaztetxera. Asanblada sortu berri zegoen, eta bazuten harremana beste zenbait herrirekin: Deba, Mendaro, Soraluze, Elgoibar, Bergara… Gaztetxe horietan antolatu ziren hasieretako saioak, baina asanblada gehiago ere batu izan dira gerora; tartean Eibar, Lekeitio, Ondarroa eta Markina-Xemein.
Bertso txapelketa gaztetxe batean?
Hasieran askori arraroa egiten zitzaien Plazatik Gaztetxeraren planteamendua, artean ez baitzen ohikoa gaztetxeetako oholtzak bertsotarako erabiltzea. Asanbladek gogotsu ekin zioten erronkari, baina izan ziren ohitura faltak eragindako kaos uneak ere. Batzuetan, saioaren eguna iritsi eta ez zen mikrofonorik egoten; beste batzuetan, aulkiak falta ziren… eta egoera muturrekoenetan, gaiak prestatzea ere ahaztu izan zaie batzuei. Afarian zehar presaka prestatu eta aurrera egin izan dute, hala ere!
Epailetzarako eta gai-jartzaileentzako irizpideak eman zaizkie gazteei, eta bertsolariak formatzen joan diren moduan, gaztetxeak ere ikasten joan dira. Zentzu horretan asko profesionalizatu da Plazatik Gaztetxera azken urteotan.
Saioak afalostean egiten dira kanporaketetan, eta finala, berriz, bazkalondoren. Lehen bertsolariek banaka hartzen zuten parte, baina binakako formatura pasatu zen gero, saio orekatuagoak lortzeko asmoz. Horrek agurrak gehiago lantzeko aukera eman zuen, eta horren adibide da honako hau, Gemma Urteagak eta Maider Arregik prestatutakoaren zati bat –apaizez eta monagilloz mozorrotuta, meza oso bat simulatuz-:
San Mutriku
itsasertzean zerana
Txindoki baino enpinatugoa dena
zu, aldapen erreinua
egin bedi gure nahia
Plentxin ta Deban bezela
Mutrikun ere
emaiguzu gaur
desio dugun txapela
edo gutxienez parranda
ia txispa gaude ta Kriston odola edanda
ta ez hauek tentaldira eraman
egon bitez gure atzetik.
Hemen.
Agurrak eta urtez urteko hainbat bertsoaldi ikusgai daude Interneten, hein handi batean Topaturi esker. 2015ean “Plazatik Gaztetxera TB” saioa egin zuten astez aste, bertsoaldiak umoretik komentatuz eta asanblada bakoitzaren funtzionamendua ezagutzera emanez.
Gaztetxe bakoitzeko saioaren antolaketa bertako asanbladaren ardura izaten da, eta hortaz, saritzat zer eman ere beraiek erabakitzen dute. Denetariko opariak jaso dituzte urteotan bertsolariek: baratzeko porruak, eskuz egindako buruhandiak, barazkiekin egindako panpinak, kontserbak, ogia, kamisetak… Txapeldunari txapela, hori bai, hori ez da aldatu. Horrez gain, Plazatik Gaztetxera gaztetxetik plazarako bidea ere izan dadin, Mutrikuko finaleko irabazleek Kalbarioetako saioan kantatzeko aukera izaten dute.
Txapeldunen txapelketa
11.urteurrenean “Plazatik Gaztetxera Eguna” antolatu zuten Mutrikun, eta ordura arteko txapeldun guztien arteko txapelketa egin zen gaztetxean, egitarau zabalago baten barruan. Txapeldunak, asanbladak eta herrietako jendea elkartzeko aitzakia polita izan zen. Hitzetik Hortzera ere joan zen grabatzera, eta bai Jon Artanok bertso eskolako kideei egindako elkarrizketa, bai saioa, ikusgai daude sarean.
Txapeldunen txapelketak momentu on asko utzi zituen, baina bereziki bat aipatzekotan, Agin Laburuk egindako “ipurtargiaren dantza” aipatu behar da. Pareko bertsolariari barrea eragitean zetzan ariketa; bakoitzak bere koplarik umoretsuenak eta hitz jokorik eskasenak erabili zituen horretarako. Agin, ordea, harago joan zen: gabardina beltz bat txano eta guzti jantzi, aterkia ireki eta fluoreszente bat ipurdian jarri ondoren, honela hasi zen kantuan –ipurdia mugituz amaieran-.
Bertsotan parre eragitea
oso zaila denez antza
hau da nire arma sekretua
ipurtargiaren dantza!
Oraingoz, deskantsua
Plazatik Gaztetxera antolatzeak lan eta koordinazio gaitasun handia eskatzen ditu, dena borondatez, eta horrek desgaste bat dakar 15 urtean. Horregatik, aurtengoz, atseden hartzea erabaki dute asanbladen artean. Indarberrituta itzultzeko esperantza dute gerora.
Berezia da txapelketa honek eskainitakoa, eta beste askoren eredu bilakatu da. Adin ezberdinetako jendea batu du, eta bertso saio batera inoiz joango ez litzatekeena eta gaztetxe batean sartuko ez litzatekeena elkartu ditu hainbeste urtez. Plazetatik gaztetxera igaro nahi izatetik, gaztetxea plazarik onena bihurtzea lortu dute.