Perpetua Saragueta nafarra, euskal idazle aitzindaria
Beste pertsona batzuen bizitzak ezagutzea beti izan da eta izanen da interesgarria, eta are gehiago zerbait ikasteko aukera ematen digutenean. Hau da Perpetua Saragueta Mezkiritzeko idazlea eta Trinidad Urtasun bertsolari baztandarraren kasua. Idazlea lehena eta bertsolaria bigarrena. Emazte-senarra. Ez zuten bizimodu erraza izan eta zailtasun eta oztopo latzen gainetik, gogotik lan egin zuten aurrera ateratzeko. Eta beti euskara erdigunean jarrita. Gerra aurretik emakume gutxik idazten eta argitaratzen zuten euskaraz, baina Perpetua Saragueta nafarrak hainbat argitalpenetan egin zuen, herria eta euskararekiko maitasunak, irakurtzeko zaletasunak eta idazteko grinak bultzatuta. Oso eredu inspiratzailea, gaur egun esaten den bezala.
Perpetua Saragueta Saragueta Erroibarko Mezkiritz herrian jaio zen 1905eko abuztuaren 3an, eta Iruñean zendu, 1986ko martxoaren 26an.
Rikardo Saragueta zuen aita eta Dionisia ama. 13 anai-arrebetatik zaharrena zen Perpetua eta txikitatik ezagutu zuen baserriko lan gogorra. Sei urte besterik ez zituen beharrari lehenbiziko aldiz deitu zionean. Aita egur garraioan zebilen egun batean, alabak esan zion bera era gauza zela mendira joan eta egurra asto gainean ekartzeko. “Zoaz eta beharrak kargatuko dizu”, erantzun zion aitak, eta hala egin zuen haurrak. Egurra hartzeko tokira ailegatuta, ez zekien nola egin puskak. Asto gainean jarri eta oihuka hasi zen beharrari laguntza eskatuz, baina inor agertu ez eta azkenerako, etsirik, animaliaren gainean egurrak jartzen eta lotzen hasi zen, “eta ongi paratu ere, fardelkeriarik gabe”, bere idazki batean kontatzen zuen bezala. Azkenean herrira iritsi zen “bidean egurrik erori gabe haatik”, bere hitzen arabera. Etxeko atarian erne aita, ama eta amatxi, neska noiz iritsiko zain. “Aita, ez da nehor etorri laguntzera”, eraso zion haserre alabak. –“Eta nola egin duzu?” –“Nola? Ahal nuen bezala. Zer eginen nuen bertzela?” –“Hori da beharra”. Horrela gertatu zitzaiola berari ere, azaldu zion orduan aitak, bere adin bertsua zuenean.
Eskola murritz
Eskolara lau urtez baizik ez zen joan Perpetua. Zazpi urterekin hasi zen herriko beste 56 haurrekin batera, eta laster eta ongi ikasi zuen idazten eta irakurtzen. Irakasle lanetan Manuel Lusarreta apaiza, bertako semea, zebilen. Garai hartan Erroibarko elizetan elizkizunak erdaraz egiteko ohitura sarturik zegoen ordurako, baina Lusarretak sermoiak, kristau ikasbidea eta sakramentuak euskaraz egiten zituen Mezkiritzen. Pozak gutxi iraun zuen, hala ere, eta handik hiru urtera apaiza gaixotu eta eskola itxi egin behar izan zuten. Perpetuak, eskolaren faltan, eskuetara iristen zitzaion guztia irakurtzen zuen gogoz.
Urte hartan, beste ezbehar handi bat ere izan zuten etxean: aitak istripu larria izan zuen txondorrean, ikatza egiten ari zelarik. Bi besoak hautsi zituen eta bizi guztirako galdu zuen eskuetako indarra. Amak eta orduan hamar urte besterik ez zuen Perpetua txikiak hartu zuten lanaren ardura, berak idatzi zuen bezala: “Adin hortan geurek in genduze(n) egurrek, eta in genduze(n) iketz tokiek. Geurek prestatu, igual bortz labe batian erretzen. Txinurriak bezala aitzen gine(n) lanian”. Hala ere, ikazkintza utzi egin behar izan zuen Saragueta familiak eta aitak Mezkirizko unaitza hartu zuen Herriko abereak egunero mendira eramateko. “Kantuz egoten zen mendian, gero etxean negar egingo bazuen ere”, idatzi zuen alabak.
Idazle lehen garia
Perpetuaren amatxi hil zenean, haren hileta iragarpena eta arimaren aldeko mezen egunak adierazteko idazkitxoa eraman zuen Iruñeko Pensamiento Navarro egunkarira. Testua ikusita, hango kazetari batek proposatu zion herriko berriak periodikora bidaltzea, eta neska gazteak pozik hartu zuen ideia. Garai horretan berean, Doxandabaratz Iruñeko mediku abertzalearekin hartu-emana izan zuen, osaun arazo bat zela medio. Egun batean, medikuak ikusi zuen Perpetuak zeraman bere artikuluetako bat eta galdetu zion ea zergatik ez zuen idazten La Voz de Navarra egunkarian ere. Handik gutxira, Baionatik Eskualduna aldizkariko eskaria etorri zitzaion eta, gero, Donostiako Argia-rena ere. 1929tik eta 1936an gerra hasi arte komunikabide horietara bidaltzen zituen kronikak, beti euskaraz, eta beti ezizenez sinatuz. Hasieratik, Txorrondo sinatzen zuen; bera bizi zen auzoaren izena zen hori. Bigarren izengoitia Mendigibel izan zen, eta Argia astekarian, Aritza izenarekin aritzen zen. Hori dena gerra hasi zen arte.
Ama familiakoa
26 urte zituela Baztango Trinidad Urtasun bertsolariarekin ezkondu zen. Saragueta familiak bazituen hurbileko ahaideak Iruritan. Izeba batek janari denda zuen han. Alargun gelditu berria zen eta bisitan joan zitzaizkion Perpetua, ama eta anaia txikiena, bera baino 20 urte gazteagoa. Izeba osasunez ez zebilela ongi ikusita, Perpetuaren amak hari laguntzen utzi zuen neska gaztea Iruritan. Bestalde, Trinidaden aitak okindegia zuen eta ogi banatzen joaten zen gaztea egunero dendara. Horrela ezagutu zuten elkar, harremanetan hasi eta ezkondu egin ziren 1931n. Perpetuak 1935ean autoa gidatzeko baimena atera zuen, okindegiko autoarekin ogia banatzeko. Nafarroan gidabaimena zuen bigarren emakumea zela aitortu zioten Iruñean. Baztanen izan zuten lehenbiziko alaba Miren Agurtzane, baina, osasun arazoengatik, Mezkiritzera itzuli behar izan zuten. Gerra piztu zen eta haiek markatuak zeuden bata bertsolaria eta bestea euskal idazlea izateagatik. Egun batean bila joan zitzaizkien etxera. Falangista batek, Eugiko guardia zibilek lagunduta, bi alaba txikiekin zegoela Trinidad hartu eta sekulako jipoia eman ondoren, kanpora atera zuten gizona autoan eramateko. Apaiza eskatu zuen berak, eta hura etorri zenean esan zien gizon hori atxilo eramateko bere gorpuaren gainetik pasa beharko zutela. Gizon zauritua han utzita alde egin zuten. Egun horretatik aurrera gizonak ez zuen burua altxatu berriz, eta ez zen lan egiteko gai izan gehiago. Perpetuak atera behar izan zuen familia aurrera, sei alaba txikirekin. 1944an Iruñera joan ziren bizitzera. Gau eta egun aberatsentzat josten eta brodatzen ateratzen zuen diru pixka bat.
Trinidad Urtasun
Trinidad Urtasun (1894-1978) zenaren bertso gutxi ezagutzen da. Aita Zavalak zazpi jaso zituen Bidasoa aldeko bost bertsolari liburuan. (Auspoa 97). Etorri biziko koplaria omen zen gaztetan, eta nahiko ausarta sexu eta harremanen gaietan. Hori dela eta Perpetuak bertso ia guztiak erre zituen, inoiz alaben eskuetan eror ez zitezen. Baina hori dena amaitu zen jasandako zigorrada horrekin. Kolpeen ondorioz bizipoza eta buru argitasuna joan egin baitzitzaizkion betirako.
Idazketa bigarren aroa
Gerrako eta gerraondoko isilune luzearen ondoren Perpetua hasi zen berriro idazten eta 1979tik 1986ra argitara eman zituen idazki horietako asko Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarietan Jose Maria Satrustegi euskaltzalearen laguntzaz. Testu horietan sorterriko deskribapenak, ohiturak, gertaerak, pasadizoak, familiako kontuak, fede eta erlijio gaiak jorratu zituen, besteak beste.
1977an Nere oroimenak liburu autobiografikoa idatzi zuen. Bere bizitzako pasarteak, bizimodua eta egileak ezagutu zuen Erroibarko euskararen berri ematea zen eskuizkribu horretan bildutakoak.
Testu batean honela aitortu zuen bere asmoa: “Orain etzaide deus inport. Nai nuke nere alaben ume guziek iakin dezaten ez dela bizia berek izan dutena bezain ona. Baita ere nai dut, berek, nere billobek ikasi dezaten nere euskera bera hots egiten, irakurtzen eta idazten”.
Perpetuaren inguruko lanak
Egile honi buruz egin diren lanen artean azpimarratu behar da Euskarabideak eta Euskaltzaindiak 2011n Iruñean argitara eman zutena: Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia. Andres Iñigo Euskaltzaindiaren orduko Nafarroako ordezkaria da liburuaren egilea eta bere helburua zen idazle honen obra osorik, baita argitaragabeko hainbat testu ere biltzea.
Lan horrek bi gehigarri ditu. Lehenengoak Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara bidali zituen Espainiako gerra zibilaren aurreko garaiko Mezkiritz (Erroibar) eta Arizkun (Baztan) herriei buruzko sei kronika jasotzen ditu. Bigarrenean, Jose Maria Satrustegik 1977 eta 1979 urteetan Saraguetari egin zizkion hiru grabazio daude MP3 formatuan. Grabazio horiek Euskarabideko mediatekaren bidez ere entzun daitezke.
Bestalde, oso interesgarria ere bada Jose Maria Satrustegik Bidegileak bilduman eskaini zion liburuxka.
Aparteko dohainak
Jose Maria Satrustegik Bidegileak bildumaren barruan Perpetua Saraguetari eskainitako zenbakian aipatzen du emakume honek “aparteko dohainak” zituela “ezkutuko zantzuak eta urrutiko gertaerak igartzeko orduan”. Eta hala dio: “Bazen ofizioko ingeniari ospetsua Nafarroako Diputazioan, ustezko meatze eta lurpeko uren bilaketan erabaki garrantzitsuak hartu baino lehen, ikerlanen azken froga pendulu mugikorraren bidez baserriko alabari eginarazten ziona. Sentiberatasun handiko pertsona zen eta asko sufritzen zuen nonbait izandako ikuskizun eta agerpen zehatzekin. Anaia gaztea ikusi zuen, adibidez, bertan egon balitz bezala gerran hiltzen, eta berak esandako zauri eta keinuekin gertatutzat eman zen ofizialki hurrengo egunetan. Bere ahizpa Argentinan zendu zen unea ikusi zuen beste batean, biloba gaztetxoa bakarrik zegoela ohe buruan ziurtatuz –nolako jantzi eta guzti– eta haren azken hitzak errepikatuz. Ondorengo berriek egiaztatu zuten, hitzez hitz, unea, tokia, neskatoaren presentzia soila eta Perpetuak beretzat zuzenean jasotako azken mezua. Ez dira, noski, antzeko pasarte bakarrak. Berezko dohaina zen eta ustekabean gertatu ohi zitzaizkion ikuskariak, ez berak nahita. Lanbro zuriz inguraturik ikusi ohi zituen berri onak, eta txarrak beti gorriduraz estalitako sabai aurrean. Gogorrak egiten zitzaizkion aurkezpen bitxiok, eta ez ziola inori opatzen horren sufrimendurik, esan ohi zuen”.
Triniri buruz idatzitakoak
Nire oroimenak liburuan aurki ditzakegu Perpetuaren hitz hauek, senarra hil baino lehen idatziak. Liburua 1977an plazaratu zuen eta senarra hurrengo urtean zendu zen. Pasarte hauetan bertsolariaren etorriaz eta eritasunaz mintzo da.
Perpetuak gogoratzen du adibidez nola Trinik Txirritaren bertso hauen bidez adierazi zion amari haren alabarekin ezkondu nahi zuela:
« | Bagindazin, bagindazin biok gozo-gozo, ezkontzeko mandatu egin diot atzo. Ama preparatu zait hasarrez betia, lemexiko oihua, zenbat dek dotia. Hainbertze kostatuko alaba maitia lastima izango lukek hiri emaitia |
Eta beste pasarte batzuetan hauek irakur ditzakegu:
- “Ezkondu ginelaik bere paperetan irakurri nitue bertso ain zakarrak neskatxendako eta erran nako: Nahi zinuke zure alabendako norbaitek ori egitea? Erre egin nitiie. Nik ez nue maite alako gauzaik eta ez nue utzi ere olakoik egitera. Erran zirete bein: Iruritako neskatxei etzagote ongi juan, zu emengo mutil batekin azkontzea! ‘Nere erriko mutilei bezala!’ erran nion nik. ‘An ere gaizki artzen dute neskatxa bat edo mutil bat kanpora juaten badire.’”
- “Bein batez paratu zitue bi banabarra dilinden, eta erran zioten 36ean, zer erran nahi zuen arrek. Irakurri zak! Biba Nabarra! (Banabarra, alubia da Baztango euskeran)”.
- “Oraño bere eritasun aundiarekin eta guzie, ez balin badago arront moteldua, errakozu. ‘Zer ari zera Trini?’ Eta berak: ‘Emen, ezin bizi eta ezin fini’ Bertze batzutan errain du: ‘Emen nago il alzineko gaitzaikin’”.
- “Anitz aldiz egon da anka eskuñe arront azi, eta beltz beltza egine. Sendagilleak: ‘Hau dena adineingatik da’. ‘Ez, jauna, ez!’ errantzio Trinik. ‘Bi ankak adin berekoak dire’”.
- “Zenbat aldiz bertze bertsolariekin aitzen ze bertsotan! Bere erbaltasun guziaikin anitz aldiz bertsotan aitzen da. Baño mingaña moteltzen zaio anitz. Erraten du. ‘Zertara etortzen gara! Ezin ikusi, ezin ibili, ezin aitu, ezin itzeguin, ezin mogitu’. Baditu Iauetan ogeita iru urte”.
Errekonozimendua
2019ko abenduan Iruñeko Kondestablearen jauregian Hemen baditun 14 erakusketa zabaldu zuten. XX. mendean zehar euskararen sustapen eta normalizazioaren alde arituriko emakumeak omentzeko ekimena izan zen hura, Iruñeko Udaleko Berdintasun Alorrak eta Euskara Zerbitzuak antolatutakoa Euskararen Eguna ospatzeko.