Txapelketa alternatiboak III: Bortzirietako bertso eskolak, Nafarroa
Bortzirietako bertso eskolak –
Hemezortzi urteko historia du Bortzirietako Taldekako Txapelketak. Bakarka aritzeko lehiaketak lehendik ere bazirela ikusita, taldeka aritzeko aukera eskaini nahi izan zuten lehiaketa honen bidez, zerbait desberdina. Gaur egun Bardoek duten funtzioa bete izan du neurri batean.
Hiruko taldetan hartzen dute parte bertsolariek, ahalik eta maila orekatuenean. Kanporaketak tabernetan egiten dira, finalerdiak eta finala, aldiz, afalostean, mahaiaren bueltan. Giro horri esker, formatu serioko txapelketetan kantatzera animatzen ez den jende askok kantatu du Bortzirietako txapelketan, eta euretariko batzuek hementxe baino ez dute parte hartzen.
Formatu aldaketak
Urteek aurrera egin ahala biziberritzea komeni da, eta hainbat proba egin dituzte txapelketaren formatuarekin. Hasierako urteetan hiru saio egiten ziren: finalerdi bana ostiral banatan, eta hirugarren ostiralean finala.
Urte batzuen buruan, ordea, Bertso Maratoia izena jarri eta dena egun berean egitea erabaki zen, probatu asmoz. Arrakasta ikusita, gehienez bi egunetan egin da txapelketa handik aurrera: kanporaketa bat Beran eta gainerako lehiaketa guztia, larunbatarekin, Lesakan –Arrano elkartean eta Linddurrenborda sagardotegian egin izan dira finalak urteotan-.
Azkeneko lehiaketa iazko abenduaren 10ean jokatu zuten, eta beste aldaketa bat ere eman zitzaion: Bertsolariak bakarka hasi ziren kantuan, bakoitzak bosna bertso. Ondoren, sailkapenaren arabera, lehenengo hamabiekin lau hirukote osatu, eta finalerdiak eta finala jokatu zituzten.
Bortzirietako bertso eskolakoak izan ohi ziren bertsolari guztiak hasieran, baina gerora, inguruko eskualdeetako taldeak gonbidatzen hasi ziren; Malerrekako eta Baztango taldeak, esaterako. Azkenekoan, “Bertso truk” ekimenarekin bat eginez, Urretxu eta Bilboko bertsolariak ere gonbidatu zituzten lehiaketara.
Inurri askoren lana
Bortzirietako bertso eskolako kideak eta inguruko lagunak aritzen dira urtero txapelketa antolatzen. Azken urteetan, Estitxu Arozenak egiten du garai batean Manolo Arozenak eta Bittor Elizagoienek –beste arduradun batzuekin batera- egiten zuten koordinazio lana: tabernetako arduradunekin egon, kartelak egin, afaria eskatu, epaileak eta trikitilariak bilatu… Gai-jartzaile talde eder bat ere badago, Alaitz Rekondok koordinatua. Dena den, eguna iristean, denek jartzen dute beraien alea: grabatzen, megafonia muntatzen, kantatzen, gaiak jartzen, epaitzen…
Gaiak bertsolariaren mailari egokitzen zaizkio, ariketa errazagoak eta konplikatuagoak bloketan sailkatuz. Denetik egiten dute: koplatan trikitiaren laguntzaz, habanera errimak emanda, ofizioka, hitzari bertsoa, puntua emanda bederatziko txikian… Bizpahiru epailek erabakitzen dute zein taldek irabazten duen.
Sari sortarik anitzena
Txapelketa gutxi egongo dira sarietan maila honetako bariazioa dutenak. Denetik banatu dute, bigarren eskuko azoka bat antolatzeko beste gauza: kamisetak, txanoak, sagardotegirako gonbidapenak, Bertso Egunerako sarrerak, mantalak, tazak, giltzarriak, kantinplorak… Azken urteetan bertso eskolaren logoa eta, batzuetan, koplatxo bat daramate oparitutako produktuek; eta parte hartzaile guztiek jasotzen dituzte, epaile eta gai-jartzaileek barne.
2006az geroztik, bertso onenari edo urte horretako bertsolari errebelazioari “Kotto” saria ematen zaio. Berako Espidobaita elkarteak ematen du, Kotto Altzuguren zenaren omenez. Saria Josu Goia artista beratarrak egindako irudia da, eta irudiaren oinarrian, urtez urte Kotto saria eskuratu duten bertsolarien izenak ageri dira.
Sarietan kopla bat idaztea ideia polita da, eta seguru Patxi Castillok beti oroituko duela. Sari gisa taza banatu zen urtean, etxera bidean guardia zibilen kontrolarekin egin zuen topo, eta haien aginduz, tazako kopla kantatu eta jartzen zuena gaztelerara itzuli behar izan zien.