Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara

Argazkiak: Ane Zuazubiskar

Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara –

2021eko udaberrian egin zen I. Señora Sariketa. Asmo handiak genituen, baina hiru saio izan zituen lehenak, pandemia girora moldatutakoak. Seina bertsolarik kantatu zuten kanporaketetako bi saioetan, Aramaion eta Mutrikun. Eta Lesakan egin genuen finala, sei bertsolarirekin. Bina bertsolari sailkatu ziren kanporaketetatik, eta finalean zain zituzten ohorezko bi señora, señoratasunagatik zuzenean finalera deitutakoak. Susmoa dut bertsozale eta bertsokide askok pentsatu zutela: “Ari dira orain ere hauek, eurenean”. Ari gara, gurean. 2021eko udaberrian egin zen I. Señora Sariketa, eta bidean da bigarrena.

 

Orain entzungo duzun hau

Irakurriko duzun hau ez da kontakizun bat baino. Atzera begiratu eta egiten den edozein errelato da apur bat gezurrezkoa, edo apur bat puztua, edo apur bat komenentziaz sortutakoa, baina behin idazten hasita, hau da I. Señora Sariketaren sorrerari buruzko errelatoa.

2020ko abenduaren 27a da, ez du eguraldi zoragarririk egiten, baina goizean ez du euririk egin, eta, adituen irizpidearen aurka, COVID-19ari aurre egiteko neurriak malgutzea erabaki dute administrazioek. Erkidego batetik bestera ezin mugituta ibili gara ia bi hilabetez Hego Euskal Herrian, baina gabonetako ospakizunen aitzakian, batetik bestera mugitzeko baimena eman dute Gasteizko eta Iruñeko gobernuek. Bestela ere egingo lukete agian, baina baimena besapean, Herniora igotzeko hitzordua egin dute sei lagunek. Bertsolariak dira batzuk, bertsozaleak besteak: Maider Arregi, Udane Mugerza, Saioa Alkaiza, Maddi Ane Txoperena, Maider Gorritiberea eta Eli Pagola. Feministak denak, eta bazterrak nahasten abilak. Pasatu dute Zelatun, eta Hernio puntan, arnasa estututa eta gurutze tartean, batek proposamena: “Señora txapelketa bat egin behar dugu. Bertsolari emakumeek kantatu dezaten. Señora sariketa bat, edo horrelako zerbait”. Ideia hori puzten egin dute maldan behera bidea, eta, bazkalosterako, ideia bat baino zerbait gehiago da Hernio puntako proposamena.

Mahaitik presaka altxatu, eta Asteasura egin dute. Azaroan zen egitekoa II. Pello Errota sariketaren finala, baina pandemia betean, atzeratzea erabaki zuten Harituz Bertsozale Elkarteak eta Asteasuko Udalak. Pare-parean egokitu zaie finala Herniotik jaitsitakoei. Amaia Iturriotz Etxanizek jantzi du txapela, neurri-neurriko saioa eginda. Bigarrenez antolatu dute Pello Errota sariketa, eta lehen aldian bezala, Pello Errotaz ez eze, Mikaela Elizegiz ere akordatu dira antolatzaileak. Iturriotz ere gogoratu da Elizegiz, Mikaelaren marrazkia daraman oihalezko poltsa eman baitiote txapelarekin batera, eta poltsa sorbaldan jarrita kantatu du agurra: “Mikaela Elizegi/ da gure paisaia,/ ta gaur ginen Erika,/ Izarne, Amaia./ Aldatu nahi ditugu/ doinua ta gaia/ eta zirtoak berez/ daukan esanahia./ Elkar hartuta gaude,/ saretu gera ja,/ ta ez zaigu asko inporta/ besteen epaia…/Elkar hartuta gaude,/ saretu gera ja/ Mikaela, hauxe da/ señoren garaia”. Asteasuko Lege Zaharren Plazan elkartu dira Hernio puntako haizea eta Iturriotzen txapela. (Ironia pixka bat badu kontuak, dena esaten hasita). Señora Sariketaren berririk izan gabe aipatu ditu señorak Iturriotzek, eta dobleko poza eman die horrek. Finala ikustera hurbildutako beste bertsozale eta bertsolari batzuei ere bota digute ideia. Ados, Señora Sariketa antolatuko dugu.

 

Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara

 

 

Hauek eurenean orain ere

Herniotik jaitsitakoei beste dozena bat batu gintzaizkien hurrengo asteetan, gai jartzaile, bertsolari, antolatzaile eta epaileak, eta tokian tokiko lagunek ere egin dute posible saioak egitea. Bertsozale feministak eta bertsolari feministak. Eta bertsozale eta bertsolari feministen lagun feminista ez hain bertsozaleak. I. Señora Sariketa antolatzeko lanetan aritu den taldeari begiratuta, hori aurkitu dugu abanikoan. Saioak antolatzera ohituta dauden bertsozale eta bertsolariek batera egin dutelako izan da posible sariketa, elkarrekin aritzeak eman diolako harrari jaten. Zerbait hutsetik egitearen poz txikiak puztu gaitu, eta kode batzuei plaza berriak ematearen satisfazioak.

Señora, autoizendapen hori

Gaztelaniaz erabiltzen da ‘señora’, eta gehienetan ez du tonu gozoegia, baina hitz guztiei eman dakieke buelta. Harritu egiten da batzuetan jendea, baina Iturriotzek txapeldunaren agurrean bezala, zentzu onean esaten dugu askok “zeinen señora zaren”. I. Señora Sariketa antolatu genuela esan genuenetik gehien erantzun dugun galdera izango da “baina señora, zergatik?”. Maider Arregik Berria egunkarian emandako erantzuna baliatu dugu horren ostean galderari erantzun behar izan diogunetan: “Ikusi genuen definitzeko zaila dela, baina denok ulertzen dugula zer den señora bat, eta kontzeptu hori aldarrikatu nahi genuen. Izan ere, emakume indartsu bat da señora bat, ahaldunduta dagoena”.

Praktikak egin ditu señorak señora. Señora da Haizea Arana, femeninotasunaz trufaka Señora Sariketaren finalera inoiz jantziko ez dituen belarritako eta alkandora koloretsuekin agertu zena. Edo Alazne Untxalo eta Saioa Alkaiza, euren animal printik ederrenak jantzita. Edo Amaia Agirre, Lesakako finalera ileapaindegitik pasata etorri zena. Edo señora dira Aramaioko lehen kanporaketan hirugarren lerroan eseri ziren hiru andreak, hirurogeita hamar bat urtekoak, ez bereziki bertsozaleak, baina saioan beste inork baino barre gehiago egin zutenak. Edo señora da Onintza Enbeita, armairuko zapata takoidun dotoreenak jantzita etorri zena Lesakara. Edo señora dira Mutrikuko Kalbarioko ermita ireki eta barre txikiarekin aldarean bandera morea jartzen lagundu ziguten auzo elkarteko andreak.

Orri osoa bete dezakete adibideek, praktikak egin ditu señorak señora, estetikak ere bai. (Baina zer ez da estetika oholtzan? Eta zer ez da praktika oholtzan?). Bakoitza bere señoratasunak bizi du, baina izenak berak eman du aitzakia helburu asko betetzeko. Belaunaldien arteko loturak egiteko (gutxitan elkartzen dira oholtza batean 17 eta 44 urte bitarteko sei bertsolari), aitzindari sentitzen ditugunei aitortza egiteko (Lesakan “palkora” gonbidatu genituen Arantzazu Loidi, Kristina Mardaras, Rosi Lazkano, Maialen Lujanbio edo Estitxu Arozena, eta zuzenean finalera sailkatu ziren Amaia Agirre eta Onintza Enbeita) eta bertsozaleek plaza askotarikoa izan litekeela jasotzeko.

Aldarri egin nahi genuen, aldarri, señoren alde. Baina bigarrenerako sortu du zalantza señoratasunak, eta eman digu zer pentsatua. Transfeminismotik begiratu liteke mundua, baina ez gara beti nahi bezain koherenteak. Emakumeei bakarrik eman behar die ahotsa Señora Sariketak? Nola egin diezaiekegu lekua oholtzan tokirik apenas duten gorputzei?

 

 

Bai, baina sariketa

Behin zerbait antolatzen hasiko, eta sariketa bat antolatu. Señoren artekoa, berria, berritzailea, belaunaldiartekoa, baina sariketa. Lehiak dena egiten du deigarriago, eta bagenekien hori proposamenari forma ematen hasi ginenean. Bi ahoko labana izan litekeela jakinda, lehia ere geureganatu nahi genuen. Bestelako sariketetan edo txapelketako lehian sentitu dezakegun estutasunari iskin egiteko modua eman zezakeen Señora Sariketak. Eta eman du. Txapelketak eta sariketak, oro har, eremu oso maskulinizatuak dira oraindik, eta lehiarekiko bizipenak ere horri lotutakoak dira. Beste modu bateko lehia irudikatu nahi genuen Señora Sariketan, baina eutsi egin genion sariketari, besteak beste, sariketa izateak lagundu zuelako giroak behetik gora egin zezan.

Epaitzeko moduari ere jarri nahi genion arreta, eta tokian tokiko bertsozale feministak jarri genituen epaile lanetan. Bertsoak banaka eta batetik hamarrera epaitu beharrean, bertsoaldika epaitu zituzten, eta ohiko irizpideez gain, bertsoaldietan “feminismoari egindako ekarpena” ere hartu zuten aintzat. Amaia Agirre izendatu zuten Lesakan I. Señora Sariketako txapeldun. Txapeldun edo. Señorakeriari eutsi, eta pamela dotore bat brodatzeko enkargua egin genion artisau bati. Estitxu Arozenak jarri zion pamela Agirreri, bederatziko txikian, oilo-larruz aditu genuen Lesakako Arrano tabernako terrazan eseritakoek: “Amaiaren troba,/ bide izango da,/ alperrikan ez dadin/ pasa denbora”. Eder dago pamela Agirreren buruan; etxeko egongelan eskegita duela uste dugu.

 

Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara

 

Arrakasta, señora eta andreok

Hitz potoloa da, badakigu, eta neurtzeko adierazle zaila, baina ondo egindakoak ospatu egin behar dira. Bertso plaza askotarikoa dela esaten dugu, eta askotarikoagoa dela azken urteotan. Bertso plaza guztiek dute adostutako kode inplizitu bat, parean dituen bertsozaleen araberako hizkera darabil bertsolariak. Guk, kode berrietan aritzeko bide eman izanaren pozez amaitu genuen I. Señora Sariketa: nahi gabe, edo sariketaren izenari kantu molde bat lotu zaiolako, bizipen antzerakoak zituzten oholtza gainekoek eta oholtza azpikoek. Belaunaldi ezberdinetakoak izan arren, kode bertsuan elkar ulertzeko modua eman zien Señora Sariketak. Ez dugu bolbora asmatu, badakigu gutxi-gehiago bertso plaza denetan gertatzen dela hori, baina kode konpartituak berritu eta zabaldu izanak zerikusi handia du saioetan sortutako giroan.

Elkarrekin oholtzak betetzera ohituta ez dauden bertsolariak elkartu dira sariketan. Batzuk ohituta daude bertso eskolan elkartzera edo saio batzuetan batera kantatzera, baina nekez gertatuko dira sariketa batean I. Señora Sariketan izandako kartelak. Jaialdietan ere, kostata. Umorean asmatu izanaren poza nabarmendu zitzaigun sariketa bukatzean, sariketetan kosta egiten baita umorean asmatzea, eta plazan, gutxiago izaten dira señoren artean umoretik kantatzeko aukerak.

Irakurri duzun hau ez da kontakizun bat baino, oraindik zer kontatua eta zer kantatua baden arren. Pamela etxean du Amaia Agirrek, eta pameladunaren agurra gordeta antolatzaileek, bigarrenerako bidean:

 

Esti, Maialen, Rosi,

garai gogorretan,

Kristinan artelanak

gizonen obretan,

erreka bat sortu zait

begi lehorretan,

antolatzaileekin

nijoa zorretan

bidelagun gazteak

artistak horretan,

segi autopistak sortzen

bidezidorretan.

 

Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara

 

Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, 
Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa,
animal printa Herniotik Lesakara Señora Sariketa, animal printa Herniotik Lesakara