[PERLAK] Elkarrizketa gehiago: Amurizak Lopategiri (1957)

Amurizak Lopategiri –

1960ko hamarraldiko txapelketak gerraostean bertsolaritza berrabiarazi zuen belaunaldiaren gailurra izan ziren. Eragiletzan Euskaltzaindiaren bueltan osatu zen taldea, eta bertsogintzan Basarri eta Uztapide izan ziren txapelketa horien protagonista nagusiak.

Hamarraldi horren bukaerarako, ordea, nabaria zen belaunaldi hori ahitua zela, eta belaunaldi berri baten bultzada hasi zen nabarmentzen bertsolaritza sozialaren loraldiarekin.

Diktadura bere azken hamarkadan sartzear zen, giro politiko eta soziala gori-gori jarri ziren eta kulturgintzan Bigarren Euskal Pizkunde bat lehertu zen. Bertsolari gazteenek kritika sozial eta politikorako tresna gisa baliatu nahi dute bertsolaritza, aurreko belaunaldiaren beldurrak, disimulatu beharrak eta mundu ikuskera kontserbadorea alde batera utzita.

Saltsa hartan barruraino sartuta zebilen Xabier Amurizak, artean Gizaburuagako apaiza zela (horrela sinatzen du), Jon Lopategiri Anaitasuna aldizkarirako 1967an egindako elkarrizketak ezin hobeto islatzen du bertsolaritza sozial horren izpiritua. Eta, esan bezala, badu bestelako garrantzirik ere, bertsolari batek beste bertsolari bati eginiko lehen elkarrizketa baita, bertsolariak eremu mediatikoan inolako bitartekotzarik gabe, berezko ahotsez, aritzeko garatuko duten gaitasunaren erakusle.

Basarri bertsolaritza sozialetik kanpo kokatua zen ordurako, posizio tradizionalista eta epelenetan gotortua, eta deigarria da Lopategi gazteari egindako elkarrizketan Basarri gazteari egindako lehen elkarrizketa harekiko topa daitezkeen antzekotasunak: bertsolaritza politikoa jartzen da xede gisa eta Kepa Enbeita hartzen da eredutzat; edota bertsolari jantzia sustatu nahi da, kasu honetan sano regionalismo frankistak hainbeste maite duen bertsolaritza eta kultura aurremodernoaren arteko lotura hautsi nahian.

 

Amurizak Lopategiri

 

Yon Lopategui, Bertsolari Aundia, Xabier Amuriza. Anaitasuna, 1967ko urria.

 

Nok eztau Lopategi bertsolariaren entzuterik izan? Nok eztaki aurtengo Euskalerri osoko azken txapelketa nagusian irugarren geratu zana, Xalbador eta Uztapideren atzetik? Bein baño sarriagotan Donostiko Anoetako bertsozaleak euren jarlekuetatik zutitu ebazan, bere bertsoen bat entzun ondoren. Bertsolari onek ba dauka zer aparteko bat: gaurkotasuna, ta Euskalerriaren aurrez planteamentu bizia. Orrez ganera teknika aundiko bertsolaria dozu. Esaera dan lez, Azkarate pelotan baño seguruagoa dala. Publikuaren unea ederto arrapatzen dakiana. Bere bertsoak oportunoak dira beti entzuleak bizkortzeko. Dudarik barik, gaur egun Euskalerriak dituan bertsolaririk onenetakoa dala uste dot len esandako doai oneikaitik: segurua, teknika aundikoa, oportunoa, eskoladuna, egada zabalekoa ta batez be GAURKOA dalako.

Geiago barik, berari itaun batzuk egingo deutsaguz eta berak emongo deutsu nik baño obeto bere buruaren barri.

— Kaxo Lopategi! Noiz eta zelan asi ziñan bertsotan?

— Ogetabost urterarte enintzan plazara agertu. Orain zortzi bat urte, txapelketak asi-barriak ziralarik, Mungia alderdikoen artean parte artzea erabaki neban. Beraz, Mungia jotzen dot lenengo plaza bezela.

— Umetan ba al zendun bertsotarako zaletasunik?

— Neure akorduko denpora guztian bai beintzat. Bertso-zaletasun ori sortzeko erarik etxatan palta. Ba dakizu Enbeita Balendin nire auzorik urrena dala. Ba, gogoratzen naz ondiño, ni ume nintzala, Balendinen etxean jaien bat ospatzen ebenean, euren eskatzeko leiopean orma kontrara jarrita, barrutik etozan bertsoak zelako egarriz eta pozez jasoten nituan. Gero amabi urtekin pralleak eroan ninduen, Tolosako Sakramentinoetara. An (…) Gipuzkoako bertsolarien barri jakin be bai. Nire irakasle danak euskalzale jatorrak izan ziran.

— Plazan bertsotan asi ziñanetik Bizkaiko txapela lenengo atara zenduanerañoko barri azaldu eiguzu apur bat.

— 1960-an Mungiako txapelketan lenengoz agertzean, eneban ezer egin. Guztiz bildurti nengoan, plaza-gizon moduan eneban ezer balio. 1961-ean iru txapelketa irabazi nituan: Mungiakoa, Gernikakoa ta Bilbokoa, Bizkaiko txapeldun egin nintzanekoa.

— Gaurko Euskalerriak ze bertso-tankera eskatzen dauala uste dozu, bertso-gaieri begiratuz batez be?

— Gaurko Euskalerriak gaurko gaiak eta gaurko bertsolariak gura ditu. Bertsolaria barre eragiteko bakarrik ezta, batez be erriaren itxartzalle baño. Eta erririk ezin leiteke itxartu gai sakonak eta gaur-gaurkoak sarriago erabilli ezik.

— Bertsolariak gaurko erriari gaurkotasunez erantzuteko zer bear dabela uste dozu?

— Gaurko mundua ezagutzea ta mundu onen barruan Euskalerriari, euskerari ta euskaldunai zein toki dagokien jakitea.

— Bizkaitarra izanik, Gipuzkoatik geien ibilten zarienetarikoa zara zu. Zegaitik dala uste dozu ori?

— Gipuzkoako erria, gazteak aurretik dirala, euskaldunen etorkizunari begira oso arduratsu dagolako eta nik ikusten dodazan prolemak euren begietan ipinten alegintzen nazelako.

— Bertsolaritza barriztatzeko ta gaurkotzeko ze bide ikusten dozu ta nundik jo bear dala uste dozu?

— Bide bakar bat baño eztago: Kulturadunen artean bertso-zaletasuna sortuarazotea, edo obeto esanda, bertsolari sentitzen diran gazteai al danik jakintza aundiena emotea. Muniategi lako dozenerdik Euskalerria euren donura dantzatuko leukie[1].

— Euskalerrian izan diran eta gaur dagozan bertsolari guztietatik bateri monumentu bat egitekotan, zein aukeratuko zeunke? Zegaitik?

— Kepa Enbeita. Bere momentuari beste iñok baño obeto erantzun eutsolako, gaurko ta aurrerantzeko bertsolarien eredu edo ejenplutzat jarritea merezi daualako.

Milla esker, Lopategi. ANAITASUNA-ko irakurleak len be ba ekien zure barri. Baiña gaurtik aurrera obeto jakingo dabe. Gaur Euskalerriko bertsolaririk onenetariko zarean lez, iya egunen baten onena izateraño eltzen zarean.

 


 

[1] Abel Muniategi jartzen dute bertsolari jantziaren eredu gisa. Hain zuzen ere hilabete batzuk lehenago Amurizak berak iruzkindu eta goratu zuen bertsolari honen soslai hori:

“Bertsolaria ta bertsolaritasuna, oraiñarte behintzat, geien batez baserriari eta langille-gendeari loturik egon da. Bertsolarien artean, naizta azkarrak eta burutsuak izan, eskoladun gitxi daukagu oraindik. Orrezgañera edo orrexegatik bear bada, bertsolaria modatik pasatzeko arriskuan dago, gazte-entzule askoren belarrientzat gaurkotasunik eztaukan antxiñako ots besterik ezpaita (…) Euskalerri barri bat altza naiez ari dan gazte (…) oneitariko asko dagoz bertsolaria euskal-kontzientziaren pizgarri bezela aintzat artzen eztabenak (…) Origaitik aspaldiz nengon bertsolari gazte baten izena Zeruko Argira ekarri naiez, naizta ia askok lendik ezagutu, gaztea, eskolatua eta gaurkoa dalako”. (Zeruko Argia, 1967/II/26, 12.or.. ‘Abel Muniategi, bertsolari ta unibertsitarioa. Bertsolaritza bide barriak zabaltzeko kapaz da’, Xabier Amuriza)

Amurizak Lopategiri Amurizak Lopategiri Amurizak Lopategiri Amurizak Lopategiri Amurizak Lopategiri Amurizak Lopategiri Amurizak Lopategiri