Tordlut: Inuiten kantu bidezko dueluak edo hitzaren boterea
Inuit herriaren ohitura ezezagunenetako bat duelu kantatuak dira, barne gatazkak konpontzeko baliatzen zituzten dueluak. Horiek hala egitearen zergatia euren antolakuntza politikoan eta euren abesti eta olerkien sorkuntza prozesuetan bilatu behar dugu.
Tordlut –
*erredakzioan itzulia
Herri hau, antzina, estaturik gabeko gizartea zen, eta ez zuen inolako lidergo sistemarik, salbuespenak salbuespen, Alaskako inuit talde batzuetan izan ezik. Hala eta guztiz ere, politikoki antolatuak ez egoteak ez du esan nahi idatzi gabeko oinarrizko lege batzuk ez zituztenik. Lege garrantzitsuena zen, arrazoizko motiboren bat tarteko izan ezean, inor ez zegoela salbuetsia taldearen biziraupenagatik borrokatzetik; horretarako, inuitek beren norbanako eskubideak sakrifikatu behar zituzten komunitatearen mesedetan. Horregatik, inuiten legeen xede nagusia taldearen batasuna eta harmonia mantentzea ziren, eta norbanakoen jarrerak erregulatzen zituzten komunitatearen biziraupena bermatzeko helburuarekin.
Jatorria: poesia eta kantu primitiboa
Oraindik ere gogoan dut nola hasi zen nire benetako historia inuitekin, 1997ko udaberrian, Bartzelonako Museo Etnologikoan lanean nenbilela. Irakurleek itzulitako liburuak apaletan gordetzen ari nintzen, eta supituki horietako baten izenburuak nire arreta bereganatu zuen: Poesia eta kantu primitiboa, Cecil Maurice Bowra literatur kritikari britainiarrarena. Liburua ireki eta irakurketa izenburua bera baino are erakargarriagoa egin zitzaidan.
Egileak dio herri baten bizitza ehizaren mende dagoenean, inuitenean kasu, pertsonarengan egokitzapen bat ezarri ohi dela, eta, ondorioz, gizakien ekintzak aurkezten direla emozio eta erreakzio naturalak eragiten dituen ehizaldi gisako zerbaiten antzera. Horregatik, kantua eta poesia lirateke planetako baldintza gogorrenetan bizi den herri baten arrakastek edo porrotek sortutako emozioei irtenbidea emateko kanalak. Hala, zorte txarrari zein euren gaitasun ezari erreferentzia egiten zieten kantuak zeuzkaten.
Bowraren arabera, nekez adieraziko ditu kantu primitiboak epai moral esplizituak eta inoiz ez ditu portaera ereduak emango. Baina baliteke inuiten poema eta bertso batzuek balio sistema bat errespetatzea, askotan betebehar senarekin eta ohorearekin zerikusia duena. Horregatik daude hainbat abesti mota inuiten artean gogo aldarteen edota gatazka egoeren araberakoak. Azken honen adibide garbia da tordluta: abesti eta bertso satirikoak ziren zeinak erabiltzen baitziren bat-bateko kantu bidezko dueluan eta komunitatearen barne gatazkak konpontzeko metodo juridiko gisa, hilketa kasuetan izan ezik; horiek vendetta bidez ebazten ziren.
Eta horrela, inuiten ohitura zahar horren berri izanik, erabaki nuen Ipar Handira orientatzea nire iparrorratza, Artikoko poeten bila joateko.
Tordluta, inuiten arteko gatazken konponbide juridiko bat
Herbert König legelari alemanaren arabera, inuitek, funtsean, barne gatazkak konpontzeko hiru forma juridiko zeuzkaten, nahiz eta noizbehinka Alaskako eta Kanadako toki batzuetan zigorrak ezartzen ziren delitu batzuengatik. Batetik ukabilkadaka egiten ziren borrokaldiak zeuden, Alasko eta Kanadako Artikoaren erdialdeko eremu batzuetan egiten zirenak. Halaber, bazen gorputzez gorputz egiten zen borroka ere, hala nola Groenlandiaren mendebaldeko kostaldearen erdialdeko zein iparraldeko zenbait tokitan, Baffin irlan (Kanada), Alaskan eta Siberian. Eta azkenik tordluta, iviutita, ivinneqa edo piseqa daukagu (inuit komunitate bakoitzaren dialektoaren arabera), Labradorren (Kanada), Alaskan eta Groenlandian egiten zen kantu bidezko duelua. Azken kasu honetan, Königen datuei Kanadako Artikoaren erdialdea gehitu behar zaie.
Tordluta jarduera soziala zen, non kantu lehiaketa baten bidez komunitateko kideen arteko gatazkak konpontzen ziren. Prozedura horrek ez zuen inongo erabaki juridikorik eskatzen, aski zen taldearen aurrean kexa formal bat azaleratzea eta arerioen arteko tirabirak amaitzea. Horretarako, irabazle bat eta galtzaile bat behar ziren. Gerta zitekeen irabazlea izatea benetako delitugilea, baina ordutik aurrera behar bezala portatzen bazen komunitatean integratzen zuten berriro, eta horrela berrezartzen zen taldearen oreka sozial, mental eta emozionala. Gainera, ekitaldia jendaurrean egiten zenez, urriagoak ziren arazo berak berriz sortzeko aukerak.
Kantu lehiaketa hasten zen pertsona batek beste bati desafio egitean, ustez besteak egindako arau hauste batengatik. Bietako batek kantu bat inprobisatzeari ekiten zion, arerioaz trufatuz, haren portaera eta akatsei burla eginez, irainak ere erabiliz, baina, orokorrean, baita zekizkien hitz joko eta amarru linguistiko guztiak ere, aurkaria irrigarri uzteko eta ikusleengan (komunitate bereko kideak) ahalik eta barre gehien eragiteko. Batek kantu satirikoak inprobisatzen zituen bitartean besteak isilik egon behar zuen, pazientziaz, bere txandaren zain.
Kantu bidezko dueluak danborraren erritmora egin ohi ziren, eta, askotan, probokazio keinuekin lagunduz, baita arerioaren aurpegia buruarekin kolpatuz ere. Desafioa irabazten zuen patxadari eutsi eta isekei eta irainei jaramonik egiten ez zienak. Baina bietako inor ez bazen bere onetik ateratzen komunitateak hautatu behar zuen garailea. Halakoetan, mingainik zorrotzena eta irudimen bihurriena zuenak irabazten zuen. Zalantzarik izpirik gabe, inuitentzat hizkuntza tresna zorrotz baten antzekoa da, hain zuzen ere erabiliz zorrozten den bakarra[1]. Horren adibide garbi bat La Vanguardia egunkarian 1920an ateratako albiste batean aurki dezakegu:
Duelo entre esquimales. Los duelos entre esquimales son divertidísimos. Nunca acaban mal, pues la única arma que esgrimen es la lengua. Cuando dos individuos tienen un disgusto y se desafían, los amigos forman un corro, y los adversarios quedan en el centro. Entonces, el más viejo de los que presencian el duelo echa a suertes para ver cuál de los dos combatientes ha de ser el primero en manejarla sin hueso. Después que se han insultado y llamado «pedazo de hielo, rabo de zorra, nariz de quilla, rengífero loco» y otras lindezas por el estilo, que son acogidas por todos los habitantes del pueblo con enorme carcajada, la disputa sigue, cantando, bailando y golpeando tantanes.
Cuando descansan, vuelven a decirse uno a otro cuanto se les ocurre, cuanto de ellos saben o cuanto piensan, y hasta arrancan tiras del pellejo de los antepasados. El concurso, infatigable, asiste con regocijo al original duelo, y hasta participa indirectamente en él, suministrando proyectiles verbales al contrincante de sus simpatías; por último, es proclamado vencedor aquel que más ha hecho reír con los directorios dirigidos a su adversario.
Batzuetan umiliazioa hainbestekoa izaten zen, non galtzailea herria uztera hel zitekeen. Kantuen sormenean agerikoa da ez soilik beren kulturaren errealitatea transmititzeko gaitasun inteligentea, baita bertan sorburua duten sentimenduak komunikatzekoa ere. Zentzu horretan, inuitak benetako maisuak dira, beren sorkuntza poetikoen bidez giza izaeraren errai ezkutuenetara sartzen baitira. Ikus dezagun adibide bat (Rouland, 1979, 146. or.):
Nutarqaken duelu satirikoa Maratseren aurka
Kantu bat kantatuko dut
zure izena dut kantatuko, Maratse.
Noren aurka kantatuko dut?
Nori zuzenduko natzaio?
Zure izenaren kantua denez, Maratse,
zure kontra kantatuko dut.
Uda sasoian,
Nôrssîtetik kanpo
zure emaztea joan zenean
eta zure maitalea joandakoan,
jendea horretaz hizketan entzun nuen:
Maqâq honek (Maratseren ezizena) zer egin dezake?
Zer dauka buruan?
Beste emazte bat hartuko du,
hirugarren emazte bat hartuko du!
Guztiak gosez hiltzen utziko ditu,
baita udako egun beroetan ere.
Noiz izan duzu hiru emazte izan dituen
gizon baten berri,
guztiak hiltzen uzten dituena,
baita udako egun beroetan ere?
Lehenengo hitz egin duzu
eta desafioa bota didazu,
eta pentsatzen dudanean zu izan zinela lagundu ninduena!
Maratseren erantzuna
Utzidazue poema bat osatzen,
utzi gogora ekartzen
kantu bidezko duelu honetan dudan aurkariak
emazte ugari izan dituela.
Oroitzen dut
nola hartu zituen
bere emazteak nire aurkariak.
Gogoratzen dut nire aurkaria
umezurtz bat bezalakoa zela, aitarik gabea
eta bere emazte ugariak
beretzat ziren…
ama eta amona gisakoak!
Nutarqak, ez galdu denbora kantatzen
emazteak dituenari buruz,
hiru dituenaz,
zeinak uzten dituen goseak hiltzen
udako egun ederrenetan ere.
Seguru nago zutaz entzun dudala.
Gauza asko entzun ditut zutaz,
emaztea hartu nahi zenuela,
hirugarren emaztea,
baina haiengatik,
baina lverneq eta Pitdleqiatdlangneq direla eta
ezin izan zenuen hartu
haiek behar zutelako,
begitxindorra zuena,
bere ilea zorrozkailu baten modukoa zena.
Hegoaldera joan omen ziren,
Nutarqak eta bere taldea hegoaldera joan ziren.
Ez zeukaten beren arroparik ere,
ez zuten mugak besterik.
Gogoratu orain, pentsatu orain
uda erdia zela
eta ozen kexatu zinen
eta errukarri egin zenuen negar
eta esan:
Utzi hemen,
eta ekarridazu.
Hau da nire danbor kanta,
nora joan behar zuen galdetzen nion neure buruari,
non erabili behar dudan,
non ezarri behar den,
gizaki bat balitz bezala,
umezurtz bat balitz bezala.
Non erabil daiteke gajo hori,
non aurkituko du atseden hartzeko zerbait?
Horien aurka erabiliko da
aitzinatu behar ditugunen aurka;
zure aurka, Ilinguakëqen familia zarena.
Burla egin zidala esaten dute,
zorotzat jo ninduela.
Esaten dute Sermilikoek,
emakumeak barne,
bildu zirela
hain ero portatu zinenean
ergelkeria haiek elkarri egin zenizkiotenean.
Hain ergela zarenez,
beraz ergela izan behar duzu
hain ergela benetan
umeek bezala negar egiten duzula,
ondoan dituzun umeek bezala.
Hori entzun genuenean,
ezin izan genuen beste ezer egin
guk ere negar egin behar izan genuen,
alde egin zuelako
emazteak utzi ninduelako
Pujôqek alde egin zuelako,
beste batekin joan zelako
negar egin nuen harengatik
hasperen egin nuen beragan pentsatzen.
Baiki, negar egin nuen harengatik.
Baiki, hasperen egin nuen Pujôqen pentsatuz
Zeren nire herrian,
Kialineqen,
Pujôqek niretzat lan egin baitzuen.
Kantu bidezko duelu hauek gizon zein emakumeek egin zitzaketen, baina inoiz ez ziren mistoak izaten. Hala eta guztiz ere, kasu kurioso bat gertatu zen Tasiilaq (Groenlandia) herrian, 1972an. Aldamenean dagoen Sermiligaaq herriko emakume batek gizon bati egin zion aurre, bere familiaren ohorea defendatzeko (bera Ajukutoogen ondorengoa zen, azken xaman groenlandiarretako bat). Mototsa askatu eta ilea solte utzi zuen, gizon baten antza handiagoa izateko, eta tordlut edo iverdini (zonaldean kantu bidezko duelua izendatzeko erabiltzen duten hitza) bati ekin zion. Irabazi egin zuen, eta bere aurkaria erabat lotsatua sentitu zen emakume baten aurka galtzeagatik.
Horrela kantu bidezko dueluak oreka soziala berrezarri eta, modu baketsuan, oso batua zegoen komunitate baten egunerokotasunean sortzen ziren tentsioak baretzen zituen.
Kantu bidezko dueluen historia
Zaila da jakitea inuitak noiz hasi ziren kantu bidezko duelua erabiltzen beren barne gatazkak konpontzeko. Lehen erreferentzia deskribatzaileak zein ilustratuak XVIII. mende erdialdekoak dira, Han Poulsen Egede misiolari daniar-norbegiarrak azaltzen digunean inuit groenlandiarrentzat “beste batzuei buruzko kopla satirikoak konposatzea arte handi bat dela, eta aurkariari gailendu ahal zaion gizona miretsi eta txalotzen dute gainontzekoek. Inork jeloskeria edo herra sentituko balu beste batekiko, duelu baterako desafioa botako dio deblauki eta, elkartzean, bere kontra kantatuko du” (Egede, 1925, 379. or.). Beste alde batetik, Jens Kreutzmann artista eta margolari groenlandiarrak Ajaguttaken eta bere aurkariaren arteko duelu bat marraztu eta deskribatu zuen (1860 inguruan). 1906an, William Thalbitzerrek (filologo daniarra eta eskimologia irakaslea Kopenhageko Unibertsitatean) kantu bidezko duelu bati ateratako argazki bakarretako bat utzi zigun, Groenlandiaren ekialdeko itsasertzean ateratakoa. Era berean, azpimarratzekoak dira Paul-Émile Victor etnologo eta esploratzaile frantziarrak egindako erregistroak, 1935ean zehar Groenlandiaren ekialdeko kostaldean pasatu zuen denboraldian zenbait duelu jaso zituelako, baita batzuk grabatu ere.
Inork ez daki zehazki noiz amaitu ziren kantu bidezko dueluak. Inuitak mendean dauzkaten estatuek ezarritako politikek mendebaldeko sistema judiziala ezarri zuten 50eko eta 60ko hamarkadetan, inuiten metodo juridiko tradizionalen kaltetan. Gobernuek ez zuten onartzen delitu baten erruduna zigorrik gabe eta garaile irtetea duelu batean. Uste da Groenlandiaren ekialdeko kostaldeko ammassalimiutak (edo Iitak) izan zirela praktika horrii eutsi zioten azkenak. Iiten arabera, gogoan atxiki duten azken dueluetako bat 1920an jokatu zuen Paulusek eta Saamuk. Eta, gerora, duelu hori Knud Rasmussen eta Friedrich Dalsheimenen Palos brudefærd (1934) filmean antzeztu zuten.
Anda Kuitse. Artikoko azken poeta
Hamabost urte baino gehiagoan bila ibili ondoren, azkenean, 2013ko apirilaren 9an, Kulusukeko herrian (Groenlandiaren ekialdeko kostan), Artikoko azken poeta ezagutu nuen: Anda Kuitse. Wiiliimmi (Gillermo) Kuitseren eta Milka Kuitseren (Miilikka) semea –biak ala biak danborraren dantzari lotutako artista inuit ezagunak eta errespetatuak–, eta Kuitseren biloba, Groenlandiako ekialdeko kostako azken xamanetako bat.
Anda 1951ko otsailaren 27an jaio zen Kulusuken. 1959an bere lehen foka ehizatu zuen, zortzi urte besterik ez zituela, eta 1980an bere lehen hartz polarra ehizatu zuen. Baina inuit ehiztari handia baino nahiago izan zuen musikari izan. Txikitatik ikasi zituen buruz kantu ugari eta baita bere gurasoek eginiko zenbait kantu bidezko duelu ere, eta kasete batean grabatu zituen sekula ez ahazteko.
19 urterekin tromme danser (danbor dantzari) bilakatzea erabaki zuen. Musikak Belgikara, Kanadara, Ameriketako Estatu Batuetara, Japoniara eta Suizara eraman zuen, besteak beste. 1974an egin zuen Andak kantu bidezko bere azken duelua (1972an egin zuen lehena) Tobias izeneko ehiztari inuitarekin, Kulusuken bertan. Jolas moduan egin zuten, bai, baina “klandestinoki” egin behar izan zuten agintari daniarren errepresalien beldur.
Bere arreba Anna Kuitse (1942-2012) ere, familia usadioari jarraitu eta talentu handiko danbor dantzari gailena izatera heldu zen. Anai-arrebak Groenlandiaren ekialdeko kostaldeko kulturaren enbaxadore izan ziren, eta nabarmendu nahi izan zuten dantza, kantua eta danbor dantzaren gisako tradizio eta arte formek jarraitu egin behar zutela, euren herriaren nortasun kulturala mantendu ahal izateko. Horregatik, Andak eta Annak danborraren dantzaren artea irakatsi zieten belaunaldi berriei, tradizioa desagertu ez zedin.
2015eko maiatzaren 11n, Andak eta biok kantu bidezko duelu bat antzeztu genuen (fig. 9), Kulusuken, Miilikka bere amaren omenez egindako monumentuaren parean. Aspaldiko ametsa bete nuen, kantu bidezko duelu bat izan nuen Artikoko egiazko poeta batekin.
Anda Tasiilaqeko ospitalean hil zen 2019ko irailaren 21ean. Bisitatu eta agurtzeko aukera izan nuen. Besarkatu ginen, eta elkarrekin partekatu genituen 6 urteetako oroitzapen eta esperientziak eraman nituen. Ospitaletik irteterakoan jabetu nintzen nire ametsen zati bat harekin joango zela, eta baita danbor dantza eta tordluta bizirik mantentzeko itxaropena ere. Uste dut Anda ohartu zela pentsatzen nuenaz, eta bere azken irribarrearekin esan zidan: “Agian nire Kalaallit Nunaat (Groenlandia) independizatzen denean, kantu bidezko duelua legala izango da berriz ere gure lurrean”. “Arrazoi izango ahal duzu, lagun!”, pentsatu nuen une hartan.
Qujanarssuaq zure ondare guztiarengatik, beti biziko zara nire bihotzean. Asavakkit! Takuss!
[1] Bitxikeria moduan, Eminem rap abeslariak bere 8 milia (2002) pelikula autobiografikoan azaltzen du «rap edo oilar borroken» jatorria inuiten kantu bidezko dueluetan dagoela.