[PERLAK] Euskal idazleak: Xabier Lete

Xabier Lete –

Bertsolaritzari arreta berezia jarri zion beste euskal idazle garrantzitsu bat Xabier Lete da. 1960ko eta 70eko hamarraldietako Pizkundeko Euskal Kantagintza Berriak ahozko euskal ondarearen berreskurapen eta berrerabiltze abangoardistarekin lan itzela egin zuen, eta Letek mugimendu hartan parte hartze garrantzitsua izan zuen. Bertsolaritza zaletasun, iturri eta langai garrantzitsu bat izango zuen gerora ere[1], baina frankismo garaiko urte haietan ere eskani zituen proiektu interesgarriak: Gabon Txirrita antzezlana idatzi eta zuzentzea, esaterako.

Prentsan bertsolaritza gaitzat hartuz zazpi testu topatu zaizkio 1974tik 1977ra bitartean Zeruko Argia, Hoja del Lunes de San Sebastián, edota Garaian argitaratuak[2]. Guztiak hemen jorratzea ezinezkoa izanik, eta guztiak ere testu bikainak izan arren, Zeruko Argian argitaraturiko hiru testuren artean ikusi den loturari jarraiturik egingo da Leteren ekarpen honen zantzu bat emango duen bidea.

 

Xabier Lete

 

Mendaro Txirristaka. Duke de Kilimon, Xabier Lete, Zeruko Argia, 1974ko abenduaren 22an.

 

Mendaro Txirristakari eta Kazkazuriri eskainiriko testuei erreparatuz gero, antzeman daiteke Letek interes berezi bat baduela bazterreko bertsolariekiko. Eta lehen eskuko informazioa manejatzeko gai dela.

Mendaro Txirristakari buruz, esaterako, honela dio: “Ni mutilkozkor nintzelarik, Oiartzungo enparantza nagusiko etxe batean bizi nintzen, eta igande goizetan zenbait aldiz enparantzaren kantoi batean –‘Killikupe’ deitzen zen arkupearen ertzean- petril batean igota gizon berezi eta xelebre samar bat ikusi ahal izaten nuen”.

Xehetasunak emateko gai da Oiartzungo poeta:

“Jendeak izengoitiz ‘Mendaro Txirristaka’ bezela ezagutzen zuen gizon hura, tipo pikaro eta arraro bat zen: gorputzez, ez oso haundi; argal xamarra, sobranteko koiperik gabe; begi bateko ikusmena galdua zuelarik, betaurreko lodi esmerillatu batekin ibili ohi zen, eta bertso paperetatik irakurriz kantatzeko betaurreko finago batzuk erabili ohi zituen aldiz”.

Baita irakurlea testuinguruan jartzeko ere:

“Izan ere, Mendaro Txirristakak bertso paperak saltzen zituen. Erosle, elizatik ateratzen zen zenbait jende izan ohi zuen. Mendarok bere bertsoak ezik antzinako bertsolarienak ere batzuetan saltzen zituen. Horretarako, jendeari eros-egarria pizteko, kantuz aritzen zen. Ez naiz oso ongi gogoratzen, baina susmoa dut haren kanta moldea ez zela oso sutsua. Gerla osteko puritanismo forzatu harek indartsu irauten zuenez gero, mezatatik ateratzen zen Oiartzuar jende seriosari ez bide zitzaizkion Mendaroren molde arloteak oso gogozko izango (eta gogozko baldin bazitzaizkion, disimulatu egin beharko zuen)

Horrela, kasik ahopean kantatu behar izaten zuen, eta hala ere goiz haietako batean Oiartzungo apaiz zahar eta kazike batek plazatik bidali zuen (…)”.

Txirristakaren biografia zirriborratzen du jarraian, labur baina zehatz, bere bertsoen oinarriaz:

“Mendaro Txirristaka, Izen-lonbrez Eusebio Mugerza deitzen zena, 1874ean Mendaron jaio zen. Hamaika senide ziren, zortzi mutil eta hiru neska; aita, okin eta errotaria zuten; ama jostuna (…) Hainbeste senide izanik, bizimodu estua zeramaten familian, eta oso gazterik morroi bezela etxetik baserri batetara alde egin behar izan zuen. Geroago, hamasei urtetan, Irurzungo harkaitz tartera, hango pertz-fabrika txiki batetan lan egitera. Somorrostro aldean ere mehatzetan ibilia zen; bai eta mendian ikazkintzan ere. Eta, azkenik, zeharo asperturik, Cubako gerrara joan zen boluntario:

Urtiak hogei nituanian/ konseju onei algara/ nire aita triste, ama negarrez,/ nitzan Cuba’ko gerrara;/ gosiak eta alkandorik ez/ zorriz betia gerrera/ ez nitzan mutil bikaina etorri/ Kilimon errek’aldera.

Etxean ogi zuria salgai, eta berak morroi bezela taloa eta baba beltza jatera gazterik alde egin behar izan zuen gizon harek, bizitza eta bertako balore-kodigoetaz ez zuen iritzi garratza baino jaso (…)”.

Bertsolariaren erretratu psikologikoa eskaintzera ere animatzen da, garai hartako irakurketen arabera tolestua:

“Euskal Herrian ezagutzen diren alproja famatu askoren azterketa sozilogiko bat egingo bagenu, funtsean ekonomi arazoa eta sozial estrukturei doakiena beti tartean aurkituko genituzke (…) Alprojakeria, sozial balore ohiturazkoetatik kanpo ibiltzea, zinismoa, eta gainerako jarrerak, egoera latz eta gorrotagarri baten aurkako erreakzioak izan ohi dira (…) Baina Mendarok bere filosofia ‘plebeyo’ eta gaizki heziari umorezko aterabide bohemioa eman zion. Eta herriz herri bertso paperak saltzen hasi zen. Bertsoak jartzea ez zen Mendarorentzat goi-mailako eginkizun, alajainkoa, terapeutika beharrezko baizik. Nik uste dut gizonek, automobilek bezela, ‘tubo de escape’ bat edukitzea behar-beharrezko dugula, eta Mendarorena bertsogintza izan zen (…) mundu kaxkar honetan gizon bakoitzak bere bizibide, ogibide eta adierazbideak ahal bezela moldatzen ditu”.

Azkenik, Mendarokoaren bertsogintza aztertzeko:

“(…) Mendaro Txirristaka sasi-bertsolarien errege genuke. Horrek ez du esan nahi bertso onik ere jartzen ez zuenik (…) adarra jotzeko makinari probetxu izugarria ateratzen zion. Haren umorea, umore beltza zen; edo, hobeto esan, beltzetik zurira tonalitate guztiak ikuitzen zituena: berde-marroiak bereziki, bai eta gorri antzekoak ere (demagogo gartsu eta bikaina zen, hortaz ez zalantzarik eduki.

Errealitateari askotan tratamentu absurdo tankerakoa ematen zion. Mundu ero bati, bertso jartzaile eta bertso saltzaile pikaro batek, zer nolako erantzuna emango dio ba? (…) Txirristakaren sasi-bertsoak garai batean oso famatuak izan ziren. Berak begiz keinuka kantatzen zituenean, grazia aparta omen zuten. Politiko alusio, berdekeria infra-erotiko eta beste osagarriak nahastuz, bere sub-produktoetan sozial errealitate txepel eta erori baten imajiñak lortu ohi zituen:

En el barrio de Amara/ Lolitan etxian/ dan tripacallos con un cuartillo/ errial batian;/ además hay derecho/ meriendatzian/ de hacerle un zirri a la criada”.

Eta bertsogintza honen heterodoxia defendatzeko:

“(…) gaur egun, lehen bezela, zenbait sasi-kanta eta zenbait ateraldi ‘de vascos’ entzuten ditugunuean, iguindu egiten gara, euskarari eta euskal zentzuari irri egiten zaiola nabaitzen baitugu; Mendaroren bertso eta sasi-bertsoetan horrelakorik ez zen gertatzen, alderantziz baizik, euskarazkoak ongi egiñak eta zuhurrak izaten ziren, eta gaztelaniazkoak zeharo aldrebes eta farregarriak. Euskal gizarte deskulturizatu bati, erantzun mistifikatu eta bere ahuleziaren neurriko bat emango balio legez (…) Azken bolara honetan berriro oso betarte serioz agertzen gara euskaldunok (…) irauten jarraitzeko, Mendaroren ero-haize hori komenigarri ezik beharrezko baitugu gaur gaurkoz”.[3]

 

Xabier Lete

 

Bertsolari ala morroi, Xabier Lete, Zeruko Argia, 1974ko urtarrilaren 13an.

 

Oso bestelakoa da Bertsolari ala morroi artikulua. Gainerako testu guztietan bertsolari baten figuraren berrirakurketa eskaintzen badu, honakoan bertsolaritzari buruzko auzi orokorragoetan murgiltzen da:

“Aspaldiko partez, buruan jiraka dabilkidan kezka bati heldu nahi nioke gaur. Galdera hau da: zer gertatzen da gaurko bertsolariekin? Zergatik bertsolariak beren ideia, uste eta sentimentuen adierazle izan beharrean, besteek agindutako gaien esale huts bihurtuzen ditugu?

Nire ustez, bertsolariak ezerezera bultzatzen ari gera. Sasi-ideologia hotzen tresna, zenbait jenderen pedantekeriaren morroi bihurtzen ari zaizkigu (…) Batzuetan, berek esan nahi ez dutena, esan ezin lezaketena esatera behartuak izaten dira; beste askotan, txorakeriak jartzen dizkiete gaitzat. Zer esanik ez jokabide horrekin bertsolaria antzutu, alfertu eta gaizki hezi besterik ez dela egiten”.

Galdera erretorikoa ez ezik bere hipotesia ere planteatzen du testuaren lehen partean:

“Bertsolaria poeta herrikoi da; herrikoi denez gero, herriaren maillan jardun behar du, eta herriaren mundu sakon eta bihurri hori sakatu behar du. Baiña poeta denez gero, ezin liteke besteen zerbitzu soilera egon (…) Bertsolaria, gure kondairan zehar, esateko zerbait eduki duen gizon poeta izan da. Eta esatekorik eduki ez badu, ez da hain bertsolari ona izan”.

Argudiaketari helduta, hasteko, bertsolari zakarrak eta finak bereizi eta azken horiek poesiatik gertuago leudekeela esatea hanka sartze bat dela iruditzen zaio: “Bertsolari zakar eta parrandazaleen artean guztiz bertsolari bikain eta artixtak izan dira, horra hor Txirrita. Txirritak, bertsotan ari zelarik, bere mundu bat bazuen, bere ikusmolde eta iritziak, bere estilo eta moldea; ez zen besteren morroi. Gaiñera, gai askotaz bertsoak paperean jarri egiten zituen, eta ez beti bestek eskatzen zizkiolako, berari gogoratzen zitzaizkiolako baizik”.

Finen artean ere ‘nortasun poetikoa’ dei genezakena jotzen du funtsezko bereizgarritzat:

“Bertsolari fiñ eta onetatik aukeratzekotan, hor genituzke Otaño edo Bilintx, edo oraindik hobe Xuberoako Etxahun, eta Xenpelar bera. Hoiek ez ziren bertsolari on tipo fiñak zirelako, bertsotan ongi egiten zutelako baizik; nortasun haundiz jokatuz, idatziz eta kantatuz, beren bizitzako gertakizun, nahimen, hutsune eta pozak adierazten jakin zutelako”.

Eta jarraian ideia nagusia finkatzen du: “Orduan, bertsolari izatearen kakoa norberak bertsoen bitartez zerbait berezi eta berri esatearen baitan ikus badezakegu, oraingo eratzaile, gai-jartzaile eta bertsolari batzuk esan diezaidatela zer arraio egiten ari geran bertsolaria besteak jarritako gaien esale huts bezala erabiltzean”.

Ñabarmentzen du neurriz eta egoki jokatzen duten gai-jartzaile asko badagoela (Juan Mari Lekuona, Joxe Mari Iriondo eta Joxe Mari Aranalde aipatzen ditu), eta gai-jartzailearekin egindako saioak izan dezakeela abantailarik txapelketetan edo jaialdi handietan, baina gai libreko saioek merezi duten tokia aldarrikatzeko jaso du eraikuntza hori guztia:

“(…) bertsolarien gaurko zenbait jaialdi ikusteak pena ematen du: bertsolaria zeharo antzutua aurkitzen dugu, kuzkurtuta, besten adindu soilera jarria (…) Nik nahiago dut behintzat noizpait bertsotan aspertzen banaiz, bertsolariek egun hartan txinparta gutxi izan dutelako aspertzea, ez eta gai-jartzaile ergel, sasi-jakintsu edo antuste baten gaiekin aspertzea baino (…) Bertsolariak horrela asko sufritzen duela? Bai eta emazte batek haurra erditzerakoan ere. Sufrimentu, kezka eta indarkeriarik gabe ez dago bizitzarik, ez eta arte eta poesiarik ere. Sufritu nahi ez duenak, hobe du bertsolari ez sar (…)

Oiartzunen, orain zenbait urte Xanixtebanetan, meza nagusiaren ondoren bertsolariak izaten ziren herriko enparantza nagusian. Mitxelena eta Lexoti; Uztapide eta Mitxelena; Zepai eta Lexoti; Basarri eta Uztapide etabar. Hamaika aldiz eguerdi eder bat paseak gara Oiartzuarrok. Ez ziren beti bertso-saio onak izaten, baiña bai aski biziak, eta batzuetan xelebreak. Eta, noizik behin, sakon askoak. Sakon jarduteko ez baita beti beharrezko gai izugarri batetaz aritzea: bertsolariek beren sortzearekin eta asmatzearekin egiten zuten sakontasuna, edo umorea, edo ankasatzea. Baiña beti bere kasa”.

Ordudanik ehunka iritzi mugiarazi duen kontua da txapelketak bertsogintzan izandako eraginarena. Hamarkadak dira Amurizak gai librekoaren aldeko borroka planteatu zuela, baina Leterena arazoa planteatzen duen lehenengoetariko testu bat da, lehengoa ez bada. Alegia, jada nahikoa ajatua dagoen auzi bati heltzen dion arren, berritzailea da bere garaian kokatuta.

Hala ere, ez da hau Bertsolari ala morroi honetan gaurkotasun handiena duen musika. Beste zenbait paragrafotan Lete asko hurbiltzen zaie gerora ‘autore bertsolaritza’ deitu izan zaionaren inguruan esandakoei. Adibidez, honakoak antzekotasun nabarmenak ditu egungo zenbait bertsolarik bere sorkuntzaren inguruan esaten dituztenekin:

“Bertsolariak berak esan behar ditu bere gauzak; berak aztertu behar du bere ingurua, bai eta bere burua ere. Azterketa hortatik ondoren, iritzi eta sentipenak osatuz, berea duen espresio-bide hori ahalik eta nortasun haundienaz jantzi egin behar du. Irudimena, ideiak, imajiñak erabili egin behar ditu”.

 

 

Xabier Lete

 

Bertsolari baten filosofia. Oiartzungo Kazkazuri, Xabier Lete, Zeruko Argia, 1974ko urtarrilaren 20an.

 

Bertsolari baten filosofia. Oiartzungo Kazkazuri da hirukoa osatzeko aukeratu den artikulua. Izan ere, bi elementuak lotzen dira bertan: bazterreko bertsolariaren figuraren berrirakurketa eta Letek bertsolaritzaren inguruan garai hartan helarazi nahi duen mezua.

Horrela azpimarratzen du aipatu berri den ideia: “Bertsolariak, hasteko, bere mundu berezia aztertu egin behar du. Bere bizitzaz eta ingurukoenetaz iritzi nagusiak eduki behar ditu. Hau da: bertsolari-poeta izateko beharrezko den filosofia baten jabe izan behar du”.

Eta horrela txertatzen du ideia hau Joxe Joakin Urbieta Kazkazuriren figuraren berrirakurketan:

“Esaten ari naizenaren ejemplotzat Oiartzungo bertsolari zahar bat artu nahi dut gaur (…) Oiartzungo ‘Zurko’ baserrikoa zen. Hemeretzigarren mende bukaerako eta hogeigarrenaren hasierako bertsolari zahar tipiko haietakoa zen: bizitza desordenatuko gizon bihurri xamarra, ez zerurako eta ez lurrerako izaten ez diren hoietakoa. Berak bertsotan esan zuen bezela, ‘txiki-txikitandikan arro ta tunante’ etabar (…)

Kazkazurik, une berezi batetan, bere bizitzari begi-zeharka so egiten dio. Orduan bere burua ispillu batean bezain argi eta garbi ikusten du (gauza zailla). Eta oraindik zaillago den zerbait egiten du: bere burua den bezela onartu, eta bere buruari irri egin. Horra hor benetako filosofia bat, norberaren bizitzari buruzko filosofia ukakorra. Kazkazurik ez du errukirik eskatzen, ez du aldatzerik espero, ez du damutasunik erakusten. Kazkazurik, hain zuzen, garai hartako (eta garai guztietako) jende gehienaren amets eta helburu diren osagarri eta doaiak ostikoz jotzen ditu: edertasuna, ezkontzaren bidez nabarmentzen den maitasuna, fama ona, aberastasuna eta gaiñerako danak.

Kazkazuri, beraz, ziniko sentimental bat da: fameliadun gurasoentzat oso ejemplu txarra. Baiña nortasun handiko bertsolari bat, eta hortan datza bere garrantziaren kakoa. Kazkazuri bere buruaz zerbait esaten ari den bezela, besterenaz ere zerbait esaten ari baita. Bizitzaz, bizitzaren garrantziaz eta nolakotasunez zerbait esaten ari baitzaigu: zerbait hori beltza da, baiña poesi eder bat da. Eta poeta-filosofo izatearekin, Kazkazurik bere etorkizuna salbatu egiten du, gaur bere bertsoak estimatzen eta gogoratzen baititugu, eta ez bere bizitza epaitzen”.

Hori guztia esaten badu, testuan jasotako Kazkazuriren bertsoetan oinarriturik esaten du, noski:

“Kantatutzera nua bertso bat edo bi/ Kazkazurik jarriak bere buruari,/ gustoik ez diot artzen bizimoduari/ deskalabrua pranko gertatu zait neri.

Kojo gelditu nintzan txiki-txikintandik/ paretara iyo ta erorita andik,/ informe txarrak dauzkat gaur askorengandik/ neretzat berri onik ez dator iñondik.

Dama batek nai zidan karga bat arindu/ pretenditu ninduen, ez nion agindu;/ amets gaixtoa pranko geroztik egin du/ trixtia urriki nuen ni artu banindu (…)

Txiki-txikitandikan arro ta tunante/ kontrariua pranko, gutxi det amante;/ lan honek seituko nau bizi naizen arte/ aitxurrak eta palak muatuko naute.

Ez nau inkomodatzen besteren lukuak/ deklaratzera nua nire enojuak:/ zurrutak tiratzen nau, pixka bat jokuak/ atarramentu onik ez dauka kojuak.

Kartzelan sartu naute kulpa dedalako/ errax ematen zaio pobriari topo (…)”.

 


 

[1] Bertsolaritza beti izan zuen zaletasun, eta ekarpen ezberdinak egingo ditu, baina garrantzitsuena urte luzez landu eta Berrehun urtez bertsotan izan daiteke. Zazpi diskoz osaturiko bilduma eskaini zuen 2001. urtean argitaratu zuen Xenpelar, Bilintx, Jean Baptiste Elizanburu, Etxahun Barkoxe, Pedro Mari Otaño, Txirrita, Basarri, Uztapide, Xalbador edota Lazkao Txiki handiaren bertso sortarik aipagarrienak bilduz eta abestuz.

[2] Hauek dira erreferentzia zehatzak: Zeruko Argia, 1974/I/13, Bertsolari ala morroi; Zeruko Argia, 1974/I/20, Bertsolari baten filosofia. Oiartzungo Kazkazuri; Hoja del Lunes de San Sebastián, 1974/XI/25, Bilintx eta Juana Bixenta Olabe; Zeruko Argia, 1974/XII/22, Mendaro Txirristaka. Duke de Kilimon; Zeruko Argia, 1976/VII/18, Foruak eta bertsolaritza; Garaia, 1976/X/07, Vida cultural vasca/Xenpelar; eta Zeruko Argia, 1977/X/30, Iparragirre, artista euskalduna’.

[3] Txirristakaren 1931ko saio baten kronika jaso dugu aurrerago, azken atalean.

Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete Xabier Lete