Sormena Unibertsolaritzan

Alain Ulazia-(r)en argazkia Alain Ulazia 2019-05-14
Argazkiak: Iñigo Sierra eta Ion Markel

Sormena unibertsolaritzan – 

Zientzia eta bertsolaritzaren arteko talka eta laztanak

 

Oppenheimer fisikariak gauza asko egin zituen bere bizitzan, agian gehiegi: sanskritoz irakurtzen ikasi, Estatu Batuetako alderdi komunistan sartu-irten batzuk ‘gorrien sorgin-ehiza’ zeritzonaren garaian, zulo beltzei buruz eta unibertsoaz teorizatu, bonba atomiko txiki bat egin (lehenengoa) eta desertu batean probatu eta abar luze bat. Fisika kuantikoaren oinarriak ezartzen ari zen Dirac haren kideak hala galdetu zion poesia ere idazten zuela enteratu zenean: “Oppenheimer, esan didate poesia idazten ari zarela. Ezin dut ulertu nolatan gizon batek aldi berean fisikaren mugaldeetan lan egin eta poesia idatzi dezakeen. Aurkakoak dira. Zientzian, aurretik inork ez zekien zerbait esan nahi duzu, edozeinek uler ditzakeen hitzekin. Poesian, edozeinek dakien zerbait esan beharra duzu, inork ulertzen ez dituen hitzekin”.

Diracentzat fisikaria uni-bertso-laria da, unibertsoan gauza berriak topatu eta esplikatu nahi dituen neurrian, eta unibertsoko legeen neurrira kantatzen du matematikaren bidez, lege horien batasun baten bila, lege nagusi eta bakarraren bila, bertatik guztia eratortzeko eta azaltzeko. Aldiz, bertsolari poeta, multi-bertso-laria litzateke, bizitzako gauza jakinak modu anitzetan esaten eta kontestuaren araberako formula berriekin adierazten dituenez.

Edota Oteizaren iruditerian bertsolaria atzeraka itsasoan sartzen den eta cromlech hutsetik zeru zenitarekin (ortzimugarekiko 90ºra) konektatzen duen hodi-izakia baldin bada, hots, garraiobide izpirituala, zientzialaria itsaspetik gureganantz bueltaka datorren masa dentso eta borobila litzateke, hots, geroz eta handiagoa bihurtzen den goroldio-alga meta beltz bat, lurreratzean su hartzen eta sua ematen duena. Jakinduriek Mundua Erreko Dau izendatu zuten (JMED aurrerantzean), ez kasualitatez hain apokaliptiko, zientzia eta bertsolaritza uztartu nahi dituen saioen bilduma. Bertsolaria eta zientzialaria kontrajarrita ikus daitezke horrela, sortzailea suntsitzailearekin aurrez aurre ipinita edo.

Bere ikerketa-taldeak sortutako lehen bonba atomikoa Los Alamoseko desertuan lehertzen ikustean liburu sakratu hindu bateko bertsoa aipatu zuen Oppenheimerrek:

Orain herio bilakatu naiz
Munduen suntsitzaile.

Poeta/zientzialari = Sortzaile/suntsitzaile ekuazioa asintota urrunetara eramandako sinplifikazioa da, bai, baina gizartean zein irizpidetan mugitzen ari den ulertzeko egokia izan daitekeena. Hala ere, zatibanaketa bitar horren tartean aurkitzen da maiz aipatzen ez den zubi bat: sormenarena. Hain ezberdinak al dira bertsolariaren eta zientzialariaren sormen prozesuak?

Horretaz galde egin diogunean, Kepa Korta EHUko hizkuntzaren filosofiako irakasleari ez zaio gustatu Diracek Oppenheimerri esan ziona, poesia eta zientziaren arteko oposizio hori. Argipen kontzeptual hau egiten du: “Ez dut uste harridurarako arrazoi gehiago dagoenik zientzialari poesiazale baten aurrean edo poeta zientziazale baten aurrean”. Batasun argia seinalatzen du Kortak giza jarduera gisa: “Zientzia —zientziak, pluralean hobe— eta arteak giza ekintzak dira, giza jarduerak eta, hala izanda, batzuek zein besteek daukate tokia sorkuntzarako eta aurkikuntzarako, tradizioari jarraitzeko eta tradizioarekin hausteko, arrazoiarentzako eta emozioarentzako, edertasunerako eta egiarako”. Askotan galdetu ohi da: “Zer nahiago duzu, itsasoa ala mendia?”. Eta tentazioa izan dezake batek erantzuteko: “Igeri egiteko, itsasoa; oinez ibiltzeko, mendia”, Lazkao Txikik egingo zukeen moduan. Erantzuna egiazkoa litzateke, eta zintzoa, baina hutsala, Kortak nabarmendu duenez, batzuetan ikusi nahi ez diren gauza ebidenteak mahaigaineratuz, eta poesia eta zientziaren arteko oposizio artifiziala deseraikiz.

JMED saioetan gai-jartzaile ibili den Kike Amonarrizek ere antzekotasun handiak topatu ditu bai batzuen eta bai besteen mintzaldietan. Hala baieztatzen du Amonarrizek komunikazioan erreparatuta: “Bai zientzialariak eta bai bertsolariak publikoarengana zuzentzen dira saiootan, eta publikoari komunikatu nahi diote zerbait. Zutik denek, eta publikoari begira. Esan beharrekoa aldez aurretik prestatuta ekarri ohi dute zientzialariek. Bertsolariek, noski, bat-batean kantatzen dute, baina biek ala biek buruari eragin behar diote publikoarengan emozioak nola sorrarazi asmatzeko. Ideiak ordenatu, hurrenkera bat eman, ‘kolpeak’ dosifikatu… Komunikazioari dagozkion oinarrizko lege komun asko aurki daitezke “bakarrizketa zientifikoen eta bertsolaritzaren artean”. Gaiak aukeratzeaz gain, gai horiek nola jorratu, nola azaldu ahoz landu dute saio hauetan zientzialariek, zenbaitetan umorea, elipsiak edo esaldi deigarriak erabiliz. “Ez dabiltza, beraz, bertsolaritzatik horren urrun”, Amonarrizen ustez.

Komunikaziorako baliabide poetikoen erabilera iradokitzen da hemen. Baina sorkuntzan bertan ere hala izan daiteke, hau da, problema zientifikoarentzat edo bertsotarako gaiarentzat aterabide bat asmatzerakoan. Uxune Martinezentzat (JMED saioen koordinatzailea eta EHUko Zabalkunde Zientifikorako Arduraduna), bertsolariak gai-jartzaileak irudikatutako testuinguru berri bati erantzun behar dio eta forma propioa eman. Horretarako, hainbat galderari erantzun behar die. Errima, doinua eta neurria jartzen diote gai bati, istorio bat josten dute, ulergarria den azalpen koherente bat landuz. Bestalde, zientzia ere sormenean datza, Martinezen ustez. “Zientzialaria erantzun bila dabil haren zereginean, inguratzen gaituen errealitateak dituen inkognitak azaltzeko asmoz eta horien gakoak aurkitu nahian”. Eta bidearen bukaeran “errealitate berri bat sortzen dute”.

Biek gaia, arazoa edo inkognita azalduko duen eredu bat eraiki behar dute, beraz. Baina hori sortzeko helduleku edo gako bat behar da, baliabide bat, ‘gauzak bere esentziaren arabera begiratzea’, Anibal Lecterrek Marco Aureliori zita eginez barrote atzetik esan zuenez.

Sagarrondoaren itzalpean lasai zegoela erori zitzaion sagarrak xuxurlatu ei zion belarrira Newtoni Grabitate Unibertsalaren Legea. Utikan! Marierrauskinen ipuinak egia izateko aukera gehiago dauzka. Izatez, literaturaren eta poesiaren eremura bakarrik mugatu ohi duten metafora erabili zuen Newtonek. Bai, metafora bat fisikaren jaiotzan. Sagarra ortzimugarantz indar handiz jaurtiko balu, hura antipodetaraino (Errezildik Australiaraino) iritsiko litzatekeela imajinatu zuen unibertsolari hark. Are indar handiagoz jaurtiz gero, munduari bira eman eta bere orpoan eroriko litzatekeela; indar handiagoz igorrita, bira eman eta bere buru gainetik igaroko litzatekeela, edo bi edo hiru bira emango lituzkeela; eta existituko dela indar oso-oso handi bat, zeinaren eraginez, sagarra orbitan mantenduko litzatekeen… Ilargia bezala! Hara hor, lurreko gorputzen higidura eta zerukoena bat eginda, metafora bisual batean: ilargiaren gure inguruko higidura oso-oso bizi jaurtitako sagar batenaren gisakoa da. Biei indar ikusezin batek lurraren zentrorantz tira egiten die, inguruko orbitatik ihes egin ez dezaten. Unibertsolariak unibertsoko lege bat topatzen du horrela, beste planetetan, sateliteetan eta izarretan ere betetzen dena.

Ez da bertso batez une txiki batean jende askoren aurrean sortutako metafora bat, jende gutxik ulertuko duen eta betirako lege bat ezarriko duen teoria ahaltsu baten aurreko metafora bat baizik. Baina metafora ederra da, bertso eder bat mamitu dezakeena bezala. Eta azken punturako pentsatutako metaforak bertsolaria sormenaren itsasoan murgildu dezakeen gisan (oroitu Lujanbioren sua, “bi begiradek pizten dutena”), halako metafora bisual batek zientzialaria eraikuntza teorikoan eta matematikoan murgiltzen du, maiz urte luzez.

Hala sortzen dira zientziako metafora iradokitzaileak: lente grabitatorioa, astro batek atzeko izar baten argia erakarri eta desbideratzean sortzen den anplifikazioa; edo zulo beltza, ingurune kritiko batean dena tragatzen duen hildako izar ikaragarri hori. Maiz erabili da literaturan halakoen indar metaforikoa. Egañak JMED saio batean sagardo kupel bati bizkarra emanda nazioarteko zientzialariei kantatu zienean, zulo beltzaren iradokitze ahalmena erabili zuen: “Baina konfiantza daukat / zientziaren esanean / zuloak arakatuaz / segi zazue lanean / bertsolariak onenak gera / janean ta edanean / eta zulo beltz bihurtzen gera / mahaian jartzen geranean”. Paiaren itzulpenean, zientzialarientzat: “…bertsolaris are the best drinking and eating/ we absolutely are black holes when we are close to a table“.

Sormena unibertsolaritzanSaio hori eta gero fisikari famatu bat hurbildu ei zitzaion Egañari eta zera esan: “Zure bertsoak txundigarriak dira, baina gehiegi erretzen duzu”. Hara hor errealitatearen behaketa zintzoa, zientzialariaren begietatik eta ahotik. Izan ere, zientzialariak oso pelmak izan daitezke gauza oso konkretuekin, batez ere fisikariak eta matematikariak. Bohr fisikari kuantikoarekin inork ez zuen nahi izaten zinera joan, westernetan, pelikularen erdian horrelako galderak egiten hasten baitzen adibidez: “Hau al da apatxeak hil duen gizonaren emaztearen zaldia?”. Newtonek ere grabitazio lege unibertsalaz zeruko gorputzen higidura deskribatzeko matematika berri bat asmatu ondoren, gobernuarentzat detektibe lana egin zuen tabernetan infiltratuta, eta zilarrezko eta urrezko txanponak ertzetatik gastatzen zituzten hainbat faltsifikatzaile bidali zituen urkabera.

Gauza konkretuak eta detaileak nabarmentzeko ez ezik, horiek sailkatzeko eta erlazio sistema batean barneratzeko joera aipatutako uni-bertso-lariarengan presente dago beti, itxuraz fenomeno urrunenak eta ezberdinenak nolabait batzeko imajinazio jarduera etengabean.

Ikasle bat aspaldi agertzen ez eta matematika laga zuela poeta bilakatzeko esan zioten Hilbert matematikari eta maisu ezagunari. “A, ondo, ez zeukan matematikarako nahikoa imajinazio”, esan zuen. Diziplina bakoitzak bere aldera ekartzen du meritua, baina zenbat dira matematikarien aparatu mental irudimentsuak ulertzeko eta aitortzeko kapaz? Gremioko beste lauzpabost lagun, munduan. Matematikan ez dago, urteetako lanaren ondoren, estadioa betetzen duen masa-jendearen txaloa eta olatua. Baina, klase logikatik, nork balidatzen du lan matematiko bat? Elite batek. Aldiz, herri xeheak badaki bertso on bati antzematen.

Enetz Ezenarroren ustez (matematikaren filosofian egin zuen tesia eta EHUko irakaslea da), bat-batekotasuna desberdintasun garrantzizko bat da. Matematikan, eta zientzian oro har, ahalegin jarraitua, sarritan denbora luzekoa behar da, eta emaitza partzialak limatzen joatea da kontua. Bertsotan ez daki holakorik dagoen. Izatekotan, igual bertsolari baten ibilbidea konpara daiteke, emaitza partzialak limatze horrekin. Hala eta guztiz ere, plazer estetikoaren bilaketa, bi kasuetan, motor garrantzitsua dela dio, teoriaren edertasuna maiz egokitasunarekin lotuta doalako. Matematika zatarrek ez ei dute luzerako bizitzarik, ez eta aplikagarritasun handirik ere. Ildo horretan, fisikariek Maxwellen edo erlatibitate orokorreko ekuazioen simetria ederrez hitz egiten dute, zirkunferentzian inskribaturiko Leonardoren Vitruvioren gizonean idatzita baleude bezala.

Eta galdera interesgarri bat bota digu Ezenarrok bat-bateko edertasunaren harira: Eurekarik ba al dago bertsolaritzan? Arkimedes bainuontzian sartu eta urak egiten zion bulkadaren neurriaz jabetu zenean bezalako une distiratsurik? Egañaren behiak jezteko aulkia Eureka arkimedestarrarekin alderatzea euskal-handikeria da, baina antzeko sormen mekanismoak badaude tartean. Eureka hitzetik dator Heuristika hitz garrantzitsua, grekoz “arazoak soluzionatzeko artea” adierazten duena, eta, eskola batzuetan, matematika eta zientzia irakasteko erabiltzen da estrategia didaktiko gisa. Teoria magistralik gabe, problema bat aurkezten zaie ikasleei eta hori ebazteko denbora bat ematen. Problema-ebazpen ariketa etengabean murgiltzen dira horrela, eta kontzeptu teorikoak problema horretan pentsatzen hastean mamitzen dituzte, irakaslearen laguntzaz. Polya matematikari hungariarrak horrelako problemen aurrean tresna heuristiko jakin batzuk daudela zioen, denontzat —ez bakarrik matematikari super-inteligenteentzat— berdinak: analogia, muturreko kasuen azterketa, abstrakzioa, etab. Egañaren behiak jezteko aulki txikia, Ikean ere ez dagoena (edo azkenean bazegoen?), muturrera eramandako kasu baten azterketa da. Edo Lujanbioren sua-begirada erlazioa, analogia bat. Tresna heuristiko berdintsuak problema matematiko batentzat nahiz bertso problema (jarritako gai) batentzat. 

Zumaiako bertso eskolako ikasle eta irakasle izandako, eta orain Irlandan olatuen energia ikertzen ari den, Markel Peñalbak ere tesi horri eusten dio. Oinarrian, sormen prozesua berdintsua da bertsolaritzan edo zientzian: “Iruditegia oso antzekoa da. Errealitate bat sortu behar da, eta bietan behar da azterketa zehatza eta hausnarketa sakona”. Diferentzia exekuzioan dago. “Bertsolariak errealitatea nahi adina bihurritu dezake, are gehiago, errealitate paralelo batzuk asma ditzake. Ez dago inongo mugarik”. Aldiz, ikerketa zientifikoan bihurritu ezin dena horixe da, “errealitatea oso zurruna da, ez da batere elastikoa”. Edozein aurrerakuntza zientifiko errealitatera ekarri beharra dagoela dio zumaiarrak, baina, bertsotan bezala, iruditegi bat eraiki behar dela hausnarketa zorrotz batez.

Horrek zientzia eta letren arteko lubaki klasikoa kolokan jarri behar luke, eta matematika humanizatu. Baina ‘zientziak versus letrak’ gaia JMED saioetan ere ateratzen da. Lujanbio eta Uria euren alabak zer ikasi beharko lukeen eztabaidan ari dira: Lujanbiok zientziak dio, Uriak letrak. Zientziaren alde argumentu merkantilistak erabiltzea ohikoa da jakinduriak mundua erre baina bitartean gauzak produzituko dituelako: “Ikas itzazu zientziak / merkatura irten / letrei inork ez die / kasurik egiten”. Baina zailak dira zientziak: “Kimika ta fisika / a ze anabasa / baietz karrera egiten 7 zortzi urte pasa”. Eskuineko argumentuak, berriz, zientzien alde: “Filosofia fuera / ta kimika gora / Wertek esan bazuen / hala izango da”, edota “hori ikasten badu / diozun planean / baietz Alemanian bukatu lanean”.

Bertsolariak gizarteko ohiko rolak hartzen ditu eta zientzia negozioarekin lotzen da sarri, egungo matematikari eta fisikari onenek show audiobisualetako hainbatek baino askoz gutxiago kobratzen dutenean. Sistema hegemonikoak zientzia eta —batez ere bere hizkuntza— matematika, pentsamendu robotikoarekin eta naturaren bortxaketarekin nahita lotzen duela dirudi, errealitatea esplikatzeko hain garrantzizkoa den tresna elite gutxi batzuen formula enigmatikoetan gordetzeko. Akaso, “letra” jendeek, zenbaitetan, Zientzia-Letrak lubakian lurra botatzea komeni da aitzurra eta pala hartuta, beti ohiko argumentu binarioak erreproduzitu gabe. Horregatik eskertzen ditugu zientzialariok Gagarin astronauta sobietarraren omenez Durangoko DJ Itsuak egindakoa bezalako lanak, edo Jone Uriaren simetria edo funtzio matematikoari buruzko bertsoak “bertsomate” bideoetan.

Sarriegik hola agurtu zuen JMED saio bat: “Bertsoa ez da zientzia baina bere legeak baditu”. Ez hori bakarrik, sormen tresna irudimentsu eta antzekoak erabiltzen dira bietan, bertsolariak jendea emozionatu eta zientzialariak naturako fenomenoak hotzean azaldu nahi dituen arren. Errealitatearen eraldaketari buruzko arazoan ere antzekoak dira: badaude zientziak gizartea hobetu eta eraldatu dezakeela pentsatzen duten zientzialariak, bertsoak berdina egin dezakeela pentsatzen duten bertsolariak bezala. Eta bi arloetan daude hori ezinezkoa dela, akats larri baten arriskua beti dagoela pentsatzen dutenak. Argi dago akats posiblearen nahiz bertute posiblearen tamaina askoz handiagoa dela zientzialariarentzat, beste ardura bat daukala bere gain. Galdetu bestela Openheimmerri.

 


 

BIDEO ERREFERENTZIAK

Zientzia edo letrak . Maialen Lujanbio eta Jone Uria.

 

https://bertsoa.eus/bertsoak/13537-jone-uria-eta-maialen-lujanbio-zientziak-eta-letrak

 


 

M- Ikasitzazu zientziak / merkatura irten / letrei inork ez die / kasurik egiten.

J- Kimika ta fisika / a ze anabasa / baietz karrera egiten /zortzi urte pasa.

M- Filsofia fuera / ta kimika gora / Wertek esan bazuen / hala izango da.

J- Hori ikasten badu / diozun planean / baietz Alemanian / bukatu lanean.

M- Ze diferentzi dago / joan ihesian / edo hemen geratu / ta langabezian.

J- Kazetaritza egin / dezala ta akabo, / ETBn aldatzeko / zeozer badago.

M- Gero ETBn eman / eguraldi txarra, / hori baita sinistu / litekeen bakarra.

J- Ta baietz diru pila / artea aitzaki, / ze gero obra bat zer den / inortxok ez daki.

M- Ta harri batez bi kolpe / izango dira, ño / poetikoagorik / ez da zientzia baino.

J- Poztuko gintuzke ta / gu biok harritu, / zientzia politikoak / egingo balitu.


 

Egaña, zulo beltzari buruz: fisikaren indar poetikoa, ba al dago zulo beltza besteko indar poetiko metaforikoa duen kontzepturik.

https://bertsoa.eus/albisteak/5119-bertsoa-eta-zientzia

Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan  Sormena unibertsolaritzan