Pizkundearen olatu abertzalea: Bigarren olatuaren aurretik
Bigarren olatuaren aurretik –
Lehen Euskal Kultur Pizkundeak bi olatu izan zituen. Lehenengoa Foruen galerarekin piztu zen, entitate politikoaren galeraren aurrean, euskal nortasun berezituari eutsiko bazitzaion, azken lubaki gisa planteatu zen erreakzio kulturalarekin. 1880ko hamarraldian eman zen irakinaldirik indartsuena, ideologiaz foruzaletasunari lotzen zitzaion belaunaldi batek izan zuen lidergoa, eta euskal gaiak, tarteka baita euskaraz ere, lantzen zituen aldizkari andana eta Lore Jokoen gailurra izan zen euren ekarpen nabarmenena.
Bertsolaritzari dagokionean, Iparraldean lehenagotik ere emanak ziren hainbat pausu. Agosti Chahok, esaterako, bat bateko bertsolaritzaren apologiari eta bilketari ekin zion 1840ko hamarraldian, edo bertsolari bat jarri zuen euskaldunon patriarka gisa Aitorren kondairan, euskal nortasunaren ikur bihurtzeko bidean jarriz. Antoine Abbadiek, berriz, 1850eko hamarralditik Lore Jokoak antolatzen zituen urtero, eta beste herrietako Jokoetan egiten zen lehiaketa idatziaz gain bat-bateko bertsolaritzari ere toki bat gorde nahi izan zion. Baina Lore Jokoak Hegoaldera pasatzean eta Jose Manterola, Arturo Campion eta enparauen eskutik jo zuen goia proiektu hark: euskal nortasunaren ikur gisa bertsolaritzari kultura jasoaren janzkerak eman nahi izan zitzaizkion. Honela, Abbadiek bertsolariak frontoira eraman bazituen eurak antzokietara eraman zituzten, eta Pello Errota, Udarregi eta garaiko gainerako bertsolari ezagunenak protagonista zituzten lehen bertso kronikak argitaratu zituzten.
1890eko hamarraldirako indarra galtzen hasia zen olatu hori, besteak beste, Sabino Aranak garai hartan sortu zuen eta berehala zabaltzen hasi zen ideologia berriak, abertzaletasun jeltzaleak, beste lehentasun batzuk ezarri zituelako: euskal kultura beharrean euskal arraza nortasun ikur gisa, eta kulturgintza beharrean borroka politikoa estrategia nagusi gisa.
Jeltzaleen lehen belaunaldi hark ez zion sinpatia handirik bertsolaritzari. Europako garaiko nazionalismo guztiek egiten zuten bezala jarrera garbizale bat hartu zuten: nazioaren kulturak moralki garbia behar zuen, hizkuntzak atzerriko eraginetatik libre, eta bertsolariek jardunak, elizetan baino sagardotegietan erosoago moldatzen zena eta neologismo sabindarrak ulertzen ez zituena, ez zuen eredugarritik ezer. Ideologia berria nagusitu zein heinean antzokietatik sagardotegietara bueltatzea tokatu zitzaien bertsolariei, eta bertso kronikak desagertu egin ziren.
Argitaratuak ditugu aldizkari honetan bertan, Lore Jokoei eskainitako monografikoan, mendea estreinatu berritan euskal intelligentsiaren baitan nagusitu zen gutxiespen jarrera ilustratzen duten Etxegarairen epaia edo Txomin Agirreren salaketa: bertsoetan jorratzen diren gaiak erabat hutsalak ei dira, bertsolarien talentua ezdeusa, euren euskara gorniak jota dago, entzuleen gustu ona ez ezik euren moralitatea erasotzen dute, bertso paperak bildu beharra dago bai, baina denak erretzeko eta abar. Horiek argitaratzen ziren garai berean, ordea, jarrera aldaketa baten lehen zantzuak ere hasiko dira ernatzen.
1902.an hainbat hilabete kartzelan egin behar izan zituen Sabino Aranak. Kartzelatik gaixorik irten zen, eta 1903an hil, 38 urte zituela. Bere proiektuaren aldaera berri bat ere ekarri zuen, ordea, kartzelalditik, lehentasunak berriro ere nolabait lehengora zeramatzana:
[…] bigarren formulazio-saio bat egin zuen Aranak, ongi ezaguna denez, 1901.-1902. urteetan. Horrela, Engrazio Arantzadi ‘Kizkitza’ri egindako eskutitzean lehenik eta jendaurrean ondoren, integrazio politiko-operatiborako Estatu propioa sortzea bultzatu ordez Euskal herriaren osakera soziokulturala, eta bereziki euskararen gerorabidea, segurtatzeko eskuragarriago izan zitezkeen xede-helburu eta jokamoldeen garrantzia azpimarratu zuen saioaldi berri honetan. (Zalbide, 1988: 396)
Bere heriotzaren ondotik jeltzaleek are garrantzi handiagoa hartu zuten, eta beste hainbeste gertatu zen Aranak azken urteetan azpimarratutako kulturgintzarekin ere. Engracio Aranzadi Kizkitza eta Evaristo Bustintza Kirikiño, biak kazetariak, lehenengoa Euzkadi egunkariaren zuzendari eta bigarrena bertako euskarazko atalaren sortzaile, izan ziren belaunaldi horretan ildo sabindarrari jarraitzen zion kulturgintzako figura garrantzitsuenak. Mikel Zalbidek jasotako Kizkitzaren hitzok erakusten dute hartutako lan-ildoa: “No es el aspecto político lo único ni lo eminente de la acción nacionalista, […] Hay que trabajar por la identidad étnica y social de la nacionalidad” (1988: 396).
Bestalde, batez ere Gipuzkoako eta Nafarroako jeltzaleen artean, Arturo Campionen eta ‘euskaroen’ kulturalismoak, jeltzaletasunaren sorrera baino zerbait goiztiarragoa, dezenteko eragina izango du:
“El imaginario literario creado por Campión y sus compañeros, un vago sentimiento de comunión nacional que no cuajó en acción política definida, tuvo en cambio una gran repercusión en toda Euskal Herria. Muchos vascos llegaron al nacionalismo, no a través de ‘Bizkaya por su independencia’ [Arana], sino gracias a la lectura de ‘Pedro Mari’ (1895) o ‘Blancos y Negros’ (1889) [Campion]. Las ideas políticas de Campión tuvieron gran influencia en el nacionalismo navarro y me atrevería a señalar que también en el guipuzcoano, especialmente en lo que se refería al ámbito lingüístico.” (Aizpuru, 2000: 65)
Pizkundearen bigarren olatua hasia da harrotzen, 1910eko hamarraldiaren amaieran euskal kulturaren lehen instituzionalizazioa ekarriko duen olatua, eta bertsolaritzaren eremuan 1930eko hamarraldiko gailurra, Euzko Pizkundearena deitu dioguna, ahalbidetuko duena.