Txapelketa alternatiboak II: Bertsokatu. Gasteiz, Araba.
Bertsokatu –
Bertso sariketen bertsiorik dibertigarrienetako bat ezagutu dute azken urteetan gasteiztarrek eta bertara joandako ikasleek. Kutxiko tabernak eta gaztetxea bertsotarako plaza perfektu bilakatzen dira Bertsokatun, eta ikusle mordoa erakartzen ditu sariketak, tabernak lepo betetzeraino.
Duela zazpi urte sortu zuten sariketa hau Kutxiko Katuek, bertsolari gazte arabarrak eta ikasleak elkartzeko helburuarekin. Tabernetako saioak asteazkenetan izaten dira, eta finala ostegunez gaztetxean.
Eta sariketa dibertigarria baldin bada, argi dago ezin dela zortziko handiko agur gatzgabe batekin eta eskuak poltsikoetan sartuta hasi. Bertsokatuko agurrek kantuetan oinarrituak izan behar dute —berdin du zein kantu eta zenbat—, hori baita bereizgarrietako bat, saioko zatirik garrantzitsuena bilakatu dena dagoeneko. Estilo guztietako doinuetan kantatu izan dute: Yo no soy marinero, La Loles, Sobreviviré, Doraemon, Shin Chan, Grease, Belairgo printzea, pastoralak… Atzeko “aurkariei” adarra jotzeko aprobetxatzen dituzte agurrak bertsolariek.
Hau da, esaterako, Asier Azpirozek III. Bertsokatun Peio Ormazabali botatako agurra, Se me olvidó otra vez kantuaren doinuan:
Eta Peio sasi
filosofoen aita
Bertxokon txapela
eta jo zigun gaita
gaurko hontan motel
fallo egintzak nahita
konpartitzea re
komunismoa baita.
Hau, berriz, Maria Izagak Ane Labakari botatakoa, Txuri-urdinen doinuan.
Giputxi bat pataten erreinuan
jada ez dute onartzen Gipuzkoan
eta Gasteizera emigratu du
onak gara ta ona
baina lasai aizu
poto be egin dezakezu!
Tabernentzat ere, gaia
Zazpi urtek berrikuntza askorako ematen dute, eta bertsolariak bakarrik ez, tabernak, gaztetxea eta gai-jartzaileak ere karakterizatu izan dituzte Bertsokatun. Behin lau elementu naturaletan oinarritu ziren, eta taberna bakoitzari lurra, ura, haizea eta sua jarri zitzaizkien gaitzat. Azkeneko saiorako utzi zuten bosgarren elementua: maitasuna; gau hartan Kapitain Planet agertu zen bertso saioan, eta tabernako denek udalekuetako jolas bat egiten amaitu zuten.
Beste final batean, berriz, Denboraren Makina bilakatu zen gaztetxea. Hamarkadaz hamarkada bidaiatu eta momentuaren araberako gaiak jarri zizkieten bertsolariei.
Epaileak publikoaren artean infiltratuta egoten dira, hooliganismo giroan kamuflatuta. Beraiek aukeratzen dute zein bertsolarik egiten duen aurrera. Txalometroa ere erabiltzen da –txaloen intentsitatea neurtzeko bakoitzaren baitako gailu subjektiboa-, baina ez da oso metodo erabakigarria izaten…
U, u, u, u, ardaua behar dogu
Txalometroak ez, baina alkoholimetroak zerbait markatuko luke Bertsokatun. Parranda giroan antolatutako beste hainbat txapelketaren antzera, agurrek adinako protagonismoa dute tragoek, hainbeste, non garai batean Kutxiko Katuen patxaranaren deskortxea egiten zenetan, bertsolariak behartuta baitzeuden edatera –nahiz eta askok behartu beharrik ez izan-. Beste behin, zentzumenekin lotutako ariketa batean, txupito bakoitza zerena zen asmatzen jarri zituzten. Bertsokatun ez da behar ur botilatxorik aulkien ondoan.
Ikusleek ere ardo gorri nafarra estimatzen dutela erakutsi zuten behin, kantu horren 16 bertsoen erritmoa txaloz markatu zutelako, oholtzara igo zen gizon espontaneo batek abestu bitartean. Berrogei urte Ameriketan pasatutako gizon bat zen hura, Gasteizen ordutik egon gabea, eta “bertsolaria ez naiz, baina 129 bertso dakizkit buruz” esanez aurkeztu zuen bere burua, baita sekulako giroa sortu ere.
Zure herrian bertso saioren bat antolatzen bazabiltza, KONTUZ zer objektu aukeratzen duzun gai bezala erabiltzeko! Aurtengo Bertsokatun objektua aizkora bat izan da, eta amaieran neska bati ilea moztu diote. Bai, aizkorarekin.
Bertsolaririk ez finalik gabe
Hemen ondo antolatuz gero dena lortu daiteke, eta horixe erakutsi zuten urte batean finaletik kanpo geratu ziren bertsolari guztiek. “Bertsodeskalifikatu” izeneko final alternatiboa egin zuten Errekaleor auzoan, eta epailea oilo bat izan zen. Bertsolari gutxi gogoratzen dira amaieraz, saio erdian txinatar bati whisky botila bat eta tabako pakete bat enkargatu zizkiotelako.
Bertsokatu