[PERLAK] Lehen kronikak
Lehen kronikak –
Bertsolaritza euskal nortasun ikur gisa hartu zuten lehen euskal kulturgileek, eta honenbestez, Europan bakoitzak bere kultura popularrarekin egin zuen bezala, kultura herrikoiaren adierazpena kultura jasoaren parametroetara gerturatzeko ahalegina eman zen.
Abbadie izan zen lehena, XIX. mendearen erditik aurrera, Iparraldeko Lore Jokoen antolaketarekin. Poesia idatziaren lehiaketari bertsolaritzaren moldeak jarri zizkion, eta idatziaren ondoan bat-bateko bertsolari lehiaketak antolatzeari ekin zion. Era berean, bertso saio horiek herriko plazatik frontoira eraman zituen, harmailetara ikusle gisa garaiko handikiak gonbidatuz.
Hurrengo pausoa 1876ko Foruen Galeraren ondoren etorri zen. Honek ekarri zuen erreakzio kulturalistaren baitan Hegoaldeko instituzioek ere Lore Jokoak antolatzeari ekin zioten. Frontoitik antzokietara aldatu ziren saioak, jende jantziak ikuskizun modernoaz zuen ulerkerak espazio itxia, publikoarekiko hartu-eman formalagoa eta ikuslearen posizio zurrunago bat eskatzen baitzituen. Bestalde, literatur genero baten tratamendua eman nahi izan zitzaion saioaren egituraketari: ariketa nahiz balorazio irizpide sofistikatuagoak, elkarren kontra baino ikusleriari begira bideratutako jarduna eta abar.
Eta eredu berria loratzearekin bat-bateko bertsolaritzaren inguruko arreta mediatikoaren hazkunde nabarmena eman zen.
Izatez, mendearen hirugarren hamarkadatik aurrera topa daitezke bertsolaritza ukitzen duten testu zaharragoak, baina Etxahun, Iparragirre edo Bilintx bezalako figuretan zentratzen dira bat-bateko bertsolaritza oso bazterrean utziz, edo nozio orokorrak ematen dira saio konkretuen berri eman gabe, edo saioren bat deskribatzen da, baina bertsolarien izenen nahiz jorratutako gai zehatzen berririk eman gabe.
Abbadiek Iparraldean Jokoak martxan jartzean ere, askoz arreta handiagoa eskaintzen zioten medioek idatzizko lehiaketari edo pilota partidari, bat-batekoari buruzkoak aipamen soilean utziz.
Hegoaldean, ordea, 80ko hamarkadatik aurrera lehen kronikak azalduko dira. Jendartea, eta, ondorioz baita kazetetarako idazten zutenak ere, hasiak ziren bat-bateko saioa ikuskizun moderno gisa hautematen, baloratzen eta prentsan kontatzeko modukotzat hartzen.
IV.I. Lehengoa frantsesez (1870)
Bertsolaritzari buruzko testu zaharrenen artean frantsesa zen nagusi eta lehen kronika ere hizkuntza horretan argitaratu zen.
Izatez, artikulu zientifiko bat zen, eta ez kazetaritza testu bat. Argitaratu zuen aldizkariak ematen digu zentzu horretan lehen zantzu erabakigarria: Revue de Linguistique et de Philologie comparée hizkuntzalaritzan eta filologian espezializatutako hedabide bat zen. Testuaren sinaduran bigarrena Julien Vinson (1843-1926) hizkuntzalari eta folklorista zen, kazetaria beharrean. Paristarra zen sortzez; kanpotik ekarritakoa izan da, beraz, lehen kronika hau ere, aurretik aipaturiko bidaiari eta ikerlari atzerritarrak ez bezala Vinson euskaldunduriko egile bat izan arren. Izan ere, Baionako Basozain Nagusi postua atera zuen 1866an eta ordutik euskararen nahiz euskal gaien ikerketan murgildu zen buru-belarri.
Bere euskal bibliografia (Essai d’une Bibliographie de la Langue Basque) famatuaz gain (1891, 1897an osatua) euskarari, euskal folkloreari eta bertako historiari buruz dozenaka artikulu argitaratu zituen beste hainbeste mediotan, tartean Iparraldeko garaiko egunkarietan edo Euskaltzaindiaren Revista Euskara aldizkarian. Baina, era berean, garaiko euskaltzale ilustratu gehienak (Luis Luciano Bonaparte, Arturo Campion, Sabino Arana, Jose Manterola…) hasarraraztea ere lortu zuen: Foruen aurkakoa zen, atzerakoiak zirelakoan; Vascoiberismoaren aldeko argudioen zientifikotasuna zalantzan jartzen zuen, eta baita euskal baladen inguruko ikerketarena ere… Euskal Herritik salbatzea merezi zuen bakarra euskara zela eta euskarak salbaziorik ez zuela, modernitatearekin uztartu ezinezkoa zelako, gaineratu izan zuen bere postura laburbiltzeko.
Euskal Poesiaren lehiaketa Saran, 1869
Artikulu zientifiko bat izanagatik, testuak ez dio kronika bat izateari uzten. Honela, tokia izenburutik bertatik zehaztu ondoren, data, ordua eta iraupena eskaintzen ditu, “Inprobisazio saioa irailaren 14an, asteartea, arratsaldeko lauretan hasi zen eta hiru ordu luze iraun zuen”; publikoari ere erreparatzen dio, “Jende multzo handi bat bildu zen herriko plazan eta harmailetan (leku berean egiten dira esku pilota partidak ere) eta dauden eserlekuak herriko agintariek eta kanpoko gonbidatu bereziek hartu zituzten”; eta parte hartzaileen, ariketen eta gai-jartzailearen berri ere ematen du, “Hamalau partaide aurkeztu ziren, binaka hartu zuten hitza eta aritu ziren beren artean eztabaidan M. D’Abbadiek emandako gaien gainean”.
Azken buruz burukoaren kontakizuna dator ondoren, eta hemen maila xeheago batera jaisten da, giroa, bertsoen dema eta bertsolarien jarrerak zorroztasunez jasoz:
“Saria biren artean banatu zuten, Ibarra izeneko Jatsuko zapatagile baten eta 24 urte inguruko neskatxa baten artean. Neska Azkainekoa zen eta Maria Osollo edo Osorio dira bere izen-deiturak. Elkarrekin egin zuten azken norgehiagoka: hika egitera behartu zituzten eta ezkontza eskabide bat izan zen jorratu zuten gaia. Hasieran lotsagabe hasi zen neska, zakar samar ere bai, baina eztabaida luzearen buruan eta mutilaren maitasun adierazpenei esker amore eman zuen. Bi irabazleak elkarri besotik helduta aurkeztu ziren epaimahaiaren aurrean saria jasotzera: jendeak eromen izugarriarekin egiten zien txalo”.
Saria jasotzera besotik helduta agertu ziren bi irabazle horiek Piarres Ibarrart Bettiri (1838-1919) Jatsukoa eta Mari Luixa Erdozio (1846-1925) azkaindarra ziren. Ibarrartek, lanbidez zapataria, hainbat sari irabazi zituen Iparraldeko Lore Jokoetan bai bat-batekoan bai jartzaile gisa, eta dezenteko sona bereganatu zuen bere bertsoak garaiko egunkarietan eta Manterolaren kantutegian argitaratu zirelarik. Erdoziok ere, Iparraldean ezagutzen den bat-bateko emakume bertsolari antzinakoena, laboraria ogibidez, bat-batekoan lehen saria lortuko zuen berriro 1875ean eta hirugarrena 1884an.
Vinsoni deigarria egin zitzaion emakume bat bertsotan ikustea: “Ez da ohikoa emakumeak jendaurrean inprobisatzen ikustea. Oraindainokoan Hondarribiko neska gazte bat baizik ez zuten ikusi hemen egiteko horretan, baina ondoko hiru urteetan ez da berriro agertu”. Eta arreta gehiago jarri zion Erdozioren deskribapenari: “Mademoiselle Osorio nahikoa polita da; beltzarana, gorputz txikikoa, bizia eta espirituala; entzuleei asko gustatu zaie: sentiberagoa ez agertu izana deitoratu dute”.
Edozein kasutan, bertsolaritza ere ez zen libratzen Vinsonek euskal kulturaz zuen ikuspegi garratzetik: “Euskaldunek inprobisaziorako dohain miresgarria dute, nahiz eta, egia esan, erabiltzen dituzten ideiak motz samarrak izan, errimak kamutsak eta bertsoak hankamotzak. Baina kantatu egiten dituzte eta gauza jakina da musikarekin janzten denean poesiak mirariak egiten dituela”.
Concours de poésie basque en Sare en 1869, Julien Vinson, Revue de Linguistique et de Philologie Comparée (1870).
La séance d’improvisation a commencé a quatre heures du soir le mardi 14 septembre; elle a duré trois heures entières. Un grand nombre de curieux étaient massés sur la place (emplacement pour le jeu de paume) et sur les galeries oú des siéges réservés étaient occupés par les autorités locales et par quelques étrangers privilégiés. Quatorze concurrents se sont présentés; succesivament, deux à deux, ils ont pris la parole, discutant l’un avec l’autre, sur les sujets que le président, M. d’Abbadie, leur indiquait à mesure. Les Basques ont une merveilleuse faculté d’improvisation: ile st vrai que souvent les idées sont médiocres, les rimes insuffisantes et les vers boiteux; mais cela se chante et l’on sait que la poésie, grâce à la musique, peut opérer des prodiges. La prime a été partagée enre un cordonnier nommé Ibarra, de Jatxou, et une jeune fille, du vingt-cinq ans environ, qui a déclaré se nommer Maria Luisa Osollo ou Osorio, d’Ascain. Ils avaient lutté ensamble à la fin de la séance: on leur avait imposé l’obligation de se tutoyer. Il s’agissait d’une demande en mariage: la jeune fille, d’abord cruelle et farouche, s’est rendue, après une assez longue discussion, aux prières de l’amoreux. Les deux vainqueurs se sont présentés en se donnant le bras, devant les juges pour recevoir le montan du prix: la foule les a frénetiquement applaudis. Ile st assez rare que des femmes improvisent ainsi publiquement; jusqu à present, on n’avait encore vu prendre part au concours qu’une jeune Espagnole de Fontarabie qui n’a plus paru depuis trois ans. Mlle Osorio est assez jolie; trés brune, de petite taille, vive et spirituelle, elle a plu à tous ses auditeurs: on a seulement regretté q’elle n’ait pas été plus émue. – Je n’ai pu recueillir aucun des dialogues improvisés que leurs auteurs du reste avaient complèment oubliés quelques moments après avour cessé de chanter (…)”