[PERLAK] Perla solteak: Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian

Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian –

Prentsa historikoak bertsolarien arrastoa ez ezik garaian garaiko eragileek bertsolarien inguruan irudikatu duten proiektuaren arrastoak ematen dizkigu, eta, zenbaitetan, harritu ere egiten gaituzte arrasto horiek, desgaraikoak diruditen ideiekin topo egitean.

Horrela gertatzen da bertso eskolen eta bertsolarien elkarte baten beharraren ingurukoekin, esaterako. Bertso eskolak 1980ko hamarraldi hasieran hasi ziren loratzen eta gaur Bertsozale Elkartea dena hamarkada horren bigarren erdian sortu zen. Suma zitekeen bertsolaritzaren historian funtsezkoak izan diren ideia horiek lehenagotik hasiko zirela eztabaidatzen, baina sorpresa polita izan da prentsako lehen aipamenak 50 urte lehenago, gerraurreko Euzko Pizkundean topatzea.

Nola ez, Aitzolen, ziklo hartako ideologo nagusiaren, testu batean, topatu da lehen aldiz ordura arte entzun gabea zen musika: Nobilisimo empeño el de ‘Euskeltzaleak’, que para dignificar y ennoblecer al bertsolari se propone fundar una Sociedad para suscitar vocaciones de jovenes improvisadores grabándoles los ideales que engrandezcan su estro, para que esta nuestra poesía popular se desborde sobre la alegre campiña (…) cuajada de lores y sobre las muchedumbres vascas, iluminadas por los rayos solares de un vigoroso renacimiento (Euzkadi, 1930/V/6, ‘¿Desaparecera el bertsolari? (Una inquietud…)’, Ariztimuño, Jose).

Bistakoa da bertsolaritzaren instrumentalizazioak gehiago kezkatzen duela transmisioa baino. Baina ‘fundar una Sociedad para suscitar vocaciones de jovenes improvisadores’ dezente gerturatzen zaio elkartearen-bertso-eskolaren ideiari.

 

Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian
Pierre Lafitte (1901-1985)

 

Gutxira, Lauaxeta, zerbait gehiago gerturatzen da: “Gaur bere bertzolari onak daukoguz, Bizkaikuari bakarrik nagola, ona Uriarte, Enbeita gastia, Zidorra, ‘Eulia’ eta abar. Baña bertsolari guztiokaz bazkun bat egin bihar geunkela uste dot, gure laguntasuneaz barrijak sortu daitazan (…) Gazte asko dogu orretarako yayuak diranak, baña baserriko bakartasunian ezin dira umotu. Eurekana eldu gaitezan, eta bertzolari ona ixateko bidiak erakutsi (…) Tamalez eztago bertzo zarrakaz idazti bat. Idazti orretan ikasiko leukie ze eratara antziñakuak joten eben. Eredu, ikasbide izan daitezan bertzo zarrak, len bai len liburu bat egin biarko dogu (…)” (Euzkadi, 1931/V/26, 1 or.. Azalpenak. Urkiaga, Esteban Lauaxeta)

Badago Lauaxeta baino pauso bat harago iristen denik ere. Honela, Beñat Harrigaitzek Euzkadin Pertsulari gazterizenburuarekin 1935/VII/06an argitaraturiko artikuluan Pierre Lafittek kaleraturiko Koblakarien legea lanaren berri ematen du eta bertsotarako oinarrizko ikas material gisa aurkeztu: “Pertsulari gazteak ikhas ditzala lehenik bere legeak: gerochago bertze liburu gothor batean irakhurriko ditu (…) nola aldatu diren legeak mendetik-mendera (…) pertsulariak behar du bere eginbidea ezagutu, bere ofizioa ikhasi. Gostua, jeinua baitezpadako dohainak dira segurki: ez dute ordean kalipurik asko berek ofiziale on baten egiteko. Orok eskola behar, ala bederen aprendizgo pochi bat; hos, erakhuslerik gabe, jakintasun guti” (Euzkadi, 1935/VII/06. Pertsulari gazter, Harrigaitz, Beñat).

Lafitteren artikulu hori Gure Herriak argitaratu zuen 1935ean, gehigarri gisa. Harrigaitzek hainbeste famatzen duenez, bertso epailetzarako ere baliogarritzat jotzen du, lan hori da osoago ekarri nahi izan den testua: “Gure iduriko, sei kapituluño horiek laburzki emaiten dauzkute pertso ontzeko konseilu zuhur guziak, bai eta irakasten nola behar diren bertzen koblak jujatu”.

Aipatu beharko da, Pierre Lafitte (1901-1985) luhusoarra, Aintzina eta Herria aldizkarien sortzaile eta zuzendaria, 1952an euskaltzain oso izendatua, eta saiakera nahiz euskarazko fikziozko lan ugariren sortzaile, hainbat hamarkadatan Ipar Euskal Herrian euskal kulturgintzak izan zuen figura garrantzitsuenetako bat izan zela eta bertsolaritzaren alorrean ere itzal luzea izan zuela (Hernandorenak antolaturiko txapelketetan epaimahaiko eta 60ko Nagusian ere bai)

 

Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian
Joxe Ariztimuño, Aitzol (1896-1936)

 

Koblakarien legea, Pierre Lafitte, Gure Herria, 1935.

 

Askotan galdegin daukue zerbait lege bazenetz koblakari berrien gidatzeko, ala zerutikako dohain batek behar zituenentz nolazpait argitu, berotu eta kantarazi.

Gaztetan nihuarek bilhatu izan dut liburuetan bezala pertsulari chahrren solasetan ere; eta deus argirik ezin atchemanez, kantu ederreneri lotu naiz, haietan kausituko nuela, nehun kausitzekotz, nolako helbideak hartu behar diren neurthitz onesgarri zonbaiten ontzeko.

Bi hitzez erran ditake koblakari bati baitezpadako zaizkiola jeinua eta jakitatea. Jeinua, jiteak emaiten du, beraz Jainkoarenganik heldu da. Jakitatea, parte jitetik, parte ikhasetatik.

Azken pundu hau baizik ez dugu hemen hunkituko: nehori ez dezakegu guk dohain berezirik eman; bainan choilki zonbait chehetasun, zonbait konseilu chume, sortzetikako dohainen azkartzeko, laguntzeko eta ahalik hobekiena baliarazteko.

GEIA

Koblaka hasi baino lehen, behar da geia hautatu. Ez da sekulan jiten dena jin abiatu behar, hartzen den bidea ezagutu gabe (…) Erran gabe doa erne izan behar dela ikusteko hautatu geia koblakariaren ahaleri neurtua denentz eta aditzaleen gostuari. Nork nahi ez du edozoin suiet hartzen ahal, eta, biziki ontsa onturik ere, aditzalek ez badute onhartzen, alfer lan egiten du.

MUGAK

Geia hartuz geroz, behar da mugatu. Alde guzietarat luza baladi, jo harat, jo hunat, deus hauturik gabe, airerat eta itsurat, nehundik ere ez litake eder koblakaldea.

Hoberena beraz chede edo mugen finkatzea, jakiteko nundik has, zertarik burura, eta nola antola arteko mami balios hura.

Hastapenak munta handia du: harek emaiten diozkate kobleri beren abiadura, usaina eta ozentasun berezia. Gaizki abiatu den lasterkaria ez da aise heltzen (…)

Azken hitzek ere hainitz erran nahi dute: ezen aditzaleen beharriek horiek dituzte hobekienik atchikitzen (…) Bazkarietan berdin, arno eta jateko bikainenak azkenik.

PERTSUA

(…) koblakariak pertsutan ezartzen ditu bere erran-nahiak. Hortako, aire bat hautatzen du sujetari asurtia. Ez dira alabainan denak edozoin gauzentzat egoki: heriotze bat ez ditake ‘Ai, ai, ai mutila-k’ duen musika jauzikari hartan jenderi konda; ez-eta chakur baten odolgi-ohointza ‘Lurraren pean’ delako airearekin. Bakhotchari berea (…)

MINTZAIREA

(…) Mintzairea gora atchiki behar du neurthizlariak (…) mintzairea garbi ukhan dezala koblakariak. Bai eta aberats. Hitz hainitz behar dira, elgarren bethekoak, gauzen erraiteko (…)

EDERGAILUAK

(…) Bata da koblaren azken pertsuari zirtoaren eratchikitzea. Aditzalea dilindan daukazu ondar ponduraino. Aiduru dago, zertarat deramazun; eta bozkarioa jauzten zaio, bet-betan agertzen zaiolarik uste gabeko atheraldi pollita, edo ditcho irringarria.

Etsenpluak kantu zahar guzietan badira: (…)

Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian 
Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian Bertsolari elkartearen eta bertso eskolen lehen zantzuak 1930eko hamarraldian