[PERLAK] Fikzioa II

Fikzioa II –

Lore Jokoei dagokien zikloan bertsolariak integratzen dituen fikziozko testua bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren iturburu garrantzitsua izango da. Ikusi den gisan, arrasto esanguratsua izan duten piezak dira gainera horietako batzuk, egile garrantzitsuek sortutakoak: Xahoren Aitorren kondaira, Mogelen Peru Abarka

 

Fikzioa II

 

Ziklo hau ixtearekin, ordea, behera egingo du nabarmen genero honek. Lore Jokoetan fikziozko 75 testu batu diren bitartean, hurrengo hiruretan 24 izango dira guztira.

Gainbehera honen atzean folletoiaren gainbehera legoke. Prentsan atalka argitaraturiko fikzio luzeari deitzen zaio folletoia eta XIX. mendean izan zituen generoak bere sorrera nahiz loraldia, erromantizismoaren eskutik, XX.ean, mugimendu erromantikoa atzean gelditu ahala, bakantzen eta desagertzen joango delarik.

Ipuin laburrak eutsiko dio zerbait gehiago. Honela, 1920ko eta 1930eko hamarraldietan testu sorta polita topatu ahal izan da.

Luis Antonio de Vegak Decir de bersolari eta Okerra-etxea argitaratuko ditu. Lehenengoa karlistadetan zaurituriko bertsolari gazte baten heriotzarekin bukatzen da eta bigarrena beldurrezko kontakizun labur bat da: bertsolari bat aurkitzen da gauaren erdian zaldizko mamu batengandik ihesi ziztu batean doan zalgurdiko bidaiarien artean; bera da lasaitasunari eusten dion bakarra.

El Liberal egunkarian Pedrín El Versolari argitaratzen da, bertsolariaren ohiko irudi zirikatzaile eta arlotea emanez, edota Excelsior izeneko kirol kazetan ehizean dabiltzan bi bertsolari ageri dira (Cuentos de caza que parecen verdades).

Euskaraz, berebat, Argiak Senar-emazte bertsolari’ak argitaratuko du eta Eskualdunak Koblakari chaharrak. Lenengoan, emakume bertsolari bat ageri zaigu, tabernan egun batzuk egin ondoren etxerakoan bertsotan datokion senarra haizea hartzera bertsotan bidaltzen duen emakumea: “Erri txiki baten bizi ziran senar-emazte bertsolari auek (…) Biyak elkarren antzekoak, zaletasunez eta izakeraz: Pello Joxepe’k baxoerdi bat artu orduko bertsuetan beriala ekin oi zion: bere emazte Juanatxo etzan makalagoa; ta itzetik-ortzera supituz erantzuna ematen yayoa zan”.Eskualdunakoan aitonduriko bertsolaria da protagonista.

Bestelako pieza batzuk ere topa daitezke garai honetan. Honela, Francis Jammes idazle frantziarraren Les Robinsones basques eta Janot poéte eleberrietan berrargitalpenei buruzko iruzkinetan, (biak ere XIX. mende bukaeran idatziak baina 1920ko hamarraldian berrargitaratuak) bazkalondoko bertso saio banaren eszenak aipatzen dira Le Croix eta Le Journal des Débats politiques et littéraires egunkarietan. Edo Pichochet gisa sinatzen duenak (‘Barkostar aper-gehiak egina’ gaineratzen zaio sinadurari) esperimentu berritzaile bat egiten du Gure Herrian, Etxahunen istoriaren birsorkuntza bat eginez, protagonistari dagokion gisan zuberotarrez idatzia:

“(…) Berri hau entzünik, harruak gañia hartürik, eztitake Etchahun bortian egon: borün behera dua Barkocheatko bidian, beak eztaki ez nuat ez zertako, bena bere harraen ichilerazi nahiz. Ulhüntze heltzian Jaigiberri-Ibarra behera dua: huna Etchaunia, eta aphalago haren aizo lehena, Hegiphalia. Zerralü baten onduan jar eta so beha dago, bihotza hersi, bere etche-onduari so: kabaliak mithil batek hüschtülatzez hotsamaiten tü barnilat; borthakuak bere bazkaren beha dia kurrinkaz, ardiak arthegi onduan marrakaz barnilat nahiz, eta egürtegian ama chaharra egür hausten süiaren phizteko…” (Gure Herria, 1926 urria, 632 or., ‘Etchahun’, Picochet).

1940ko hamarraldian ez da deus topatu ahal izan. Eta 1950eko hamarraldian hiru pieza: bertsotan egiten uzten ez ziotelako tristuraz hiltzen den bertsolari baten inguruko ipuin triste bat, Javier Lizarrondok sinatua (Murio el bersolari); Iparragirrek Londresen bizi izandako pasarte fikzionatu bat kontatzen duen testu laburra (Kochet Mariren bihotz ona), eta Iparragirrerekin izaniko elkarrizketa asmatu bat dakarren Eusebio Erkiagaren testua (Iparragirre’kin solasian).

Hirurogeiko hamarkadan bi izango dira, bertsolaritzaz prentsan argitaraturiko fikziozko testuak: Antonio Arrueren sinadurarekin Fernando Amezketarrarekin izandako elkarrizketa asmatu bat jasotzen duena eta Laxaltek asmaturiko kontakizun laburra. Hirurogeita hamarrekoan, bakarra: Bernardo Atxagaren Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar nagusiak.

Azken bi horiek jaso nahi izan dira bilduma honetara, Laxalt eta Atxagaren testuei genero honetan prentsa historikoan argitaraturiko azkenak ez ezik puntako kalitatea duten testuak direlako. Beste hainbeste egingo da Le Populairek folletoi modura argitaratu zuen Blasco Ibañezen lan batekin ere. Bertsolaritza txertatzen duen azken folletoia litzateke, eta kalitatezkoa da hau ere.

Fikzioa II Fikzioa II Fikzioa II Fikzioa II Fikzioa II